40. ALDIZKARIA - 2002ko apirilaren 1a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

A L T S A S U

Ordenantza behin betiko onetsirik

Altsasuko Udalak, 2001eko azaroaren 30ean eginiko osoko bilkuran, behin-behinekoz onetsi zuen Altsasuko Udaleko Ezkondu gabeko Bikote Egonkorren Erregistroaren Antolaketa eta Funtzionamendua arautzen dituen ordenantza.

Jendaurrean egoteko epea amaiturik, haren kontrako kexarik edo oharrik aurkeztu ez denez, bidezkoa da behin betikoz onestea eta osorik Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Altsasun, bi mila eta biko otsailaren hogeita zazpi. Alkate andrea, Camino Mendiluze Arregi.

ALTSASUKO UDALEKO EZKONDU GABEKO BIKOTE EGONKORREN ERREGISTROAREN ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Altsasuko Udaleko ezkondu gabeko bikote egonkorren erregistroak administrazio izaera du. Ordenantza honek arautuko du erregistroa, bikote egonkorrentzako berdintasun juridikoari buruzko uztailaren 3ko 6/2000 Foru Legeak xedatutakoari jarraikiz.

2. artikulua. 1.-Bikote egonkortzat hartuko da bi pertsonaren arteko elkartze libre eta publikoa, ezkontideenaren pareko afektibitate-harreman batean, sexu- joera kontuan izan gabe, baldin eta adinez nagusi edo adingabeko emantzipatu badira, eta zuzeneko lerroan edo alboko lerroan, bigarren mailaraino, odol edo adopzio ahaidetasunik ez badute. Elkartze hori osatzen duten kideek ezin izanen dute beste pertsona batekin ezkontza-loturarik izan edo bikote egonkorrik osatu, zinpeko aitorpen bidez egiaztatu beharko dutena.

2.-Elkartzea egonkortzat joko da baldin eta bikoteko kideak etenik gabe gutxienez ere urtebetez elkarrekin ezkonduta baleude bezala bizi izan badira, bien arteko seme-alabarik badute edo bikote egonkorra eratzeko borondatea agiri publiko bidez adierazi badute.

3.-Gutxienez, elkarturiko kide batek egon beharko du Altsasuko Udalean erroldaturik.

Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioa egiteko, bi lagunek batera agertu beharko dute erregistroaren funtzionario arduradunaren aurrean.

4.-Soilik bikote egonkorraren elkartzea bukatzeari edo iraungitzeari buruzko oharpenak egin ahalko dira bikotekide bakar batek eskaturik.

3. artikulua. Bikote egonkorren erregistroan hitzez hitz idatzi ahalko dira elkartutako kideen giza eta ondare loturak arautzen dituzten hitzarmenak.

Orobat, ezkontzaz kanpoko elkartzean eragina duten bestelako alderdi edo inguruabarrak ere inskribatu ahalko dira.

4. artikulua. Bikote egonkor gisa inskribatzen diren ezkondu gabeko elkartze guztiek, ordenantza honi jarraikiz, ezkontza bidezko elkartzeen tratamendu bera izanen dute Altsasuko Udalean.

5. artikulua. 1.-Bikote egonkorren erregistroa Udaleko Idazkaritza Nagusiaren kargu egonen da. Inskripzioak eta luzatzen diren ziurtagiriak doakoak izanen dira erabat.

2.-Erregistroaren publizitaterako modu formala idazpenen ziurtagirien luzapena izanen da, bikoteko edozein kidek, epaileek edo auzitegiek hala eskatu ondoren.

6. artikulua. Aurreko artikuluetan aipatzen diren inskripzioak erregistratzeko Liburu Orokorra erabiliko da. Lehenbiziko inskripzioak oinarrizko inskripzioaren izaera izanen du eta horren bazterrean geroago Liburu Orokorrean elkartzeari buruz egiten den beste edozein idazpen agerraraziko da.

Erregistroak Liburu Lagungarri bat izanen du, inskribatuen deituren arabera ordenaturik, eta bertan adieraziko da Liburu Orokorreko zenbatgarren orrialdean dauden haiekin zerikusia duten oharpenak.

7. artikulua. Ordenantza honetan aurreikusi ez den orotan, bikote harremanaren edukiari, ondareko erantzukizunari, oinordetzaren araubideari eta araubide fiskalari nahiz funtzio publikokoari dagokienez, 2/2000 Foru Legeko 5. eta 13. artikuluetan xedatutakoa aplikatuko da.

Ordenantza honi jarraikiz inskribaturiko bikote egonkorren elkartzeei Estatuko Legediak lotzen dizkien ondorioei dagokionez, xedapen gehigarria kontuan hartuko da.

Iragarkiaren kodea: a0202780