52. ALDIZKARIA - 2002ko apirilaren 29a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

24/2002 FORU AGINDUA, martxoaren 26koa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak emana, gazte elkarteei dirulaguntzak emateko deialdiaren oinarriak onesten dituena, elkarte horiek aurrera eraman ditzaten beren kideei zuzenduriko gazteentzako programak.

Abenduaren 18ko 594/1995 Foru Dekretuaren bidez, kirol eta gazteriaren arloko dirulaguntzen araubide orokorra finkatu zen. Bertan ezartzen da Nafarroako gazte elkarteei dirulaguntzak eman ahalko zaizkiela, gazteentzako programak aurrera eramateko eta haien lokalak mantendu eta ekipatzeko.

Irailaren 23ko 334/1996 Foru Dekretuaren bidez, izena aldatu zitzaion departamentuari eta eskumenak eman Gizarte Ongizate, Kirol eta eta Gazteri Departamentuari.

Bestalde, ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zen.

Orain arte, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariaren martxoaren 28ko 37/2001 Foru Aginduan zegoen ezarrita dirulaguntzak emateko araubidea, baina bidezko da dirulaguntzen araubidea ezarriko duen foru agindu berri bat onestea. Izan ere, asmoa da gazte elkarteen eta beste entitate batzuen arlo honetako jarduera erraztu eta sustatzea eta, horrekin batera, fondo publikoen kudeaketa eta kontrol eraginkorra egitea; horrela, fondo publikoen banaketa orekatua lortuko da, kontuan izanik dirulaguntza hauetara eta berorien xede diren jardueretara biltzen diren entitateen aniztasuna.

Horrenbestez, kirol eta gazteri arloko dirulaguntzak arautzen dituen abenduaren 18ko 594/1995 Foru Dekretuaren 4. artikuluari jarraikiz, eta hala foru dekretu horren azken xedapenetan lehenak nola Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezartzen duen ekainaren 8ko 8/1997 Foru Legearen 5. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Gazte elkarteei dirulaguntzak emateko deialdia onestea, betiere Gazteen Entitateen Erroldan badaude, beren kideei zuzenduriko gazteentzako programak aurrera eramateko eta dituzten lokalak mantendu eta ekipatzeko, foru agindu honen eranskinean azaltzen diren oinarrien arabera.

2. Deialdi honetarako gastua baimentzea, gehienez ere 367.696 (hirurehun eta hirurogeita zazpi mila seiehun eta laurogeita hamasei) euro bitartekoa, 2002rako luzatutako 2001eko Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, hain zuzen ere kontusail hauen kargura: "Gazte elkarteen programetarako dirulaguntza" izeneko 940003- 95210-4810-323100 kontusailaren kargura, 344.136 (hirurehun eta berrogeita lau mila ehun eta hogeita hamasei) euro; eta "Gazte elkarteen ekipamendua" izeneko 940003-95210-7810-323100 kontusailaren kargura, 23.560 (hogeita hiru mila bostehun eta hirurogei) euro.

3. Ahalmena ematea Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari, deialdia ebatzi ondoren eta aurkeztutako eskabideen arabera, hala balitz, hasieran baimendutako zenbatekoak deskonprometitzeko eta Nafarroako 2002ko Gastuen Aurrekontuko kontusail beraren kargura egiten diren beste gastuetarako baimentzeko.

4. Deialdiaren oinarriak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

5. Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

6. Foru agindu hau hurrengoei igortzea behar diren ondorioak izan ditzan: Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko kontu-hartzaile delegatuari, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuari, haren Zerbitzu Orokorren eta Azpiegituren Atalari, Gazteriaren Zuzendariordetzari eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALera.

Iruñean, bi mila eta biko martxoaren hogeita seian.-Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilaria, Calixto Ayesa Dianda.

E R A N S K I N A

O i n a r r i a k

1. Helburua.

Deialdi honen helburua da Nafarroako gazte elkarteei dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea, beren kideei zuzendutako gazteentzako programak aurrera eramateko eta boluntario jardueretarako, 3. oinarrian biltzen denari jarraikiz.

2. Xedea.

Dirulaguntza hauek honako xedeak dituzte:

-Gazte elkarteek 2001eko irailaren 29tik 2002ko irailaren 20ra bitartean antolatzen dituzten ekimen eta jarduerei laguntzea, bai eta dituzten programak aurrera eramateko beharrezko dituzten mantentze eta ekipamenduetarako ere, horiek hein batean finantzatuz.

3. Esparrua.

3.1. Aurreko oinarrian aipatu dirulaguntzak honakoak egiteko eskatu ahalko dira:

a) Hurrengo jarduera hauek egitea:

-Prestakuntzakoak eta denbora librekoak:

-Aisialdiko jarduerak.

-Josteta jarduerak.

Aisialdi eta jostetako jardueratzat hartuko dira egoitzaren barrenean nahiz eremu irekietan egiten direnak eta jolasa, josteta edo eskolaz kanpoko hezkuntza helburu dituztenak, betiere deialdiaren 3.2 oinarrian zehaztutako salbuespenak salbuespen.

-Boluntario lanekoak. Horrelakotzat hartuko dira elkarteek hirugarrenen mesedetan egiten dituzten ekintzak. Proiektua aldez aurretik onetsi beharko du nahitaez Gazteriaren Zuzendariordetzak. Proiektuak aurkezteko epea Foru Agindu hau argitaratu eta hurrengo 30 egun naturaletan egonen da zabalik, eta aurrekontuko kontsignazioaren menean egonen da betiere.

-Elkarteko monitoreek ofizialki onarturiko astialdirako eskolek antolatu ikastaro monografikoetan parte hartzea.

-Elkarteko kideek aipatu astialdirako eskolek antolatu monitore edo zuzendarien ikastaroetan parte hartzea.

-Kanpaldiak eta irteerak, kanpoan gau bat baino gehiago igarotzekoak badira. Horrelakoetan, 15 egun lehenago jakinarazi beharko zaio Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuari. Ez jakinaraztearen zehapena izan daiteke jarduketaren egiaztagiriak ez onartzea.

b) Elkartearen egoitza mantentzeko beharrezkoak diren gastuak, 2001eko irailaren 29tik 2002ko irailaren 20ra bitartekoak, 7.2. oinarrian ezarritako mugak kontuan hartuta (Egoitzaren alokairu gastuetan, elkartearen aldeko kontratu publikoaren fotokopia aurkeztu beharko da).

c) Jarduera aurrera eramateko beharrezkoa den material inbentariagarria erostea, 2001eko irailaren 29tik 2002ko irailaren 20ra bitartekoa.

d) Informatika ekipamendua erostea: ordenagailua, inprimigailua, ekipoak edo/eta softwarea eguneratzea. Erositako ekipo informatikoek interneten sartu eta posta elektronikoa izateko aukera emanen dute; hurrengo ezaugarriak izanen dituzte gutxienez:

-Pentium III

-Nahikoa memoria (128 MB RAM)

-4 GB baino gehiagoko disko gogorra

-Internet eta posta elektroniko kontua

-Multimedia ekipoa (CD ROM)

-Office 97 edo hori baino berriagoa

e) Deialdi honetan lagunduko dira gehienez ere sei proiektu, elkarte desberdinetakoak, interesagatik eta kalitateagatik nabarmentzen direnak. Aurrekontuaren % 100era irits daiteke laguntza, gehienez ere 6.000 eurokoa.

Sail honetan parte hartzeko interesa duten elkarteek, hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta 30 egun naturaletan aurkeztu beharko dituzte beren proiektuak, behar bezala prestatuta eta balorazio ekonomikoa agertuz. Proiektu hauek gauzatzeko epea hasiko da proiketua onartzen duen ebazpena jakinarazten denean eta bukatuko da 2002ko irailaren 20an.

Jarduera proiektu horiek elkarteko kideentzat bakarrik beharko dute izan, guttienez 25 lagunendako.

Honako hauek izanen dira balorazio irizpideak:

-Aurrera eraman daitekeen.

-Zenbat lagunendako den.

-Zein helburu duten.

-Programazioarekiko egokitzapena.

