133. ALDIZKARIA - 2002ko azaroaren 4a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Agintariak eta Langileak

1501/2002 EBAZPENA, abuztuaren 29koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko arkitekto teknikoa izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia onesten duena.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko arkitekto teknikoa izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia onetsi da.

1.-Arau orokorrak.

Deialdi honetako oinarriak eta ereduak www.cfnavarra.es/snso/ web orrian kontsultatu eta eskuratzen ahal dira.

Deialdi hau arautuko duten xedapenak honakoak dira: azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretua, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako sarrera eta bertako lanpostuen hornidura arautzen dituena; urriaren 3ko 464/2001 Foru Agindua, Osasun kontseilariak emana, Osasunbidea-Nafarroako Foru Zerbitzuan sartzeko eta bertako lanpostuak (osasun arloko A mailako langileak izan ezik, A.1 eta A.2 estamentuak) hornitzeko prozeduretan aplikatuko diren merezimenduen baremoak arautzen dituena, eta gainerako arau osagarriak.

1.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko arkitekto teknikoa lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzea da deialdi honen xedea, bete gabe gelditu baita Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen azaroaren 20ko 1594/2001 Ebazpenaz onetsitako deialdiaren bidez egin zen lekualdatze lehiaketan (2002ko urtarrilaren 25eko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, 11. zk.). Lanpostu hori Oinarrizko Osasun Laguntzan eta Adimen Osasunean aritzeko da. Plantilla zenbakia: 67712.

1.2. Deialdiko lanpostua sustapen txandarako da. Hala ere, nahi duten izangaiek zilegi dute deialdian parte hartzeko eskaera egin eta txanda irekian sartzea.

1.3. Sustapen txandako lanpostu hutsa bete gabe gelditzen bada hautapen probak gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuazioa izangaiek lortu ez dutelako, txanda irekiko izangaiek beteko dute azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuko 10. artikuluan xedatzen denaren arabera, honela zehazki:

Lanpostu hutsak banatzeko ordena hauxe izanen da:

a) Lehendabizikoa, hirugarrena, bosgarrena, zazpigarrena eta bederatzigarrena, sustapen txandatik, Nafarroako edozein Administrazio Publikotako plantillako langile finkoentzako hautapen prozesu murriztutik alegia, beste kategoria batekoak izanik deialdiko lanpostuaren maila-talde berekoak edo txikiagokoak badira. Betiere, azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren 12. artikuluak eta Hitzarmen Kolektiboak bultzatutako igoera erregulatzen duen araudiari jarraituko zaio.

b) Bigarrena, laugarrena, seigarrena, zortzigarrena eta hamargarrena, txanda irekitik.

Lanpostu hutsak betetzeko hurrenkera lehenbizikotik hasiko da, ez baita aurretik esleitutako lanposturik.

1.4. Izendapenak Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko ditu izendatuak, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioko funtzionarioei buruz indarra duten xedapenenetan adierazten diren eskubide eta betebehar guztiekin.

1.5. Deialdiko lanpostua B maila edo taldekoa da, eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko "Administrazio Publikoaren Kudeaketa" estamentuan eta "Arkitektura Teknikoa" espezialitatean sailkaturik dago (urriaren 20ko 11/1992 Foru Legea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen araubidea erregulatzen duena, Eranskina). Lanpostuko ordainsariak urriaren 20ko 11/1992 Foru Legean eta aplika daitezkeen gainerako xedapenetan ezarritakoak izanen dira.

1.6. Hautapen probak gainditu eta deialdi honen xede diren lanpostuetarako izendaturiko izangaiek, funtzionario izanik lehendik afiliaturik baldin badaude eskubide pasiboen erregimenean eta osasun eta gizarte laguntzan, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuak eta gainerako xedapen osagarriek aipatzen duten hartan, aukera izanen dute bertan segitu edo Gizarte Segurantzan afiliatzeko.

Izangaia, txanda irekitik sartu eta funtzionario egiten bada, Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean afiliatuko da, eta erregimen horretan aurreikusitako babesean emanen zaio alta.

1.7. Izendatutako izangaiak destinoa duen herrian bertan bizi beharra du, eta hori betetzeko udalerri horretan finkatuko du bere bizilekua. Administrazio organo eskudunek destinoa aldatzen ahalko dute.

1.8. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek edozein unetan aldatzen ahalko dute.

2.-Izangaien betebeharrak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

2.1.1. Txanda irekiko izangaiak:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europako Batasuneko beste Estatu batekoa. Orobat, espainiarren eta Europako Batasuneko beste Estatuetako herritarren ezkontideek hartzen ahal dute parte, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero. Halaber, Europako Elkarteak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen aplikazio esparruan sartutako pertsonek badute parte hartzeko eskubidea, haietan langileen zirkulazio librea aplikagarria bada.

b) Adin nagusikoa izatea.

c) Arkitekto tekniko edo aparejadore titulua izatea edo baliokidea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetan titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

d) Lanpostuaren eginkizunetan aritzeko gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko gaitasuna kenduta edo etenda ez edukitzea eta edozein administrazio publikoren zerbitzutik baztertua ez izatea.

2.1.2. Igoera txandako izangaiek, txanda irekikoentzat adierazitakoez gain, honako hauek ere bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioak, estatutupeko langileak eta lan-kontratatu finkoak izatea, borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez daudenak.

b) Deialdiko lanpostu hutsen maila edo talde berekoa edo txikiagokoa izatea, baita beste kategoria batekoa ere.

c) Arkitekto tekniko edo aparejadore titulua izatea edo baliokidea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetan titulu hori eskuratzeko moduan egotea eta Administrazio Publikoetan gutxienez bost urteko antzinatasuna frogatzea.

