52. ALDIZKARIA - 2002ko apirilaren 29a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

FORU AGINDUA, 2002ko martxoaren 18koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, behi arraza pirenaikoa eta ardi arraza nafar eta latxak ekoizpen estensiboko erregimenean sustatzeko laguntzak arautuko dituzten oinarriak ezartzen dituena.

Behi arraza pirenaikoan eta ardi arraza nafar eta latxetan oinarrituriko abeltzaintza estentsiboa garrantzi handiko ekoizpena izan da eta bada oraindik, Nafarroan bai ikuspuntu ekonomikotik, bai sozialetik, bai ingurumenekotik. Azienda horiek mantentzea ezinbestekoa da balio handiko ekosistemak zaintzeko, bestela konponbiderik gabe endekatuko bailirateke.

Gainera, azienda hori guztiz egokiturik dago Nafarroako Foru Komunitateko ingurunera eta tresna erabilgarria da bizilagun gutxi dituzten herrietan jendea erakartzeko.

Iduri du bidezko dela behi arraza pirenaikoa eta ardi arraza nafar eta latxak bere duten erregimenean, hots, estentsiboan, sustatzea.

Behi arraza autoktonoak sustatzeko urtarrilaren 29ko 145/1999 Errege Dekretuak laguntzak sortzen ditu arraza autoktonoko aratxe urrixak erosteko. Estatuaren eta Nafarroaren arteko hitzarmen ekonomikoa dela kausa, Nafarroako abeltzainak laguntza hauetatik kanpo zeuden. Behi arraza pirenaikoa ekoizpen estentsiboko erregimenean sustatzeko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak 1999ko apirilaren 26an eman zuen Foru Aginduaren bitartez, naziokoaren pareko laguntza ezarri zen Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean ere.

Nazioko laguntza hau handitu egin da urriaren 20ko 1734/2000 Errege Dekretua argitaratzearekin, hartan ezartzen baitira hainbat behi, ardi eta ahuntz arraza autoktonoren ordezpen abereak erosteko laguntzak. Errege Dekretuak aurrekoa ordezten du eta aratxe eta bildots urrixak eta hazitarako zezen eta ahariak erosteko laguntzak ere ezartzen ditu. Honako Foru Agindu honek laguntzak eguneratu egiten ditu Nafarroarako egoera berrira moldatzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36.2.b) artikuluak esleitzen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru Agindu honek xedea du behi arraza pirenaikoa eta ardi arraza nafar eta latxak sustatzeko laguntzak Nafarroan ezartzea, arraza horien ordezpen abereak erosteko dirulaguntzak emanez.

2. artikulua. Laguntzen deskripzioa.

Laguntzen funtsa izanen da dirulaguntza bat Nafarroako Foru Komunitatean izaten diren behi arraza pirenaikoko aratxe urrixen eta ardi arraza nafar eta latxetako bildots urrixen enkante publikoetan aurkezten eta esleitzen den abelburu bakoitzeko. Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak edo Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak sustatu beharko dituzte enkante horiek.

3. artikulua. Onuradunak.

Behi edo ardi aziendaren abeldegi baten titularrak izan eta enkante publikoan ordezpenerako arraza pirenaikoko aratxe urrixak edo arraza nafar edo latxetako bildots urrixak erosten dituzten abeltzainak dira lagunntza hauen onuradunak, ondoko baldintzak ere betetzen baldin badituzte:

-Jarduera nagusiko nekazariak izatea, Nafarroako Nekazaritzako Abeldegien Erregistroari buruzko abenduaren 15eko 20/1997 Foru Legearen 3. artikuluaren 5. puntuan ezarritako definizioaren arabera, edo abeldegiaren titular gisa lehenbiziko instalazioaren prozesuan dauden abeltzain gazteak izatea.

-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren idurikoz, nekazaritzaren jardueretan aritzeko behar adina gaitasun profesional izatea.

-4. artikuluan bildutako baldintzak betetzea.

4. artikulua. Onuradunen betebeharrak.

