39. ALDIZKARIA - 2002ko martxoaren 29a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

FORU AGINDUA, 2002ko otsailaren 18koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, "Lodosako pikillo piperra" jatorrizko deituraren eta haren Kontseilu Arau-emailearen Erregelamendua aldatzen duena.

"Lodosako pikillo piperra" Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arau-emaileak bere Erregelamenduaren 18.2 artikulua aldatzea eskatu du. Erregelamendu hori 1987ko maiatzaren 4ko Foru Aginduaren bidez onetsi zen eta 1987ko maiatzaren 8ko Aginduaren bidez Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak berretsi zuen.

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak, nekazaritza, abeltzaintza eta mendien arloetako transferentziak Nafarroako Foru Komunitatearen esku uzteko abenduaren 18ko 2654/1985 Errege Dekretuan finkatutako aurretiazko kontsulta-aldian, ikusi du egoki litzatekeela erregelamenduaren 3. artikulua ere aldatzea. Horrenbestez, orain arteko testua artikulu berriaren lehenbiziko atala litzateke, eta bi atal gehiago gehituko litzaizkioke, erregelamenduaren testua EN-45011 arauak ezarritakoari egokitzeko.

Ikusirik, orobat, Nekazaritzako Elikagai Industrien eta Elikaduraren Zerbitzuaren adostasun txostena eta Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36.2.b) artikuluak eman dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra.-"Lodosako pikillo piperra" jatorrizko deituraren eta haren Kontseilu Arau-emailearen Erregelamenduaren 3. eta 18.2 artikuluak aldatzea.

A.-3. artikuluaren aldaketaren ondorioz, orain arteko testua 1. atala izatera pasako da eta artikuluari beste bi atal erantsiko zaizkio, honako hauek alegia:

"2. Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak Kalitatearen Esku-liburua onetsiko du. Esku-liburu hori Kontseilu Arau-emaileak prestatuko du, "Produktuen egiaztapena egiten duten erakundeei buruzko irizpide orokorrak" izeneko EN-45011 Araua aplikatuz, eta inskribaturiko guztien eskura izanen da.

3. Kontseilu Arau-emaileak Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari igorriko dizkio inskribaturikoen betebehar eta eskubideak ukitzen dituzten erabakiak, onets ditzan."

B.-18.2 artikuluaren testua honela geldituko da:

"2. 12. artikuluan azaltzen diren Erregistroetan inskribaturik dauden prestaketa instalazioetan onartuko da Jatorrizko Deituraren barrenean ez diren eskualde, herri edo landaketetatik datozen pikillo piperrak, freskoak edo ontziratuak, sartzea, manipulatzea, prestatzea, biltegiratzea eta merkaturatzea, Kontseilu Arau-emaileari jakinarazten bazaio, eta betiere Izendapena hartzeko eskubidea duen pikillo piperrarekin nahastea saihesteko moduan. Kontseilu Arau-emaileak kasu horietarako arau orokorrak ezarriko ditu Kalitatearen Esku-liburuan eta arauok egoki betetzen direla begiratuko du."

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Nekazaritzako Elikagai Industrien eta Elikaduraren Zerbitzuari baimena ematen zaio Foru Agindu hau Nekazaritza, Abeltzaintza eta Arrantza Ministerioko Kalitatezko Izendapenen eta Lanbidearteko eta Kontratu bidezko Harremanen Zuzendariordetza Nagusiari igortzeko, haren berri izan eta berretsi dezan, Estatuko Administrazioak Espainian eta nazioartean sustatu eta defendatzearen ondorioetarako.

Bigarrena.-Foru Agindu hau "Lodosako pikillo piperra" Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arau-emaileari jakinaraztea.

Hirugarrena.-Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko otsailaren hemezortzian.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: A0202016