2.2. Betiere, izangaiek eskabideak aurkezteko epearen azken egunerako bete behar dituzte beharkizun horiek, eta hautapen prozesu osoan eutsi behar diete, harik eta izendatu arte.

3.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Erregistroan aurkeztuko dira (Irunlarrea kalea, 39, Iruña, P.K. 31008), edo helbide horretara bidaliko dira posta ziurtatuaren bidez, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/92 Legearen 38.4. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, edo bestela lege horretan aurreikusitako gainerako lekuetan aurkezten ahal dira.

Eskabidea aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabideak deialdi honetan (I. eranskina) argitaratutako ereduaren arabera egin behar dira eta haietan izangaiek adierazi behar dute beharkizun guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.

3.2. Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kontuan 18 euro ordaindu izana frogatzen duen agiria. Kopuru horrekin espedientearen formalizazioa eta azterketa eskubideak ordainduko dira.

b) Igoera txandako izangaiak: 2.1.2. oinarrian adierazi baldintzen jatorrizko agiriak edo kopia konpultsatuak, notario edo administrazio bidez.

3.3. Minusbaliotasunak dituzten izangaiek ariketak egiteko egokitzapenak eskatzen ahal dituzte, beharrezkoa izanez gero. Eskabidean adierazi behar dute zer-nolako minusbaliotasuna duten eta zein egokitzapen behar den (halaber, minusbaliotasuna frogatu egin behar dute, erakunde eskudunek emandako agiria aurkeztuz).

3.4. Lanpostua eskuratzen duen izangaiek gainerako beharkizunak dokumentuen bidez egiaztatu beharko dituzte lanpostua eskuratzen duten unean, deialdi honen 8. oinarrian ezarri den epe eta moduan.

3.5. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

4.-Izangai onartu eta baztertuen zerrendak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Administrazio eta Giza Baliabideen zuzendariak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko ebazpena emanen du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean, izangaiek erreklamazioak jar ditzakete edota beren eskabideetan egindako akatsak zuzendu, horrelakorik baldin badago. Zuzenketa eskaeren onarpena edo ezespena behin betiko zerrendaren ebazpenari lotuta egonen da.

4.3. Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, organo eskudunak oposizio-lehiaketa hutsik dagoela adierazteko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko da.

4.4. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta horien gainean ebazpena emanda dagoela, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Administrazio eta Giza Baliabideen zuzendariak onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

4.5. Onartuen zerrendan agertzea ez da aski ebazpen honen bitartez abiatzen den prozeduran eskatutako baldintzak betetzen direla onartzeko. Hautapen prozedura gainditu eta dokumentazioa aurkeztutakoan, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesatuek prozeduran parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

5.-Epaimahai kalifikatzailea.

5.1. Kide hauek osatuko dute epaimahai kalifikatzailea:

Mahaiburua: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketa Ekonomiko eta Administratiboaren zuzendariordea.

Mahaiburu ordezkoa: Oinarrizko Osasun Laguntza eta Adimen Osasuneko Zuzendaritzako Administrazio eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuko burua.

Mahaikidea: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak izendatu beharreko arkitekto tekniko bat.

Mahaikide ordezkoa: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak izendatu beharreko arkitekto tekniko bat.

Mahaikidea: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak izendatu beharreko arkitekto tekniko bat.

Mahaikide ordezkoa: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak izendatu beharreko arkitekto tekniko bat.

Mahaikidea: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen ordezkariek izendatu beharrekoa.

Mahaikide ordezkoa: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen ordezkariek izendatu beharrekoa.

Mahaikide idazkaria: Oinarrizko Osasun Laguntza eta Adimen Osasuneko Langileri Zerbitzuko burua.

Mahaikide idazkari ordezkoa: Oinarrizko Osasun Laguntza eta Adimen Osasuneko Langileriaren Kudeaketarako Ataleko burua.

Epaimahaia hauta-proben aurretik eratuko da.

5.2. Epaimahaia nork osatzen duen izangai onartu eta baztertuen zerrendarekin batera emanen da aditzera.

5.3. Epaimahaia eratu eta aritu ahal izan dadin beharrezkoa da gutxienez kideen gehiengo absolutua biltzea.

Organo kolegiatu horren eraketa baliozkoa izateko, beharrezkoa izanen da kide hauek biltzea: mahaiburua eta mahaikide idazkaria edo horien ordezkoak, eta gutxienez ere mahaikideen erdiak.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarrien interpretazio eta aplikazioaren inguruko arazoak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eskatzen ahalko du proba batzuetarako edo guztietarako. Aholkularien jarduna eta Epaimahaiari ematen dioten laguntza beraien espezialitate teknikoen eremuetara mugatuko dira.

6.-Oposizio-lehiaketaren nondik-norakoa.

6.1. Deialdi honetako faseak hurrenkera honetan izanen dira: lehenbizi oposizioaldia, eta gero, hura bukatutakoan, lehiaketaldia.

6.2. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpenean berean adieraziko da oposizioa zein toki, egun eta ordutan hasiko den. Beharrezkoa bada, behar den garaian, epaimahaiak hurrenez hurren eta arauzko eran iragarriko ditu gainerako proba edo ariketak.

