39. ALDIZKARIA - 2002ko martxoaren 29a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

317/2001 FORU AGINDUA, azaroaren 27koa, Ekonomi eta Ogasun kontseilariak emana, telefonia finko eta mugikorreko telekomunikazio zerbitzuak, Internetekiko konexiokoak eta datu-transmisiokoak kontratatzeko uniformetasuna deklaratu eta diren prestazio normalizatuak onesten dituena.

Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Telekomunikazio Zerbitzuak proposamena egin du eta Ekonomi eta Ogasun Departamentuari eskatu, telekomunikazioko zerbitzu prestazioen uniformetasunaren deklarazioa tramita dezan -telefonia mugikorra eta finkoa, Internetekiko konexio zerbitzuak eta datu-transmisioko zerbitzuak-, zerbitzu horiek kontratatzeko tramite gehigarri gisa kontratazioaren funtsezko printzipioen arabera, horiek bete beharko baititu sektorea guztiz liberalizatutakoan, lehia bultzatzearren.

Proposamenari hainbat dokumentazio erantsi dio, hala nola txosten judirikoa. Bertan, eskatzen duen deklarazioaren egokiera eta legalitatea arrazoitzen du, prestazio normalizatuen erabilera komuna bilatzen duelako aipatzen duen eremuan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari, bere erakunde autonomoei eta atxikitako edo menpeko zuzenbide publikoko entitateei dagokienez. Amaitzeko dio Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuan zentralizatuta dagoela telekomunikazioko zerbitzu horien kontratazioa, urriaren 19ko 307/1998 Foru Dekretuaren 7. artikuluan xedatu bezala, hornidura eta laguntzako kontratuak egiteko eskumena arautzen baitu.

Nafarroako Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko ekainaren 16ko 10/1998 Foru Legearen 80.1.f) idatz-zatian xedatutakoari jarraituz, Ekonomi eta Ogasun Departamentuarena da uniformetasuna deklaratzeko eskumena: aipatu Foru Dekretuaren 9. artikuluan berresten da eskumen erreserba hori eta, bestalde, arloko Departamentuen lankidetza gehitzen du jarduketa horretarako eta prestazio uniformeko laguntza zentralizatuak zein diren zehazteko.

Horrenbestez, txostenarekin eta proposamenarekin bat etorriz, eta Nafarroako Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko ekainaren 16ko 10/1998 Foru Legearen 80.1.f) artikuluaren bidez eskuratu ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Telekomunikazio zerbitzuak -telefonia finko eta mugikorrekoak, Internetekiko konexiokoak eta datu-transmisiokoak- kontratatzeko uniformetasuna deklaratzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren, bere erakunde autonomoen eta atxikitako edo menpeko zuzenbide publikoko entitateen eremuan.

2. Telefonia finko, telefonia mugikor, Internetekiko konexio eta datu-transmisioko zerbitzu motak onestea, erantsitako dokumentuan deskribatzen diren ezaugarri eta baldintzen arabera, prestazio uniformekoak baitira.

3. Interesatuei adieraztea Foru Agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114 eta 115. artikuluei jarraituz.

4. Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Iruñean, bi mila eta bateko azaroaren hogeita zazpian.-Ekonomi eta Ogasun kontseilaria, Francisco Iribarren Fentanes.

TELEFONIA FINKO, TELEFONIA MUGIKOR, DATU-TRANSMISIO ETA INTERNETEKIKO KONEXIOKO ZERBITZUEN BALDINTZA TEKNIKOAK

TELEFONIA FINKOKO ZERBITZUAK

Ondoren, telefonia finkoko zerbitzuak deskribatzen dira trafikoaren arabera, jatorria Korporazio Sareko terminal finko bat izanik eta helburua edozein terminal finko, barneko zein kanpoko.

Mota honetako zerbitzuan sartzen dira:

-Telefonia finkoko barneko trafikoa eta kanpokoa, 1. eranskinean zehaztu bezala.

-Sarrerako dei guztiak bideratzea.

-Aho-sare adimenduneko zerbitzuak.

-Kanpora bideratzea Korporazio Sareko luzapen finkoetan sortutako trafikoa, aurreko ataletan kontuan hartu gabea.

TELEFONIA MUGIKORREKO ZERBITZUAK

Mota honetako zerbitzuan sartzen dira:

-Telefonia mugikorreko barneko trafikoa eta kanpokoa, 2. eranskinean zehaztu bezala.

