145. ALDIZKARIA - 2002ko abenduaren 2a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

D O N E Z T E B E

Doneztebeko Autotaxien erregelamendua behin betikoz onetsirik

Doneztebeko Udalak honako erabaki hau hartu du, 2002ko urriaren 17an egin bilkuran:

Doneztebeko Autotaxien zerbitzu publikoaren erregelamendua hasiera batean onetsirik eta iragarkia 2002ko apirilaren 30eko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Udalaren iragarki oholean argitaraturik, inork erreklamaziorik aurkeztu gabe.

1._Behin betikoz onestea Doneztebeko autotaxien zerbitzu publikoaren erregelamendua.

2._Erregelamenduaren testua Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALera igortzea, oso-osorik argitara dadin.

3._Erabaki hau Udalaren iragarki oholean jartzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Donezteben, bi mila eta biko urriaren hogeita batean. Alkate udalburua, sinadura ulertezina.

DONEZTEBEKO AUTOTAXIEN ZERBITZU PUBLIKOAREN ERREGELAMENDUA

ATARIKO XEDAPENA

1. artikulua. Indarra duten xedapenek ematen dizkioten eskurantzez baliaturik, Doneztebeko Udalak antolatu du bidaiariak alokatzeko ibilgailuetan, taximetrorik gabekoetan, garraiatzeko zerbitzua, agindu hauei jarraikiz antolatu ere: Erregelamendu hauxe bera, ekainaren 1eko 7/1998 Foru Legea, Zirkulazio Kodea, Ibilgailu Arinetako Hiri eta Hiriarteko Garraio Zerbitzuari buruzko Erregelamendu Nazionala onetsi zuen martxoaren 16ko 763/1979 Errege Dekretua, horiekin bat heldu diren xedapenak eta etorkizunean Erregelamendu honi aplikatzen ahalko zaizkionak.

I. KAPITULUA

Erregelamenduaren xedea

2. art. Erregelamendu honen xedea da orokorki arautzea gidaria duten alokatzeko ibilgailu arinetan bidaiariak garraiatzeko zerbitzua.

Autotaxien arloan, zerbitzuaren antolaketa eta antolamendua Doneztebeko Udalari dagozkio, aldez aurretik arlo honetako lanbide elkarteendako entzunaldia izanda.

II. KAPITULUA

Ibilgailuak, haien jabetza eta zerbitzu egiteko baldintzak

LEHEN SAILA

Autotaxi ibilgailuak

3. art. Ibilgailu guztiek balio izanen dute ibilgailuak alokatzeko zerbitzu publikorako, baldin eta, potentzia, segurtasun eta itxura aldetik, erregelamenduzko baldintzak betetzen badituzte, eta zerbitzua egiteko Udalaren baimena badute.

Ibilgailu horiek karrozeria itxia izan beharko dute, baita sarrera errazeko ateak ere, zeinetan eta gibelaldean lehiatilak izan beharko baitituzte, ahalik eta ikuspen, argitasun eta aireztapen handiena lortzeko adina, eta beira garden eta ezpaldu ezinezkoez hornituak.

Ibilgailuen barrenean beharrezko argiteria elektrikoa ezarri beharko da.

Ateek beti modu onean egon beharko dute, ibilgailuan aise sartu eta atera ahal izateko, eta behar den mekanismoa eduki beharko dute, beren lehiatilak goiti eta beheiti mugiarazteko.

4. art. Autotaxi ibilgailuek 9 HP baino potentzia handiagoa izan beharko dute, eta beren edukiera erreala Industri Delegazioak mota bakoitzerako zehazten duena izanen da. Nolanahi ere, ibilgailuaren edukiera ez da inoiz 5 leku baino gutiagokoa eta 9 baino gehiagokoa izanen, gidariarena barne.

Ez da baimenik emanen bortz urte baino gehiagoko ibilgailurik zerbitzuan jartzeko, eta halakoak direnak ezin izanen dira ibili Alkatetzaren baimenik ez badute.

5. art. Autotaxiek "S.P." letrak dituen plaka eraman beharko dute, karrozeriaren aitzinaldean nahiz gibelaldean. Orobat, "Taxi Doneztebe/Santesteban" hitza eraman beharko dute gibelaldeko kristalean.