6.3. Oposizioaldia eta balorazioa.

6.3.1. Oposizioaldian ariketa hauek izanen dira:

a) Lehenengo ariketa: a) Deialdi honetako III. eranskineko gaitegiarekin zerikusia duen galdera sorta bat idatziz erantzun beharko da. Probarako gehienez ere zenbat denbora izanen den, epaimahaiak ariketa hasi baino lehen adieraziko du.

b) Bigarren ariketa: Teoriko-praktikoa, proba batez edo gehiagoz osatua, izangai guztientzat berdina. Epaimahaiak zehaztuko du eta deialdi honen xede den lanpostuan aritzeko jakin beharreko kontuekin zerikusia izanen du. Epaimahaiak, ariketak hasi baino lehen, zehaztuko du gehienez ere zenbat denbora izanen den, proba bakoitzari zenbat puntu emanen zaion, eta, hala erabakitzen bada, nolako azalpena nahi den.

6.3.2. Oposizioaldian gehienez 60 puntu lortzen ahal dira, honela banatuak ariketen arabera:

a) Lehen ariketa: 30 puntu lortzen ahal dira gehienez ere.

b) Bigarren ariketa: 30 puntu lortzen ahal dira gehienez ere.

Oposizioko ariketa bakoitza kanporagarria izanen da eta kasuan kasuko ariketari esleituriko gehieneko puntuazioaren erdia lortzen ez duten lehiakideak baztertuak izanen dira. Halaber, bigarren ariketako probetariko baten batean puntu bat ere lortzen ez duten izangaiak baztertuak izanen dira. Oposizioaldiko azkeneko puntuazioa oposizioko ariketa guztietan lorturiko puntuazioen batura izanen da.

6.3.3. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala aldean daramatela agertu beharko dute, edo epaimahaiaren iritziz identifikaziorako balio duen beste agiriren bat.

Ariketa egitera azaltzen ez diren izangaiak edo epaimahaiak ezarritako egunean idazlanak irakurtzera azaltzen ez direnak oposizioalditik baztertuak izanen dira.

6.3.4. Hautapen probetan, eskaeran azaldutakoaren araberako egokitzapenak eginen dira minusbaliotasunak dituztenentzat.

6.3.5. Ariketa bakoitza bukaturik, epaimahaiak ariketa gainditu duten izangaien zerrenda eta bakoitzak lortutako kalifikazioak jendaurrean jarriko ditu Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko iragarki-oholean edo ariketa egiteko erabilitako lokaletan. Halaber, oposizioko hurrengo ariketa egiteko lekua, eguna eta ordua ezarriko ditu, hura hasi baino 48 ordu lehenago gutxienez.

6.4. Lehiaketaldia eta balorazioa.

6.4.1. Epaimahaikoek lehiaketaldia abiatuko dute oposizioa gainditzen duten izangaiekin.

Oposizioa gainditzen duten izangaiek merezimenduak alegatu beharko dituzte eta agiri bidez frogatu, epaimaikoek eskatu eta hamabost eguneko epean. Horretarako, jatorrizko agiriak aurkeztuko dituzte, edo kopia konpultsatuak, notario edo administrazio bidez, deialdian ezarritako baremoaren arabera.

6.4.2. Lehiaketaldian kalifikatu eginen dira izangaiek azaldu eta frogatutako merezimenduak, deialdi honi erantsitako baremoen arabera (II. eranskina).

Lehiaketaldiko balorazioa ez da izanen izangaiak baztertzekoa eta gehienez 40 puntu lortzen ahal dira.

6.4.3. Merezimenduak baloratzean, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den eguna arte egindakoak baizik ez dira kontuan hartuko. Geroago egindako merezimenduak ez dira aintzat hartuko.

6.4.4. Merezimenduen baremoaren 1. ataleko balorazioan kontuan hartuko da deialdiko lanpostua "Administrazio Publikoaren Kudeaketa" estamentuan eta "Arkitektura Teknikoa" espezialitatean sailkaturik dagoela, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko estamentu eta espezialitateetako izendapenen indarreko sailkapenaren arabera (urriaren 20ko 11/1992 Foru Legea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen araubideari buruzkoa, Eranskina).

Egindako zerbitzuak frogatzeko, zentroko zuzendariak edo langileen arduradunak emandako ziurtagiriak aurkeztu behar dira, eta bertan nahitaez datu hauek jarri behar dira:

-Lantokia.

-Estamentua eta/edo espezialitatea.

-Zerbitzuen iraupena, behar bezala adierazita hasiera eta bukaera egunak eta guztira zenbat egun diren.

-Zerbitzuak lanaldi partzialean eman baldin baziren, honako hau erantsi:

a) Egunean, astean, hilabetean edo urtean egindako orduen kopurua eta emandako zerbitzuei dagokien urteko lanaldia,

b) Edo, bestela, ohiko lanaldiaren aldean zein portzentaje osatzen duten.

Enpresa pribatuetan eginiko zerbitzuak izanez gero, ziurtagiri horrez gain, Gizarte Segurantzako Diruzaintzak lan bizitzari buruz egindako txostena ere aurkeztu beharko da.

6.4.5. Epaimahaiak noiznahi eskatzen ahalko ditu lehiatzaileek azaldutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.

6.4.6. Epaimahaiak baremoaren atal bakoitzean izangaien merezimenduak baloratuko ditu. Epaimahaiak ez du inoiz aintzat hartuko izangaiak aurretiaz azaldu eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du atal bakoitzerako ezarritako puntuazioa baino handiagorik eman.

Merezimendua azaldurik baina behar bezala frogatu gabe egonez gero, epaimahaiak interesatuari epe bat ematen ahalko dio akatsak zuzendu ditzan.

