40. ALDIZKARIA - 2002ko apirilaren 1a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

96/2002 EBAZPENA, urtarrilaren 17koa, Barne zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Farmazialarien Elkargo Ofiziala Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari atxikitako Nafarroako Lanbide Elkargoen eta Elkargoen Kontseiluen Erregistroan inskriba dadin eta haren estatutuak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara daitezen agintzen duena.

Barne zuzendari nagusiaren urtarrilaren 17ko 96/2001 Ebazpenean ezarritakoaren indarrez, xedatu dugu Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea Nafarroako Farmazialarien Elkargo Ofizialaren Estatutuak.

Aipatu estatutu horiek 2002ko urtarrilaren 17an inskribatu ziren Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari atxikitako Nafarroako Lanbide Elkargoen eta Elkargoen Kontseiluen Erregistroan, eta iragarki honen eranskin gisa daude.

Iruñean, bi mila eta biko urtarrilaren hamazazpian.-Barne zuzendari nagusia, Alfredo González Echarren.

NAFARROAKO FARMAZIALARIEN ELKARGO OFIZIALAREN ESTATUTUAK

Estatutu hauek Gobernu Batzarraren 1999ko azaroaren 18ko bileran deitu eta 1999ko abenduaren 19an egin zen erreferendumean eta 2001eko irailaren 27an egin zen Batzar Nagusi Berezian onetsi ziren.

ATARIKO KAPITULUA

1. artikulua. Nafarroako Farmazialarien Elkargo Ofizialak, Elkargo ofizialei buruzko otsailaren 3ko 2/1974 Legean -abenduaren 26ko 74/1978 Legearen eta apirilaren 14ko 7/1997 Legearen aldaketen bitartez aldatua- eta Nafarroako Foru Komunitateko lanbide elkargoei buruzko apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legean ezarritakoa betez, bere estatutuak egiten ditu, barne funtzionamendua arautzeko, Espainiako Konstituzioan eta indarra duten gainerako lege-xedapenetan ezarritakoa betez.

I. KAPITULUA

Elkargoaren izaera eta helburuak

2. artikulua. Nafarroako Farmazialarien Elkargo Ofiziala Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde eremuan lanbide helbide bakar edo nagusia duten farmaziako lizentziatu guztiak biltzen dituen elkartea da.

3. artikulua. Nafarroako Farmazialarien Elkargo Ofiziala zuzenbide publikoko korporazio bat da, ordezkaritza izaera duena, nortasun juridiko propioarekin eta bere helburuak betetzeko erabateko gaitasunarekin.

4. artikulua. Elkargoaren barne egitura eta funtzionamendua demokratikoak izanen dira.

5. artikulua. Hauexek dira elkargoaren helburuak:

a) Farmaziako lanbidean jardutearekin loturiko interes orokorrak gauza daitezen zaintzea eta, bereziki, elkargokideen lanbide lanen kalitatearen maila egokia izan dadin begiratzea.

b) Lanbidearen ordezkaritza esklusiboa, dagokion eskumen esparruan.

c) Elkargokideen lanbide-eskubide eta -interesak defendatzea.

d) Lanbide jarduna antolatzea, farmazia jardueraren izena eta aurrerakuntza lortzeko, betiere arau deontologikoak eta indarreko lege-arauak beteko direla zainduz.

e) Elkargokideen maila kultural, zientifiko, ekonomiko eta soziala etengabe hobetzea; horretarako, era guztietako ekimenak bultzatu eta sustatu ahal izanen ditu eta aurreikuspen eta babes sozialeko sistema egokiak garatu ahal izanen ditu.

f) Administrazio publikoekin batera lan egitea bere eginkizunetan eta osasuna defendatuz eta sustatuz.

II. KAPITULUA

Elkargoaren funtzioak

6. artikulua. Bere lurralde eremuan, hauexek izanen dira elkargoaren funtzioak:

a) Administrazioaren, erakundeen, epaitegien, entitate eta partikularren aurrean lanbidea ordezkatu eta defendatzea; halaber, bere helburuak betetzeko legeek ezartzen dituzten bestelako ordezkaritza funtzioak. Zilegitasuna izanen du lanbide interesetan eragiten duten auzi guztietan parte hartzeko eta eskatzeko eskubideaz baliatzeko, legeaz baliatuz.

b) Administrazio publikoetako kontseilu edo erakunde aholku-emaileetan parte hartzea, bere lanbidearen eskumeneko gaietan, aplikatzekoak diren arauetan hala ezartzen denean; halaber, botere publikoei entzunaldia eta parte-hartzea eskatzea farmazia politikan eragiten duten plan guztietarako, eta, bereziki, aintzat hartzeko aurkezten zaizkion Nafarroako Foru Komunitateko arau-proiektuei buruzko txostenak ematea.

c) Administrazio publikoek eskatzen diotenean, informazioa ematea eta parte hartzea farmaziako lanbidearekin lan egiten duten ikasketa planak eta antolamendu arauak prestatzen; lizentziatu berriak lanbidean hasteko bideak sortzen sustatzea eta parte hartzea.

d) Erreferentziarako lanbide ordainsariak ezartzea.

e) Lanbide sariak, lansariak edo ordainsariak kobratzeko lana hartzea, oro har, farmazia korporazioak sinaturiko hitzarmenetan hala ezartzen denean eta, bereziki, interesdunek eskatuta.

f) Lanbide intrusismoa, lanbidearen aritze irregularra edo lehia desleiala saihesteko eta haiei aurka egiteko neurriak hartzea.

g) Adostearen eta arbitrajearen bidean esku hartzea, interesdunek eskatuz gero, lanbidearen arrazoiak direla-eta elkargokideen artean gertatzen diren auzietan; elkargokideen arteko harmonia eta lankidetza bilatu eta lehia desleiala saihestuko du.

h) Bere eskumenen esparruan, elkargokideen farmazia jarduera antolatzea, lanbidearen etika eta duintasuna eta partikularren interesak zainduz; diziplina ahalmenaz baliatzea lanbidearen eta elkargoaren arloan.

i) Laudo bidez, alde interesdunek eskatuta, elkargodunek lanbidearen arian eginiko lanetatik ondorioztatzen diren betebeharrak betetzeko moduari buruz gerta daitezkeen gorabeherak, arbitrajeari buruzko lege orokorretan ezarritakoari jarraituz.

j) Epaitegiei, legeetan ezarritakoa betez, elkargokideen zerrenda ematea, gai judizialetan peritu gisa esku hartzeko deitzeko edo hark izendatzeko, kasuan kasu.

k) Elkargokideentzako intereseko jarduera eta zerbitzuak antolatzeko; lanbidearekin, prestakuntzarekin, kulturarekin, laguntzarekin, aurreikuspenarekin eta bestelakoekin lotutakoak izanen dira. Haiei eusteko behar diren diru-baliabideak ezarriko ditu, eta haiek diru-sarreren eta gastuen indarreko aurrekontuan jasoko ditu.

l) Administrazioak haren esku utzitako funtzio guztiak betetzea eta harekin lankidetzan aritzea azterlanak egiteko, txostenak emateko, estatistikak prestatzeko eta bere helburuekin loturiko bestelako jarduerak egiteko, hala eskatzen bazaio edo bere ekimenez.

ll) Bere helburuak betetzeko legeek ezarritako ordezkaritza izatea.

m) Unibertsitate erakundeetan ordezkaritza izatea, indarreko legeetan xedatuaren arabera.

n) Lanbide ordainsariei buruz edo lanbidearekin zerikusia duen beste edozein gairi buruz eztabaidan daudenean prozedura judizial edo administratiboetan informatzea, hala eskatuz gero.

ñ) Elkargokideen lan profesionalak bisatzea, hala eskatzen zaionean.

o) Elkargokideen lanbide interesen onuran zilegitasunez eraginen duten bestelako eginkizunetan aritzea, betiere lanbidearekin dauzkan harremanetan herritarrek dituzten eskubide eta interesekiko errespetua bermatuz.

III. KAPITULUA

Gobernu organoak

7. artikulua. Hauexek izanen dira gobernu organoak.

1.-Batzar Orokorra.

2.-Gobernu Batzarra.

LEHEN SEKZIOA

Batzar Orokorra

8. artikulua. Definizioa, eratzea eta bertaratzea.

1. Batzar Orokorra Elkargoko borondatea adierazteko organo gorena da. Nafarroako Farmazialarien Elkargo Ofizialean izena emandako farmazialari guztien bilkura da -ezarritako moduan deituko zaie-, eta eztabaidatzeko eta erabakitzeko ahalmenak dauzka.

2. Gobernu Batzarrak argitaraturiko deialdian ezarritako lekuan ezarritako orduan bertaratzen diren elkargokide guztiek osaturik dago, Estatutu hauetan ezarritakoaren arabera.

3. Elkargokideek beste elkargokide batzuen esku utzi ahal izanen dute Batzar Orokorrean egoteko ahalmena eta botoa emateko ahalmena ere utzi ahal izanen diete; halere, azken kasu horretan, notarioak horretarako emaniko ahalordea beharko dute.

Betiere, elkargokide ordezkariak gehienez ere bi elkargokideren eskuorde edo ordezkaritza baizik ezin izanen du izan.

Zentsura-mozio baterako edo estatutuak aldatzeko deitutako batzarretan ezin izanen da eskuorde edo ordezkaritzarik baliatu.

9. artikulua. Batzar ohikoak eta bereziak.

1. Elkargokideak Batzar Orokorrean bildu ahal izanen dira, ohiko bilkuretan nahiz bilkura berezietan.

2. Ohiko Batzar Orokorrak urtean bi aldiz eginen dira. Lehenbizikoa lehen hiruhileko naturalean deitu eta egin beharko da; haren helburu nagusiak aurreko urteko kudeaketa ekonomikoari buruzko kontu-ematea, Diruzaintzaren egoerari buruzko informazioa ematea eta Gobernu Batzarrak eginiko lanari buruzko oroit-idazkia Elkargoari aurkeztea izanen dira. Bigarrena azken hiruhileko naturalean deitu eta egin beharko da; haren helburu nagusia izanen da hurrengo urteko diru-sarrera eta gastuen aurrekontu-proiektua onestea, kasua bada; proiektuarekin batera, ezarritako kontu-sailak justifikatzeko oroit-idazkia aurkeztu beharko da.

Batzar Orokorrak aurrekontu-proiektua onesten ez badu, Gobernu Batzarrak bi hilabete izanen ditu Batzar Orokorrari berriz ere aurrekontu-proiektu bat aurkezteko; hura atzera botatzea, Gobernu Batzarraren zentsura-bototzat hartuko da, eta Estatutu hauetan aurreikusitako hauteskunde-tresnak jarriko dira abian; bitartean, Gobernu Batzarrak eginkizunetan jarraituko du. Aurrekontu berria onesten ez den bitartean, luzatutzat emanen da aurreko urteko aurrekontua.

Aipatu ditugun nahitaezko gaiez gainera, bi batzar orokor horietan bestelako gai batzuk sartu ahal izanen dira gai zerrendan.

3. Batzar Orokor Bereziak ondoko kasuetan deitu eta eginen dira:

a) Lehendakariak erabakitzen duenean.

b) Gobernu Batzarreko kideen erdiak eta bat gehiagok eskatzen dutenean.

c) Elkargokideen gutxienez ere 100eko 20k eskatzen dutenean; horretarako, izen-abizenak, elkargokidearen izena eta bakoitzaren sinadura biltzen dituen idazki bat aurkeztu beharko da.

b) eta c) kasuetan, lehendakariak batzar orokorrerako deia egin beharko du, deialdia egiteko eskaria elkargoan sartu eta hurrengo hogeita hamar egun naturaleko epean bilkura egin dadin.

Zentsura-botoa.-Bilkura horretan, Gobernu Batzarraren edo haren kideren baten aurkako zentsura-botoa aurkeztu nahi bada, eskaria gutxienez ere elkargokideen 100eko 25ek sinatu beharko du, argi eta garbi adieraziz zein arrazoi dituzten hori oinarritzeko.

Bi kasuetan, Batzar Orokorrerako deialdia eskatzen dutenek bere eskarian eguneko gai zerrenda, eta Elkargoko lehendakaria hertsiki atxiki beharko zaio horri deialdia egiterakoan.

Zentsura mozioa.-Zentsura mozioa berariaz deitutako Batzar Orokorrean baizik ezin izanen da planteatu, betiere zentsura-botorako artikulu honetan eskatutako baldintza guztiak betez eta ondoko artikuluan ezarritako moduan. Zentsura mozioak izangaien zerrenda bat eta programa alternatibo bat eduki beharko ditu.

Adostasun hori dagoela, zentsura mozioa aurrera ateratzeko bertaratutakoen erdien eta beste baten boto zuzen eta pertsonala (ez ordezkari bitartezkoa) beharko da.

Halako batzarretan, ez da onartuko eskuorde edo ordezkaritza bidezko botorik.

Estatutuak aldatzea.-Estatutuak aldatzeko, Batzar Orokor Bereziaren erabaki bat behar da.

Betiere, ondoko tramiteak bete beharko dira Estatutuak aldatzeko:

1) Elkargokide guztiei proposatutako aldaketei buruzko informazio publikoa ematea, gutxienez ere hilabete lehenagotik.

