52. ALDIZKARIA - 2002ko apirilaren 29a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

197/2002 EBAZPENA, martxoaren 20koa, Industri zuzendari nagusiak emana, Cascanteko udal mugapean, Gas Navarra, S.A.ren hornidura gunea eta Murchante hornituko duen adarra eraikitzeko administrazio baimena Gas Natural SDG, S.A.ri ematen diona.

Gas Natural SDG, S.A. enpresak administrazio baimena eta instalazioetarakoa eskatu du, Cascanteko udal mugapean, Gas Navarra, S.A.ren hornidura gunea eta Murchante hornituko duen adarra eraikitzeko.

Hauek dira, funtsean, instalazio proiektuaren oinarrizko datuak:

Cascanteko 4" DN-ko gasbidean egiten da hartunea, Cascanteko II. poligonoko 572. lurzatian, 3" DN-ko 3-Way-tee bat, 4" DN-ko errefortzu biribil osokoa, eta 4x3" DN-ko alderantzizko murrizketa bat baliatuz. Hortik aterako da 4" DN-ko adar berria, 4 mm lodi, kutxetan sartutako 4" DN-ko hartune balbularaino; ondoren, 4" DN-ko cap bat ezarriko da adar bukaeran.

API5L altzairuzko hodia da, Gr B kalitatekoa edo parekoa, eta Cascanteko gasbidearekiko perpendikularrean ezarriko da lur azpian, 21 m luze, Tarazonicaren bide berdearen inguruetaraino. Fabrikan, polietileno estrusionatuaz estaliko da eta, obran, hotzean ezarritako zinta plastikoz, eta harriaren kontrako estalduraz, behar den tokian. Babes katodikoa emateko, elektrikoki lotuko dira oraingo instalazioak eta proiektukoa, sareak duen babes sistema aprobetxatuz.

Guztira, 1.485 Nm3/h-ko emarirako diseinatu da: 985 Nm3/h Murchanteko etxeak eta saltokiak hornitzeko eta 500 Nm3/h industrian kontsumitzeko; orobat, 16 bar-eko presiorako eta 15º C-ko tenperaturarako.

Horretarako irekitako espedientean arauzko tramiteak beterik, eta Industri Segurtasunerako Zerbitzuak emandako adostasun txostena ikusi ondoren, Nafarroari buruzko Foru Legearen 36-2.b artikuluko ahalmenak, urriaren 9ko 189/1985 Foru Dekretukoak (Industria, Merkataritza eta Turismo Departamentuari esleitzen dizkio abuztuaren 1eko 1774/1985 Errege Dekretuaren bidez Foru Komunitatearen esku utzitako zerbitzuak eta eginkizunak) eta irailaren 30eko 363/1991 Foru Dekretukoak erabiliz.

Horrenbestez, Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak urriaren 14ko 572/1999 Foru Aginduaren bidez (99-10-25eko 133. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIAL) eskuordetu dizkidan ahalmenez baliaturik,

EBATZI DUT:

1. Gas Natural SDG, S.A. enpresari administrazio baimena ematea, Gas Navarra, S.A.ren hornidura gunea eta Murchanteko adarra eraikitzeko, Cascanteko udal mugapean.

Administrazio baimena ondoko baldintzetara egokituko da:

Lehenbizikoa.-Gas Natural SDG, S.A. empresak bi hilabeteko epean (61,51) hirurogeita bat euro eta berrogeita hamaika zentimoko bermea jarri beharko du, espedientean agertzen diren instalazioen aurrekontuaren 100eko 2a, bere eginbeharrak beteko dituela bermatzeko, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legeko 73. artikuluko 4. puntuaren arabera. Delako bermea Nafarroako Gobernuko Ogasun Departamentuan jarri beharko da, Industri zuzendari nagusiaren eskura, uztailaren 22ko 1775/1967 Dekretuaren 11. artikuluaren 3. atalean zehaztutako moduetakoren batean. Bermea instalazioak abian jartzeko akta gauzatutakoan berreskuratu ahalko da.

Instalazioetan eta muntaketan Gas Erregaien Sare eta Hartuneei buruzko Erregelamendua bete beharko da. Erregelamendu hori Industria Ministerioak 1974ko azaroaren 18ko Aginduaren bidez onetsi zuen eta, gero, Industria eta Energia Ministerioak 1983ko urriaren 26ko, 1984ko uztailaren 6ko, 1994ko martxoaren 9ko eta 1998ko maiatzaren 29ko Aginduen bidez aldatu. Instalazio horiek prestatu beharko dira gas arloko aurrerakuntza teknologikoekin batera joateko eta hornidura malgu eta seguruak lortzeko.

Bigarrena.-Gasa saltzeko tarifak finkatzerakoan, gai horri buruz indarrean dauden xedapenek diotenari jarraikiko zaio.