6.4.7. Lehiaketaldia bukatzen denean epaimahaiak jendaurrean azalduko du balorazioaren emaitza, hau da, izangaiek lortutako puntuazioak, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko iragarki-oholean jarriz.

6.4.8. Izangaiek aurkeztutako agiriak berreskuratzen ahalko dituzte, espres eskatuz gero, izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta sei hilabete igaro ondoko hilabeteko epean, salbu eta izangairen batek erreklamazioa jartzen badu, hala izanez gero agiriak luzaroago gordetzen ahal baitira egiaztapenak eta probak egiteko. Arestian aipatutako epean izangaiak agiriak berreskuratzen ez baditu, berreskuratzeari uko egin diola ulertuko da eta haien gaineko eskubidea galduko du.

7.-Azken puntuazioa.

Azken kalifikazioa lehiaketaldian eta oposizioaldian lortutako puntuazioen batura izanen da.

Azken puntuazioetan berdinketa gertatuz gero, oposizioaldian puntuazio handiena duen izangaia lehenetsiko da. Hala ere berdinketak irauten badu, izangai zaharrena lehenetsiko da.

8.-Probak gainditzen dituzten izangaien zerrenda eta agirien aurkezpena.

8.1. Lehiaketaldia eta oposizioaldia bukatu ondoren, probak gainditzen dituztenen zerrenda, guztira lortuak dituzten puntuazioen araberako hurrenkeran, jendaurrera aterako du epaimahaiak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko iragarki-oholean. Gero, probak gainditu eta puntuazio handiena lortu duen izangaia izendatzeko proposamena eginen dio administrazio organo eskudunari, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

8.2. Proposatutako izangaiak, izendatzeko proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta 30 egun naturaleko epean, agiri hauek aurkeztu beharko ditu Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Langileriaren Sarrera eta Barne Igoera Zerbitzuan:

8.2.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finko ez diren izangaiak:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen balio bereko agiria.

b) Titulazioaren jatorrizko agiria, edo haren kopia, notario edo administrazio bidez konpultsatua.

c) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaiturik edo gabeturik ez dagoela eta administrazio publikoaren zerbitzutik bereizi ez dela adierazten duen zinpeko aitorpena.

d) Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Zerbitzuak emandako txostena, interesatuak karguan aritzea eragotziko liokeen gaixotasun edo akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzeko.

e) Nafarroako Foru Eraentza errespetatzeko, Konstituzioari eta legeei men egiteko eta karguaren eginkizunak zintzo betetzeko zina edo agindua.

f) Egoitza-txartela, Europako Batasuneko herritarrak izanez gero.

g) Egoitza-baimena eta lanekoa, Europako Batasunetik kanpoko herritarrak izanez gero.

8.2.2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoak diren izangaiak:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen balio bereko agiria.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario, estatutario edo lan-kontratatu finkoa dela frogatzen duen ziurtagiria, baita bere espediente pertsonaleko gainerako inguruabarrena ere.

c) Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Zerbitzuak emandako txostena, interesatuak karguan aritzea eragotziko liokeen gaixotasun edo akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzeko.

8.3. Eskabidean ehuneko 33ko edo gehiagoko minusbaliotasuna dutela adieraziz gero, izangaiek, aurreko agiriez gainera, minosbaliotasunak deialdiko lanpostuan aritzea ez diela eragozten frogatu behar dute, eskumena duten balorazio eta orientazio taldeek emandako agiriaren bitartez.

8.4. Inork agiri horiek goian adierazitako epean aurkezten ez baditu, behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezin izanen dute izendatu eta haren jarduketa guztiak deuseztatu eginen dira. Hori, dena dela, ez da eragozpen izanen eskabidean gezurra esateagatik izan lezakeen erantzukizuna eskatzeko.

8.5. Aurreko idatz-zatian azaldutako kasuetan administrazio organo eskudunak 8.1. oinarrian aipaturiko zerrendara joko du, oposizio-lehiaketa gainditu dutenen zerrendara alegia, eta hurren-hurrena dagoen izangaia jarriko du baztertutakoaren lekuan.

9.-Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

9.1. Administrazio-organo eskudunak, egoki bada, aurreko oinarrietan ezarritako baldintzak betetzen dituen izangaia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako funtzionario izendatuko du ebazpen bidez, arkitekto teknikoaren lanpostuan jardun dezan.

9.2. Izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

9.3. Izendatutako izangaiak hilabeteko epean jabetu behar du lanpostuaz, izendapena jakinarazten diotenetik hasita. Epe horretan lanpostuaz jabetzen ez bada, ezinbesteko kasuetan salbu, Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioa izateko eskubide oro galduko du.

Hala bada, 8.5 idatz-zatian ezarritakoari jarraituko zaio.

9.4. Izangai bat funtzionario bihurtu eta lanpostuan batere aritu gabe zuzenean eta berak eskatuta borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik bertatik, data hartan beste Administrazio Publiko batean ari delako, kasuko lanpostu hutsa ere beteko da deialdiko 8.5 idatz-zatiak agintzen duen moduan.

9.5. Izangaietatik inork ez badu gainditzen oposizio-lehiaketa, organo eskudunak oposizio-lehiaketa hutsik gelditu dela adierazteko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

9.6. Izendapenean eragina izan lezakeen helegiteren bat aurkezten bada deialdiaren, oposizio-lehiaketaren nondik-norakoen edo horren ebazpenaren aurka, izendapena ez da irmoa izanen, eta administrazio bidean nahiz Administrazioarekiko auzietarako jurisdikzioan helegiteari buruz eman beharreko ebazpenaren zain eta mende geldituko da.