2) Proposaturiko aldaketak aztertzeko deituriko Batzar Orokor Bereziaren erabakia. Hura onesteko, bertaratuen bi herenen aldeko botoa beharko da, salbu eta Estatutuak lanbide elkargoei buruzko arauetara egokitzeko kasuetan.

3) Nafarroako Gobernuaren menpeko behar den departamentuari Batzar Orokorrak sartu dituen aldaketen berri emanen zaio, haren legezkotasuna egiaztatu ondoren Erregistroan sartu eta Nafarroako Foru Komunitateko Aldizkari Ofizialean (Nafarroako ALDIZKARI OFIZIAL) argitara dadin, hala behar izanez gero.

10. artikulua. Deialdiak.

1. Lehendakariaren aginduz, Ohiko Batzar Orokorrerako nahiz Batzar Orokor Berezirako deialdia gutxienez ere hamabost egun baliodun lehenagotik eginen du Gobernuko Batzarreko idazkariak; posta arruntaz eginen da dei hori, eta Elkargoko iragarkien oholean eta Foru Komunitatean gehien saltzen diren egunkarietako batean ere argitaratuko da. Hala ere, azken horretan ez da beharrezkoa eguneko gai zerrenda agertzea: aski izanen da elkargoko iragarkien oholeko iragarkira jotzeko esatea.

Justifikaturiko presarik egonez gero, Ohiko Batzar Orokorrerako deia egiteko epea erdira jaitsi ahal izanen da, elkargokide guztiei eguneko gai zerrendaren berri emanez eta behar den informazio guztia igorriz, Gobernu Batzarraren iritziz eguneko gai zerrendako kontuak aztertzeko behar dena.

2. Deialdia egiten denetik, betiere, elkargokide guztientzat, elkargoko egoitzan, hari dagokion dokumentazio guztia eskura egonen da.

3. Ohiko deialdi guztietan, gai zerrendako azken puntuan "eskariak eta galderak" egiteko txanda bat irekiko da.

4. Elkargokideek eskubidea izanen dute Batzarreko gai zerrendan gai edo proposamen bat sartzeko, erabaki bat hartzeko balio dezakeena, baldin eta gutxienez erroldaturiko kide guztien 100 10ek sinatzen badu. Proposamen hori deitzen den hurrengo ohiko batzarrean hartuko da kontuan.

5. Deialdian berariaz adieraziko da Batzar Nagusia eginen den lekua, eguna eta ordua, lehenbiziko eta bigarren deialdian; bigarren deialdia lehenbiziko deialdirako ezarritako ordua baino ordu erdi beranduago deituko da, gutxienez, leku berean eta egun berean.

11. artikulua. Batzar Orokorra egitea.

1. Batzar Orokorra -ohikoa nahiz berezia izan- lehen deialdian legez eratu dela ulertuko da, lehen deialdirako ezarritako egunean eta orduan gutxienez ere elkargokideen erdia eta bat gehiago bertaratu bada. Bigarren deialdian balio izateko moduan eratuko da bertaratu diren elkargokideekin, kopurua edozein dela ere.

2. Elkargoko lehendakaria arituko da haren buru; bestela, Estatutuen arabera bera ordeztu behar duena arituko da.

3. Idazkari moduan, Gobernu Batzarreko idazkaria edo, haren ordez, Estatutuen arabera hura ordeztu behar duena arituko da.

12. artikulua. Batzar Orokorraren eskurantzak.

1. Batzar Orokorrak, elkargoko organo subirano eta gorena den aldetik, Estatutu hauetako bosgarren eta seigarren artikuluetan jasotako Elkargoaren helburu eta eskurantza guztiei buruz eztabaidatu eta erabakiak hartzeko ahamena izanen du, inongo salbuespenik gabe, betiere eztabaidagaiak aldez aurretik ezarritako gai zerrendan jaso badira.

2. Batzar Orokorrak bere eginkizunei buruz eztabaidatu eta erabakiak hartzeko ahalmena Gobernu Batzarraren esku utzi ahal izanen du, salbu eta Estatutu hauetan zehazten diren gaietan; izan ere, gai horiek Estatutuen arabera era iraunkorrean eskuordeturik daudela ulertuko da. Hala ere, Gobernu Batzarrak bere erabakien berri eman beharko dio Batzar Orokorrari eta, edozein kasutan ere, haren borondatearen menpe jarriko da.

3. Aurreko idatz-zatian xedatutakoa gorabehera, ezin izanen da inoiz ere aurreko urteko kudeaketa ekonomikoari eta hurrengo urteko diru-arrera eta gastuen aurrekontuaren onarpenari buruz eztabaidatu eta erabakitzeko ahalmena; ezin izanen da, ezta ere, eskuorderik erabili balio handiko ondasunak higikorrak edo ondasun higiezinak erosi eta erabiltzeko ekintzak baimentzeko, ez eta ondareko gainerako ondasun inbentariagarriak erosi eta erabiltzeko ere; horietarako, Batzar Orokorraren baimena beharko da. Azkenik, ezin izanen da eskuordetu lanbideari buruzko kode deontologiko bat onesteko ahalmena edo Estatutuak aldatzeko eskumena.

13. artikulua. Batzar Orokorraren erabakiak.

1. Botoa izanen da erabakiak hartzeko garaian batzarreko kide bakoitzaren borondatea adierazteko bidea.

2. Boto-ematea publikoa izanen da, batzarrak sekretua izatea erabakitzen ez duen bitartean.

Bozketa sekretua egiteko, boto-ontzi bakoitzeko bi kontu-hartzaile izendatuko dira bertaratuen artean. Horietako bat Gobernu Batzarrak eta bestea proposamen alternatiboa aurkeztu dutenek izendatuko dituzte. Boto-emaileek bere iritzia agertuko duen boto-papera emanen diote, behar bezala tolestaturik, boto-ontziarekin dauden kontu-hartzaileetako bati; azken horrek botoa ontzia sartuko du, boto-emailea aurrean dela.

Gai pertsonalei buruzko kontuak beti bozketa sekretu bidez erabakiko dira.

3. Batzar Orokorraren erabakiak, Estatutuetan ezarritako kasuetan izan ezik, beti gehiengo soilaz hartuko dira.

Botoaren balioa berdina izanen da kideetako bakoitzarentzat, salbu eta lehendakariaren kasuan; izan ere, azken horrek, sekretuak ez diren bozketetan, "kalitatezko botoa" izanen du, berdinketarik gertatuz gero.

4. Hartzen den erabakia Batzarreko kideek aho batez hartzen badute, edo gehiengo argi eta garbi baten ondorioa baldin bada, ez da beharrezkoa bozketa egitea; hala eta guztiz ere, azken kasu horretan, ados ez daudenek exijitu ahal izanen dute aktan jaso dadin hartzen den erabakia eta, gainera, batzar orokorra bukatu baino lehen, lehendakariari bere jarrerari buruzko testua eskuratuko diote; idazki hori aktaren zati bat izanen da.

5. Batzarrean bertaraturiko guztiek botoa eman edo berariaz abstenitu beharko dira.

14. artikulua. Batzarreko lehendakariaren ahalmenak. Ados ez egoteari buruzko botoa. Txandak mugatzea.

1. Batzarreko lehendakariak eztabaidak zuzenduko ditu.

2. Bertaratutako edozeini atentzioa deitu ahal izanen dio bere hitzaldian aztergaitik aldentzen baldin bada.

Ordenara deitu arren lehengo jarrerari eusten badio, lehendakariak hitza kendu ahal izanen dio, hura erabiltzen tematzen bada, eta aretotik kanporatzeko agindu ahal izanen du. Aurrekoa gorabehera azaldutako baldintzetan aretotik kanporaturiko elkargokidea berriz sartu ahal izanen da botoa emateko eskubideaz baliatzeko, gairen batean bozketa egiten baldin bada.

3. Lehendakariak, halaber, hitza kendu ahal izanen die beste batzuek azaldutako puntuak errepikatzen dituzteneni, baldin eta ekarpen berririk egiten ez badute.

4. Artikulu honetan adierazitakoa dela-eta lehendakariak hartzen dituen erabakiak berehala izanen dira betetzekoak, salbu eta horren kontra ezadostasun botorik sinatzen badute gutxienez ere bertaratutakoen erdiak eta bat gehiagok, betiere ukitutako elkargokidea tartean ez dela.

5. Lehendakariaren erabakiaren aurka ezadostasun botorik aurkeztuz gero, gaia berehala bozketa sekretu batean erabakiko da.

6. Gai edo puntu zehatz bati buruzko eztabaida gehiegi luzatzen bada, lehendakariak, bere izateaz baliaturik, gai hori hurren Batzar Orokorrean aztertzea erabaki dezake, hartan hitz egiteko txanda mugatuak emanez. Txandak, gehienez, aldeko lau eta kontrako lau izanen dira. Gobernu Batzarrak, Mahaiko kideek eta proposamenaren sinatzaileak txandarik ez dutela erabiltzen ulertuko da.

Batzar Orokorrerako deialdiak, gai zerrendaz gainera, txanden kopuru zehatz bat ezarri ahal izanen du, bai eta hitzaldi bakoitzerako gehieneko denbora ere. Denbora hori ez da sekula hamar minutu baino gehiagokoa izanen, txanda arrunteko hitzaldietan eta bost minutu baino gehiagokoa erantzun txandetan.

15. artikulua. Erabakien betetzea.

1. Batzar Orokorraren bilkura guztiei buruzko akta eginen da; aktan, gutxienez, bozketa gai izan diren proposamenak eta bozketa horien emaitzak jaso beharko dira. Akta hori Batzarreko buru izan denak eta idazkariak sinatu beharko dute.

Aktako zatitzat hartuko dira, eranskin gisa, beren hitzaldiak hitzez hitz jasotzea eskatzen duten elkargokideek aurkeztutako proposamenak, baldin eta idatziz eta behar bezala sinaturik ematen badira Batzar Orokorra bukatu baino lehen. Aktak, bere eranskinekin, beti elkargokide guztien esku egonen dira; elkargokide horiek, behin onetsi ondoren, haien kopia eskatu ahal izanen dute.

2. Batzar Orokorra bukaturik, idazkariak hartutako erabakiak irakurriko ditu; erabaki horiek berehalakoan izanen dira betetzekoak, aktaren taxutzea eta onestea hurrengo Batzar Orokorrera arte luzatzen badira ere.

3. Batzar Orokorraren erabakiak bertaratu ez diren elkargokide guztiei jakinaraziko dizkie idazkariak, hilabete baino epe laburragoan.

BIGARREN SEKZIOA

Gobernu Batzarra

16. artikulua. Kontzeptua.

Gobernu Batzarra Elkargoko organo exekutibo eta ordezkaritzakoa da, eta hari dagokio Elkargoaren zuzendaritza eta administrazioa, betiere Legeen eta Estatutu hauen menpean. Honako hauek dira haren funtzioak, zehazki:

A) Elkargokideei kontsulta egitea lanbiderako interesa eta garrantzia duten gai guztiei buruz.

B) Elkargokideen eskubideak eta izena defendatzea, lanbide kontuetan laido, kalte, adeigabekeria edo ez-ezagutzea gertatuz gero.

C) Kuoten kopurua biltzea, Elkargoari eusten laguntzeko, bai eta Estatutu hauetan edo elkargoei edo lanbideari buruzko bestelako arauetan ezarritako gainerako diru-baliabideak ere.

D) Erreferentziako lanbide sariak ezartzea, Batzar Orokorrari onets ditzan proposatzeko.

E) Diziplina ahalmenaz baliatzea, Estatutu hauetan ezarritako terminoetan.

F) Lege, estatutu edo erregelamendu mailako xedapenak, bai eta Batzarrak berak edo Batzar Orokorrak hartutako erabakiak ere, betetzea eta elkargokideei betearaztea.

G) Lanbide sariak, lansariak edo ordainsariak kobratzeko lana hartzea, oro har, farmazia korporazioak sinaturiko hitzarmenetan hala ezartzen denean eta, bereziki, interesdunek eskatuta.

H) Urteko kontuak egitea eta Batzar Orokorrari aurkeztea, ekitaldi bakoitzeko aurrekontu likidazioekin batera.

I) Elkargokideak onartzeari buruz erabakitzea.

J) Elkargoko lankideak eta behar diren laguntzaileak kontratatzea, lan araubidean edo zerbitzuen errentamendua erabiliz. Elkargokideen borondatezko prestazioak onartze, ordainduak ala ordaindu gabeak izan.

K) Oro har, lanbide elkargoei buruz eman diren edo eman daitezkeen estatu edo autonomia mailako lege xedapenetan esleitzen zaizkienak

17. artikulua. Konstituzioa.

Gobernu Batzarra ondoko kideek osatzen dute:

Karguak:

.Lehendakaria

.Lehendakariordea

.Idazkaria

.Diruzaina

.1. mahaikidea.-Kontatzailea

.2. mahaikidea.

.3. mahaikidea.

.4. mahaikidea.

.5. mahaikidea.-Idazkariordea

Ataleko mahaikidetzak:

.Elikadurako mahaikidea.