-Telefonia mugikorraren eta finkoaren arteko era guztietako trafikoa, 1. eranskinean zehaztu bezala.

-Kanpora bideratzea Korporazio Sareko luzapen mugikorretan sortutako trafikoa, aurreko ataletan kontuan hartu gabea.

-Telefonia finkoaren eta mugikorraren arteko trafikoa.

-Erabiltzaileen arabera, deiak egiteko eskubide mailak ezartzeko erraztasuna hartuko da kontuan, komunikazio norakoa den bereiziz. Orobat, erabiltzailearen kontsumoa mugatuko duten kontrolak ezartzeko aukera hartuko du kontuan.

-Halaber, erabiltzaileak norberarentzat dituen kontratuak integra daitezen hartuko da kontuan, halako moduan, non egindako deiak bi lineetatik edozeinen kargura jartzen ahal baitira, erabiltzailearentzat aise eta eroso (bi lineetako operadoreek bat etorri beharko dute).

DATU-TRANSMISIOKO ZERBITZUAK ETA INTERNETEKIKO KONEXIOKOAK

Mota honetako zerbitzuak 2. Eranskinean daude zehaztuta:

-Korporazio Sarearen Internetekiko konexioa.

-Korporazio Sareko urruneko egoitzen eta adierazko diren tronkaleko egoitzen arteko lotura iraunkorrak.

-Korporazio Sarearen eta adieraziko diren kanpoko erakundeen arteko lotura iraunkorrak.

-Lotura konmutatuen datu-trafikoa urruneko egoitzekin, babeseko lotura konmutatuen datu-trafikoa tronkaleko egoitzetan eta lotura konmutatuen datu-trafikoa beste erakunde edo erabiltzaileekin.

1. ERANSKINA

Trafiko telefonikoaren sailkapena

Ahots trafikoa barnekoa edo kanpokoa da komunikazioen jatorria eta helburua zein diren, eta telefonia finkokoa edo mugikorrekoa, zein den zerbitzu telefonikoa. Horren arabera, honela sailkatzen da trafiko telefonikoa:

1. Finkoko Barne Trafikoa: Kooperazio Sareko tronkaleko edo urruneko egoitzetan ditu jatorria eta helburua.

2. Finkoko Kanpo Trafikoa: Korporazio Sareko tronkaleko edo urruneko egoitzetan du jatorria eta terminal finkoko kanpo eremuan helburua.

3. Mugikorreko Barne Trafikoa: Korporazio Sareko sakelako telefonoen erabiltzaileak dira trafikoaren jatorria eta helburua.

4. Mugikorreko Kanpo Trafikoa: Korporazio Sareko sakelako telefonoen erabiltzaileak dira jatorria eta terminal mugikorreko kanpo eremuan dago helburua.

5. Barneko Finko-Mugikor eta Mugikor-Finko Trafikoa: Korporazio Sareko tronkaleko edo urruneko egoitzetan du jatorria eta Korporazio Sareko sakelako terminala duten erabiltzaileengan helburua, eta alderantziz.

6. Kanpoko Finko-Mugikor eta Mugikor-Finko Trafikoa: Korporazio Sareko erabiltzailea, sakelako terminalduna, da jatorria eta kanpo eremuan dago helburua, terminal finko batean, eta alderantziz.

2. ERANSKINA

Datu trafikoen sailkapena

Hainbat teknologiaren loturen bidez egiten den datu trafikoa helburuaren arabera sailkatzen da. Mota hauek ditugu:

1. Internetekiko lotura: Internetera sartzeko puntuak dira.

2. Urruneko egoitzekin konmutaturiko loturak: erabakiko diren urruneko egoitzekin konmutatu konexioen bitartez lotura duten puntuak dira.

3. Urruneko egoitzekiko lotura iraunkorrak: erabakiko diren urruneko egoitzekin konexio iraunkorren bidez lotura duten puntuak dira.

4. Beste erakunde edo erabiltzaileekiko loturak: kanpoko entitate edo erabiltzaileekiko lotura duten puntuak dira. Lotura horiek konmutatuak edo iraunkorrak izaten ahal dira.

5. Babeseko lotura konmutatuak, tronkaleko egoitzetan: beste bide bat (indargarria) txertatuta duten tronkaleko egoitzetako puntuak dira. Bide horri esker, lotura konmutatuak ezartzen dira lehen aipatu urruneko puntuekin.

Iragarkiaren kodea: A0201805