6. art. Ibilgailuek, beren barrenean, plaka bat eraman beharko dute, eta hartan bere matrikula, lizentziaren zenbakia eta jarleku erabilgarrien kopurua paratuko dira; eta horretaz gain, behar bezala homologatutako su-itzalgailu bat ere izan beharko dute.

Ibilgailuetan honako agiri hauek eduki beharko dira:

1. Ibilgailuaren eta gidariaren dokumentazioa.

2. Erregelamendu honen ale bat.

3. Aseguruko poliza.

4. Erreklamazio liburua.

5. Indarra duen legeriak eskatzen dituen gainerako guztiak.

7. art. Ibilgailuak desinfektatu eta desintsektatu beharko dira, gutienez, urtean behin eta Alkatetzak hala agintzen duen aldiro, Osasun Ikuskapenak proposatuta. Hori horrela, erakunde horren egiaztagiria eraman beharko da.

8. art. Autotaxi ibilgailuaren azterketa bat eginen da urtero, Alkatetzak edo Industri Ordezkaritzak beharrezkotzat joz gero agindu ditzaketenez gainera, eta ibilgailuen titularrei zehapena paratzen ahalko zaie, baita lizentzia kendu ere, arauak behin eta berriz hautsiz gero, alegia, zainketa, itxura eta garbitasun aldetik beharrezkoak diren baldintzak betetzen ez badituzte edo eskatutako bereizgarriak eta agiriak falta badituzte.

Autotaxien urteroko azterketa Udalak egokiro erabakitzen duen epean eginen da. Azterketaren ordena autotaxien ordezkariekin ados jarrita eginen da.

BIGARREN SAILA

Lizentziak

9. art. Doneztebeko Udalak erabakiko du autotaxirako zenbat lizentzia izan, eta horiek emateko aldez aurretik entzunaldia izanen da Taxisten Lanbide Elkartearendako, halakorik baldin badago herrian, eta betiere indarra duen legerian ezarritakoari egokitu beharko zaio.

Zenbat lizentzia izan erabakitzeko, ikusiko da zerbitzua behar edo komeni den, kontuan hartuz haren egoera, kalitatea eta hedadura, edo jende kopurua, eta garraioan nahiz zirkulazioan, oro har, izaten ahal duen eragina.

Lizentziak lehiaketa publikoaren bidez emanen dira, Udalak egindako baremoaren arabera, taxi lanpostua hutsik gelditzen denean, Taxisten Lanbide Elkartearendako entzunaldia izan eta gero.

10. art. Pertsona fisikoek baizik ez dute eskatzen ahal autotaxiendako udal lizentzia.

Lizentziarako eskabidea alkateari idatziz zuzenduko zaio. Hartan eskatzaileak adieraziko du baduela Erregelamendu honen xedapen guztien berri eta onartzen dituela. Horrekin batera agiri hauek ere aurkeztuko ditu:

1._Behar den motako ibilgailuendako gidabaimena, agintaritza eskudunak emana.

2._Nortasun agiria.

3._Hiru argazki, nortasun agirirako tamainakoak.

4._Udal erroldako ziurtagiria, urtebeteko antzinatasuna ziurtatzen duena, bederen.

5._Zinpeko aitorpena, ez administrazio bidean ez zigor bidean gidabaimena kenduz zehatu ez dutela dioena.

6._Zinpeko aitorpena, indarra duen legerian ezarritako zerga-beharkizunak, lan-arlokoak, gizarteari dagozkionak eta aseguruetakoak betetzen dituela dioena.

Eskatutako baimena lortuz gero, onuraduna behartuta egonen da, jakinarazpen egunetik hasi eta gehienez ere hilabeteko epearen barrenean, honako agiri hauek aurkeztera:

a) Zerbitzua eginen duen ibilgailuaren zirkulazio baimena, bortz urte baino gutiagoko antzinatasuna duena.

b) Hirugarrenei eta garraiatutako lagunei egindako kalteen erantzukizun mugagabearen aseguru poliza.

Aipatu epean agiri horiek auzkeztu ezean, lizentzia iraungitzat joko da, eta berriz ere lehiaketa publikorako deialdia eginen da, lehen adierazitako prozedura erabiliz.