.Analisten mahaikidea.

.Dermofarmazia eta produktu sanitarioen arloko mahaikidea.

.Banaketako mahaikidea.

.Irakaskuntza eta ikerketa arloko mahaikidea.

.Ospitaleen arloko mahaikidea.

.Industriako mahaikidea.

.Farmazia bulegoko mahaikidea - Titularrak.

. Farmazia bulegoko mahaikidea - Besteren konturako langileak.

.Optika, Optometria eta Audioprotesien arloko mahaikidea.

.Ortopediako mahaikidea.

.Osasun Publikoaren eta Administrazioaren arloko titular edo goi-teknikarien mahaikidea.

Gobernu Batzarraren osaketaren edozein aldaketak, mahaikideen kopurua (12) barne, Estatutu hauek aldatzea eskatzen du.

18. artikulua. Gobernu Batzarrerako hautagaiak aurkezteko baldintzak.

1. Hautagai izan ahalko dira deialdia egiteko egunean gutxienez ere Nafarroako Farmazialarien Elkargo Ofizialean hiru urte inskribaturik eman dutenak.

2. Lehendakari, lehendakariorde, idazkari, diruzain eta mahaikide osoa izateko, hautagaiek ez dute beste inolako baldintzarik bete behar.

3. Ataleko mahaikidea izateko, atal horretako errolda berezian inskribaturik egon behar da gutxienez ere deialdia egin eta urtebete lehenagotik. Hona baldintza berezi batzuk:

.Elikadurako mahaikidea: farmazialari guztiak izanen dira hautesle eta hautatua izateko gai.

.Analisten mahaikideak: hautesle eta hautatuak izan ahalko dira espezialitate horretako titulua izan edo hartan aritzen direnak.

.Dermofarmazia eta produktu sanitarioen arloko mahakidea: farmazialari guztiek hautesle eta hautatuak izan ahalko dira.

.Banaketako mahaikidea: Botoa eman ahal izanen dute lanean banaketa zentroren batean ari direnak eta hautatuak izan ahalko dira Banaketa Biltegietako zuzendari teknikoak.

.Irakaskuntza eta ikerketa arloko mahaikidea: hautesle eta hautatuak izan ahalko dira irakaskuntza lanetan ari diren farmazialariak, arlo publikoan nahiz pribatuan aritu, bai eta ikerketa laborategietan ari direnak ere.

.Ospitaleen arloko mahaikidea: hautesle eta hautatuak izan ahalko dira espezialitateko titulua daukatenak.

.Industriako mahaikidea: hautesle eta hautatuak izan ahalko dira lanean medikamentu, farmazia produktu edo/eta produktu sanitarioetako laborategietan eta kosmetikoen, elikaduraren edo bestelakoen arloko laborategietan lan egiten dutenak.

.Farmazia Bulegoko titularren mahaikidea: hautesle eta hautatuak izan ahalko dira farmazia bulego bateko titular edo titular-kide diren guztiak.

.Farmazia Bulegoko mahaikidea - Besteren konturako langileak: hautesle eta hautatuak izan ahalko dira farmazia bulego bateko titularrak izan gabe bertan lan egiten duten guztiak.

.Optika, Optometria eta Audioprotesien arloko mahakidea: hautesle eta hautatuak izan ahalko dira kasuan kasuko diploma daukatenak.

.Ortopediako mahaikidea: hautesle eta hautatuak izan ahalko dira espezialitateko titulua izan edo hartan lanean ari direnak.

.Osasun Publikoaren eta Administrazioaren arloko titular edo goi-teknikarien mahaikidea: hautesle eta hautatuak izan ahalko dira Farmazialari Titularren Kidegokoak direnak, edo Osasun Publikoko goi-teknikariak direnak, edo Farmaziako lizentziatu titulua edukitza exijitu zaien lanpostu batean ari diren funtzionario publikoak.

4. Sekula ere ezin izanen da hautagaia izan zehapen ebazpen irmoa ondorio izan duen diziplina espediente izan dutenak, salbu eta zehapen hori beteta badago, ez eta epai irmo batez lanbidean jarduteko edo kargu publiko batean aritzeko inhabilitazio egoeran dagoena.

Ezin izanen da, ezta ere, hautagaia izan elkargokideen gaineko ikuskaritza eskurantzak dituena, ez eta Elkargoan bere lanaren truke ordainsari bat jasotzen duena ere.

5. Gobernu Batzarreko karguetarako hautagaitzak idatziz proposatu behar dituzte gutxienez ere hogei elkargokidek, zerrenda itxi batean joan behar dute eta hautagaitza osatzen duten guzti-guztiak barne hartu behar ditu.

6. Alabaina, Ataleko mahaikide postuak betetzeko, izangaiek beren aldetik eta modu independentean aurkeztu ahal izanen dute bere hautagaitza, haietako edozein lanpostutarako. Hautagaitza, gutxienez ere, kasuan kasuko ataleko mahaikide posturako botoa eman ahal izanen duten bi elkargokidek babestu beharko du.

7. Betiere, inongo hautagaik ezin izanen du bere hautagaitza kargu edo/eta mahaikide postu baterako baino gehiagotarako aurkeztu.

19. artikulua. Gobernu Batzarreko hauteskundeetarako deialdia.

1. Deialdia, araudiaren onespena eta hauteskundeetako egutegia Gobernu Batzarrak eginen du, gutxienez ere Estatutuen arabera haren kideko agintaldia bukatzen den egunetik baino hiru hilabete lehenago.

2. Hauteskundeetarako jarritako eguna baino berrogei egun lehenagotik kargu ezberdinetarako hautagaitzek Elkargoaren esku egon beharko dute. Deusezak izanen dira aipatu epeaz kanpo aurkeztutakoak eta behar diren moduan eta behar den agiriekin aurkezten ez direnak.

3. Aurkezturiko hautagaitzek agiri bidez kreditatu beharko dute 18. artikuluan aipaturiko baldintzak betetzen dituztela; hautagaien adostasuna ere kreditatu beharko dute.

4. Karguetarako hautagaitzetan aipatu kargu guztiak, edo hauteskunde partzialetan hutsik daudenak, betetzeko adina hautagai aurkeztuko dira.

20. artikulua. Hauteskunde prozedura. Hautesleak. Boto-zenbaketa. Aldarrikapena.

1. Hauteskundeetarako deia egin eta berehala, hamar egun baino gutxiagoko epean, Hauteskunde Mahaia eratu beharko da: antzinatasun handieneko elkargokidea izanen da burua, betiere hirurogeita bost urte baino gutxiago duela, eta idazkari elkargokide gazteena arituko da.

Hiru mahaikideren laguntza edukiko dute; haiek hautateko zozketa eginen da, Hauteskunde Mahaiko lehendakaria eta idazkaria bertan direla.

Hauteskunde Mahaiko kargu guztietarako ordezkoak izendatuko dira; ordezko horiek titularrek betetzen dituzten arau berak beteko dituzte, justifikaturiko kargu-uzte kasuetarako.

Hautagai bat ezin izanen da Hauteskunde Mahaiko kidea izan.

Hauteskunde Mahaiaren bilkura guztiak publikoak izanen dira, eta haiei buruzko akta bat eginen da; akta horren lau ale eginen dira (bat mahairako, beste bat hauteskunde-prozesua gorde beharreko karpeta edo espedienterako, beste bat Elkargorako eta laugarrena Kontseilu Orokorrerako, prozesua aurkatzen den kasuetan erabiltzeko). Aktan gertaturiko gorabeherak eta aurkezturiko erreklamazioak jaso beharko dira.

2. Hauteskunde Mahaiak behar den epean eta moduan aurkezturiko hautagaitzak aldarrikatuko ditu, haiek aurkezteko epea bukatu eta biharamunean.

A) Hautagaitzarik batere aurkeztu ezena, Gobernu Batzarrak hautagaitza bat proposatuko du, prozesuarekin aurrera jarraitzeko.

B) Hautagaitzak aldarrikatzeko ekintza eta gero, bost eguneko epea emanen da Hauteskunde Mahaiari erreklamazioak edo ordezteak aurkezteko.

Baliozko moduan aldarrikatutako hautagaitzak elkargokide guztiei jakinaraziko zaizkie, postaz bidalitako zirkular batez, hain zuzen ere hauteskundeak egiteko ezarritako eguna baino hogei egun natural lehenago, gutxienez.

3. Bozketa ekintza publiko batean eginen da, korporazio-eremuan, eta hautagaitza bakoitzak kontu-hartzaile bat izendatu ahal izanen du mahai bakoitzeko; libreki hautatuko dira kontu-hartzaileak. Mahaiko lehendakariak horretarako deituko ditu.

4. Hauteskundeak ezin izanen dira inongo aitzakiarekin eten.

5. Hautesle izanen dira hauteskundeak deitzeko egunean elkargokide diren farmazialari guztiak.

6. Hautesleak pertsonalki joan ahal izanen dira botoa ematera edo, bestela, posta bidez eman ahal izanen dute botoa. Posta bidezko boto-ematearen helburua da ahal diren erraztasun guztiak ematea botoa emateko; helburu horrekin batera, behar diren berme eta baldintza guztiak ezarriko dira.

7. Bozketa izenduna eta sekretua izanen da. Lehendakariak hasiera emanen dio "bozketa hasi da" hitzak esaten.

Hautesle guztiak mahaira hurbilduko dira, beren identitatea NANarekin, gidatzeko txartelarekin, elkargoko txartelarekin edo antzeko agiri ofizial batez justifikatuko dute; erroldan behar bezala inskribaturik egiaztatu ondoren, lehendakariari boto-papera/k biltzen dituen gutunazala/k emanen diote/dizkiote; lehendakariak gutunazala jendaurretik ezkutatu gabe, hauteslearen izena esan eta "botoa eman du" hitzak esanen ditu, eta gero gutunazala/k boto-ontzian/ontzietan sartuko ditu.

8. Posta bidezko botoa pertsonalki eskatu beharko zaio, gaixotasun edo ezintasun kasuetan izan ezik, Hauteskunde Mahaiari, hura eratu eta bozketa egiteko ezarritako egunaren aurretiko hogei egun naturaletara bitartean; botoaren sarrera Mahaiak propio sortuko duen erregistro batean erregistratuko da.

Eskaria pertsonalki egitea eragozten duen gaixotasun edo ezintasun kasuetan, agiri bidez baimendutako beste pertsona batek eginen du eskari hori hauteslearen izenean; horretarako, propio egindako ziurtagiri medikoa eskuratu beharko zaio Mahaiari.

Posta bidezko boto gutunazal itxi batez igorriko da posta ziurtatuaren bitartez, Hauteskunde Mahaiko lehendakariari zuzendurik; elkargoko helbidera igorriko da, gutunazaleko hegalean elkargokide igorlearen izena duela; bertan, halaber, ongi irakurtzeko moduan, elkargokidearen izen-abizenak, helbidea eta elkargokide zenbakia agertu beharko dira. Gutunalazaren barruan, boto-paperak biltzen dituzten gutunazalak eta NANaren fotokopia sartuko da.

Hauteskunde Mahaiko lehendakariak eta idazkariak egunero gordeko dituzte, behar bezala itxirik eta haiek bakarrik eskuratzeko moduan, posta ziurtatuaren bitartez jasotzen dituzten boto guztiak; haien kargu hartuko du eta haiek zainduko ditu bozketa bukatzen den artean.

9. Bozketa egiteko emandako denbora bukaturik, horixe adieraziko du lehendakariak, jendaurrean, bertan daudenetako bakarren batek oraindik ere botoa eman gabe gerta daitekeelako; une hartatik aurrera, posta bidez igorritako botoak boto-ontzietan sartu ahal izanen dira, aldez aurretik egiaztatuta hautesleak ez duela pertsonalki botoa eman.

Azkenik, Mahaiak emanen du botoa, hartara bozketari bukaera emanez. Gero, boto-zenbaketari ekinen zaio.

10. Idazkariak boto-zenbaketaren emaitzari buruzko akta eginen du; akta hori lehendakariak, idazkariak eta hautaigaitzetako kontu-hartzaileek sinatuko dute.

11. Aktak jendaurrean irakurriko dira, hauteskundean bertaraturikoei zuzendurik, eta hautatuen izenak aldarrikatuko dira.

12. Gehienez ere hauteskundeak egin eta hilabeteko epean, hautatuek beren karguen jabetza hartuko dute kargutik irtetekoa den Gobernu Batzarreko kideen aurrean edo, kasua bada, Batzorde Kudeatzailearen aurrean.

Justifikaturiko arrazoirik gabe -agiri bidez kreditatu beharko da- beren karguen jabetza hartzera urreko lerrokadan adierazitako epean bertaratzen ez direnek karguei uko egiten dietela ulertuko da; haien postuak hutsik geratu eta Estatutuetan ezarritako moduan beteko dira.

13. Hautatuen aldarrikapena Nafarroako Foru Komunitateko administrazioko Lehendakaritza eta Barne, Osasun eta Gizarte Ongizate Departamentuei eta Elkargoen Kontseilu Orokorrari jakinaraziko zaie aldarrikatzen diren egun berean, eta karguen jabetza noiz hartzen duten ere jakinaraziko zaie.