10.-Aldi baterako kontratazioak egiteko zerrendak.

10.1. 2001eko urtarrilaren 9ko Akordioan xedatutakoaren arabera prestatuko dira arkitekto teknikoak aldi baterako kontratatzeko zerrendak, akordio horretan onetsi baitzen Osasun Administrazioak eta AFAPNA, CEMSATSE, CC.OO, ELA, LAB, SAE eta UGT sindikatuek sinatutako ituna Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentro eta establezimenduetan aldi baterako langileak hautatzeko, eta 2001eko abuztuaren 20ko 101. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu.

10.2. Akordio horretan xedatutakoaren arabera, oposizio-lehiaketa bidezko deialdi honen emaitzetan oinarrituko dira aldi baterako zerrendak, irizpide hauei jarraituz:

a) Deialdi honetako probak gainditu bai baina lanposturik erdietsi ez duten izangaiek izanen dute lehentasuna aldi baterako kontrataziorako.

Izangai horiek, Langileriaren eta Lan Harremanen Zuzendariordetzari eskabidea igorrita, kontratazio zerrendetatik kentzeko eskatzen ahalko dute, kontratazio zentro edo unitate batean edo gehiagotan.

b) Aurreko atalean adierazitako izangaien ondotik, oposizio-lehiaketa bidezko deialdi honetara aurkeztu eta hautapen probak gainditu ez dituzten izangaiak jarriko dira kontratazio zerrendetan. Kasu horretan, proba gehien gainditzen dituztenen zerrendak erabiliko dira lehenik, gainditutako probetan lortzen duten puntuazio osoaren arabera ordenatuta beti.

c) Aurreko idatz-zatiaren arabera egindako izangai zerrendari 2001eko urtarrilaren 9ko Akordioaren 2. puntuko c) atalean aipatzen diren izangaiak gehituko zaizkio, baremoan lortutako puntuazioaren araberako ordenan.

10.3. Izangaiek zentro bakar bat aukeratuko dute A, B eta C atal bakoitzean daudenen artean. Ez da nahitaezkoa atal guztietan aukera egitea.

A atala:

f Nafarroako Ospitalea.

f Bideko Ama Birjina Ospitalea (Emakumeari Laguntzeko Zentroak barne).

f Iruña eta Iruñerria.

-Iruña eta Iruñerriko Osasun Etxeak.

-Nafarroako gainerako Osasun Etxeak.

-Larrialdietarako zerbitzuak (Iruña eta Tafalla).

-Adimen Osasuneko baliabideak (OPUak izan ezik).

f Iruñeko eta Tafallako anbulatorioak.

B atala:

f Ubarmin Klinika.

f Odol Bankua.

f Osasun Publikoaren Institutua.

f Nafarroako Iparraldeko Osasun Etxeak.

C atala:

f Tuterako Osasun Barrutia.

f Lizarrako Osasun Barrutia.

Esparru horietako bakoitzean bi zerrenda eginen dira: bata, iraupen laburreko kontratuetarako, eta iraupen luzeko kontratuetarako bestea.

Kontratu motzak izanen dira jardunean dauden plantillako langileen ordez aritzeko egiten direnak, eta, oro har, hasierako aurreikuspenen arabera, sei hilabeteko iraupenera ailegatzen ez direnak. Kontratu motzak izanen dira, halaber, lanaldi partzialean aritzeko, hala nola etengabeko edo guardiako osasun laguntza emateko egiten direnak, alde batera utzirik zenbat irauten duten.

Iraupen luzeko kontratuak dira lanpostu hutsak bitarteko gisa eta plantillako langileentzat erreserbatutako lanpostuak betetzeko egiten direnak eta, oro har, sei hilabeteko edo gehiagoko beste edozein kontratazio.

Izangai bakoitzak bere eskaeran adierazi beharko du iraupen luzeko kontratazio zerrendan egoteaz gain, iraupen laburrekoan ere egon nahi duen ala ez.

Zentroa onarpenerako eskaeran hautatu behar da. Dena dela, behin betiko emaitzak argitaratutakoan, interesatuek, argitaratu eta biharamunetik bost eguneko epean, hasieran hautatukoa aldatzen ahalko dute.

Aipatu esparruetatik bakar bat ere hautatzen ez dutenek oinarri honen arabera prestatzen diren aldi baterako kontratazio zerrendetan sartzeari uko egiten diotela ulertuko da.

10.4. Kontratazio zerrenden funtzionamendua 2001eko urtarrilaren 9ko Akordioan xedatutakoaren arabera arautuko da.

11.-Helegiteak.

Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat, ebazpen honen kontra, berau garatzeko ematen diren behin betiko ebazpenen kontra eta gaiaren muinean zuzenean edo zeharka eragiten duten, prozedurak aurrera egitea galarazten duten edo defentsarik eza edo legezko eskubide eta interesentzako kalte konponezina eragiten duten tramite-egintzen kontra, gora jotzeko helegitea jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, helegindako egintza argitara eman edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, bi mila eta biko abuztuaren hogeita bederatzian.-Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Víctor Manuel Calleja Gómez.

I. ERANSKINA

Eskabidea

................... jaunak/andreak adin nagusikoa, ....... zk.ko Nortasun Agiri Nazionalaren (edo nortasun agiri baliokidearen) jabe, ...........(e)n, (..............) ....... (e)ko .........aren .....(e)an jaioa, nazionalitate .............., helbidea ......................... kalean, Herria ............................... Probintzia .......... Posta kodea ...................... etxeko telefonoa ............. harremanetarako telefonoa ............................

