39. ALDIZKARIA - 2002ko martxoaren 29a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

246/2002 FORU AGINDUA, otsailaren 13koa, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana, Orkoiengo Arau Subsidiarioak Mendikur etxibizitzetarako sektorean aldatzeko espedientea, Udalak sustatua, behin betikoz onesten duena.

Orkoiengo Udalak idazpuruan zehaztutako espedientea aurkeztu du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan, behin betikoz onets dezaten.

Espedientea ebazteko, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak txostena egin du, ondoko zehaztapen hauek biltzen dituena:

1. Iruñerriko E.H.A.etara egokitzea.

Jendaurrean paratutako E.H.A. proiektuko agirietan (AB.98) etxebizitzetarako eremu bat planteatzen zen Los Altos de Orcoyengo goi-ordoki osoan (18-D planoa).

Egun indarra duten Eskualdeko Hirigintza Arauetako agirietan (99ko ekaina), alde hori ez da eskualde mailako etxebizitzetarako eremutzat hartzen (5.4. puntua), baina ondoko hau ezartzen da (5.2 puntua):

"Eskualdean etxebizitzarako erabileraren garapena ez da mugatuko etxebizitzetarako alde deituetara. Izan ere, alde horietan bestelako eskuhartzeak burutu ahal izanen dira, tokian tokiko ekimenetatik sortuak, eta gune bakoitzaren dinamikak berekin dakartzan hazkundeak gauzatu ahal izanen dira."

Gainera, jarduteko irizpide orokor (5.3. puntua) edo baldintza osagarri hauek finkatu ziren, besteak beste:

"Etxebizitzetarako aldeen antolaketan aintzat hartuko dira tokian tokiko ezaugarri bioklimatikoak, beste irizpideen aplikazioak hori egitea eragozten ez badu. Hartara baliabideak zentzuz aprobetxatu ahal izanen dira eta energi eta mantenimendu kostuak gutxitu eginen dira.

Behar izanez gero (etxebizitzetarako aldearen kokaera dela-eta), bazter edo paisaje hondatuak lehengoratzeko egokiera aprobetxatuko da.

Garrantzi handi samarra duten ekimenetan, etxebizitzetako batzuk babes publikoko araubideren batean jarriko dira.

Bai garraio kolektiboa eta bai oinarrizko hiri zerbitzuak, hala nola, zabor-bilketa, babes zibila eta horrelakoak, etxebizitzetarako alderaino iritsiko direla bermatu behar da.

Etxebizitzetarako aldea garatzearekin batera sarbideak eta azpiegiturak sortu edo berriztatu behar dira, haren ezarpenak sortarazten dituen beharrizanak asetzeraino."

Bestalde, 5.5 puntuan (Lehendik dauden biztanleguneen hazkundea) ondoko jarduketa hauek ezartzen dira Orkoiengo gunearentzat:

"Biztanleria halako neurrian hazi behar da non ekipamendu maila egokia berez sortarazi ahal izateko adinakoa izanen baita, auzoko herriek haren beharrizanak betetzeko ardura hartu beharrik izan ez dezaten.

-Burutu beharreko azpiegitura orokor guztiak dena-delako ekimenaren kontura burutuko dira.

-Hala ere, hirigintza-bitartekoak onesteko orduan aintzat hartu ahal izanen da, baita ere, gizartearen onurari begira, babes publikoko araubideren batean etxebizitzak sustatzeko aukera, sustapen publiko nahiz pribatuetan edo Nafarroako Gobernuak lurzoruari eta etxebitzari buruz darabilen politikaren babespean.

-Era berean, aintzat hartu behar dira onuragarriak izan daitezkeen berrikuntza teknologikoak eta ingurugiroaren arlokoak. Bide horretan, besteak beste, etxebizitza bioklimatikoak eraiki litezke.

-Etxebizitzetarako alde berri horietan, garraio publikoa antolatzeko sistemaren bat aztertu behintzat egin behar da, eta beharrezkoa den kasuetan bermatu ere bai.

-Halaber, bermatu egin behar da oreka administratiboa, alegia, herriko administrazioak etxebizitzetarako alde berriaren beharrizanei eutsi ahal izango diela eta etxebizitzetarako aldearen ezarpenak ukitzen dituen udalek ez dutela ondorio txarrik jasango."

Laburbilduz, E.H.A.en barrenean, posible da proposatutako hirigintza-garapena gauzatzea, betiere aipatu irizpideak, ondoko ataletan aztertzen direnak, betetzen badira.

2. Lotura bideen egitura.

Ibilgailuak Los Altos de Orcoyen sektoreko kaleetan barna proposaturiko sektorera sartzeko bideak ez dira egokiak 2.400 biztanle bil litzakeen gune berri batentzat. Izan ere, jatorria eta helmuga auzoberrian dituzten ibilgailu mugimendu guztiak bi lotura besterik ez du NA-7000 (Iruña-Etxauri) errepide-zeharbidearekin eta zaila izaten da ezkerreko aldera biratzea.