21. artikulua. Agintaldiaren iraupena.

1. Gobernu Batzarra goitik behera berrituko da lau urtez behin, edo lehenago agintaldia bukatzeko Estatutu hauetan ezarritako kasuetako bat gertatzen bada.

2. Gobernu Batzarreko kideak, edozein dela ere betetzen dituzten kargu edo mahaikidetzak, beste agintaldi baterako baizik ezin izanen dira hautatu era jarraituan. Bigarren hori agorturik, edo Estatutuen ezarritako arrazoiengatik amaiturik, ezin izanen dira berriz izan aurreko Gobernu Batzarrean bete dituzten kargu edo mahaikidetza berdinerako hautagaiak izan gutxienez ere kargua utzi dutenetik lau urte iragan arte.

22. artikulua. Agintaldia bukatzea.

1. Gobernu Batzarreko kideen agintaldia ondoko arrazoiengatik bukatu ahal da:

a) Ezintasuna edo heriotza.

b) Dimisioa edo karguari uko egitea.

c) 18. artikuluan eskaturiko baldintzak ez betetzea.

d) Dolozko edo erruzko delitu baten ondoriozko epai irmoaz emandako zigorra, baldin eta zigor horrek askatasuna galtzea edo kargu publikoak betetzeko ezgaitzea ekarri baldin badu.

e) Batzar Orokorraren erabakiz deklaraturiko bateraezintasuna, behin hautatu ondoren Administrazio Publikoan, korporazioetan, alderdi politikoetan, edo elkargoaren aurkako interesak izan ditzaketen entitate edo enpresetan bestelako postu edo karguak hartu dituztelako. Halakoetan, Batzar Orokorrak bateraezintasuna edo bateraezintasunak deklaratzeko hartzen dituen erabakiak bateraezintasun horiek ere suposatuko ditu kasuan kasuko postuetarako hautagaitzak aurkezteko ere, Batzar Orokorrak bere garaian hartutako ebazpenak deuseztatzeko erabakirik hartzen ez badu.

f) Gobernu Batzarreko kide bezala dituzten betebeharrak ez betetzea eta, bereziki, batzar horretako, Batzorde Iraunkorreko edo Batzar Orokorreko bilkuretara behin eta berriz ez joatea. Halakoetan, Gobernu Batzarra izanen da, lehen saioetako batean, justifikatu gabeko zenbat ez-bertaratze beharko diren agintaldiari amaiera emateko.

g) Zentsura mozioa onestea, 9. artikuluan zehatuari jarraituz.

h) Hautatu direnerako aldi edo epea bukatzea.

i) Aurrekontu proiektua bi aldiz jarraian ez onartzea.

2. Aurreko idatz-zatiko e) eta f) letretako kasuetan, erabakia Batzar Orokorreko kide gehienek hartuko dute, Gobernu Batzarrak proposaturik.

23. artikulua. Hutsik dauden postuetako ordezteak. Gobernu Batzarreko kide guztiek dimisioa aurkeztea.

1. Lehendakariaren postu hutsa lehendakari ordeak beteko du, idazkariarena 5. mahaikideak eta diruzainarena 1. mahaikide-kontulariak.

2. Gobernu Batzarrak eginkizunetan jarraituko du kide guztien erdiak eta beste batek jarraitzen duten bitartean. Aurreko gutxieneko horrez azpiko kide kopurua uzterainoko dimisiorik gertatuz gero, Gobernu Batzarra automatikoki desegin dela ulertuko da. Halaber, desegintzat joko da lehendakariaren, idazkariaren eta diruzainaren baja edo dimisioa batera gertatuz gero.

Kideetako baten edo gehiagoren dimisioa gertatuz gero, erdia eta bat gehiago kopurua gainditu gabe, Gobernu Batzarrak berak erabakiko du postu huts horiek betetzea komeni den; hori, betiere, bozketa aske, zuzen eta sekretuaz eginen da.

3. Kargu hutsak, inongo salbuespenik gabe, behar den denborarako baizik ezin izanen dira bete, hain zuzen ere hauteskunde orokorrak egin arte.

4. Gobernu Batzarreko kideen erdia baino bat gehiagoren baja edo dimisioa gertatuz gero, Gobernu Batzarrak horren berri eman beharko dio Batzar Orokorrari, Lanbide Elkargoei buruzko Legeko 9. artikuluan ezarritakoaren arabera, behar diren neurriak har ditzan, batzorde kudeatzaile bat ezarriz; batzorde hori gutxienez ere zazpi kidek osatuko dute: gehienez ere hogeita hamar eguneko epean hauteskundeak deitzeko mandatu berezia izanen dute.

24. artikulua. Gobernu Batzarraren bilkurak.

1. Gobernu Batzarra gutxienez ere hilabetean behin bilduko da. Halaber, lehendakariak erabakitzen duenean edo arrazoiak emanez kideen herenak eskatzen duenean bilduko da; horrelakoetan bilkura eskaria elkargoan sartzen den egunetik lau eguneko epearen barrurako deitu beharko da.

2. Idazkariak eginen ditu Gobernu Batzarraren bilkuretarako deialdia, lehendakariaren aginduz, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu aurretik. Deialdiak ondokoak jaso beharko ditu:

a) Bilkuraren lehen deialdirako eta bigarren deialdirako eguna, ordua eta lekua; nahitaez bigarren deialdia egun bererako, leku berean eta ordu erdi bat beranduago izanen da.

b) Gai zerrenda, ahal den argitasun eta zehaztasun guztiarekin.

c) Aztertu beharreko gaiei buruz behar den informazioa.

d) Aurreko bilkuraren aktaren zirriborroaren kopia, salbu eta bilkura berean onetsi baldin bazen.

Ezin izanen da ez eztabaidatu ez erabakirik hartu gai zerrendan agertzen ez diren gaiei buruz, salbu eta organo kolegiatuko kide gehienak bertan egon eta gaiaren presakotasuna bertaratutakoen erdia eta bat gehiagoren aldeko botoarekin deklaratu bada.

3. Gobernu Batzarraren bilkuretara joatea nahitaezkoa izanen da kide guztientzat. Gobernu Batzarra eraturik dagoela joko da lehen deialdian kideen erdia eta bat gehiago baldin badaude. Lehen deialdian quorum hori ez baldin badago, Gobernu Batzarra bigarren deialdian bilduko da: bigarrena baliozkoa izanen da bertan dauden kideen kopurua edozein izanda ere.

Gobernu Batzarren buru lehendakaria arituko da beti; hura ez badago, lehendakariordeak eginen ditu buru lanak.

4. Erabaki guztiak gehiengoz hartuko dira. Lehendakariak "kalitatezko botoa" izanen du berdinketarik izanez gero.

5. Hartutako erabakiak aktan jasoko dira; akta horrek, onetsi baino lehen, idazkariaren sinadura eta lehendakariaren ikusonespena eduki beharko du.

6. Artikulu honetan arautu ez diren gaietan, osagarri gisa Administrazio publikoen araubide juridikoari eta administrazio prozedura erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 legeko 22.etik 27.era bitarteko artikuluetan ezarritakoa aplikatuko da, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bitartez eginiko aldaketekin, edo haren ordez eman litekeen testua.

25. artikulua. Lehendakaria.

1. Lehendakaria elkargoaren eta Gobernu Batzarraren legezko ordezkaria izanen da dagokion lurralde eremuan. Halaber, Batzar Orokorreko, Gobernu Batzarreko eta Batzorde Iraunkorreko burua izanen da.

2. Lehendakariari, besteak beste, ondoko funtzioak dagozkio:

a) Farmazia korporazioaren ordezkari gorena izatea elkargoaren mugapean. Estatutuetan aitortzen zaizkion eskubide eta eskurantzez baliatzea dagokio.

b) Elkargoaren legezko ordezkaria izatea harreman guztietan, botere publikoen, administrazioekin, entitateekin, korporazioekin eta bestelako edozein maila eta lekutako jendearekin eduki beharrekoak barne.

c) Batzar Orokorrerako, Gobernu Batzarrerako eta Batzorde Iraunkorrerako deialdia egin, haren buru aritu eta haiei bukaera ematea; haietako gai zerrenda Estatutuetan ezarritakoaren arabera finkatuko du. Ordena eta hitzaren erabilera antolatzea eta "kalitatezko botoaz" bozketa ez-sekretuetan gerta daitezkeen berdinketak ebaztea.

d) Elkargoaren funtzioak hobeki betetzeko beharrezkoak diren batzorde edo lantaldeak osatzea proposatuko du; haien eraketa Gobernu Batzarrak onetsi beharko du. Sortzen diren batzorde edo lantaldeetako burua beti lehendakaria edo hark Gobernu Batzarretik eskuordetzen duen kidea izanen da.

e) Bere sinadurarekin eskritura publikoen egilestea, hitzarmenak, kontratuak, komunikazio ofizialak, aktak eta behar diren ziurtagiriak berrikusi eta baimentzea. Elkargokideetarako betebehar zuzenak sor ditzaketen itun, kontratu edo hitzarmenetan ordezkari aritzeko, Batzar Orokorraren baimena beharko du.

f) Diruzainarekin batera fondoen inbertsioetarako libramenduak egiteko edo elkargoko kontuak mugitzeko fondo eta taloiak erabiltzeko baimena ematea.

g) Elkargoko departamentu eta zerbitzu guztien dokumentazioa aztertu, kontu-hartu eta errebisatu ahal izanen du.

h) Bereziki esku hartuko du elkargokide guztien arteko harmoniari eusteko eta lanbide jatorriko eztabaida guztiak elkargoaren barruan erabaki dadin lortzeko.

i) Epaitegietako prokuradoreen edo bestelako edozein pertsonaren aldeko aginduak, bereziak ere bai, eman ahal izanen ditu, farmaziako korporazioan eragiten duten era guztietako eskubideak erabiltzeko.

26. artikulua. Idazkaria.

1. Elkargoko idazkariak aldi berean Batzar Orokorreko eta Gobernu Batzarreko idazkari karguak beteko ditu.

2. Hona haren eskurantzak eta betebeharrak:

a) Batzar Orokorrak eta Gobernu Batzarrak hartutako erabakiei buruz fede ematea, behar diren aktak eginez eta haiek kasuan kasuko liburuetan transkribatuz.

b) Ziurtagiriak egin, sinatu eta ematea, lehendakariaren ikusonespenarekin.

c) Urteko oroit-idazkia idaztea.

d) Gutunak irakurri eta haiei erantzutea, artxiboak zuzendu eta zaintzea eta elkargokideen erregistro-liburuak, farmaziako doktore-tituluenak eta farmaziako lizentziatuenak kudeatzea eta agirien sarrera eta irteera liburuak ere kudeatzea.

e) Batzar Orokorraren eta Gobernu Batzarraren bilkuretarako deia egitea, baldin eta lehendakariak edo haren ordez Estatutuaren arabera dagoenak aginduta, eta kontu ematea deialdiek Estatutu hauetan ezarritako baldintzak bete ditzaten.

f) Elkargoko idazkaritza gaurkoturik edukitzea lanbidean eragiten duten lege- eta administrazio-xedapenei buruz.

g) Elkargoari atxikitako langileen burua izatea eta Gobernu Batzarrari Elkargoan lan egiten duten langileen izendapena edo kargugabetzea proposatzea, bai eta langileekin zerikusia daukaten gainerako gaiak ere.

h) Batzar Orokorrari, Gobernu Batzarrari eta Batzorde Iraunkorrari eztabaidagai diren gaiekin loturiko lege- eta administrazio-xedapen indardunei buruz orientabidea emateko behar diren aholkularitzak proposatzea.

i) Estatutu hauetan elkargoaren eta Gobernu Batzarraren funtzionamendu zuzenerako eta Batzar Orokorrak zuzen egiteko ezarritako baldintzak eta betebeharrak betetzen direla zaintzea.

27. artikulua. Diruzaina.

1. Honakoak dira haren eskurantzak eta betebeharrak:

a) Elkargoaren kontabilitate zuzendu eta baimentzea.

b) Elkargoaren ordainketak egin eta diru-sarrerak jasotzea.

c) Gobernu Batzarrari eta Batzar Orokorrari aurkeztu beharreko kontu, balantze eta aurrekontuak taxutzea.

d) Elkargoaren aurrekontu proiektuak eta ekitaldiko likidazio proiektuak taxutzea, Batzar Orokorrari onets ditzan aurkezteko.

e) Zentzurik zabalenean elkargo barruko atal eta batzordeen kontabilitateen kontu-hartzailetza egitea, haiek aurrekontu berekia izanda ere.

2. Lehendakariarekin batera, diruzaintzaren sinadura eraman era guztietako erakundeetara, baita Espainiako Bankura ere, inongo mugarik gabe.

28. artikulua. Lehendakariordea, 1. mahaikidea eta 5. mahaikidea.

1. Lehendakariak, 1. mahaikideak eta 5. mahaikideak berezko eskubide dute lehendakaria, diruzaina eta idazkaria ordezteko ahalmena, hurrenez hurren, haiek edozein arrazoirengatik jarduterik ez duten kasu guztietan.