Adierazten du:

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko .............. izateko ..... lanpostu betetzeko deialdian parte hartzeko onar dezatela eskatzen duela, aipatu txandan (deialdia ...... zenbakiko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, .........(e)koan).

f Txanda irekia.

f Igoera txanda.

f Elbarritasunen bat dutenentzako txanda.

-Karguan lan egitea eragozten dion akats edo eritasun fisiko edo psikikorik ez duela.

-Indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik ez duela.

-Ez dela espediente bidez inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez dagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

-Deialdian ezarritako azterketa-eskubideak ordaindu dituela, eta horren egiaztagiria erantsi duela.

Eskabideak aurkezteko epearen azken egunean beharkizun guztiak betetzen dituela. Betebehar horiek agiri bidez frogatuko dira, deialdian ezarririko epean eta moduan.

f Baduela minusbaliotasuna, eta horregatik egokitzapena eskatu nahi duela (minusbaliotasunaren nondik norakoak eta behar diren egokitzapenak aparteko orrian azalduko dira).

f Euskaraz jakitea frogatzen duela, jatorrizko agiri baten bitartez, edo notario nahiz administrazio bidez konpultsatu kopiaren bitartez.

f Onartzen duela euskarazko probetara aurkeztea.

f Eskabide honi erantsitako orri kopurua.

Horregatik:

Eskabide hau ontzat hartu eta aipatu deialdian onartua izatea eskatzen du.

Iruñean, 200...(e)ko .....................aren ...........(e)an.

Sinadura

I. ERANSKINA (BIS)

............................ jauna/andreak, NAN: ................., arkitekto teknikoa izateko oposizio-lehiaketan onar dezatela eskaturik,

Adierazten du:

Behar diren baldintzak betez gero, aldi baterako kontratatzeko zerrendetan egon nahi duela, ondoko esparruotan:

A atala:

f Nafarroako Ospitalea.

f Bideko Ama Birjina Ospitalea (Emakumeari Laguntzeko Zentroak barne).

f Iruña eta Iruñerria.

-Iruña eta Iruñerriko Osasun Etxeak.

-Nafarroako gainerako Osasun Etxeak.

-Larrialdietarako zerbitzuak (Iruña eta Tafalla).

-Adimen Osasuneko baliabideak (OPUak izan ezik).

f Iruñeko eta Tafallako anbulatorioak.

B atala:

f Ubarmin Klinika.

f Odol Bankua.

f Osasun Publikoaren Institutua.

f Nafarroako Iparraldeko Osasun Etxeak.

C atala:

f Tuterako Osasun Barrutia.

f Lizarrako Osasun Barrutia.

f Iraunaldi luzeko eta laburreko zerrendetan egon nahi duela.

Laukitxo hau betetzen ez bada, iraunaldi luzeko zerrendan bakarrik sartuko da.

Iruñean, ..................(e)ko .................aren ......(e)an.

Sinadura

II. ERANSKINA

1. atala.-Egindako zerbitzuak. Ondokoak baloratuko dira:

1. Lortu nahi den lanpostuaren estamentuan eta espezialitatean herri administrazioren batean edo haietako baten menpeko organismo autonomoren batean egindako zerbitzuak: 1,8 puntu urteko.

2. Beste estamentu eta espezialitate batzuetan herri administrazioren batean edo haietako baten menpeko organismo autonomoren batean egindako zerbitzuak: 1,3 puntu urteko.

3. Lehiatzaileak lortu nahi duen lanpostuaren kategoria berean enpresa pribatuan, Gizarte Segurantzan alta emanik eta haren kotizazioak ordaintzen, besteren kontura egindako zerbitzuak: 0,70 puntu urteko.

Azpiatal hauetako bakoitzaren puntuazioa eraberan kalkulatuko da urtebetetik beherako kasuetan.

Atal honetan, guztira, 17 puntu eman daitezke gehienez.

Epealdi berean egindako zerbitzuetatik aurreko bi atalen arabera punturik gehien ematen dituztenak baizik ez dira kontuan hartuko.

Baremo honetan aipatutako zerbitzuak urriaren 3ko 464/2001 Foru Aginduaren 2. artikuluan ezarritako arauei segituz zenbatuko dira.

2. atala.-Prestakuntza, irakaskuntza, ikerkuntza eta hizkuntzak:

Atal honetan jasotzen diren merezimenduak lehiaketako lanpostuarekin loturik baldin badaude baloratuko dira:

1. Erakunde publiko edo unibertsitate zentroek antolatu edo ziurtatutako prestakuntzako ekintzetan ikasle gisa parte hartzea: 0,1 puntu kreditu akademiko bakoitzeko edo haren baliokide den ordu kopuruko (10 ordu). Ordu kopuru zehatzik agertzen ez denean, kreditu bateko balioa emanen zaio agiriari, eta denbora ikasturte batekoa dela dioenean, 12 kreditu kontatuko dira. Gehienez ere 10 puntu, denbora zatiak eraberan kalkulatuz.

Orobat, nahiz erakunde antolatzailearen beharkizuna ez bete, prestakuntza ekintzak baloratu eginen dira Administrazioak aginduta egin badira edo hark homologatu baditu. Horien artean sartzen dira sindikatuek "Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Akordioen" barrenean antolatuak.

2. Biltzar edo jardunaldietan ponentziak edo berriemateak aurkeztea: 0,4 puntu, nazioartekoa bada, 0,3 puntu, nazionala bada, eta 0,2 puntu soilik eskualdea edo herria hartzen badu; gehienez ere 2 puntu.

3. Administrazio edo erakunde publiko baten saria edo beka jaso duten ikerlan zientifikoak: 0,75 puntu, nazioartekoa bada, 0,5 puntu, nazionala bada, eta 0,2 puntu autonomia erkidegokoa bada; gehienez ere 2 puntu.

4. Aldizkari espezializatuetan argitaratutako lanak: 0,2na puntu lehen hiru sinatzaileei, gainerakoei 0,05na puntu; 2 puntu gehienez.

5. Prestakuntzako beka edo egonaldiak: 0,1 puntu hilabeteko, puntu 1 gehienez.

6. Sektore publikoan edo unibertsitatean prestakuntza ekintzak antolatzea eta/edo horietan irakasle gisa parte hartzea: kreditu akademiko bakoitzeko edo 10 orduko, 0,2 puntu, gehienez ere 3 puntu; zatikiak proportzionalki kalkulatuko dira. Iraupenik adierazten ez duten ziurtagiriak 2 ordukotzat joko dira.

7. Frantsesez, ingelesez edo alemanez jakitea, ofizialki egiaztatua, Europako Batasunean erabilera ofizialeko hizkuntzak diren aldetik: 1,6 puntu hizkuntza bakoitzeko. Hizkuntza Eskola Ofizial batek emandako Gaitasun Agiririk edo ofizialki baliokidetzat jotako titulaziorik ez izatera, Hizkuntza Eskola Ofizial batean gainditutako maila bakoitzari dagokion gehieneko puntuazioaren bostetik bat emanen zaio.

Bateragarria da 2. eta 4. azpitatalei emandako puntuazioa, lan edo ikerketa berari edo antzekoari buruzkoa denean.

Deialdiko lanpostuan aritzeko gaitasunik ematen ez duten titulu ofizialak ez dira prestakuntzako merezimendutzat hartuko.

Atal honetan, guztira, 19,8 puntu eman daitezke gehienez.

3. atala.-Euskaraz jakitearen balorazioa:

1. Eremu euskalduneko lanpostuak eskuratzeko, euskaraz jakitea merezimendu kualifikatu gisa baloratu behar denean, gehienez ere %10a gehituko zaio frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteagatik ematen den puntuazioari.

2. Eremu mistoan, euskaraz jakitea merezimendu kualifikatu gisa baloratu behar denean, gehienez ere %5a gehituko zaio frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteagatik ematen den puntuazioari.

3. Bi kasuetan, eta Hizkuntza Eskola Ofizial batek emandako Gaitasun Agiririk edo ofizialki baliokidetzat jotako titulaziorik ez bada, Hizkuntza Eskola Ofizial batean gainditutako maila bakoitzari gehieneko puntuazioaren bostetik bat emanen zaio, edo, bestela, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzari, gehieneko puntuazioaren hamabitik bat.

III. ERANSKINA

Gai-multzoa

-1. zatia

1. gaia.-Espainiako 1978ko Konstituzioa. Oinarrizko printzipioak. Eskubideak eta askatasunak. Haien babesa. Estatuko oinarrizko erakundeak. Koroa. Gorte Nagusiak. Gobernua. Auzitegi Konstituzionala. Botere Judiziala. Lurralde egitura. Komunitate Autonomoak.

2. gaia.-Europako Batasuneko Zuzenbidea: kontzeptua, ezaugarriak. Iturriak: jatorrizko zuzenbidea eta zuzenbide eratorria. Itunak. Erregelamenduak. Zuzentarauak. Erabakiak. Europako Batasuneko Zuzenbidea eta Espainiako Konstituzioa.

3. gaia.-Antolamendu juridikoaren iturriak. Konstituzioa arau gisa. Legeak. Motak. Erregelamenduak. Beste iturri batzuk: ohitura, printzipio orokorrak. Jurisprudentzia.

4. gaia.-Administrazio Publikoa. Kontzeptua, motak, xedeak. Antolaketa printzipioak. Administrazio egintza: kontzeptua, ezaugarriak eta sailkapena. Administrazio Prozedura. Administrazioarekiko auzien Jurisdikzioa.

5. gaia.-Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa. Oinarria. Nola egin zen. Oinarrizko printzipioak. Foru Eraentzaren aldaketa. Nafarroaren eskumenak.

6. gaia.-Nafarroako Foru Komunitateko Gobernuari eta Administrazioari buruzko Foru Legea. Egitura eta edukia. Lehendakaria. Gobernua. Administrazioa.

7. gaia.-Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileak. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen Estatutua. Langile motak. Funtzionarioak: sarrera, administrazio karrera, eskubideak eta betebeharrak.

-2. zatia

1. gaia.-Administrazio Prozedura. 4/1999 Legea, zeinak Administrazio Publikoen Araubideari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatu baitzuen: printzipioak eta aplikazio esparrua. Administrazio prozedura orokorraren faseak. Prozedura bereziak. Helegite administratiboak. Kontzeptua. Printzipio orokorrak eta motak.

2. gaia.-Europako Batasuna eta arautegi teknikoak. Erregelamenduak. Zuzentarauak. Erabakiak. Irizpenak. Gomendioak. Europako politika, ingurumen, osasun eta industri arloetan. Europako arautegia Espainiako arautegiari egokitzea. Europan egintzak onesteko tresnak, Europako Batasuneko Itunaren arabera.

3. gaia.-Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea. Lege araubidea eta lurzoruaren sailkapena. Hiri lurzoruaren, lurzoru urbanizagarriaren eta urbanizaezinaren araubidea. Lurraldearen antolamendurako tresnak. Udaletako hirigintza planeamendua. Udaletako planeamendu motak. Udal planaren eduki eta zehaztapenak. Banaketa eremuak eta ereduko aprobetxamenduak. Exekuzio unitateak.

