39. ALDIZKARIA - 2002ko martxoaren 29a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

FORU AGINDUA, 2002ko martxoaren 11koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, 2002ko kanpainan produkzio integratua eta produkzio ekologikoa sustatzeko laguntza berririk ez ematea erabakitzen duena.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak 2001eko abenduaren 27an foru agindu bat emanen zuen nekazaritzako zenbait produkturi azaleragatik ordaindu beharrekoari, nekazarien primei, nekazaritza eta inguramen arloetako laguntzei eta eskualde behartsu batzuk konpentsatzeko kalteordainari buruz. Foru Agindu hartan arautu egin ziren 2002ko kanpainan produkzio integratua eta produkzio ekologikoa sustatzeko laguntzak.

Foru Agindu horren 13. artikuluak baldintza batzuk jartzen ditu eskabide berriei laguntzak emateko, hala nola, aurreko urteetan dirulaguntzen onuradun izan direnek azalerak handitzea, 2002. urterako Gastuen Aurrekontuan horretarako dirua egotea eta datozen ekitaldietan urte bat baino gehiagotarako gastua egiteko baimena egotea. Bestetik ezartzen du dirulaguntza berriak emateko irizpideetan lehentasun batzuk ezarriko direla.

Gastuen Aurrekontuan nekazaritako ingurumeneko kontusailean zenbat diru dagoen jakinda, 2001eko aurrekontua 2002rako luzatu baita, begibistan da kontusailari esleitutako diru kopurua ez dela aski 2001eko eta aurreko kanpainetako eskabideen ondoriozko gastu guztiak estaltzeko. Beraz, ezin da onartu gastu-konpromiso gehiago, ezin baita jakin aldez aurretik gastu handi hori zenbatekoa den.

Bestetik, Europako Batzordeak argibideak eskatu ditu, eta aldaketak egitea nekazaritzako ingurumeneko dirulaguntzen araubidean, oraindik itxi gabe baitaude. Beraz, halako egoera batean dirulaguntza gehiago emateak segurtasun falta ekarriko luke lege kontuetan eta finantza-ondorio kaltegarriak ekar liezazkioke Foru Komunitateari.

Horiek ikusita, beharrezkoa da dirulaguntza berririk eman ez dadila agintzea, eskatzaile berriei kalte gehiago ez egiteko asmoz.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36.2 artikuluaren bidez esleitu zaizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak ez du nekazaritzako ingurumeneko dirulaguntzarik emanen, produkzio integratua eta produkzio ekologikoa sustatzeko, 2002. kanpainan dirulaguntza horiek lehenbiziko aldiz eskatzen dituztenei, ezta aurreko urteetan dirulaguntza jasorik azalera handitzeko konpromisoaren truke laguntza eskatzen dutenei ere.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Indarrik gabe utzi dira Foru Agindu honetan ezarritakoari kontra egiten dioten maila bereko xedapen guztiak.

Bigarrena.-Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko martxoaren hamaikan.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Fernández Alfaro.

Iragarkiaren kodea: A0202873