2. Haien ahalmen eta betebeharrak, kasuan kasuko titularren ordez ari direla, aurreko artikuluetan seinalaturiko berak izanen dira.

3. Halaber, lehendakariari, diruzainari eta idazkariari laguntza emateko funtzioetan aritzea; halaber, haiek egin ditzaketen eskuordetze guztiez arduratuko dira, bai ordezkaritza kontuetan bai kontu exekutiboetan, elkargoak hobeki funtziona dezan laguntzeko.

29. artikulua. Gainerako mahaikideak.

1. Mahaikide guztiek, berezko eskubidez, hitz eta botoarekin hartuko dute parte Gobernu Batzarreko bilkuretan.

2. Hona haien eskurantza eta betebeharrak:

a) Proposamenak egitean Gobernu Batzarrari; aldez aurretik haien berri eman beharko diete idazkariari, eguneko gai zerrendan sar ditzan.

b) Eratzen diren lan batzordeetan parte hartzea, horretarako izendatzen dituztenean.

c) Idatzizko txostenak egitea Gobernu Batzarrak eskatzen dizkien gaiei buruz.

3. Ataleko mahaikideek artikulu honetan aurreikusitako eskurantza eta betebeharrak izanen dituzte, baina arreta eta erantzukizun bereziak izanen dituzte ordezkatzen dituzten lanbide kolektiboaren gorabeheren inguruan.

HIRUGARREN ATALA

Batzorde Iraunkorra

30. artikulua. Kontzeptua

Gobernu Batzarrak egoki jotzen duenean, lanak arinago egiteko, Batzorde Iraunkor bat eratu ahal izanen da. Batzorde Iraunkorrean lehendakariak, lehendakariordeak, idazkariak, diruzainak, 1. mahaikideak eta 5. mahaikideak hartuko dute parte, bai eta Gobernu Batzarreko mahaikideen artean aukeraturiko batek ere.

Batzorde Iraunkorraren erabakiek, behin betiko balioa izan dezaten, Gobernu Batzarrari jakinarazi beharko zaizkio.

31. artikulua. Batzorde Iraunkorraren eskurantzak.

Batzorde Iraunkorrak ondoko eskurantzak izanen ditu:

a) Gobernu Batzarraren erabakiak betetzen diren zaintzea.

b) Gobernu Batzarreko bilkurak prestatzea.

c) Tramiteko gaiak eta presako gaiak ebaztea, eta Gobernu Batzarrari, hala bada, hartutako erabakien berri ematea.

LAUGARREN ATALA

Kanpoko Batzordeak

32. artikulua. Gobernu Batzarrak egoki jotzen dituen kanpoko batzorde guztiak egonen dira, Batzar Orokorrak onesten baditu.

33. artikulua. 1. Kanpoko batzorde horiek aholku-izaera izanen dute eta ez dira lotesleak izanen; horretarako beren burua eskaintzen duten bost elkargokidek osatuko dituzte; horietako bat bera ere ezin izanen da Gobernu Batzarreko kidea. Batzorde horien buru elkargoko lehendakaria edo hark Gobernu Batzarretik eskuordetutako pertsonak; batzordeburuak koordinatzaile lanak eginen ditu eta Batzordearen eta Batzarraren arteko loturak bermatuko ditu.

Batzordeko kideek gutxienez ere bi urteko antzinatasuna izanen dute elkargokide moduan.

Hautagaiak bost baino gehiago baldin badira, jendaurreko zozketaz edo notario baten aurrean hautatuko dira.

2. Batzorde horietako kideak urtebeteko eperako izendatuko dira, salbu eta izendapena esleituriko lanak egiteko behar den denborarako baizik ez bada; betiere, epe berdin bat iragan beharko da berriz ere izendatu ahal izateko.

3. Aldi berean ezin izanen da batzorde bateko baino gehiagoko kidea izan.

34. artikulua. Batzorde horiek beren eskumenen esparruan prestatzen dituzten txostenak betiere Batzar Orokorrari jakinaraziko zaizkio, aldez aurretik gai zerrendan sarturik.

IV. KAPITULUA

Araubide ekonomikoa

35. artikulua. Elkargoaren diru-sarrerak

Elkargoaren diru-sarrerak ondokoetatik etorriko dira:

a) Elkargoaren kuota arruntak eta elkargoan sartzeko kuotak. Kuota horien zenbatekoa Batzar Orokorrak ezarriko du, urtero diru-arrera eta gastuen aurrekontua onesterakoan.

b) Elkargoko kuota bereziak edo apartekoak, elkargoak bere kideetatik hartzen dituenak eta, bereziki, Gizarte Segurantzaren eta antzekoen errezetak fakturatu eta administratzeko kuotak -elkargoak egiten du lan hori bere kideen izenean-, ziurtagiriak emateko kuotak eta bestelako kontzeptuengatik kobratzen direnak.

c) Ikastaroak egiteko edo aholkularitza, gestoria, laborategi eta abarreko zerbitzuetarako ezartzen diren kuotak.

d) Bere ondarea osatzen duten titulu, obligazio, balore eta gainerako ondasunen korritu eta produktuak, eta haiek besterentzekotan kasuan kasuko diru kopuruak.

e) Jasotzen dituen dohaintza eta legatuak.

f) Lege xedapenen araberako bestelako diru-arrera iturriak.

36. artikulua. Elkargoaren gastuak.

Elkargoaren gastuen artean, nahitaez, ondoko kontu-sailak osatzen dituztenak azaldurik agertuko dira:

a) Lehendakariaren, idazkariaren eta diruzainaren ordainsariak, bai eta daukaten dedikazioarengatik sortzen zaizkien gastuak -edo ordezkaritza gastuak, kasua bada- ordaintzea jotzen den Batzarreko kideen ordainsariak. Diru-arrera eta gastuen aurrekontuan onetsiko dira, urteko kopuru batekin, Gobernu Batzarrak proposaturik.

b) Bere funtzioetan aritzeagatik Gobernu Batzarreko kideei edo elkargoaren bestelako edozein funtziotarako mandatari edo ordezkari gisa izendatzen den elkargoko edozein kideri sortzen zaizkien gastuak.

c) Atalei eusteko behar diren gastuak.

d) Elkargoko zerbitzu guztietarako behar direnak.

e) Elkargoaren aldizkaria argitaratzeko eta zirkularrak bidaltzeko egindako gastuak.

f) Publizitatea, propaganda eta harreman publikoak ordaintzekoak.

37. artikulua. Aurrekontuak. Ondare balantzeak.

1. Gobernu Batzarrak, urtero, diruzaintzaren bitartez, diru-arrera eta gastuen aurrekontua eta ondare balantzea proposatuko ditu. Behar diren txostenekin batera (beharrezkoa bada) Batzar Nagusiari aurkeztuko zaizkio, onets ditzan.

2. Diru-arrera eta gastuen aurrekontuak behar bezala sailkaturik diru-arrera eta gastu gisa aurreikusitako kontu-sailak edukiko ditu behar bezala sailkaturik, behar diren kontzeptuak adierazirik.

3. Ekitaldi ekonomikoan zehar edozein kontu-sailetako benetako gastuek horretarako aurrekontuan bildutako kopurua gainditzen badute, diruzainak kreditu-transferentziak egiteko behar diren azterlanak eginen ditu, eta haiek proposatuko ditu Gobernu Batzarrak onets ditzan.

4. Gobernu Batzarrak proposatzea egoki jotzen dituen aurrekontu bereziak Batzar Orokorrak onetsi beharko ditu, aurrekontu arrunta bezalaxe.

5. Ezin izanen da sekula egin kreditu-transferentziarik diru-arrera eta gastuen aurrekontuko kontu-sailen artean, baldin eta haiek Batzar Orokorrak modu independentean onetsi baditu atal, batzorde, erakunde edo zerbitzu ezberdinetarako.

6. Diru-sarrerak aurreikusitakoak baino handiagoak badira edo gastuak onetsitako diru-arrera eta gastuen aurrekontuan ageri direnak baino txikiagoak badira, ezin izanen da superabita ezertarako erabili Batzar Orokorrak baimena eman gabe.

38. artikulua. Ekitaldi ekonomiko baten likidazioa.

1. Urteko ekitaldi bakoitza bukaturik, diruzainak izandako diru-arrera eta gastuei buruzko kontu zehatzak aurkeztuko ditu, bai eta ekitaldi horretarako onetsitako diru-arrera eta gastuen aurrekontuaren likidazioa ere. Behin aztertu ondoren, eta kasua bada txostena ere eman ondoren, Gobernu Batzarraren eskutan jarriko dira, behin-behinekoz onets ditzan, kasua bada.

2. Gobernu Batzarrak kontuak eta likidazioa aztertu eta behin-behinekoz onetsi ondoren, Batzar Orokorrari aurkeztuko zaizkio, behin betiko onets ditzan.

3. Elkargokideek kontabilitatea eta liburuak Batzar Orokorrak onetsi baino hamabost lehenagotik aztertu ahal izanen dituzte, 47. artikuluko l eta m letretan ezarritakoa ezertan kendu gabe.

39. artikulua. Libramenduak. Fondoak zaintzea.

1. Libramendu guztiak behar bezala baimendurik egonen dira, lehendakariaren eta diruzainaren -edo, kasua bada, haiek ordezten dituztenen- sinadurekin.

2. Fondoak zaintzeko ardura diruzainarena da; diruzainak begiratu beharko du kutxan aurreikusitako berehalako ordainketak, esku-diruz egin beharrekoak, egiteko behar diren gutxieneko diru-kopuruak badaudela, bai eta gerta daitezkeen gastu txikietarako kopuru zuhur bat ere. Fondoen gainerakoa banku-kontu batean gordailatu beharko ditu.

V. KAPITULUA

Elkargokide egitea

40. artikulua. Elkargoko kidea izan ahal izateko, beharrezkoa izanen da Farmaziako lizentziatu titulua edukitzea.

41. artikulua. Elkargokide egiteko eskaria lehendakariari zuzendutako eskabide batez eginen da, eredu ofiziala erabiliz eta behar diren datu guztiak dituela. Eskabidean aritu nahi deneko/direneko lanbide modalitatea/k aipatuko dira; kasua bada, ondokoei buruzko dokumentazioa aurkeztu beharko da:

a) Espainiako edo Europar Batasuneko kide diren estatuetako baten naziotasuna; bestela, nazioarteko hitzarmen edo itunen batez gaituta dauden herrialderen bateko naziotasuna.

b) Adinduna izatea.

c) Farmaziako lizentziatu titulu ofiziala edukitzea edo, indarreko xedapenen indarrez, harekin homologaturiko atzerriko tituluren bat.

d) Gaigabeturik ez egotea.

e) Lanbidean jarduteko gaitasuna kenduta ez egotea.

f) Behar adinako agiri batekin kreditatzea, kasua bada, alta emana eta jardunean egotea inskribatzen deneko lanbide modalitateetan.

Lanbide modalitatearen aldaketa elkargoan eskatu beharko da, ezarritako baldintzak betez.

42. artikulua. Elkargokide egiteko eskaria gehienez ere hiru hilabeteko epean tramitatu eta ebatzi beharko da.

Betiere, Administrazio publikoen araubide juridikoari eta administrazio prozedura erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 legeko 42. eta 43. artikuluetan ezarritakoa izanen da aplikatzekoa, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeaz emaniko testua erabiliz, edo haien ordez eman litezkeen arauak.

43. artikulua. Izangaiaren aldeko erabakirik izanez gero, kasuan kasuko izen-emate fitxa zabalduko da; hartan, kide berria aritu nahi den modalitatea edo modalitateak edo "aritzerik gabeko" modalitatea ohartuko da.

Elkargokide egitea titulu akademikoan ohartuko da, atzeko aldean, lanbidean jarduteko modalitatea kreditatzeko xedez, bai eta Nafarroako Farmazialarien Elkargoan ere. Titulu akademikoa behin-behinekoz baizik ezin izanen da ordeztu dagokion ministerioak emandako ordezko aginduarekin; elkargokideak titulua aurkeztu beharko du, erregistratzeko, eskuratzen duenean.

44. artikulua. Elkargokide guztiei beren izateari buruzko kreditazio-txartel bat emanen zaie

hartan, argazkia, elkargoko zigilua, interesdunaren sinadura, lehendakariaren eta idazkariaren sinadura, altaren data eta elkargokide zenbakia agertu beharko dira.

45. artikulua. Pertsona baten elkargokide egiteko eskariari ezezkoa emanez gero, uko horrek berariazkoa eta ondoko arrazoietan oinarritutakoa izan beharko du:

a) Lanbidean jarduteko legez eta estatutu hauetan ezarritako baldintzak ez betetzea.

b) Lanbidean jarduteko gabetua izatea, epai irmoaz.

c) Farmazialarien beste elkargo batetik kanporaturik egotea, gero birgaitu gabe.

d) Sartzeko kuota ez ordaintzea.

