39. ALDIZKARIA - 2002ko martxoaren 29a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

39/2002 FORU AGINDUA, martxoaren 14koa, Osasun kontseilariak emana, profesionalei osasun-zientzietan prestatzeko emanen zaizkien laguntzetarako deialdia onesten duena 2002. urterako.

Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko erregimen orokorra arautzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeak (1997ko ekainaren 20ko 74. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa) ezarritakoari jarraituta, bidezkoa da osasun zientzietan prestatzeko laguntzetarako deia egitea 2002. urterako.

Deialdi honen xedea da laguntza ekonomikoak ematea osasun-zientzien arloko prestakuntza jardueretan parte hartzeko, 2001eko deialdiaren ondotik eginikoetan hain zuzen ere. Laguntza motak honakoak dira: prestakuntzarako bekak, bidai poltsak eta osasun zientzietara aplikatutako hizkera teknikoak ikasteko laguntzak.

Deialdi honek aukera berberak bermatzen dizkie interesa duten pertsonei; deialdiak, era berean, bermatu egiten du laguntzak irizpide objektiboei jarraikiz eta hurrengo lehentasunen arabera emanen direla: Nafarroako osasun sistemako profesionalen ezagupenak berritu eta trukatzeko beharren eta eskaeren arabera, eta ikerkuntzarako gaitasuna sustatzeko beharren arabera.

Horrenbestez, ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 5. artikuluak eman dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Osasun-zientzien arloko prestakuntza jardueretan -2001eko deialdia itxi ondotik hasitako jardueretan eta 2002. urtean zehar eginikoetan- parte hartzeko, profesionalei laguntza ekonomikoak emateko deialdia onestea.

2. Emanen diren laguntza motak honakoak dira:

1) Prestakuntzarako bekak:

Horien xedea da ondoko sailetan bilduriko jarduerak egiteagatik sortzen diren gastuak osorik edo zati batean berdintzea:

A erakoa.-Hilabete batetik gorako egonaldiak izen handiko entitate nazional edo nazioartekoetan, teknologia berrien gaineko ezagupenak hartzeko edo Foru Komunitatean dauden zentro edo erakundeetako proiektuekin bat datozen ikerketa-bideetan laguntzeko edo egonaldian osasun prestakuntza espezializatuko programa osatzeko.

B erakoa.-Ezagupenak eguneratzeko ikastaroak, eskatzaileak duen lanarekin zerikusirik izan eta lan egiten duen zentro edo erakundearentzat interesgarriak badira. Horrelako prestakuntza-aldiak hilabetekoak izanen dira gutxienez. Ez da laguntzarik emanen graduatuondoko tituluak edo ziurtagiriak eskuratzeko, entitate publiko edo pribatuek luzatuak, espezializazio ikastaroetarako (master, aditu edo antzekoetarako) badira edo ofizialki lanean aritzeko gaitasuna ematen badute.

C erakoa.-Hilabete batetik seira bitarteko egonaldiak Osasun Departamentuaren menpeko zentro edo unitateetan, garapen bidean dauden herrialdeetatik etortzen diren osasun arloko profesionalentzat.

2) Bidai poltsak.

Horien xedea da ondoko sailetan bilduriko jarduerak egiteagatik sortzen diren gastuak osorik edo zati batean berdintzea:

D erakoa.-Eskatzailea ari deneko zentro edo erakundearen jardunbideekin bat datozen instituzioetan egonaldiak, hilabetetik beherakoak, egonaldiko osasun prestakuntza espezializatuko programaren ondoriozkoak barne.

E erakoa.-Hilabetetik beherako iraupena duten ikastaroak, betiere eskatzailearen lanarekin zerikusia izan eta berak zerbitzua ematen duen zentro edo erakundearentzat interesgarriak badira.

F erakoa.-Kongresu eta bilera zientifikoetara joatea, eskatzaileak, horietan, ekarpen zientifikoekin parte hartzen baldin badu.

3) Hizkera teknikoak ikasteko laguntzak.