11. art. Plazaren bat hutsik gelditzen bada, Udalak xedatutakoaren arabera beteko da, huts hori Udal honen iragarki oholean, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta prentsan argitaratuko den ediktuaren bidez iragarri ondoan. Ediktu horretan deialdi publikoaren baldintzak zehaztuko dira, aurreko artikuluko baldintzak betetzen dituzten izangaiek lanpostu huts hori eskatu ahal izan dezaten.

Artikulu honek aipatzen dituen plaza hutsak 9. artikuluan zehazten den baremoan oinarriturik esleituko dira.

12. art. Udalak honako hauen gaineko azterketa eginen die lizentzia eskatzen dutenei:

a) Erregelamendu honen edukia.

b) Herria eta inguruak; hurbileko leku edo herrietara joateko bideak; Foru Komunitateko administrazio egoitzetara, laguntza zentroetara eta ospitaleetara nahiz bertze zerbitzu interesgarrietara joateko bideak.

c) Ibilgailuen mekanika eta zirkulazio seinaleak.

d) Azterketa medikoa.

13. art. Ematen diren lizentziak pertsonalak eta besterenduezinak izanen dira, eta titularrek debekatuta izanen dute lizentzia eskuz aldatzea, lagatzea edo saltzea.

14. art. Titularrak behartuta daude beren lizentzia pertsonalki eta dedikazio oso eta bakarraz ustiatzera, bertze edozein lan ordainduren gainetik.

Debekaturik dago, baita ere, ibilgailua bertze norbaiti gidatzen uztea, non ez duen Udalak kasu bereziren batean baimena ematen, Alkatetzaren xedapen espresuaren bitartez eta betiere zerbitzua egin baino lehen.

Noiznahi ordezkatzen ahal da auto bat bertze batekin, Udalaren baimenaren bidez, baldin eta berriak Erregelamendu honetako baldintza guztiak betetzen baditu.

Aparteko kasuetan, betiere lizentziaren titularrak berak ezin badu bere lana egin, Udalak laguntzaile bat baimendu dezake, epe jakin baterako, interesatuak ziurtagiria aurkeztu ondotik eta Erregelamendu honetako baldintzak betetzen baditu.

III. KAPITULUA

Zerbitzu egitea

LEHEN SAILA

Baldintza orokorrak

15. art. Zerbitzua eginen da erabiltzaileek lizentziaren titularrari eskatzen diotenean.

Zerbitzuak ez du etenik izanen, egunaren hogeita lau orduetan eman beharko baita, igandeak eta jaiegunak barne direla.

Titularrak garbi, apain eta txukun agertu beharko du, itxura fisikoaren nahiz janzkeraren aldetik.

BIGARREN SAILA

Zerbitzua emateko modua

16. art. Gidariak ez dio uko egiten ahalko zerbitzu bat egiteari, bidezko arrazoirik ez bada.

Bidezko arrazoitzat hartuko dira honako hauek:

1._Polizia ondotik segika duten lagunek zerbitzua eskatzea.

2._Ibilgailurako baimendutako lekuak baino lagun gehiago eramateko eskatzea.

3._Ibili ezin den bideetan barna joateko eskatzen zaionean, alegia, erabiltzaileen eta gidariaren nahiz ibilgailuaren beraren segurtasunerako arriskua ekar lezaketen tokietan barna. Ordea, trafikoarendako irekitako bideetan zerbitzua egiteko eskatzen zaionean, ez dio uko egiten ahalko.

4._Bidaiaria mozkorturik edo sorgorkarien eraginaren pean baldin badago, haren bizirako edo osotasun fisikorako arriskua dagoenean salbu.

5._Bidaiarien jantziagatik edo haiek dakartzaten pakete, fardel nahiz animaliengatik ibilgailuaren barnealdea hondatu edo zerbait hautsi-edo egiten ahal bada.

17. art. Taxilarien eginbeharra da, edozein momentutan, agintzaritzako agenteek agindutako zerbitzua betetzea, istripuan zauritutakoak edo laguntza behar duten pertsonak eramateko.

Kasu horietan ibilgailuek jasaten dituzten kalteak Udalaren kontura konponduko dira, Udalak laguntza hartu duen pertsonari gastuen ordaina eskatzea deusetan galarazi gabe, baina horretarako, nahitaezkoa izanen da ibilgailua Udalean aurkeztea, ezbeharra gertatu eta 24 orduko epearen barrenean.