46. artikulua. Beste elkargo batzuetan alta emandako farmaziako lizentziatuek aldi baterako edo bigarren jarduera gisa (ez jarduera nagusi gisa) aritu ahal izanen dira Nafarroako Farmazialarien Elkargoko lurralde eremuan, gaitu moduan; horretarako, betiere, nahitaez, jatorria duten elkargoaren bitartez, Nafarroan egin behar duten lanbide jardutea komunikatu beharko dute, Nafarroako elkargoan sortuko den Gaikuntzen Erregistroan jasota egoteko, eta Batzar Orokorrak ezartzen dituen baldintza ekonomikoen mende egoteko, bai eta antolamendu eskumenen, kontrol deontologikoaren eta diziplina ahalmenaren mende ere.

VI. KAPITULUA

Elkargokideen eskubideak

47. artikulua. Elkargokide egiten den une beretik, elkargokide guztiek ondoko eskubideak izanen dituzte:

a) Lanbidean jardutea Estatutu hauetan eta lanbide jarduna arautzen duten gainerako xedapenetan ezarritako mugen barruan.

b) Elkargoak defendatzea hirugarren pertsona fisiko nahiz juridikoen aurrean, lanbidearen jardunaren ondorioz edo hura tartean dela bera, bere ondareak edo bere lanbide duintasuna mehatxaturik daudenean, halako moduan non sekula ezin izanen den indefentsiorik gertatu.

c) Elkargoak laguntzea lanbidean jardutearen ondorioz administrazioan, epaitegietan, entitateetan edo partikularren aurrean aurkezturiko eskari edo erreklamazio justuetan.

d) Gobernu Batzarretik informazio zehatz eta puntuala jasotzea farmazialarien kolektiboan, lanbidean, oro har, eta hartan aritzeko modalitate jakinean eragiten duten gai guztiei buruz.

e) Elkargoak izan dezakeen dokumentazioaren kopia bat edukitzea, salbu eta beste elkargokideren baten eskubide, interes edo intimitatean eragiten duelako isilpekotzat jo daitekeenean. Halaber, isilpekoa izanen da ere Gobernu Batzarrak hari buruz eginiko eztabaidei dagokien akten zatia.

f) Batzar Orokorrera joatea eta hartan aktiboki esku hartzea, eztabaidak sustatuz edo sortzen direnetan parte hartuz, salbu eta Estatutu hauetan aparteko kasuetan ezarritakoari dagokionean; halakoetan, bidezkoa izanen da proposamen baten aldeko eta aurkako txandak mugatzea.

g) Botoa ematea eta botoa eskatzea; ordezkaritza kargu guztiak hautatzen parte hartzea, boto librea emanez, isilpekoa eta gainerako elkargokideen botoaren balio berekoa; Estatutuetan jasotako baldintza berariazkoak betez gero, kargu horietarako hautagaia izan eta hartan aritzea, hautatuz gerotan.

h) Batzar Orokorrari, Estatutu hauetan araututako moduan, erabakiak hartzeko proposamenak aurkeztea.

i) Lanbidearen egoerari, elkargoaren gaien martxari eta gobernu organo ezberdinen kudeaketari buruzko kritikak egitea, legez ezarritakoez bestelako mugarik gabe.

j) Zuzenean, hitzez edo bestelako baliabideak erabiliz, elkargoko edo korporazio nazionaleko gainerako kideei zuzentzea.

k) Elkargoak informazioa hedatzeko dauzkan bitartekoak erabiltzea, elkargokideen kolaborazioetarako gordetako zatian, legez ezarritakoez bestelako mugarik gabe.

l) Elkargoaren kontabilitatea eta aurrekontu-proiektua aztertzea, halako gaiak aztertuko dituen Batzar Orokorrerako deialdia bidaltzen zaion egunetik.

m) Elkargoaren gai ekonomikoen ibilerari buruzko informazioa lortzea.

n) Elkargoaren ondasun eta zerbitzuen erabileran eta gozamenean parte hartzea, nahitaez, kolektiboak izateagatik, horri buruz ezarritako arauen barruan.

ñ) Beste elkargokide batzuekin elkargoko lokaletan biltzea, haien erabilgarritasuna beste mugarik ez dutela.

o) Berak eskatuta, lehendakariarekin eta Gobernu Batzarreko gainerako kideekin egon ahal izatea, oro har ezartzen diren arauen arabera.

p) Aurreikuspen edo babes sozialeko erakundeen kide izatea, bai eta elkargoaren helburuak hobeki betetzeko ezar daitezkeen beste batzuena ere.

q) Elkargoaren esku hartzea eskatzea, lanbidean sorturiko hartzekodunak kobratzeko; elkargoari, gero, horretarako finkatu dituen kopuruak ordainduko dizkio.

r) Bidezko errekurtsoak aurkeztea Gobernu organoek harturiko erabakien aurka, baldin eta bere eskubide edo interesetarako edo oro har lanbidearen intereserako kaltegarriak direla uste badu.

48. artikulua. Nafarroako Farmazialarien Elkargo Ofizialean gaitzen den une beretik, Farmaziako lizentziatu orok ondoko eskubideak izanen ditu:

a) Lanbidean aldi baterako aritzea, Estatu hauetan ezarritako manuen arabera eta lanbide jarduna arautzen duten gainerako xedapenen arabera.

b) Elkargoak defendatzea hirugarren fisiko nahiz juridikoen aurrean, lanbidearen jardunaren ondorioz edo hura tartean dela bera, bere ondareak edo bere lanbide duintasuna mehatxaturik daudenean, halako moduan non sekula ezin izanen den indefentsiorik gertatu.

c) Elkargoak laguntzea lanbidean jardutearen ondorioz administrazioan, epaitegietan, entitateetan edo partikularren aurrean aurkezturiko eskari edo erreklamazio justuetan.

d) Gobernu Batzarretik informazio zehatz eta puntuala jasotzea farmazialarien kolektiboan, lanbidean, oro har, eta hartan aritzeko modalitate jakinean eragiten duten gai guztiei buruz.

e) Elkargoak izan dezakeen dokumentazioaren kopia bat edukitzea, salbu eta beste elkargokideren baten eskubide, interes edo intimitatean eragiten duelako isilpekotzat jo daitekeenean. Halaber, isilpekoa izanen da ere Gobernu Batzarrak hari buruz eginiko eztabaidei dagokien akten zatia.

f) Lanbidearen egoerari buruzko kritikak egitea, legez ezarritakoez bestelako mugarik gabe.

g) Zuzenean, hitzez edo bestelako baliabideak erabiliz, elkargoko gainerako kideei zuzentzea.

h) Elkargoaren ondasun eta zerbitzuen erabileran eta gozamenean parte hartzea, nahitaez, kolektiboak izateagatik, horri buruz ezarritako arauen barruan.

i) Beste elkargokide batzuekin elkargoko lokaletan biltzea, haien erabilgarritasuna beste mugarik ez dutela.

j) Berak eskatuta, lehendakariarekin eta Gobernu Batzarreko gainerako kideekin egon ahal izatea, oro har ezartzen diren arauen arabera.

k) Aurreikuspen edo babes sozialeko erakundeen kide izatea, bai eta elkargoaren helburuak hobeki betetzeko ezar daitezkeen beste batzuena ere.

l) Elkargoaren esku hartzea eskatzea, lanbidean sorturiko hartzekodunak kobratzeko; elkargoari, gero, horretarako finkatu dituen kopuruak ordainduko dizkio.

m) Bidezko errekurtsoak aurkeztea Gobernu organoek harturiko erabakien aurka, baldin eta bere eskubide edo interesetarako.

VII. KAPITULUA

Elkargokideen betebeharrak

49. artikulua. Elkargoan sartzen den une beretik, elkargokide batek ondoko betebeharrak izanen ditu:

a) Estatutu hauetan eta, oro har, farmazia lanbideari buruzko arau orokorretan ezarritakoa betetzea, bai eta Elkargoaren erabakiak onartzea ere; hori, halere, ez da oztopoa izanen haiek legez aurkatzeko eskubidea izateko.

b) Elkargoaren kuotak eta legez eta estatutuz elkargokide izateagatik eta lanbidean jarduteagatik ordaindu beharrekoak ordaintzea.

c) Lanbide sekretua errespetatzea.

d) Lanbidean jardutearen ondoriozko betebeharrak zuzen betetzea, bai eta Elkargoko gobernu karguek berezko dituztenak edo hari esleitu eta berak libreki onartu dituenak ere.

e) Lanbide jardunean negligentzia saihestea.

f) Elkargoari jakinaraztea intrusismoko ekintzak edo jardute ez-legezko guztiak, bai eta lanbidearen ikuspuntutik gaitzesgarriak edo irregularrak diren guztiak ere.

g) Osasun arloko profesionalekiko edo bestelako pertsona fisiko nahiz juridikoekiko era guztietako hitzarmenak saihestea, baldin eta xedea elkarren zerbitzuak gomendatuz dirua irabaztea bada.

h) Behar den kalifikazio aldaketa eskatzea lanbide jardunean aldaketarik gertatzen denean.

i) Elkargoari puntualtasunez jakinaraztea helbide aldaketak, bai eta elkargoaren egoeran eragin dezaketen bestelako aldaketa burokratiko edo administratibo guztiak ere.

j) Elkargoak eskatzen dizkion azterlan, irizpen, peritazio, balioespen eta bestelako lanak egitea, elkargokide gisa dagokion espezialitateen araberako txandetan.

50. artikulua. Nafarroako Farmazialarien Elkargo Ofizialean gaitzen denetik, Farmaziako lizentziatu orok ondoko betebeharrak izanen ditu:

a) Estatutu hauetan eta, oro har, farmazia lanbideari buruzko arau orokorretan ezarritakoa betetzea, bai eta Elkargoaren erabakiak onartzea ere; hori, halere, ez da oztopoa izanen haiek legez aurkatzeko eskubidea izateko.

b) Elkargoaren kuotak eta legez eta estatutuz elkargokide izateagatik eta lanbidean jarduteagatik ordaindu beharrekoak ordaintzea.

c) Lanbide sekretua errespetatzea.

d) Lanbidean jardutearen ondoriozko betebeharrak zuzen betetzea, bai eta Elkargoko gobernu karguek berezko dituztenak edo hari esleitu eta berak libreki onartu dituenak ere.

e) Lanbide jardunean negligentzia saihestea.

f) Elkargoari jakinaraztea intrusismoko ekintzak edo jardute ez-legezko guztiak, bai eta lanbidearen ikuspuntutik gaitzesgarriak edo irregularrak diren guztiak ere.

g) Osasun arloko profesionalekiko edo bestelako pertsona fisiko nahiz juridikoekiko era guztietako hitzarmenak saihestea, baldin eta xedea elkarren zerbitzuak gomendatuz dirua irabaztea bada.

h) Behar den kalifikazio aldaketa eskatzea lanbide jardunean aldaketarik gertatzen denean.

i) Elkargoari puntualtasunez jakinaraztea helbide aldaketak, bai eta elkargoaren egoeran eragin dezaketen bestelako aldaketa burokratiko edo administratibo guztiak ere.

VIII. KAPITULUA

Elkargokide izateari uztea

51. artikulua. Elkargokide edo gaitu izaera ondoko arrazoiengatik galduko da:

a) Elkargokidea hiltzea.

b) Borondatez baja ematea; idatziz jakinarazi beharko da hori.

c) Elkargokide izateko edo gaituta egoteko baldintzak galtzea; legez tramitaturiko espediente baten bitartez egiaztatuko da hori.

d) Elkargotik egoztea, diziplina espedienteko irmoki hala erabakita.

e) Zigor judizial irmoaz, baldin eta lanbidean jarduteko gaitasuna galtzea badakar.

f) Elkargoko hiru kuota ez ordaintzeagatik, edo, hala bada, kuota bat ez ordaintzegatik, aldi baterako gaitutako elkargokideen kasuan.

52. artikulua. Elkargokide izateari edo gaiturik egoteari uzteak ez dio interesdunari jada mugaegunera iritsitako betebeharrak betetzetik, ez eta baja gertatu aurretik zor dituen kuota edo kopuruak ordaintzetik ere.

Elkargoak elkargokideei edo gaitutako farmaziako lizentziatuei zor dituzten kopuruak bide judizial arruntetik eskatu ahalko dizkie; hori, halere, ez da oztopoa izanen egin daitezkeen bestelako erantzukizun ekintza edo erreklamazioak aurrera eramateko.

53. artikulua. Elkargokide gisako alta eta baja guztiak, lanbidean jarduteko modalitate aldaketak eta elkargokide fitxan eragiten duten lanbide datuak ere ahal den arinena jakinaraziko zaizkio Farmazialarien Elkargo Ofizialetako Kontseilu Orokorrari, bere datu base eta erregistroak gaurkoturik eduki ditzan.

54. artikulua. Halaber, Elkargoko Gaikuntzen Erregistroko alta eta baja guztiak, lanbide modalitateko aldaketak eta gaikuntzan eragiten duten lanbide datu guztiak FArmazialarien Elkargo Ofizialetako Kontseilu Orokorrari eta Farmazialarien Elkargo Ofizialari jakinaraziko zaizkie, beren datu base eta erregistroak gaurkoturik eduki ditzaten.

IX. KAPITULUA

Deontologia Batzordea

55. artikulua. Elkargoak, egoki jotzen badu eta Batzar Orokorrak hala erabakita, azterketa eta lan batzorde bat eratuko du Deontologia Batzordea izenarekin. Haren helburu nagusia izanen da Gobernu Batzarrari aholku, gomendio, orientabide eta laguntza ematea, lanbide jardun zuzenak ezartzen dituen betebeharrak hobeki bete ditzan.

56. artikulua. Deontologia Batzordeak, bere ekimenez edo Batzar Orokorrak nahiz Gobernu Batzarrak eskaturik, ondokoak egin ahal izanen ditu:

a) Elkargokideengan eragiten duen lanbide-etikako arau oro aztertu, erredaktatu eta zabaltzea. Lanbidearen Deontologia Kode baten aukera aztertzea; haren onespena, betiere, Batzar Orokorraren esku uzten da.

b) Unean-unean indarra farmazia arloan indarra duen legeria aztertu eta analizatzea, bai eta haren balizko eta ondoz ondoko aldaketak ere. Lanbide eginkizuna hobeki betetzeko behar diren eta egoki jotzen diren jarraibideei ahal den zabalpen handiagoa emanen zaie, eta, betiere haiek betetzea sustatuko da.

57. artikulua. Deontologia Batzordeak, halaber, Elkargoak susmatu edo jakin ditzakeen lanbide jardun zuzenaren desbideraketak jarraitzeko batzorde gisa ere jardun dezake, halakorik gerta ez dadin eta desbideraketa horiek, kasua bada, zuzentzeko eta berriz ez gertatzeko.

58. artikulua. Deontologia Batzordea Gobernu Batzarrak proposatu eta Batzar Orokorrak berretsitako bederatzi elkargokidek, gehienez ere, osatuko dute.

59. artikulua. Deontologia Batzordeko kidea izatea bateraezina izanen da Elkargoan bertan bestelako kargu edo zerbitzutan aritzearekin. Ezin izanen dira batzorde horretako kide izan, ezta ere, elkargoko fitxan edo espedientean zehapenik duten elkargokideak.

60. artikulua. Deontologia Batzordeko kideen jarduna etenik gabeko lau urtetan luzatuko da; urte horiek iraganik, haien karguak berritu beharko dira, kapitulu honetan ohartutako sistema bera erabiliz.

Deontologia Batzordea deseginez gero, Gobernu Batzarrak berriz eratuko du.

61. artikulua. Deontologia Batzordeko kideetako baten baja edo kargu-uztea gertatuz gero, batzorde horrek erabakiko du hura behin-behinekoz edo behin betiko ordeztu nahi duen

horretarako, Gobernu Batzarrari huts hori betetzeko edo postu hori jarduteko aurreikusitako aldia bukatu artean amortizatzeko eskatuko dio.

62. artikulua. Arrazoi ageriko eta zuzenen batengatik beharrezkoa bada, Gobernu Batzarrak Deontologia Batzordeko kideren bat kargutik kendu ahal izanen du; hori egin aurretik jakinarazi eta erabaki hori hartzeko dauzkan arrazoiak azaldu beharko ditu.

63. artikulua. Deontologia Batzordeak bere Barne Erregelamendua eginen du; hartan, lehendakari, lehendakariorde, idazkari eta idazkariordea izendatzeko prozedurak arautuko ditu.

X. KAPITULUA

Sari eta aipamen bereziak

64. artikulua. Elkargoak, merezi dutenak saritzeko xedez, egoki jotzen dituen sari eta aipamen bereziak ezarri ahal izanen ditu.

65. artikulua. Ezin izanen zaio sari edo aipamen berezirik eman elkargokide bati Gobernu Batzarreko edo batzorde bateko kidea den bitartean, aparteko kasuetan izan ezik.

66. artikulua. Betiere, haiek emateko aplikatuko diren irizpideak murriztaileak izanen dira.

XI. KAPITULUA

Diziplina araubidea

67. artikulua. Zehatzeko moduko ekintzen sailkapena.

Zehatzeko moduko ekintzak honela sailkatuko dira:

a) Huts-egite arinak.

b) Huts-egite larriak.

c) Huts-egite oso larriak.

68. artikulua. Huts-egite arinen definizioa.

Huts-egite arinak izanen dira ondoko ekintza edo ez-egiteak:

a) Estatutu hauetan ezarritako arauak ez betetzea, edo Batzar Orokorrak hartzen dituen erabakietatik ondorioztatzen direnak, ez-betetze horretatik interes orokorrerako kalte edo galerarik eratortzen ez bada.

b) Kuotak edo legez edo estatutuz elkargoko kide izateagatik eta lanbidean jarduteagatik ezartzen diren diru-kopuruak ordaintzen geroratzea

hori guztia estatutu hauetako 52. artikuluan ezarritakoa alde batera utzi gabe.

c) Gobernu organoetako edozein karguk edo elkargokide gisa emandako edozein misiok berekin dakartzan funtzioak betetzerakoan negligentziaz jokatzea, baldin eta negligentzia horretatik elkargoaren interesetarako kalte moral edo materialik eratorri ez bada.

d) Elkargokide egoeran gerta daitezkeen aldaketa burokratiko edo administratiboetan aldaketaren bat izan eta elkargoari horren berri emateko garaian negligentziaz jokatzea.

e) Elkargoari ez jakinaraztea elkargokide batek ezagutzen dituen estatutu hauetako huts-egiteak, huts-egite horiek lanbidearen interes moral edo materialaren kalterako direnean.

f) Banakako eskaria eginda ere, ez ematea Gobernu Batzarrak eskaturiko lanbide-datuei buruzko erantzunik.

g) Fitxa aldatzeko ez eskatzea, lanbide jardunean aldaketarik dagoenean, edo fitxan dauden bestelako datuak aldatu direnean.

h) Ordutegien, opor garaietarako zerbitzuen eta larrialdi txanden araubidea haustea, eta farmazia bulegoan txanda horiei buruzko jendaurreko informazioa emateko betebeharra ez betetzea.

69. artikulua. Huts-egite larriak.

Huts-egite larriak izanen dira ondoko ekintza edo ez-egiteak:

a) Behin betiko zehatutako huts-egite arin bat berriz egitea, lehenbizikoa zehatu eta urtebeteko epean gertatzen bada.

b) Era ezberdinetako huts-egite arinak berriz egitea, bi baino gehiago izan eta urtebeteko epean gertatu badira, lehenbizikoaren zehapena izan den egunetik kontatzen hasita.

c) Aurreko artikuluko a) eta c) letretan aurreikusitakoak, hirugarrenei edo lanbidearen izenari kalte egiten badiete.

d) Lanbide sekretua urratzea, urratutako sekretuak ukitzen duen pertsonari galera handia edo kalte material nahiz morala eragiten zaionean.

e) Lanbidearen jardun ez-legezkoa babestu edo ezkutatzea, edozein modalitatetan dela ere.

f) Partikularrek edo entitatek nahi duten farmazia zerbitzu profesionala askatasunez hautatzea eragozten duen edozein jarduera.

g) Itun edo hitzarmenak egitea, ahozkoak nahiz idatzizkoak, bestelako profesional batzuekin, garatzen den farmazia jarduera areagotzeko beste elkargokide batzuen kaltetan.

h) Egunkarietan, aldizkarietan, interneten eta beste bide batzuetan edozein motatako propaganda, iragarki edo publizitate ateratzea, baldin eta lanbidearen izenari kalte egiten badiote edo engainuzko publizitatearen edo lehia desleialaren arloko arauak urratzen baditu. Halaber, arau orokor edo berezi indardunetan arautu gabeko edo arau horiek urratzen dituen beste edozein motatako publizitatea.

i) Farmazialaria bere lanpostura ez joatea edo bertan ez egotea, egiteko moduarengatik edo behin eta berriz gertatzen delako, lanbidearen izenari kalte egiten badio.

j) Kuotak eta antzekoak ordaintzeko elkargoak eginiko eskariei ez erantzutea.

70. artikulua. Huts-egite oso larrien definizioa.

Huts-egite oso larriak izanen dira ondoko ekintza edo ez-egiteak:

a) Huts-egite larri bat berriz egitea, lehenbizikoa behin betiko zehatu eta urtebeteko epean gertatzen bada.

b) Izaera ezberdineko huts-egite arinak errepikatzea sei hilabeteko epean, lehenbizikoarengatiko ezarpena ezartzen den egunetik kontatuta.

c) Lanbide sekretua urratzea, galera edo kalte material nahiz moralik eragiten duenean.

d) Lanbide jardunean negligentziaz jokatzea, kalte larririk egiten denean; betiere hura frogatu eta kalteak epai judizial irmoaz demostratu beharko dira.

e) Lanbidez baliatzea delitu edo huts-egite arruntak egiteko.

f) Lanbide tituluarekin babestea edo ezkutatzea lanbidearen jardun ez-legezkoa edo irregularra, edozein modutan.

g) Aurreko artikuluan huts-egite larritzat sailkaturiko edozein egitea, egitateak egin dituena elkargoko edozein gobernu-organotako edo Deontologia Batzordeko kidea dela.

h) Egitate faltsuak salatzea, demostraturiko fede gaiztoaz.

71. artikulua. Zehapenak.

1. Ondokoak izanen dira huts-egiteen egileei aplikaturiko zehapenak:

a) Huts-egite arinetan:

.Zentzaldi pribatua.

.Idatzizko ohartarazpena.

b) Hutsegite larriengatik:

.Zentzaldi publikoa.

.250.000 eta 500.000 pezeta bitarteko diru zehapena.

.Hilabete baino gutxiagorako lanbidean jarduteko gabetzea.

c) Hutsegite oso larriengatik:

.500.000 eta 1.500.000 pezeta bitarteko diru zehapena.

.Bi urte bitarte lanbidean jarduteko gabetzea.

.Elkargotik kanporatzea.

Kanporatzeak ez du berekin ekarriko inoiz zehatutako farmazialariaren aurreikuspen-eskubideak galtzea.

2. Zehapen ekonomikoen gaurkotzea KPI orokorrak dauzkan gorabeheren arabera egokituko da urtero, horretarako berariaz hartutako erabakiaren bitartez.

3. Zehapenak aplikatzeko, instruktoreak ez daude inolaz ere loturik egonen, aurreko zenbakietan aurreikusitakoei dagokienez.

Egindako huts-egitearen izaera, erruztatuaren aurrekariak, erantzukizuna aldaraz dezaketen era guztietako inguruabarra, egitatezko ondorioak, hirugarrenei eginiko kalteak -beste elkargokideei nahiz lanbideari- eta bestelako arrazoiak direla eta, instruktoreak huts-egite bakoitzerako aurreikusitako zehapenetako bat edo bat baino gehiago ezarri ahal izanen dio erruztatuari, huts-egite bakoitzean bere ustez behar duen mailan, betiere horretarako ezarritako mugen barruan, huts egite bakoitzaren sailkapenari jarraituz.

Zehapenak ez dira zertan beren erlazioaren ordenan ezarri.

72. artikulua. Zehatzeko funtzioak dituzten agintariak.

Zehapen funtzioak izanen dituzte, bakoitzak dagokion eskumen esparruan:

a) Gobernu Batzarra.

b) Farmazialarien Elkargo Ofizialetako Kontseilu Orokorra.

73. artikulua. Eskumena.

1. Instruktorearen/instruktoreen eskumena ondokoetara iritsiko da:

a) Izendatzen diren espedienteen instrukzioa egitea.

b) Bere ustez behar diren zehapenak proposatzea.

2. Gobernu Batzarrak, diziplina organo gisa eraturik, ondokoetarako eskumenak izanen ditu:

a) Espedienteen instrukzioa sustatzeko eta haien garapen zuzena zaintzeko.

b) Espedienteak ebazteko.

c) Ezarritako zehapenak exekutatzeko.

3. Kontseilu Orokorrak aurreko idatz-zatian ezarritako eskumena izanen du Gobernu Batzarraren edo haren kideen huts-egiteen instrukzioa egin eta epaia emateko.

74. artikulua. Diziplina ahalmena duten organoen eratzea.

1. Gobernu Batzarra, diziplina organoa den aldetik, gobernu organo gisa duen eraketa bera izanen du, salbu eta zuzenbidearen arabera eginiko errefusatzeen kasuan.

2. Instruktoreak eta idazkariak Gobernu Batzarrak izendatuko ditu espediente bakoitzerako.

Uko egitea arrazoi justifikatuengatik baizik ezin izanen da egin.

Instruktore guztiak ordeztu ahal izanen dira, Gobernu Batzarraren erabakiz, baldin eta prozedura arauak edo espedientearen epeak betetzen ez badira edo beste edozein arrazoi garrantzitsu dela kausa.

3. Instruktoreak zuzenean baliatu ahal izanen dira elkargoko aholkulari juridikoez.

75. artikulua. Zehapen prozedura.

1. Zehapen espedienteak betiere Gobernu Batzarraren erabakiz hasiko dira, edo ekimen propioaz, Deontologia Batzordeak proposaturik, edo elkargokide batek edo partikular batek behar bezala sinaturiko salaketa baten ondorioz.

2. Espediente bati hasiera emateko erabakia eta haren tramitazio osoa Zehapen ahalmena erabiltzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zuen 1993ko abuztuaren 4ko Errege Dekretuaz ezarritakoaren arabera eginen da, betiere Administrazio publikoen araubide juridikoari eta administrazio prozedura erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 legeko IX. tituluan jasotako printzipioak betez -urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bitartez eginiko aldaketekin-.

3. Ebazpen proposamena, egindako jarduketa guztiak barne, elkargoko Gobernu Batzarrari igorriko zaizkio.

Betiere, interesdunari egotz dakiokeen arrazoiren bat ez badago -berariaz jaso beharko da hori ebazpen proposamenarekin batera-, instruktoreak hiru hilabeteko epean bukatu beharko du espedientearen tramitazioa.

Espedientea igortzean, instruktoreak espedientatuei jakinaraziko die, eta aditzera emanen die espedientea Gobernu Batzarrari igorri zaiola; interesdunak 30/1992 Legeko 28. artikuluan jasotako legezko arrazoiren batean sar daitezkeen Batzarreko kideak errefusatu ahal izanen dituzte.

4. Gobernu Batzarreko kide guztiei espedienteko jarduketen kopia hitzez hitzekoa emanen zaie, gutxienez ere Gobernu Batzarrak espedientea ebatzi behar duen saioa egin baino hamabost egun lehenago.

5. Gobernu Batzarrak erabaki dezake, behin bakarrik, froga berriak egitea, baldin eta egindakoak aski ez direla jotzen badu; hartara, espedientea instruktoreari itzuliko dio, agintzen zaizkion horiexek egin ditzan, ezartzen zaion epean.

Halakoetan, instruktoreak beste ebazpen proposamen bat eginen du frogak egiten dituenean, eta berriz ere ikustaldia eta entzunaldia emanen die espedientatuei; horiek berriz ere alegazioak aurkeztu ahal izanen dituzte.

6. Gobernu Batzarrak, betiere, ebazpen bat eman eta hura espedientea irekitzen denetik gehienez ere sei hilabeteko epean jakinarazi beharko du.

7. Gobernu Batzarraren erabakiak gehiengoaz hartuko dira; berdinketak, halakorik izanez gero, lehendakariaren "kalitatezko botoaz" ebatziko dira. Baldin eta proposatzen den zehapena lanbidean jardutea etetea edo elkargotik kanporatzea bada, erabakia hartzeko gutxienez ere Gobernu Batzarreko bi herenen botoa beharko da, zenbaketatik kanpo utzirik errefusatutako kideak edo legez kanpoan geratu direnak.

8. Ebazpenek zehatz-mehatz adieraziko dute ezartzen duten/dituzten zehapena/zehapenak, bai eta zehapen horiek exekutatu behar diren epeak ere; bestela, kasua bada, largespena zehaztuko dute.

9. Instruktoreen ebazpen proposamenek ez dute Gobernu Batzarra lotuko.

76. artikulua. Errekurtsoak.

1. Gobernu Batzarrak emandako ebazpenen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izanen da Kontseilu Orokorrean.

2. Errekurtsoa aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, ebazpena jakinarazten denetik kontatuta.

77. artikulua. Jakinarazpenak.

1. Jakinarazpenak gehienez ere hamar eguneko epean eginen dira, edozein ebazpena ematen den egunetik kontatzen hasita.

2. Jakinarazpen guztietan emandako ebazpenaren testu osoa agertuko da, haren aurka aurkez daitekeen errekurtsoa barne, hori aurkezteko epea, zein organismori aurkeztu behar zaion eta egoitza non duen ere adieraziz. Horretarako, Gobernu Batzarreko lehendakariak eta idazkariak sinaturiko ofizio bat erabili beharko da.

78. artikulua. Zehapenak betearaztea.

1. Zehapenak, behin bide administratiboan irmoak direnean, Gobernu Batzarrak betearazteko moduan egonen dira, ebazpenean adierazten diren terminoetan. Horretarako:

a) Zentzaldi pribatua hitzez eginen du elkargoko lehendakariak, Gobernu Batzarraren aurrean eta zehatutakoa bertan dela.

b) Idatzizko ohartarazpena elkargoko idazkariak eginen du, lehendakariak aginduta.

c) Zentzaldi publikoa Batzar Orokorrean eginen da, eta elkargoko aldizkarian edo bestelako argitalpenetan eta iragarkien oholean ere argitaratuko da.

d) Lanbide jardunaren eteteak berekin ekarriko du haren modalitate guztiak bertan behera utzi behar izatea, etenaldiak irauten duen guztian. Hori betearazteko, beharrezkoa bada, agintari administratiboen laguntza eskatuko da, eta elkargokide guztiei ere jakinaraziko zaie.

e) Elkargoko kanporatzea gauzatzeko zehatuari baja emanen zaio eta elkargokide guztiei eta osasun agintariei emanen zaie horren berri, bidezko eraginak izan ditzan.

f) Isunen kobrantza zehatuari errekerimendua eginda gauzatuko da; hogeita hamar eguneko epea emanen zaio behar den diru kopurua elkargoko kutxan edo zehazturiko banku-kontuan sartzeko.

Epe hori iragan denean, elkargoko lehendakariak, Gobernu Batzarrak erabakia harturik, behar den prozedura judiziala abiaraziko du zorra ordainarazteko.

2. Aurreko idatz-zatiko d) eta e) letretan zehazturiko zehapenen garrantzia dela eta, ukituek, legearen arabera, agintari judizial eskudunari eskatu ahal izanen diote betearaztea eteteko, administrazioarekiko auzi-bideen jurisdikzioak behar den epaia eman arte.

3. Zehapen irmo guztiak zehatuen espedientean jasoko dira.

79. artikulua. Huts-egiteen preskripzioa.

1. Huts-egiteak ondoko epeetan preskribituko dira, zehatu beharreko egitatea gertatzen den egunetik kontatzen hasita, baldin eta diziplina espedientea ez bada hasi:

a) Sei hilabeteko epean, huts-egite arinetan.

b) Bi urteko epean, huts-egite larrietan.

c) Hiru urteko epean, huts-egite oso larrietan.

2. Espedienteari hasiera emateak, betiere, preskripzioa etenen du, salbu eta hilabete baino denbora gehiagoz etenik egon bada ustezko erantzuleari ezin egotz dakizkiokeen arrazoiengatik.

80. artikulua. Huts-egiteak ezeztatzea.

1. Elkargokide guztiek egindako huts-egitearen oharpena ezeztatzeko eskatu ahal izanen dute, baldin eta aurreko artikuluko 1. idatz-zatian adierazitako epeetan ez badu huts egiterik egin.

2. Zehapenak erabat betetzen diren egunetik aurrera zenbatuko dira epeak.

3. Ezeztapena Gobernu Batzarrari eskatuko zaio; hark, artikulu honetako 1. idatz-zatian adierazitako baldintzak betetzen badira, ezeztapena eman beharko du gehienez ere hogeita hamar egun naturaleko epean, eskatzen den egunetik kontatzen hasita.

4. Ezeztapenari ezezkoa ematearen aurka ondoko kapituluan ezarritako errekurtsoak erabili ahal izanen dira.

5. Ezeztapena eman izana lehen zehapenaren berri eman zaien pertsona eta organismo guztiei jakinaraziko zaie.

81. artikulua. Diru zehapenen erabilera.

Ezartzen diren zehapenenetako dirua elkargoko aurreikuspen fondoan sartu beharko dira.

XII. KAPITULUA

Aurkapenak eta errekurtsoak

82. artikulua. Elkargokideek Batzar Orokorraren eta Gobernu Batzarraren egintza, ebazpen eta erabaki oro aurkatu ahal izanen dute, gora jotzeko errekurtsoa erabiliz.

83. artikulua. 1. Gobernu organoen ebazpen, egintza edo erabakiak Batzar Orokorrean aurkatu ahal izanen dira, salbu eta elkargoko organoetatik sorturiko egintza edo erabakien kasuan, baldin eta horiek Administrazioak eskuordeturiko ahalmen eta eskumenen baliatzean ari bada; halakoetan, hain zuzen ere, Nafarroako Gobernuan aurkeztuko dira, Lanbide elkargoei buruzko Foru Legeko 17. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

2. Errekurtso edo aurkapenak hilabeteko epean aurkeztu ahal izanen dira, erabaki edo ebazpena jakinarazi den edo errekurtsoa sortu duten erabaki edo egintzak gertatu diren egunetik kontatzen hasita.

3. Aurkapena arrazoiak emanez ebatzi beharko da, berariaz, eta interesdunari hiru hilabeteko epean jakinaraziko zaio, aurkeztu denetik kontatzen hasita; hori, halere, ez da oztopoa izanen Administrazio publikoen araubide juridikoari eta administrazio prozedura erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoa aplikatzeko.

84. artikulua. Baldin eta ebazpenean aurkapena ezetsi egin bada, interesdunak administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izenen du, Administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean ezarritakoari jarraituz.

85. artikulua. 1. Ebazpen guztien jakinarazpena pertsonalki edo posta ziurtatuaz, jaso-agiriarekin, eginen da, eman diren egunetik hamar egun balioduneko epean.

2. Jakinarazpen guztiek ondokoak jaso beharko dituzte, nahitaez:

a) Aipatzen duen egintza, ebazpen edo erabakiaren kopia hitzez hitzeko eta osoa; halaber, bide administratiboan behin betikoa den ala ez adierazi beharko da.

b) Bidezkoa den errekurtsoa.

c) Errekurtso hori aurkezteko epea.

d) Errekurtsoa zein organotan aurkeztu behar den eta organo horrek egoitza non duen.

XII. KAPITULUA

Elkargoaren argitalpenak

86. artikulua. Elkargoak berrien aldizkari bat argitaratuko du, komunikazio organo gisa; nahi diren atal guztiak izanen ditu, baina horietako batek leku eman beharko die elkargokideen beren iritziak emateko.

87. artikulua. Elkargokideek iritzia emateko atalak gutxienez ere argitalpenaren 100eko 10 hartuko du, horretarako behar adina testu baldin badago.

88. artikulua. Berri emateko aldizkaria Gobernu Batzarreko kide baten mende egonen da; kide hori Gobernu Batzarrak berak izendatuko du, eta behar diren langile teknikoen laguntza izanen du. Hori, halere, ez da oztopoa izanen idazkariak ere erantzukizuna izateko informazio puntual bat izateko beharrezko zirkularrak bidaltzeko eginkizunean.

89. artikulua. Gobernu Batzarrak elkargokideen gaurkotze, hezte eta informatze hobeak sustatzeko beharrezko edo egoki jotzen dituen lanak argitaratu eta banatzea onetsi ahal izanen du, bai eta lanbide sustatu eta defendatzeko behar direnak ere.

90. artikulua. Argitalpen guztien administrazio ekonomikoa diruzainaren ardura izanen da.

XIV. KAPITULUA

Obra sozialak eta aurreikuspenekoak

91. artikulua. Egun dauden zerbitzu sozial eta aurreikuspenekoak gaurkotu eta haiek mantentzeko, eta beste batzuk sor daitezen bultzatzeko, Gobernu Batzarrak obra sozialei eta aurreikuspeneko obrei buruz aholku emateko batzorde bat eratu ahal izanen du.

92. artikulua. Batzorde hori bost elkargokidek osatuko dute, eta Gobernu Batzarreko diruzainak koordinatuko du. Batzordeak lan eraginkorra egiteko beharrezko jotzen dituen baliabide guztiak eskatu ahal izanen ditu; bestalde, bere lanari buruzko urteko txosten bat aurkeztu beharko dio Gobernu Batzarrari.

93. artikulua. Gobernu Batzarrak, betiere, heriotzagatiko edo zahartzarorako laguntza fondoen hobetzea bilatuko du; haiei buruzko erregelamenduak Batzar Orokorraren erabakiz baizik ezin izanen dira aldatu.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

1. Estatutu hauek indarrean sartzerakoan tramitatzeko dauden espedienteek hasi zirenean indarra zuten arauen araberako tramitazioa izanen dute.

2. Aurreko xedapenak aipatzen dituen espedienteetan ematen diren ebazpenen aurkako errekurtsoak aurkezten direnean indarra duten arauen arabera eginen dira.

3. Elkargo honetako Gobernu Batzarrerako hurrengo hauteskundeak, Estatutu hau onetsi eta indarrean sartu ondoren, Gobernu Batzarreko kargu eta mahaikidetza guztiak betetzeko deituko dira, Estatu honetan ezarritakoari jarraituz.

4. Estatutu hauetan aipaturiko korporazio-organismoetan edo lege-arauetan aldaketarik gertatuz gero, kasuan kasuko artikuluak, hala behar izanez gero, haiek ordezten dituztenei edo haien eskumenak hartzen dituztenei buruzkoak direla ulertu beharko da.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra.-Indarrik gabe gelditzen dira Farmazialarien Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiak 1957ko abenduaren 2tik 6ra bitarteko bilkuretan onetsitako Farmazialarien Elkargo Ofizialeko Erregelamendua eta hura aplikatzeko onetsitako Barne Araubideko Erregelamenduak.

AZKEN XEDAPENA

Estatutu honek onetsi eta hilabeteko epean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta bateko irailaren hogeita zazpian.

Iragarkiaren kodea: