52. ALDIZKARIA - 2002ko apirilaren 29a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

22/2002 FORU AGINDUA, martxoaren 26koa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak emana, toki entitateei Gazteendako Programak garatzeko emanen zaizkien dirulaguntzen deialdiaren oinarriak onesten dituena.

Abenduaren 18ko 594/1995 Foru Dekretuaren bidez kirol eta gazteriaren arloko dirulaguntzen araubide orokorra finkatu zen. Bertan ezartzen da Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak eman ahalko zaizkiela, gazteendako programak garatzeko.

Irailaren 23ko 334/1996 Foru Dekretuaren bidez izen aldaketa izan zen, eta Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentuari eman zitzaizkion gazteriaren arloko eskumenak.

Bestalde, ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zen.

Orain arte, dirulaguntzak emateko araubideak Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariaren martxoaren 20ko 33/2001 Foru Aginduari jarraitzen zion, baina toki entitateen arlo honetako jarduera erraztu eta sustatzeko asmoz eta fondo publikoen kudeaketa eta kontrol eraginkorra lortu nahian, horrela dirulaguntza hauetara eta berorien xede diren jardueretara biltzen diren entitateen aniztasunari erreparatuz, fondo publikoen banaketa orekatua lortuko baita, bidezko da entitate horiendako dirulaguntzen araubidea ezarriko duen beste Foru Agindu bat onestea.

Horrenbestez, Kirol eta Gazteriaren arloetako dirulaguntzak arautzen dituen abenduaren 18ko 594/1995 Foru Dekretuko 4. artikuluarekin bat eta azken xedapenetariko lehenak ematen dizkidan ahalmenak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeko 5. artikuluak ematen dizkidanak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Toki entitateei Gazteendako Programak garatzeko emanen zaizkien dirulaguntzen deialdia onestea, Foru Agindu honen eranskinean azaltzen diren oinarrien arabera.

2. Deialdi honen gastua, 51.000 (berrogeita hamaika mila) euro artekoa, 2002rako luzatutako 2001eko Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura aplikatuko da, kontusail honen kargura hain zuzen: "Toki entitateen gazteendako programak" izeneko 940003-95210- 4600-323100 kontusaila.

Hurrengo ekitaldietan behar den gastua baimenduko da, Nafarroako aurrekontu orokorretan xede horretarako gaitzen den kontusailaren kargura. Betiere, kreditua beharko da ekitaldian, dirulaguntza emanen bada.

3. Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari ahalmena ematea, aurkeztutako eskabideak aztertu eta deialdia ebatzitakoan sobera gelditutako dirua hasieran onartutako kopuruetatik kentzeko eta beste deialdi batzuetako gastu gisa baimentzeko, 2002rako luzatutako 2001eko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako kontusail ekonomiko beraren kargura betiere.

4. Deialdiaren oinarriak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

5. Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

6. Foru Agindu hau igortzea Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko kontu-hartzaile delegatuari, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutura, Zerbitzu Orokorren eta Azpiegituren Atalera, Gazteriaren Zuzendariordetzara eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta biko martxoaren hogeita seian.-Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilaria, Calixto Ayesa Dianda.

E R A N S K I N A

Oinarriak

1.-Helburua

Deialdi honen helburua da Nafarroako toki entitateei gazteeendako programak garatzeko emanen zaizkien dirulaguntzen araubidea ezartzea.

2.-Xedea

Toki entitateek 2001eko azaroaren 1etik 2002ko urriaren 31ra bitartean gazteendako bakarrik antolatzen dituzten ekimen eta jarduerak laguntzea.

3.-Esparrua.

3.1. Aurreko oinarriak aipatzen dituen dirulaguntzek ez dute gaindituko jardueraren kostu osoaren % 25a, edo jardueraren kostuaren % 50etik gorakoa izanen ez den defizitaren % 50a, eta astialdiko ondoko jarduerek sorturiko gastuak hein batean ordaintzeko erabiliko dira:

-Prestakuntza jarduerak.

-Astialdiko jarduerak.

-Josteta jarduerak.

Astialdiko jarduerak eta josteta jarduerak dira egoitzan bertan edo aterpez kanpo egin eta xedea aisia, dibertsioa edo hezkuntza ez-formala dutenak, deialdi honen 3.2 oinarrian aipatu salbuespenak direla.

-30 urtetik behekoendako kanpaldiak eta aterpetxeetarako irteerak antolatzea egoitzatik kanpo eta gau baterako baino gehiagotarako (Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuari jakinarazi beharko zaio 15 egun aurretik).

3.2. Deialdi honetatik kanpo geldituko dira:

a) Kirol programak.

b) Tokiko ospakizunak, herrikoiak, kontzertuak, inauteriak, jaialdiak, kabalgatak eta antzekoak.

c) Toki entitateen dirulaguntzekin beste entitate edo talde batzuek egiten dituzten jarduerak.

d) Nafarroako Gobernuaren beste departamentu batzuen eskumen diren programak, diruz lagunduak izan ala ez.

4.-Onuradunak.

Deialdi honetako dirulaguntzak honako hauek eskatu ahalko dituzte:

a) Nafarroako toki entitateak.

b) Proiektu jakin bat burutzeko, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen babesean sinaturiko lankidetza hitzarmen edo itunen bidez elkarturiko Nafarroako toki entitateak. Toki entitate horiek ezin izanen dute beren aldetik jarduera horrexetarako dirulaguntzarik eskatu.

5.-Eskabideak aurkezteko epea eta lekua.

Dirulaguntza eskabideak eta dokumentazioa Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren Erregistroan aurkeztuko dira (Arrieta kalea 25, Iruña), 2001eko urriaren 31ra arte.

6.-Eskaera eta dokumentazioa.

Eskaerak, gazteriaren arloko zinegotzi arduradunak sinatuta, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak emandako inprimakietan eginen dira, eta ondokoak azaldu beharko dituzte:

6.1. Gazteei zuzendutako jardueretarako dirulaguntza eskaeretan:

a) Programaren memoria orokorra, programa hori osatzen duten jardueretako bakoitzaren helburuak, iraupena, parte-hartzaileen kopurua eta adina, parte-hartze kuota eta instalazioak barne direla.

b) Jarduerak banan-banan zehazten dituen programaren dirusarreren eta gastuen balantze ekonomikoa. Gastuen frogagiria erantsiko da, jatorrizko fakturen edo kopia konpultsatuen bidez, jarduerak antolatu eta dirulaguntza eskatzen duen elkartearen izenean.

6.2. Eskabideak hobeki ebaluatu ahal izateko, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Zuzendariordetzak eskatzaileei eskatu ahalko die aurkeztutako edo eskatutako dokumentuetako informazioa zabaldu edo hobetu dezatela.

Epez kanpo aurkezten diren eskaerak eta datu faltsuak dituztenak bazter utziko dira.

7.-Tramitazioa, balorazioa eta zenbatekoa.

Ebaluazio Batzorde Aholku-emaile bat sortuko da, Gazteriaren zuzendariordea buru izanen duena eta Nafarroako Gazteriaren Kontseiluko bi kidek eta Plangintza eta Sustapen Ataleko beste bik osatuta. Batzorde horrek gazteendako programak garatzeko aurkeztutako eskaerak aztertuko ditu, eta dirulaguntza emateko proposamena eginen dio Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari.

Oro har, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan balorazioan:

1.-Toki entitate eskatzaileak gazteri arloko zinegotzia izatea.

2.-Jarduerak urtekoak izatea eta gazteriaren aldeko jarduketa plan orokor baten barruan egotea, ekintza bakar eta isolatu bat izan gabe.

3.-Programetako parte-hartzaileen kopurua.

4.-Entitate eskatzailearen ekarpenak.

8.-Ebazpena.

8.1. Gazteendako Programetarako dirulaguntza eskabideei buruzko ebazpena Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emanen du, 2002ko abenduaren 10a baino lehen.

8.2. Ezarritako epean berariazko ebazpenik ematen ez bada, eskabideak ezetsitzat joko dira.

Ustezko ezespenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatuan) ezarritako epean.

8.3. Dirulaguntza emateko ebazpenean dirulaguntzaren zenbatekoa eta ordaintzeko modua adieraziko dira.

8.4. Betiere, dirulaguntzaren zenbatekoa Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko aurrekontuetan xede horretarako dagoen kredituaren menpe egonen da.

8.5. Deialdi honi jarraikiz dirulaguntza eskuratzeak ez du esan nahi hurrengo ekitaldi ekonomikoetan ere dirulaguntzak jasotzeko eskubidea biltzen denik.

9.-Betebeharrak.

9.1. Dirulaguntzak jasotzen dituztenek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Ematen diren xedeetarako erabiltzea.

b) Beraien aplikazioa frogatzea, agirien bidez.

c) Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak edo Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra arautzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen arabera eskumena duten organoek eskatutako egiaztapenak onartu eta erraztea.

d) Ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeari jarraikiz, Foru Ogasunaren kontu-hartzailetzari dagozkion kontrol lanak erraztea.

9.2. Dirulaguntza hartzen dutenek nahitaez bete beharko dituzte Nafarroako Ogasun Publikoarekin dituzten obligazioak. Bestela, bekaren dirua zorrak kitatzeko erabili ahalko da.

Dirulaguntza jaso aurretik egiaztatu beharko da entitatea Nafarroako Ogasun Publikoarekiko betebeharretan egunean dagoela, Ekonomi eta Ogasun kontseilariak finkatzen duen moduan.

10.-Ez-betetzea.

Deialdi honen oinarrietan ezarritakoa betetzen ez bada, dirulaguntza beste helburu batzuetarako erabiltzen bada, laguntzen helburua ezartzen den moduan eta epeetan justifikatzen ez bada, egiazkoak ez diren datuak aurkezten badira edo dirulaguntza ematean finkatutako xedeak funtsean aldatzen badira Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren baimenik gabe, aipatu dirulaguntza galdu eginen da eta onuradunek jasotako dirua itzuli egin beharko dute, gehi, bidezkoa bada, dirulaguntza ordaindu zenetik aurrerako berandutza korrituak, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legearen 19. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, deusetan galarazi gabe eskatzen ahal zaizkien gainerako erantzukizunak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zuen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen VI. kapituluan ezarritakoaren arabera.

11.-Errekurtsoak.

Foru Agindu honen aurka eta bere oinarrien aplikazio egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hilabeteko epean.

12.-Aplikatu beharreko legeria.

Foru Agindu honetan aurreikusita ez dagoen orotan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zuen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean eta kirol eta gazteri arloko dirulaguntzak arautzen dituen abenduaren 18ko 594/1995 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiko zaio.

Iragarkiaren kodea: a0203576