IV. KAPITULUA

Titularren arau-hausteak

18. art. Erregelamendu honetako aginduen aurkako arau-hausteak honela sailkatuko dira: arinak, larriak eta oso larriak. Halakotzat joko dira, bakoitzak dagokion gradua duela, testu honetako aginduetan zehaztu direnak.

19. art. Hutsegite arinak:

a) Norberaren txukuntasun falta.

b) Zerbitzuan ari izanik, erabiltzaileak uzteko eskatuagatik, ibilgailuaren barrenean erretzea.

c) Ibilgailuaren garbitasun falta.

20. art. Hutsegite larriak:

a) Bi hilabeteko epearen barrenean lau hutsegite arin edo urtebetean hamar egitea.

b) Erabiltzaileak aukeratutako ibilbiderako aginduei kasu ez egitea, beharrik gabe ibilbide luzeagoak eginez.

c) Ibilgailua zerbitzuan jartzea, funtzionatzeko baldintza egokietan egon gabe.

d) Bezeroekiko harremanetan edo oinezkoen nahiz bertze ibilgailuen gidarien kontra hitz edo keinu zakarrak edo mehatxuak egitea.

e) Zerbitzu egitea ukatzea justifikatutako arrazoirik gabe.

21. art. Hutsegite oso larriak:

a) Bidaiaria abandonatzea, eskatu duen zerbitzua egin gabe, justifikatutako arrazoirik gabe.

b) Urtebetean lau hutsegite larri egitea.

c) Ibilgailua mozkorturik edo sorgorkarien eraginaren pean gidatzea.

d) Zirkulazio Kodearen 289. artikuluan zehaztutako arau-hausteak.

e) Lanbidean aritzerakoan, doluzkotzat hartutako delituak egitea.

f) Erabiltzaileei gehiegizko prezioak kobratzea.

22. art. Hutsegite horiengatik honako zehapen hauek jarriko dira:

Hutsegite arinak: ohartarazpen idatzia, edo lizentziaren etendura 15 egun natural bitarte.

Hutsegite larriak: lizentziaren etendura 6 hilabete bitarte.

Hutsegite oso larriak: lizentziaren etendura urtebete bitarte, edo lizentzia behin betiko kentzea 21. artikuluko c eta d ataletan hutsegite oso larritzat jotzen diren kasuetan.

23. art. Alkatetzak emanen dio hasiera zehapen prozedurari. Hala, ustezko arau-hauste baten jakinarazpen edo salaketa bat jasotzerakoan, instruktore bat eta idazkari bat izendatuko ditu, eta horren berri emanen dio espedientatuari.

Instruktoreak behar adina froga eta jarduketa aginduko ditu, gertatutakoa argitu eta zehatu beharreko erantzukizunak aurkitze aldera.

Egindako jarduketak ikusirik, kargu plegu bat aurkeztuko da eta horren berri emanen zaie interesatuei, eta hauek hamar egun naturaleko epea izanen dute erantzuteko.

Kargu pleguari erantzun edo hori egiteko epea bukatu ondoan, instruktoreak ebazpen proposamena eginen du, interesatuak bertze hamar egun naturaleko epearen barrenean bere defentsarako egokia iruditzen zaion guztia alega dezan.

Ebazpen proposamena, egindako guztiak jasoko dituena, Alkatetzari igorriko zaio, eta hark behin betikoz ebatziko ditu irekitako zehapen espedienteak eta dagokien zehapena, salbu eta lizentzia behin betikoz kentzen denean, orduan Udalak izanen baitu osoko bilkuran ebazteko eskumena.

Hartutako erabakien aurka, Zuzenbidean onartutako errekurtsoak para daitezke.

AZKEN XEDAPENA

Erregelamendu honetan berariaz araututa ez dagoen guztirako, Nafarroako Foru Parlamentuak gaiaren gainean onetsi dituen eta indarra duten xedapenei edo egunen batean onetsiko dituenei jarraituko zaie. Bertzalde, horien osagarri gisa, Ibilgailu Arinetako Hiri eta Hiriarteko Garraio Zerbitzuari buruzko Erregelamendu Nazionala onetsi zuen martxoaren 16ko 763/1979 Errege Dekretuari edo gerora haren ordez ematen den xedapenari jarraituko zaio.

Donezteben, bi mila eta biko urriaren hogeita batean. Alkate udalburua, sinadura ulertezina. __ __ A0211736 __

Iragarkiaren kodea: