39. ALDIZKARIA - 2002ko martxoaren 29a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

234/2002 EBAZPENA, martxoaren 4koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana, 2002ko otsailaren 28an Gobernu Batzordeak onetsitako Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Urrezko Domina Zaragozako Unibertsitateari ematekoa, argitara dadila agintzen duena.

Martxoaren 13ko 68/95 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Unibertsitateko Estatutuen 40. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, 2002ko otsailaren 28an Gobernu Batzordeak hartutako Erabakia argitara dadila agintzen da:

NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAREN URREZKO DOMINA ZARAGOZAKO UNIBERTSITATEARI EMATEKO ERABAKIA

Gobernu Batzordeak 1997ko urtarrilaren 20an hartutako Erabakiaren bidez Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Urrezko Domina eratu eta emateko erregelamendua onetsi zen.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Urrezko Domina emanen zaie nazioan edo nazioartean zientziaren arloan, letretan, ikerkuntza zientifikoan, irakaskuntzan, sorkuntza artistikoan, kirolean eta giza esparruan itzal handia duten pertsona ospetsuei eta, orobat, Nafarroako Unibertsitate Publikoari aparteko zerbitzuak eman dizkioten pertsona edo entitateei.

Aipatu Erabakiak Domina emateko baldintzak eta prozedura ezartzen ditu, eta hautagaiak aurkezteko eskumena esleitzen die Unibertsitateko errektoreari, Departamentuetako zuzendariei eta Fakultateetako dekanoei nahiz Eskoletako zuzendariei.

Urrezko Domina emateko Erabakia Gobernu Batzordeak hartuko du eta kideen erabateko gehiengoa beharko da onespena emateko.

Unibertsitatea sortu zenetik hamabost urte pasatu diren honetan, komenigarria eta bidezkoa da Zaragozako Unibertsitateak Nafarroako goi mailako irakaskuntzan bete duen eginkizun historikoa errekonozitzea, Nafarroa bere unibertsitate-esparrukoa izan baita XIX. mendeko lehenbiziko erdiaz geroztik. Unibertsitate hartako parte izan ziren, edo hari atxikiak egon ziren, goi mailako ikastetxe publiko gehienak, bereziki Foru Diputazioak bultzatu eta sortutakoak, horietako batzuk XIX. mendean edo XX. mendearen hasieran.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak erroak ikastetxe haietan ditu, 1987. urtean horiek denak bildu baitzituen eta gero beste irakaskuntza batzuk gehitu. Une hartan Zaragozako Unibertsitatearen laguntza jaso zuen, eta harrezkeroztik lankidetza hori estutuz joan da Nafarroako Unibertsitate Publikoa zein Zaragozakoa Unibertsitateen 7. taldeko kide direnetik.

Unibertsitateko errektoreak Gobernu Batzordeari igorri dio, eztabaida dezan, Urrezko Domina Zaragozako Unibertsitateari emateko proposamena.

Gobernu Batzordeak aitortzen du Zaragozako Unibertsitateak laguntza paregabea eman duela Nafarroan azken bi mendeotan irakaskuntza unibertsitarioaren eskaintza publikoa gauzatu dadin, eta aportazio eskuzabala eskaini zuela Nafarroako Unibertsitate Publikoa jaio eta antola zedin. Nabarmentzen du, bestetik, bi erakundeen artean orduz geroztik izan den lankidetza.

Horren ondorioz, bidezko deritzo Urrezko Domina emateari, hori delako Nafarroako Unibertsitate Publikoari aparteko zerbitzuak eman dizkion entitate bati esker ona adierazteko modurik egokiena.

Hori dela eta, Unibertsitateko errektoreak proposatuta, Gobernu Batzordeak, 2002ko otsailaren 28ko bilkuran batzordekideek gaia aztertu ondoren,

ERABAKI DU:

Lehenbizikoa.-Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Urrezko Domina Zaragozako Unibertsitateari ematea.

Bigarrena.-Domina Unibertsitatearen eguna ospatzen denean eman dakiola gomendatzea, 2002ko apirilaren 19an hain zuzen.

Hirugarrena.-Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Iruñean, bi mila eta biko martxoaren lauan.-Errektorea, Antonio Pérez Prados.

Iragarkiaren kodea: A0202654