Hortaz, kontuan hartuta bertako ezaugarri geografikoak, ezinbestekotzat jotzen da sarbide osagarri bat egitea, sektorearen loturak hobetzearren. Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak hala eskaturik, Orkoiengo Udalak Mendikur sektorea Comarca 1 industrialdearekin Bordalarrea parajean barna lotzeko posibilitatea aztertu du. Aukera hori ezinezkoa dela ikusi da topografia zaila dagoelako eta Mankomunitatearen instalazio garrantzitsuak daudelako (Mankomunitateak berak emandako txostenean adierazi bezala).

Dena den, badirudi posible dela Comarca 1 industrialdearekin sektorearen ipar-ekialdetik (Euntzebidea/Alto de la Bandera) lotzea, eta, beraz, eskaera egin behar zaio Orkoiengo Udalari, industrialdearen titularrarekin eta Iruñeko Udalarekin koordinatuta, aukera horren azterketa sakona egin eta horren gauzatzea bultza dezala.

3. Aldaketa espedientearen agirietan (araudia), ez da zehazten "babes publikoaren araubideren baten menpeko etxebizitza kolektiborako erabilera nagusia" dioen adierazpena.

Babeserako araubide batzuk daudenez (araubide orokorreko babes ofizialeko etxebizitzak, araubide berezikoak, prezio tasatuko etxebizitza libreak), eta kontuan harturik espedientean erabilpen koefizienteak ezartzen direla, unitatearen koefizientea (1.00) "etxebizitza sozialarentzat" baita, beharrezkoa da babes ofizialaren motak eta haien koefizienteak gehiago zehaztea, birzatiketa egiteko.

Nolanahi ere, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen 74. artikulua betetzeko, espedientean ondoko zehaztapen lotzailea sartuko da sektorea hirigintzaren aldetik kudeatzeko proiektuetarako: aurreikusten den etxebizitza-edukiera berriaren ehuneko hamabosta, gutxienez, babes ofizialeko etxebizitzak egiteko erabiliko da.

4. Proiektuaren Memoriako 1. puntuan ("Justifikazioa") ondoko hau aipatzen da:

"6/1998 Legeko 15. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, aldatzearen arrazoia da Eskualdeko Arauei jarraikiz babes araubide berezirik ez duen lurzoru bat etxebizitzetarako lurzoru urbanizagarri bihurtzea."

Lerroalde hori nahasgarria izan daiteke geroan egin daitezkeen hirigintza espedienteentzat. Gaur egun lurzorua ez da urbanizagarria eta ezin zaio aipatu 15. artikulua aplikatu. Hortaz, lerroalde hori kendu behar da Proiektuaren Memoriatik.

5. Hilerria.

Hileta-Osasunari buruzko Erregelamendua onesten duen 297/2001 Foru Dekretuko 42. artikuluaren arabera, "50 metroko zabalerako babes-zerrenda bat edukiko du, hilerriaren kanpoko perimetroaren inguru guztian neurtuta; babes-zerrenda horretan ezin izanen da inolako eraikinik egon, salbu eta hileta-zerbitzuetarakoak".

Aldaketa Proiektuak gaur egungo hilerria inguratzen du, ekipamendu eremu batez, erabilera anitzekoa eta publikoa (B lurzatia), 42. artikuluko araubidearen pean egonen dena.

Halaber, aipatu araubideak eragina izanen luke hilerria handitzeko egin litekeen edozein proiektutan, inguruko (C eta E lurzatietako) familia bakarreko etxebizitzetatik gutxienez 50 metrora egin beharko bailitzateke.

Espedientean aintzat hartuko da hilerriaren inguruko problematika hau.

6. Orkoiengo herrigunea handitzeko E.H.A.etan ezarritako baldintzei dagokienez, adibidez, eraikitze bioklimatikorako neurriak, garraio publiko kolektiboaren bermeak eta udaleko bideragarritasun administratiboaren oreka, Proiektuan ez da deus ere aipatzen eta, beraz, Testu Bateginean zehaztu beharko dira alderdi horiek.

Horren ondorioz, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearen 116. artikuluan xedatutakoari jarraituz,

AGINDU DUT:

1. Behin betikoz onestea Orkoiengo Arau Subsidiarioak Mendikur etxebizitzetarako sektorean aldatzeko espedientea, Udalak sustatua, ondoko zehaztapen honekin: Udalak, Foru Agindu hau jakinarazi eta hurrengo hiru hilabeteko epean, espedientearen Testu Bategina egin eta aurkeztu behar du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan, eta bertan Foru Agindu honen azalpen zatian aipaturiko alderdiak zehaztuko ditu.

2. Foru Agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela adieraztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi edo, bestela, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hilabeteko epean gehienez ere, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 114. eta 115. artikuluei jarraituz. Aldaketa espedientearen kontra, bestalde, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko Sailari zuzendua, Foru Agindu hau jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

3. Foru Agindu hau Orkoiengo Udalari jakinaraztea eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara ematea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta biko otsailaren hamahiruan.-Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, Jesús Javier Marcotegui Ros.

Iragarkiaren kodea: A0201623