-Aurrekontu orekatua ote duen.

f) Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren Gazteendako Entitateen Erroldan sartuak dauden gazte elkarteek Gazteendako Instalazioen Nafarroako Sarearen instalazioak erabiltzen baldin badituzte, egindako gastu osoaren % 25 hartuko dute jarduera horregatik, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuan faktura aurkeztu ondoren, behin jarduera egin eta gero. Horretaz gain, gainerako % 75ari dagokion dirulaguntza jasoko dute, deialdi arruntaren bidez.

g) Halaber, proiektuak Gazteriaren Zuzendariordetzan aurkeztu dituzten entitateen jarduerak ere lagundu ahalko dira, baldin eta zuzendariordetza horrek, bere helburuekin bat datozelako, onesten baditu.

3.2. Deialdi honetatik kanpo geldituko dira hurrengoak:

a) Kirol jarduerak, ihauteriak, tokian tokiko jaiak, kabalgatak, dantzaldiak, kontzertuak eta antzekoak.

b) Monitoreentzako ordainsariak.

c) Jarduera burutzeko beharrezkoak ez diren janari gastuak.

d) Nafarroako Gobernuaren gainerako departamentuen eskumen diren programak, diruz lagunduak izan ala ez.

e) Ikasleen elkarteei dagozkien jarduerak, hartzen duten hezkuntza eremuaren ingurukoak alegia.

f) Beste deialdi zehatzago baten helburu diren jarduerak.

4. Onuradunak.

4.1. Deialdi honetako dirulaguntzak jasoko dituzten entitateek Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Gazteentzako Entitateen Erroldan egon behar dute izena emanda dirulaguntza jasotzeko aurkeztu duten jarduera egin baino lehen.

4.2. Entitate bakoitzak erroldan duen sailkapenaren arabera, ondoko dirulaguntza motetarako aukera izanen du:

A B C

Jarduerak * * *

Mantentze gastuak *

Mat. inbentar. erostea *

Deialdi honen 3.d oinarrian zehaztutako baldintzei jarraikiz, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuan erroldaturiko gazte elkarte orok du eskubidea informatikako ekipoak erosteko, baldin eta aurreko bi deialdietan ez badu arrazoi horregatik dirulaguntzarik jaso. Ezin izanen da informatikako ekipoetarako laguntzarik eskatu, ez bada jardueretarako laguntzarik jaso aurreko hiru deialdietatik bitan, gutxienez.

Dirulaguntza eskatzen ahalko dute, orobat, Gazteen Entitateen Erroldan urtebete daramatenek, diruz laguntzeko moduko jarduerak egiten badituzte eta gutxienez ere 25 bazkide badituzte.

5. Eskabideak aurkezteko epea eta lekua.

5.1. Dirulaguntza eskabideak Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren Erregistroan aurkeztuko dira (Arrieta kalea 25, Iruña); epea 2002ko irailaren 20an amaituko da.

5.2. Informatikako ekipoak erosteko eskabidea, erosketa agiriekin batera, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren erregistroan aurkeztuko da (Arrieta kalea, 25) deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta, biharamunetik kontatzen hasita, 30 egun naturaleko epean.

Behar bezala beteriko eskabide guztiak hartuko dira kontuan, helburu horretarako dagoen kreditua muga dela betiere.

6. Eskabideak eta dokumentazioa.

Eskabideak, entitateko buruak sinatuta, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak emandako eskabide orrietan aurkeztuko dira, eta ondokoak azaldu beharko dituzte:

6.1. Gazteei zuzendutako programetarako dirulaguntza eskaeretan:

a) Programaren oroit-idazki orokorra; programa hori osatzen duten jardueretako bakoitzari buruzko hurrengo informazioa jasoko du: helburuak, iraupena, parte-hartzaileen kopurua eta adina, parte hartzeko kuota eta instalazioak.

b) Programaren diru-sarreren eta gastuen balantze ekonomikoa, jardueraka zehaztua. Gastuen frogagiria erantsiko da, jatorrizko fakturen bidez -jarduerak antolatu eta dirulaguntza eskatzen duen elkartearen izenean eginiko fakturak- edo horien kopien bidez; aztertu direla adierazten duen zigilua ezarriko zaie jatorrizko fakturei.

Baztertu eginen dira epez kanpo aurkezten diren eskabideak, bai eta datu faltsuak dituztenak ere.

6.3. Eskabideak hobeki ebaluatu ahal izateko, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Zuzendariordetzak eskatzaileei eskatu ahalko die aurkeztutako edo eskatutako dokumentuetako informazioa zabaldu edo hobetu dezaten.

7. Instrukzioa, balorazioa eta zenbatekoa.

7.1. Ebaluazio batzorde aholku-emaile bat sortuko da, Gazteri zuzendariordea buru duela eta Gazteriaren Kontseiluko bi kidek eta Plangintza eta Sustapen Ataleko beste bik osatuta. Batzorde horrek aurkeztutako eskabideak aztertu eta dirulaguntza emateko proposamena igorriko dio Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari.

Gazteriaren Zuzendariordetzak, halaber, informatikako ekipoak erosteko dirulaguntza proposamena aztertu eta Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari igorriko dio.

Halaber, Gazteriaren Zuzendariordetzak aztertu eta igorriko dizkio zuzendari kudeatzaileari deialdian aurkeztu diren sei proiektu eta boluntario jarduera hoberenei dirulaguntza emateko proposamena. Sail hauen ebazpenean zehaztuko da dirulaguntza horren aurrerakina zenbatekoa izanen den proiektua aurrera eraman ahal izateko, edozein modutan ere, ehuneko hirurogeita hamar bitarte. Gainerakoa, proiektuan aurreikusten diren jarduerak egiten direnean ordainduko da, betiere behar den oroit-idazkia aurkeztu eta arrazoitu ondotik.

Aurreko lerroaldean aipatu diren proiektuen eta boluntario jardueren bukaerako oroit-idazkia Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuan aurkeztu beharko da, 2002ko irailaren 20a baino lehenago.

7.2. Dirulaguntzak banatzeko, kontuan hartuko da jarduera deialdiaren helburuarekin bat etortzea, bai eta elkartearen estatutuek ezarritako helburuekin ere.

7.2.1. Laguntzak emateko, honako irizpide orokor hauek izanen dira kontuan:

a) Programak lehen oinarrian finkaturiko helburuari erantzutea.

b) Jarduera non den eta zenbat gazteri zuzentzen zaion.

c) Bidaietarako gehieneko gastua 1.205 eurokoa izanen da, autobus edo antzeko garraiobide bakoitzeko (joan eta etorria).

d) Informatikako ekipoak erosteko dirulaguntza, gehienez ere, 1050 eurokoa izanen da; dirulaguntza hori 2.100 euroko gastu batentzako izanen litzateke.

e) Halaber, egoitzatik kanpo eginiko jardueren gehieneko gastua (kanpaldiak eta beste bidaia batzuk) 20 eurokoa izanen da parte-hartzaile eta eguneko, baldin eta, jarduera egiteko, gaua egoitzatik kanpo pasa behar bada.

7.2.2. Egoitzaren mantentzeari dagokionez, honako irizpide eta mugak hartuko dira kontuan:

a) Erroldan elkartearen helbide gisa agertzen diren eta denbora libreko jardueretarako bakarrik erabiltzen diren lokalen mantentze gastuak elkarte eskatzailearen beraren izenean egotea, eta fakturatutako zerbitzuarekin lotutako enpresek eginak izatea. Kontzeptu honetan, A motako elkarteei ordainduko zaie ebaluazio batzordeak -elkarteak eskatutakoa aztertu ondoren- onartutako gastuaren % 50, oinarri honetan ezarritako mugak kontuan hartuta betiere. Kontzeptu horrek entitatearen jarduera orokorraren bermea izanen du, eta egoitzako jarduera batek ekarri ez dituen gastuak ez dira kontuan izanen.

b) Elkartearen mantentze gastuei dagokienez, honako muga hauek ezarri dira:

Alokairuak, 2.200 euro; telefonoa, 605 euro; argia, 605 euro; ura, 215 euro; zabor-tasak, 215 euro; berokuntza, 725 euro; jardueren eta egoitzaren aseguruak, 785 euro; egoitzaren konponketa eta berrikuntzak, 1.205 euro.

7.2.3. Erosketa gastuetarako dirulaguntza emateko, honakoa hartuko da kontuan:

a) Batzordearen ustez, eginiko erosketak ezinbestekoak izatea entitatearen funtzionamendurako eta jarduera gauzatu ahal izateko, eta fakturak elkarte eskatzailearen izenean egotea. A motako entitateei batzorde ebaluatzaileak onartutako gastuaren % 50 ordainduko zaie. Kontzeptu honen bermea jarduerak aurrera eramateko beharra da.

b) Nafarroako Gazteriaren Kontseiluak ere eskatzen ahalko du dirulaguntza, baina kasu berezi gisa eta ekipoak erosteagatik bakarrik.

7.2.4. Dirulaguntza ez da izanen, inola ere, onuradunak eginiko jarduerak duen kostua baino handiagoa.

8. Ebazpena.

8.1. Eskabideei buruzko ebazpena Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak eginen du, 2002ko abenduaren 10a baino lehen.

8.2. Informatikako ekipoak erosteko dirulaguntzei buruzko ebazpena, hala ere, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo 15 egun baliodunetan eginen da; ebazpen horretan, dirulaguntza eta ordainketa zehaztuko dira.

8.3. Ezarritako epean ematen ez bada ebazpen espresurik, eskabideak ezetsitzat joko dira.

Presuntziozko ezespenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko da Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako epean (lege hori ekainaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen).

8.4. Dirulaguntza emateko ebazpenean dirulaguntzaren zenbatekoa eta ordaintzeko modua adieraziko dira.

8.5. Betiere, dirulaguntzaren zenbatekoa Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko aurrekontuetan xede horretarako dagoen kredituaren menpe egonen da.

8.6. Deialdi honi jarraikiz dirulaguntza eskuratzeak ez du esan nahi hurrengo ekitaldi ekonomikoetan ere dirulaguntzak jasotzeko eskubiderik eskuratzen denik.

9. Betebeharrak.

9.1. Dirulaguntzak jasotzen dituztenek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Ematen diren xedeetarako erabiltzea.

b) Beraien aplikazioa agirien bidez frogatzea.

c) Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak edo ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen arabera (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezartzen du lege horrek) eskumena duten organoek eskatutako egiaztapenak onartu eta erraztea.

d) Ekainaren 9ko 8/1997 Foru Lege horri jarraikiz, Foru Ogasunaren Kontuhartzailetzari dagozkion kontrol lanak erraztea.

9.2. Dirulaguntzen onuradunek Nafarroako Ogasun Publikoarekiko betebeharrak beteta beharko dituzte; dirulaguntzen ordainketa Nafarroako Ogasun Publikoarekiko zorrak konpentsatuz egin daiteke, halakorik badago.

Dirulaguntza jaso aurretik, egiaztatu egin beharko da beteta daudela Nafarroako Ogasun Publikoarekiko betebeharrak; Ekonomi eta Ogasun kontseilariak ezarriko du hori nola egiaztatu.

10. Ez-betetzea.

Aipatu dirulaguntza galdu eginen da eta onuradunek jasotako dirua itzuli egin beharko dute, baldin eta deialdi honen oinarrietan ezarritakoa betetzen ez bada, dirulaguntza beste helburu batzuetarako erabiltzen bada, laguntzen helburua ezartzen den moduan eta epeetan justifikatzen ez bada, egiazkoak ez diren datuak aurkezten badira edo, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren baimenik gabe, dirulaguntza ematean ezarritako xedeak funtsean aldatzen badira. Dirua itzuli egin beharko da, eta, bidezkoa bada, baita dirulaguntza ordaindu zenetik aurrerako berandutza korrituak ordaindu ere, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legearen 19. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Hori guztia ez da eragozpen izanen eskatzen ahal zaizkien gainerako erantzukizunak eskatzeko, Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra arautzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen VI. kapituluan ezarritakoaren arabera.

11. Errekurtsoak.

Foru agindu honen aurka, eta bere oinarrien aplikazio egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko da Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi edota Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hilabeteko epearen barrenean.

12. Aplikatu beharreko legeria.

Foru agindu honek arautzen ez duen orotarako, hurrengoei jarraituko zaie: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezartzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeari eta kirol eta gazteriaren arloko dirulaguntzak arautzen dituen abenduaren 18ko 594/1995 Foru Dekretuari.

Iragarkiaren kodea: a0203578