Hirugarrena.-Gas Natural SDG S.A.k Hidrokarburoen Sektoreari buruzko Legeko 74. artikuluan eta, bereziki, d) atalean aipatzen diren eginbeharrak beteko ditu. Artikulu horren indarrez Gas Natural SDG, S.A. beharturik dago, baimen honek agindu bezala, baimen horren esparruan zerbitzua eskatzen duen edozein gasez hornitzera, bai eta horri erantzuteko behar diren hedakuntzak egitera ere.

Laugarrena.-Gas Natural SDG, S.A.k Hidrokarburoen Sektoreari buruzko Legeko 75. eta 76. artikuluetan aipatzen diren eskubide eta baldintzak izanen ditu banatzailea den aldetik, baita 83. artikuluan aipatzen direnak ere, banatzaile eta merkaturatzaileek hornidurarekin dituzten eskubide eta eginbeharrei dagokienez.

Bosgarrena.-Baimen honek ez du eskubide esklusiborik ematen eta ez da monopolio araubidean ematen.

Seigarrena.-Industri Segurtasunerako Zerbitzuak Ebazpen honetan zehaztutako baldintzak zehazki betetzen ote diren begiratuko du.

Instalazioak eraiki eta gero, Zerbitzu horrek ikuskatuko du lan eta muntatzeak burutu diren eta, horiek bukatutakoan, eta instalazioen obra bukaeraren ziurtagiria -eskumena duen teknikari batek sinatua eta dagokion Elkargo Ofizialak ikus-onetsia- kontzesio-hartzaileak aurkeztu duela frogatu ondotik, aipatu Zerbitzuak hori guztia biltzen duen akta eginen du, eta ondotik Zuzendaritza Nagusi honetara igorriko.

Baimenaren xede diren instalazioetan indarrean dauden xedapenen arabera egin beharreko ikuskapen, entsegu eta proba orokor nahiz partzialen berri aldez aurretik eman beharko dio banatzaileak Industri Segurtasunerako Zerbitzuari.

Halaber, eta obrak hasi baino lehenago, kontzesio-hartzaileak haien exekuzio plan zehatza aurkeztu beharko du.

Zazpigarrena.-Urriaren 7ko 34/1998 Legeko 73. artikuluko 6. idatz-zatian aipatzen direnak ez ezik, hauek ere izanen dira administrazio baimen hau bertan behera uzteko arrazoiak:

a) Bermea adieraziriko era eta epean ez ordaintzea.

b) Proiektuak aurrera eramaterakoan, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak baimendu ez duen aldakuntza edo hedakuntzarik sartzea, indarrean dauden xedapenak bete ahal izateko egiten diren aldaketak salbu.

c) Instalazioak Ebazpen honek ezarririko baldintzei jarraikiz ez egitea edo indarra duten erregelamenduek pertsonen eta gauzen segurtasuna bermatzearren ezartzen dituzten baldintza eta agindu tekniko oinarrizkoak eta hornidurarako baldintzak ez betetzea.

Zortzigarrena.-Ezarri behar diren instalazioek orokorrean aplikatzekoak diren xedapen eta arau teknikoak beteko dituzte, eta, batez ere, Gas Erregaien Sare eta Hartuneei buruzko Erregelamendua, 1974ko azaroaren 18ko Aginduaren bidez onetsia eta 1983ko urriaren 16ko (83-11-08ko "EAO"), 1984ko uztailaren 6ko (84-07-23ko "EAO"), 1994ko martxoaren 9ko (94-03-21eko "EAO") eta 1998ko maiatzaren 29ko (98-06-11ko "EAO") Aginduen bidez aldatua.

Bederatzigarrena.-Udalaren eta probintziaren eskumeneko onespen, lizentzia edo baimenak nahiz gas instalazioen obrak egiteko behar diren beste batzuk ezertan ukatu gabe eta haietaz aparte eman da baimen hau, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

2. Aurkezturiko instalazio proiektua onestea eta haren eraikuntza baimentzea, proiektuari lotuz burutu beharko dena, indarra duen legeria betez, hiru hilabeteko epearen barrenean obrak hasten direnetik.

3. Aipatu instalazioaren onura publikoa onartzea eta, beraz, ukitutako ondasun eta eskubideak okupatu beharra, baita presako okupazioa ere, 1954ko abenduaren 16ko Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legearen 52 eta 53. artikuluen ondorioz, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legearen IV. Tituluko 103, 104, 105, 106 eta 107. artikuluei jarraituz.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Ebazpen hau Gas Natural SDG, S.A.ri jakinaraziko zaio, behar diren ondorioak izan ditzan, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

Iruñean, bi mila eta biko martxoaren hogeian.-Industri zuzendari nagusia, Enrique Jiménez Goicoa.

Iragarkiaren kodea: A0203182