Onuradunek ondoko betebeharrak konplitu beharko dituzte:

a) Foru Agindu honetan ezarritako enkanteetan erosi diren abelburuen arrazako liburu genealogikoan inskribatua dagoen abere talde baten titularra ez izatea.

b) Ardi aziendaren kasuan, bederen bost bildots urrixa erostea.

c) Abeldegia Nafarroan egotea eta Nafarroako Nekazaritzako Abeldegien Erregistroan Lehentasunezko Abeldegi gisa inskribaturik egotea.

d) Abeldegiak Europako Batasunak ingurumenaren eta abereen higiene eta ongizatearen gainean ezarritako gutxieneko arauak bete behar ditu.

e) Laguntza izan dezaketen abeldegiek bideragarritasun ekonomikoa frogatu behar dute. Horretarako, Nekazaritza ustiategietan inbertsioak egiteko eta nekazari gazteak bere gain hasteko zer laguntza emanen diren finkatzen duen apirilaren 17ko 162/2000 Foru Dekretuak xedatutakoari men eginen zaio.

f) Erositako abereak gutxienez ere bost urtez abeldegian mantentzeko konpromisoa hartzea, ezinbesteko kasuetan izan ezik, eta Abeltzaintza Zerbitzuak egiten dituen kontrolen menpe egotea.

g) Arraza autoktonoko ordezpen abereak hartzeak ez du ekarriko abeldegiko abelburuen zentsua handitzerik.

h) Abeldegiaren abere dentsitatea gehienez ere azienda larriko bi abelburukoa izanen da bazka eremuko hektarea bakoitzeko, edo hirukoa abeldegiko abere guztiak azienda larriko 15 abelburu baino gutxiago baldin badira. Abeldegi batean dentsitatea neurtzeko aintzat hartuko den abelburu kopurua Kontseiluak Behi Haragiaren Sektoreko Merkatuaren Antolamendu Komuna ezartzeko maiatzaren 17an emandako 1254/1999 (EE) Erregelamenduaren 4 nonies artikuluaren 1. idatz-zatian xedatzen duenarekin bat zehaztuko da. Azienda larriko abelburu bihurtzeko taula Erregelamendu horren III. eranskinekoa izanen da.

5. artikulua.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak kopuru egokiak ezarriko ditu produkzioa merkaturatzeko modu arruntik ez badago, laguntzarik ez dela emanen bermatzeko.

6. artikulua. Eskabideak.

1. Laguntzetarako eskabideak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuan aurkeztuko dira abelburuak erosi eta hurrengo 30 egunetan, eta emanen diren inprimaki ofizialak oso-osorik bete beharko dira.

2. Eskabideekin batera, bederen, ondoko agiri hauek ere aurkeztuko dira:

a) Eskatzailearen NAN/IFZren fotokopia.

b) Nafarroako Nekazaritzako Abeldegien Erregistroaren ziurtagiria, Lehentasunezko Abeldegi gisa inskribaturik dagoela adieraziko duena.

c) Nekazaritza eta Nekazaritzako Finantzaketaren Zerbitzuaren txostena, eskatzailea, hala baldin bada, nekazari gaztearen lehenbiziko instalazioa tramitatzen ari dela adieraziko duena.

d) Eskatzailearen deklarazioa, enkantean erositako arrazaren zuhaitz genealogikoan inskribatua dagoen abere talde baten titularra ez dela adieraziko duena.

e) Enkantean erositako abelburuen agiri kreditagarriak.

f) Finantza entitatearen ziurtagiria eskatzailea libreta edo kontuaren titularra dela kreditatzen duena.

g) Enkantea egitean abeldegian dituen hazitarako buruen zentsuaren gaineko deklarazioa.

7. artikulua. Abereen baldintzak.

1. Enkantean erosteko xede diren aratxe urrixak betebehar hauek konplituko dituzte:

a) Liburu Genealogikoan inskribaturik egotea.

b) Haien jatorrizko abeldegiek baldintza hauek bete behar dituzte: T3 tuboerkulosiak ofizialki joak ez izatea edo B3 bruzelosiak joak ez izatea, leukosiak joak ez izatea eta behi perineumonia kutsagarritik libre egotea.

Gainera, azken hogeita hamar egunetan gaisotasun horiei buruz proba bat egina izan eta emaitza negatiboa izatea.

c) Sailkapenetik kanpo uzteko moduko akatsik ez izatea.

d) Zortzitik hamasei hilabete bitarteko adina izatea.