G erakoa.-Horien xedea da hizkera teknikoetako ikastaroek (ingelesa, frantsesa eta alemana) eragindako gastuen zati bat berdintzea; ikastaro horiek ikastetxe baimenduetan eginen dira, eta osasun-zientzien arloan aplikagarri izanen dira ikasitakoak. Laguntza, betiere, 8.2. idatz-zatian aipatutako mailetako bakar baterako emanen da.

3.-Eskatzaileak.

Deialdi honetan aipatzen diren laguntzak hurrengoek eskatu ahalko dituzte: Nafarroako Foru Komunitatean kokatutako osasun zentro edo erakundeetan, publiko zein pribatuetan, zerbitzu ordainduak ematen ari direnek, baldin eta zentro edo erakunde horiek Osasun Departamentuarekin edo beronen erakunde autonomoekin lankidetza hitzarmenak badituzte sinatuta.

Halaber, bidai poltsak eskatu ahalko dituzte Osasun Departamentuak diruz lagundutako ikerketa proiektuetan modu iraunkorrean ari diren profesional kontratatuek; orobat, aipatutako departamentuak finantzatutako ikerketa-bekadunek eska ditzakete bidai poltsak atxikita dauden proiektuari loturiko jardueretarako, Osasun Zientzietako Ikertzaileak Sustatzeko Laguntzen Programan badihardute.

C erakoaren kasuan, ezinbestekoa izanen da eskatzaileen zerbitzu edo prestakuntza tokia garapen bidean dauden herrietako osasun zentro edo erakundeak izatea, eta zentro horiek Osasun eta Kontsumo Ministerioak ezarrita dituen baldintzak betetzea.

4.-Eskaerak.

1. Eskaerak Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean (Karlos III.a etorbidea, 2, Iruña) edo Osasun Departamentuko Osasunaren Irakaskuntza, Ikerketa eta Garapen Zerbitzuan (Irakaskuntza pabilioia, Nafarroako Ospitalea) aurkeztu beharko dira.

Eskaerarekin batean honako agiri normalizatuak aurkeztu beharko dira: 1.a (Interesdunaren eskaera), 2.a (Eskatutako prestakuntza jardueraren funtsa eta azalpena), 3.a (Zentro edo erakundeko zuzendariak emandako ziurtagiria, non eskatzaileak zentro edo erakunde horrekiko duen egoera administratiboa azalduko baita; eta, orobat, bidaia egiteko propio emaniko baimena, jarduerak hori beharrezkoa egiten duenean), 4.a (G erakoan izan ezik, jarduera zenbateraino den bidezkoa eta interesgarria azaltzen duen txostena, Irakaskuntza Batzordeak edo, batzorderik ez bada, zentroko zuzendaritzak sinatua), 5.a (Aurrekontua, xeheki emana) eta 6.a (eskatzailaren NANaren fotokopia).

Horiez gainera, zein eratakoa den, honako agiriak aurkeztu beharko dira:

A, C eta D eratakoak:

-Curriculum vitae laburra, eskatutako egonaldiari buruz kontu interesgarrienak biltzen dituena.

-Egonaldiko jardueren programa zehatza.

-Egonaldia egin behar deneko entitatearen adostasun agiria.

-Osasun prestakuntza espezializatuko programako egonaldietan, Irakaskuntza Batzordearen baimena, eta Osasun eta Kontsumo Ministeriora igorritako jakinarazpenaren kopia.

B, E eta G erakoak:

-Ikastaroaren programa.

-Inskripzio gastuak edo matrikula ordaindu izanaren egiaztagiria.

F erakoa:

-Jardueraren programa ofiziala.

-Inskripzio gastuak edo matrikula ordaindu izanaren egiaztagiria.

-Ekarpen zientifikoaren laburpena.

-Ekarpen zientifikoaren onarpen egiaztagiria.

Agiri normalizatuak eskuratzen ahalko dira Osasun Departamentuko Zuzendaritza Nagusian (Iruñeko Amaia kaleko 2-An), Osasun Irakaskuntza, Ikerketa eta Garapen Zerbitzuan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun zentroetan eta www.cfnavarra.es/salud/docencia.investigacion webgunean.

Orobat, kasu guztietan, eskatzailearen nortasun agiriaren fotokopia ere erantsiko da.

2. Deialdi honetako dirulaguntza eskatzeak oinarri hauek guztiak onartzea ekarriko du.

3. Aurkezturiko datuak egiazkoak ez badira edo faltsutzen badira, zehapenak jarri ahalko dira, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko erregimen orokorra arautzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 27. artikuluan eta ondokoetan ezarritakoari jarraikiz.

5.-Eskaerak aurkezteko epea.

1. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera aurkeztu ahalko dira eskaerak 2002ko irailaren 30era arte. Eskaerak, betiere, jarduera hasi baino lehen aurkeztu beharko dira, honako kasuotan izan ezik:

Jarduerak 2001eko deialdia itxi ondotik hasi badira eta foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu aurretik; kasu horietan, eskaerak 2002ko apirilaren 30a baino lehen aurkeztu ahalko dira.

2. Eskaerak aipatu baldintzak betetzen ez baditu, Osasunaren Irakaskuntza Atalak errekerimendua eginen dio interesdunari, gehienez ere hamar egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzan, eta jakinaraziko dio, zuzendu ezean, bere eskaera ezetsi eta artxibatuko dela besterik gabe.

3. Irakaskuntzaren Atalak, ofizioz, deildi honetako 1, 3 eta 5. idatz-zatiekin bat ez datozen eskabideak baztertzen ahalko ditu. Halaxe jakinaraziko zaie interesatuei. Horiek erreklamazioa aurkezten ahalko dute Osasun Departamentuko Zuzendaritza Nagusian.

6.-Batzorde teknikoa.

1. Eskaerak aztertu, baloratu eta laguntzak emateko proposamena egiteko batzorde tekniko bat osatuko da; Osasun Departamentuko zuzendari nagusiak izendatuko du batzorde hori. Batzordekide izanen dira laguntzen kudeaketari loturiko hiru pertsona eta Nafarroako Osasun Sistemako Irakaskuntza Batzordeetako lau pertsona.

2. Esleitzen zaizkion eginkizunak aurrera eramateko, batzorde teknikoak, egin gogo den jardueraren inguruan, nahi beste egiaztapen egin ahalko ditu, eta jarduera horri buruzko dokumentazioa aztertzeko bidea ere izanen du.

3. Batzorde horren proposamena loteslea izanen da, ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 5.3. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

7.-Laguntzak emateko irizpideak.

Laguntza ekonomikoak banatzeko, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

-Nafarroako Osasun Sistemako langileek beren lanpostuarekin loturiko prestakuntza jardueretan parte hartzera sustatzea, Nafarroako osasun zerbitzuen kalitatea hobetzeko.

-Prestatzeko bidea ematea Nafarroako Osasun Sistemako profesional, zentro, erakunde eta zerbitzu gehienei.

-Eten gabeko prestakuntza jarduera kalitatekoa egiteko laguntza ematea.

-Eten gabeko ikerkuntza eta prestakuntza egiteko taldeak sortu eta mantentzeko bideak irekitzen laguntzea.

-Aurreko irizpideak nahikoa ez direnean, lehentasuna eman lanpostuaren jabe izateari eta eskatzaileak Nafarroako osasun sisteman duen antzinatasunari.

-Osasun prestakuntza espezializatuko programak egiten laguntzea.

8.-Mugapenak.

1. Bidai poltsarako laguntza emanen zaio (F erakoa), bakar- bakarrik, bilkura, biltzar eta abarretan ekarpen zientifikoa aurkezten duen pertsonari eta, ezezaguna bada, ekarpenaren lehenbiziko sinatzaileari, zuzenean parte hartu behar duela egiaztatuz gero.

2. Hizkera teknikoetarako laguntzak (G erakoa) hurrengo mailetarako soilik izanen dira: oinarrizko maila, tarteko maila eta goiko maila. Aldiz, ez da laguntzarik izanen hasi berrien maila eta hizkuntza menderatzen dutenen mailarako.

3. Egonaldiak Nafarroatik kanpo egiten direnean bakarrik emanen dira laguntzak osasun prestakuntza espezializatuko programako egonaldietarako.

9.-Laguntzen zenbatekoa.

Laguntzek osorik edo zati batean berdinduko dituzte inskripzio edo matrikulazioak eragindako gastuak, bai eta joan- etorriak, ostatuak eta mantenuak eragindakoak ere. Laguntza horien zenbatekoa kalkulatzeko, Irakaskuntza Atalak zehazten dituen irizpide ekonomikoei jarraituko zaie, aurrekontuko ahalbideen arabera betiere.

Hizkera teknikoei buruzko prestakuntza jasotzeko laguntzei dagokienez (G erakoa), ikastaroen tarifen % 50 berdinduko du emaniko laguntzak, eta, gehienez ere, 345,58 euro eginen du.

Ematen den laguntza izanen da onuradunak jaso dezakeen diru- kopururik handiena.

10.-Laguntzak ematea.

1. Laguntzak Osasun Departamentuko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez emanen dira, Batzorde Teknikoaren proposamenari jarraikiz. Urtean zehar bi proposamen eginen dira: batean, apirilaren 30era arte jasotako eskaerak sartuko dira, eta, bestean, egun horretatik irailaren 30era bitartean jasotakoak.

2. Urte baterako baino gehiagorako laguntzak direnean, laguntza ematen duen ebazpenak ezarriko du 2003. urteari dagokion zenbatekoa, baldin eta, betiere, aurrekontuan horretarako dirurik baldin badago.

3. Eskaerak aurkezten direnetik sei hilabete igarotzen badira ebazpen espresurik eman gabe, eskaera ezetsi dela ulertu behar da.

4. Ebazpenaren jakinarazpena banan-banan eginen zaie interesdun guztiei, nahiz eta onuradunen zerrenda osoa Osasunaren Irakaskuntza, Ikerketa eta Garapen Zerbitzuaren iragarki-oholean jartzen ahal den.

11.-Laguntzen ordainketa eta likidazioa.

1. 2002ko Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ordaintzen den prestakuntzarako beka oso-osorik aurreratuko da, jarduera zehatz-mehatz noiz hasiko den berretsitakoan hain zuzen. 2003 ekitaldiko aurrekontuaren kargura hitzartutako zenbatekoak 2003ko Nafarroako Aurrekontu Orokorrak indarra hartutakoan ordainduko dira.

2. Ematen diren laguntzak justifikatzeko, prestakuntza beken onuradunek jarduera amaitu eta hurrengo hilabetearen barruan, Osasun Departamentuko Irakaskuntza Atalera igorri beharko dute oroit-idazki bat, 10 orrikoa gehienez ere, eta, horrekin batera, jarduera egin izanaren ziurtagiria, gastuen egiaztapena eta laguntzaren barne sar daitezkeen gastuen zerrenda zehaztua, eurotan emana.

A eta C erako dirulaguntzetan -hilabete batetik seira bitarteko egonaldiak- onuradun bakoitzari aitorturiko dirulaguntzak bi atal ditu: bidaia eta egonaldia. Eginiko bidaia ordaintzeko, hurrengo 5. puntuan ezarritakoari jarraituko zaio. Egonaldia ordaintzeko, berriz, egonaldia zenbatekoa izan den egiaztatu beharko da; ez da beharrezkoa izanen inongo gasturik egiaztatzea, zenbateko berbera jasoko baitute onuradun guztiek, ezarritako irizpide ekonomikoen arabera.

3. Bidai boltsetarako laguntzen kasuan, Irakaskuntza Atalean hurrengo agiriak aurkeztu eta gero eginen dira ordainketa eta likidazioa: jarduera egin dela egiaztatzen duen agiria, gastuen egiaztapena eta laguntzaren barne sar daitezkeen gastuen zerrenda zehaztua, eurotan emana.

4. Hizkera teknikoak ikasteko laguntzei dagokienez, ordainketa eta likidazioa egiteko ikastaroa aprobetxagarria izan dela frogatzen duen agiria eskatuko da; agiri horretan, kasuan kasuko hizkuntza eskolak egiaztatuko du ikasle horrek gainditu duela matrikulako maila.

5. Kasu guztietan, gastuak egiaztatzeko -matrikulazio edo inskripzio, ostatu, mantenu eta joan-etorrietako gastuak egiaztatzeko, alegia- jatorrizko fakturak aurkeztu beharko dira, salbu eta bidaia norberaren autoan egin bada. Azken kasu horretan, onuradunaren aitorpen sinatua beharko da, bai eta erabilitako ibilgailuaren matrikula aipatu ere; likidaziorako, kilometroen zenbaketa Nafarroako Gobernuak erregelamendu bidez araututako moduan eginen da.

6. Ordainketa Irakaskuntza Atalak eginen du, ezarritako baldintzak bete ondoren.

7. Egiaztagiriak Irakaskuntza Atalean aurkezteko azken eguna 2002ko abenduaren 15a izanen da.

12.-Konpromiso osagarriak.

1. Zentroko zuzendaritzak dei egin diezaieke dirulaguntzen onuradunei ikasitakoa beste profesional batzuei azal diezaieten.

2. Jardueraren dokumentazioa onuradunak zerbitzuak ematen dituen zentroaren esku geldituko da.

13.-Baldintzak ez betetzea.

Diruz lagundutako jardueraren baldintzak oro edo baten bat ez betetzeak berarekin ekarriko du jasotako dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli beharra eta, horrez gain, dirulaguntza ordaindu zenetik aurrerako berandutza korrituak, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko erregimen orokorra arautzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 21. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Osasunaren Irakaskuntza, Ikerketa eta Garapen Zerbitzuak onar dezake justifikatuta dauden aldaketak egitea jardueran, onuradunak eskatuz gero, dirulaguntzaren xede den jardueraren baldintzak funtsean aldatzen ez badira.

14.-Bateragarritasuna.

Dirulaguntza hau bateragarria izanen da bestelako dirulaguntza edo laguntza batzuekin. Instituzioek edo erakundeek proiektu edo programa bererako emanikoa, guztira, ez da inola ere proiektu edo programa horren guztizko kostua baino handiagoa izanen.

Aurreko paragrafoan ezarritakoari dagokionez, dirulaguntzen onuraduna behartua dago helburu bererako beste erakunde edo entitateetatik jasotako dirulaguntzen berri ematera, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko erregimen orokorra arautzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 8. artikuluaren 2 d) artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

15.-Laguntzen finantzazioa.

1. Deialdi honetako dirulaguntzak finantzatuko dira 2002rako luzatutako 2001eko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako 512001- 51310-4809-413100 kontusaileko "Ikasketak sakontzeko laguntzak" izeneko kontusailaren kargura eta 2003ko Gastuen Aurrekontuetan dagokion kontusailaren kargura.

2. Urte baterako baino gehiagorako jarduerak badira, zilegi izanen da hurrengo ekitaldietan ere gastu-konpromisoa hartzea, 2001eko Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 29ko 19/2001 Foru Legearen 33.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

16.-Aplikatu beharreko beste arau batzuk.

Deialdi hau Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko erregimen orokorra arautzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeari jarraikiz eginen da. Lege horrek zuzendu eta osatzen du deialdi honen edukia.

17.-Errekurtsoak.

Deialdi honen eta duen eranskinaren aurka bidezko izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitara eman eta hilabeteko epearen barruan, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz (lege hori ekainaren 13ko 4/2001 Legeak aldatu zuen).

18.-Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta biko martxoaren hamalauan.-Osasun kontseilaria, Santiago Cervera Soto.

Iragarkiaren kodea: A0202854