52. ALDIZKARIA - 2002ko apirilaren 29a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

FORU AGINDUA, 2002ko martxoaren 25ekoa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, Nafarroako Nekazaritza Ganberarako hauteskundeetako behin-behineko hautesleen errolda jendaurrean jartzen duena.

Nafarroako Nekazaritza Ganberari buruzko apirilaren 6ko 4/1998 Foru Legearen 23. artikuluak ezartzen du Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak Foru Lege horren 20. artikuluan adierazitakoaren arabera hautesle izaera duten pertsona guztien errolda prestatuko duela, Ganberako kideak aukeratzeko hauteskundeen deialdia egitearen ondorioetarako.

Halaber, agindu horrek ezartzen du Nafarroako Nekazaritza Ganberarako hauteskundeak egin aitzin, errolda jendaurrean jarriko dela udalen iragarki oholetan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren bulegoetan, hilabete batez, egoki juzkatzen diren alegazio edo zuzenketak egiteko. Alegazioa aurkeztuz gero, hori arrazoitzeko agiriak aurkeztu beharko dira.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak egoki jo du errolda hori jendaurrean egotea ez bakarrik legez ezarritako epean, hots, hilabete batez, denbora gehiagoan baizik, datuen eduki erreala zehatzagoa izan dadin eta interesatuek ongi ezagutu eta alegazioak aurkezteko aukera izan dezaten.

Nafarroako Nekazaritza Ganberarako hauteskundeen eguna finkatu gabe badago ere, Nafarroako Gobernuak derrigorrez egin behar du deia, azken agintaldia ahitu aurreko hiruretan hogei egunetako epean, hala xedatzen baitu apirilaren 6ko 4/1998 Foru Legearen 24. artikuluak. Halaber, Foru Lege beraren 10. artikuluak Nekazazaritza Ganberako Osoko Bilkuraren indarraldia lau urtekoa dela dio, eta kontuan hartzen bada aurreko hauteskundeak 1998. urtean egin zirela, egoki da hauteskunde errolda jendaurrean jartzeko prozedurari hasiera ematea, behin betikoa prestatu gabe badago ere. Interesatuek 2002ko uztailaren 31ra arteko epea izanen dute egoki juzkatzen dituzten alegazio edo zuzenketak idatziz aurkezteko.

Behin-behineko hautesleen errolda horretan ageri dira 2001eko abenduaren 31n Gizarte Segurantzaren Nekazaritzako Araubide Bereziari, nor bere kasa, edo Gizarte Segurantzaren langile autonomoendako araubide bereziari atxikita zeuden pertsona fisikoak, Gizarte Segurantzak berak emandako datuen arabera. Dena dela, 2002ko uztailaren 31 baino lehen araubide horietan alta ematen duten pertsona fisiko guztiek ere eskatu ahalko dute hautesleen erroldan sartzea.

Gertatu diren zenbait arazo tekniko direla kausa, hasiera batean ez dira sartu behin-behineko erroldan, estatutuen arabera, helburu bakartzat nekazaritza, abeltzaintza edo basogintzako ustiategien lana izanik, Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean eginkizun horretan egiazki ari diren pertsona juridikoak. Hauteskunde erroldan sartu ahal izateko, pertsona juridiko horiek, inskripzioa eskatu beharko dute lehenik eta, gero, behar den dokumentazioa aurkeztu, nekazaritzako ustiapenetako lanetan bakarrik aritzen direla eta jarduera hori egiazki Nafarroan garatzen dutela frogatzeko. Legezko ordezkariaren izena ere eman beharko dute.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta Gobernua arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36.2 artikuluak esleitzen dizkidan ahalmenak erabiliz eta Nafarroako Nekazaritza Ganbera arautzen duen Foru Legearen 23.3 artikuluan ezarritakoaren arabera,

AGINDU DUT:

1. 2002. urtean eginen diren Nafarroako Nekazaritza Ganberarako hauteskundeetako hauteskunde errolda jendaurrean jartzea, 2002ko uztailaren 31ra arte, egun hori barne.

2. Goiko zenbakian aipatu epean, interesatuek egoki juzkatzen dituzten alegazio edo zuzenketak aurkeztu ahalko dituzte, idatziz, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari zuzenduak, dela Nekazaritza alorreko bulegoetan, dela Departamentuaren eskualdeko bulegoetan, dela Iruñeko Tutera kaleko 20an eta Sarasate pasealekuko 38-2.ean dauden bulegoetan, jendea hartzeko ordutegiaren barruan, edo bestela, zuzenbideak onartzen dituen administrazio erregistroetariko batean.

3. Hautesleen erroldan sartzea eskatzen duten pertsona juridikoek eskaera idatzia aurkeztu beharko dute aipatu tokietan eta, horrekin batera, honako agiri hauek:

-Merkataritzako Erregistroak edo Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren Nekazaritzako Eraldakekta Sozietateen Erregistroak emandako ziurtagiria, indarra duten estatutuen arabera, pertsona juridikoaren enpresa jardueraren helburu bakarra nekazaritza, abeltzaintza edo basogintzako ustiapen lana dela adierazten duena.

-Zuzenbidean onargarri den agiria, ustiapenaren egiazko jardun-eremua Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldea dela adierazten duena, zalantzarako biderik gabe.

-Notario edo administrazio batek luzaturiko agiria, pertsona juridikoaren botoa emateko ardura hartuko duen pertsona fisikoari esleituriko legezko ordezkaritza frogatzen duena.

4. Errolda osoa Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko alor eta eskualdeetako bulegoetara eta Departamentu horrek Iruñeko Sarasate Pasealekuko 38- 2.ean duen bulegora ere igortzea eta Departamentuko bulego nagusietan argitara ematea, jendaurrean egon dadin, Nafarroako Nekazaritza Ganbera arautzen duen Foru Legearen 23.2 artikulaun ezarritakoaren arabera.

5. Udalerri bakoitzari dagokion erroldaren zatia kasuan kasuko udaletara igortzea, jendaurrean jar dezaten 2002ko uztailaren 31ra arte, hori barne, apirilaren 6ko 4/1998 Foru Legearen 23.2. artikuluan ezarritakoren arabera.

6. Foru Agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da hilabeteko epean, hura argitaratu eta biharamunetik kontaturik, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak xedatzen duenaren ariora.

7. Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALera igortzea eta Nafarroako Foru Komunitatean argitaratzen diren bi egunkarietan iragarkiak ateratzea, hauteskunde errolda jendaurrean egonen dela jakinarazteko.

Iruñean, bi mila eta biko martxoaren hogeita bostean.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: a0203730