52. ALDIZKARIA - 2002ko apirilaren 29a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

53/2002 FORU AGINDUA, apirilaren 11koa, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak emana, kontsumitzaile eta erabiltzaileak babesteko jarduerak egiten dituzten Nafarroako Toki Entitateei dirulaguntzak emateko deialdia egiten duena.

Espainiako 1978ko Konstituzioaren 51. artikuluari jarraikiz, Toki Entitateek, beren eskumeneko esparruan, kontsumitzaile eta erabiltzaileak babesteko jarduerak egiten dituzte, hala nola, argibideak eta aholkuak ematea eta kontsumoaren arloko salaketak onartzea. Jarduera mota hori diruz laguntzen da Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, kontsumitzaile eta erabiltzaileak babesteko zerbitzuen eskumena hartu zenetik. Izaniko esperientzia ikusirik eta Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeak dirulaguntzen arloan ezartzen duen legezko esparrua kontuan harturik, komeni da dirulaguntza horiek baimendu eta haien oinarriak ezartzeko beste arau bat ematea.

Hori horrela, ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeko 5. artikuluak emaniko eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Kontsumitzaile eta erabiltzaileak babesteko jarduerak egiten dituzten Nafarroako Toki Entitateei dirulaguntzak emateko deialdia onestea eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea. Oinarri hauek izanen ditu:

1.-Xedea.

Nafarroako Toki Entitateek kontsumitzaile eta erabiltzaileak babesteko egiten dituzten jarduerak izanen dira dirulaguntzen xede.

2.-Onuradunak.

Kontsumitzaileendako Argibideetarako Udal Bulego baten bidez jarduera hori egiten duten Nafarroako Toki Entitateek hartzen ahalko dute parte deialdi honetan. Haren egoitzak udal lokal batean egon beharko du.

3.-Diruz laguntzen ahal diren jarduerak.

Kontsumitzaileen eskubidezko interes ekonomikoak babestu eta horietaz argibideak ematea xede duten jardueren artean, honakoak izan daitezke dirulaguntzen xede:

a) Kontsumitzailei argibideak emateko bulegoek aholkulari eta bitartekari lanetan izaniko funtzionamendu gastuak.

b) Kontsumoko gaiei buruzko argitalpenen edizioa.

c) Kontsumitzaile eta erabiltzaileak informatu eta prestatzeko jardunaldi, ikastaro, mintzaldi edo beste edozein jardueraren antolamendua.

d) Kontsumitzaile eta erabiltzaileak babesteko lanetan aritzen diren Toki Entitateetako langileek prestakuntza ikastaroetan eta bilera instituzional edo teknikoetan parte hartzea.

4.-Aurrekontu-kreditua.

2002an ematekoak diren dirulaguntzak 851001-82120-4600- 4442000 kontusailaren bizkar finantzatuko dira, gehienez ere 53.369,93 euro egin arte.

5.-Dirulaguntzak emateko prozedura.

a) Eskabideak

Eskabideak urtero aurkezten ahalko dira, apirilaren 30a baino lehen, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuko Erregistroan, Tomás Caballero parkeko 1ean, edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan aurreikusiriko tokietan.

Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

1. Aurreko urtean eginiko jardueren memoria eta horrekin batera, sortutako argitalpenak, ekitaldien deialdiak, hormirudiak eta abar.

2. Kontsumitzaileendako Argibideetarako Udal Bulegoan aurreko urtean eginiko kontsulten eta horien gaien zerrenda.

3. Jendeari argibideak emateko ordutegia (hileroko egun- orduak). Urtean urterako jarduren egitaraua eta gastuen aurrekontu zehatza, eskura dituen baliabideak, ekitaldien egutegia, eta gainerako inguruabar adierazgarriak aipatuz.

Betiere, Merkataritza eta Kontsumo Zerbitzuak eskabidea egokitasunez ebazteko behar dituen argibide edo agiri osagarri guztiak eskatzen ahalko dizkio eskatzaileari.

6.-Dirulaguntza emateko irizpideak.

Merkataritza eta Kontsumo Zerbitzuak ebaluatuko ditu eskabideak. Ekitaldi programatuen interes eta kalitatea, jardueraren onuradun izan daitekeen jende multzoa, jendeari laguntzeko egiazki erabilitako denbora eta kontsumitzaile eta erabiltzaileak babesteko gainerako eginkizunak baloratuko ditu.

7.-Ebazpena.

Merkataritza eta Kontsumo Zerbitzuko zuzendariak proposamen bat prestatuko du, dirulaguntzaren xede izanen diren jarduerak eta horietariko bakoitzari emaniko diru-kopurua ezarriko dituena.

Dirulaguntza ebazpen arrazoituaren bidez eman edo ukatuko da eta interesatuei jakinaraziko. Espresuki ebazpenik gabe bi hilabete pasatzen badira, ulertuko da eskabidea ezetsia izan dela.

8.-Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Dirulaguntzek gehienez ere aurkezten diren eskabideen aurrekontuaren % 50 eginen dute, deialdiko 6. idatz-zatian ezarririko lehentasun irizpideen eta aurrekontuetako diruaren arabera.

9.-Jardueren justifikazioa eta dirulaguntzaren ordainketa.

Dirulaguntza bi epetan pagatzen ahalko da, egindako jardueren memoria eta dirulaguntzaren xede diren jarduerak egiteko gastuen ziurtagiriak aurkeztu ondoren. Lehenbiziko epean jardueren eta ekainaren 30a arte egindako gastuen memoria sartuko da. Kontsumo Atalean aurkeztuko dira uztailaren 30a baino lehen. Bigarren epean azaroaren 30a arteko gastuak sartuko dira. Kontsumo Atalean aurkeztuko dira abenduaren 18a baino lehen. Agiriak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo 30 egunetan pagatuko dira.

10.-Dirulaguntza deuseztatzea.

Foru Agindu honetan ezarririko baldintzak betetzen ez badira, dirulaguntza osorik edo hein batean deuseztatzen ahalko da, eta harturiko dirua itzultzea erabaki.

11.-Administrazio helegiteak.

Deialdi honen aurka gora jotzeko helegitea paratzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Foru Agindu hau argitaratu edo jakinarazi eta hilabeteko epearen barrenean.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe utzi da 201eko martxoaren 1eko 26/2001 Foru Agindua, kontsumitzaile eta erabiltzaileak babesteko jarduerak egiten dituzten Nafarroako Toki Entitateei dirulaguntzak emateko deialdia ezarri zuena.

AZKEN XEDAPENA

Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko apirilaren hamaikan.-Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilaria, Nuria Iturriagagoitia Ripoll.

Iragarkiaren kodea: A0204025