2. Enkantean erosteko xede diren bildots urrixak betebehar hauek konplituko dituzte:

a) Liburu Genealogikoan inskribaturik egotea.

b) Haien jatorrizko abeldegiak M3 bruzelosiak joak ez izatea. Gainera, azken hogeita hamar egunetan gaisotasun horiei buruz proba bat egina izan eta emaitza negatiboa izatea.

c) Sailkapenetik kanpo uzteko moduko akatsik ez izatea.

d) Hirutik sei hilabete bitarteko adina izatea.

8. artikulua. Laguntzen zenbatekoa.

Dirulaguntzak, eskatzailearen abeldegia eskualde behartsuetan badago, aberearen kostuaren ehuneko 50 egin dezake eta kostuaren ehuneko 40 gainerako eskualdeetan. Hala ere, ez da 150 euro baino gehiago ordainduko aratxeko ez eta 36 euro baino gehiago bildotseko.

Dena dela, laguntzen zenbatekoa urte bakoitzeko aurrekontuetan eskuragarri dagoenari lotua izanen da.

9. artikulua. Tramitazioa eta eskabideen ebazpena.

1. Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusiak, aurkeztutako agiriak eta egindako txostenak aztertu ondotik, behar den ebazpena emanen du.

2. Administrazioaren ebazpena jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izanen da, eskabidea Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Erregistroan sartzen denetik aitzina. Epe hori eskatzaileari ebazpen espresurik jakinarazi gabe iraganez gero, ukatutzat ematen ahalko du haren eskabidea.

10. artikulua. Onuradunen betebeharrak.

Foru Agindu honetan ezarritako laguntzen onuradunek ondoko hauek bete beharko dituzte:

a) Emandako edo jasotako laguntzei buruz Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren egiaztapenak onartu beharko dituzte.

b) Xede berbererako eskatutako beste laguntza publikoen berri ematea Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari.

c) Legeriaren arabera kontabilitatea edo liburu-erregistroa eramatera beharturik egonez gero, emandako laguntzaren kobrantza hartan agertzea.

d) Dirulaguntzaren xede diren abereetan bajarik izanez gero, gertatu eta hamar egunetan, gehienez ere, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari bajaren berri idatziz ematea.

11. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

1. Abeltzaintza Zerbitzuak laguntza horien jarraipena eginen du. Horretarako, egoki iduritzen zaizkion kontrolak burutuko ditu. Onuradunak behartuak daude horiei laguntza ematera.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezartzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 21, 27, 28 eta 30. artikuluetan xedatutakoak arautuko ditu diru itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak.

3. Arau-hausteak zehazteko eta zehapenak ezartzeko zehapen prozedura Nekazaritza, abeltzaintza eta elikadura gaietan administrazioaren zehapen prozedura onesten duen abenduaren 9ko 369/1997 Foru Dekretuari lotuko zaio.

12. artikulua. Laguntzei uko egitea.

Onuradunen batek laguntzari uko egin nahi badio, ukazioa idatziz jakinaraziko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari hogeita hamar egunetan laguntzaren ebazpena jasotzen denetik hasita. Horrela egin ezean, onuradunak laguntza eta haren baldintzak onartzen dituela ulertuko da.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak behi arraza pirenaikoa ekoizpen estensiboko erregimenean sustatzeko 1999ko apirilaren 26an eman zuen Foru Agindua indargabetzen da.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenbizikoa.-Foru Agindu honek xedatzen ez duen orotan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezartzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean xedatutakoari men eginen zaio.

Bigarrena.-Foru Lege honetan ezarritako laguntzek muga izanen dute aurrekontuetako dirua eta ordainketa "arraza autoktonoak modu estentsiboan eta erosketa bidez sustatzea" izeneko 711001- 71310-7700-713203 kontusailaren kargura eginen da, 2002. urterako luzatu diren 2001eko Nafarroako Aurrekontu Orokorretatik eta hurrengo urteetako ekitaldietatik.

Hirugarrena.-Foru Agindu hau aplikatzearen ondoriozko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, errekurritu nahi den egintza jakinarazi eta, biharamunetik hasita, hilabeteko epean.

AZKEN XEDAPENA

Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko martxoaren hemezortzian.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: a0203186