4. gaia.-Nafarroako Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko ekainaren 16ko 10/1998 Foru Legea. Xedapen orokorrak. Administrazio kontratu tipikoak. Administrazioarekin kontratuak egiteko baldintzak. Adjudikazioaren aurreko ekintzak, fidantzak eta bermeak.

5. gaia.-Nafarroako Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko ekainaren 16ko 10/1998 Foru Legea. Adjudikatzea eta formalizatzea. Kontratuen exekutatze, aldatze eta etetea. Prezioen berrikustea.

6. gaia.-Nafarroako Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko ekainaren 16ko 10/1998 Foru Legea. Kontratuen iraungitzea. Lagatzea eta azpikontratatzea. Kontuen Ganbara. Administrazio Kontrataziorako Batzordeak, kontratuen Erregistro Publikoa eta kontratisten erregistro ofiziala.

7. gaia.-Salneurriak berraztertzeari buruzko legedi berezia. Salneurri indizeak eta berraztertze moduluak. Formula polinomikoak.

8. gaia.-Eraikuntzaren antolamenduari buruzko azaroaren 5eko 38/1999 Legea. Xedea eta aplikazio eremua. Baldintza tekniko eta administratiboak. Eraikuntzaren eragileak. Erantzukizuna eta bermeak.

9. gaia.-17/1985 Foru Legea, irailaren 27koa, Nafarroako Ondarea arautzen duena. Kontzeptuak eta motak. Administratzea. Eskuratzea. Besterentze eta lagatzea. Defentsa eta babesa. Jabari publikoa. Jabari pribatua. Erakunde autonomo eta sozietateak.

10. gaia.-8/1997 Foru Legea, ekainaren 9koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko erregimen orokorra arautzen duena.

11. gaia.-Osasunari buruzko 10/1990 Foru Legea. Araubidea. Egitura eta edukia.

12. gaia.-11/1992 Foru Legea, urriaren 20koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen araubidea erregulatzen duena. Araubidea. Egitura eta edukia.

13. gaia.-Osasun Departamentuaren egitura organikoa. Osasun Zuzendaritza Nagusia eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren zuzendaritza-organoen eginkizunen banaketa.

-3. zatia

1. gaia.-Obra baten antolaketa. Denbora eta kostuen kontrola. Gantt-en diagramak. Pert-denboren sistemak. Aurreikuspenak betetzeko probabilitateak. Pertt-kostuen eta C.P.M. sistemak.

2. gaia.-Zementaziorako lur mugimenduak eta indusketak. Tipologiak. Obra horien kontrola eta ikuskapena. Lurzoruen mekanikari buruzko kanpoko eta laborategiko entseguak. Neurketa eta balorazioa.

3. gaia.-Zimentuak, pilotajeak eta lurrei eusteko hormak. Motak. Eraikuntza, obren kontrola eta ikuskapena. Neurketa eta balorazioa.

4. gaia.-Hormigoi armatuzko egiturak. Motak. Jarraibide indardunetan ezarritako kontrola. Erresistentzia praktikoaren probak. Neurketa eta balorazioa.

5. gaia.-Forjalanak. Tipologia. Zama-probak. Entsegu metodoak eta emaitzen interpretazioa. Kalitatearen adierazleak eta erabiltzeko baimena. Neurketa.

6. gaia.-Altzairu ijeztuzko egiturak. Araudia. Exekuzioa eta apeoak. Altzairuaren eta profilen ezaugarriak. Kontrola. Neurketa eta balorazioa.

7. gaia.-Lantegiko egiturak. Materialen ezaugarriak. Kontrola. Araudia. Kalitatearen adierazleak. Neurketa eta balorazioa.

8. gaia.-Isolamendu termikoa eta akustikoa etxebizitzetarako eraikinetan. Obren kontrola eta ikuskapena. Araudia. Neurketa eta balorazioa.

9. gaia.-Estalkiak. Tipologiak. Obra horien kontrola eta ikuskapena. Arautegia. Neurketa eta balorazioa.

10. gaia.-Fatxaden itxierak eta trenkada multzoak. Tipologiak. Obra horien kontrola eta ikuskapena. Arautegia. Neurketa eta balorazioa.

11. gaia.-Barne estaldurak. Tipologiak. Obra horien kontrola eta ikuskapena. Arautegia. Neurketa eta balorazioa.

12. gaia.-Kanpoko eta barneko arotz lanak. Tipologiak. Obra horien kontrola eta ikuskapena. Arautegia. Neurketa eta balorazioa.

13. gaia.-Beiragintza, akaberak eta pintura. Tipologia. Unitateen kontrola. Neurketa eta balorazioa.

14. gaia.-Iturgintza eta saneamendua. Tipologiak. Obra horien kontrola eta ikuskapena. Arautegia. Neurketa eta balorazioa.

15. gaia.-Eraikinetako instalazio elektrikoak. Araudia. Zerbitzu-probak instalazio elektrikoetan. Materialen kalitatearen adierazleak. Instalazio elektrikoen segurtasuna. Kontrola eta ikuskapena.

16. gaia.-Berokuntzaren eta ur beroaren instalazioa. Araudia, instalazio motak. Galdarak eta bero-trukagailuak, erradiadoreak, konbektoreak, sareak, materialak. Kontrola eta ikuskapena. Zerbitzu-probak. Neurketa.

17. gaia.-Klimatizazioaren instalazioa. Instalazio motak. Osagaiak. Kontrola eta ikuskapena. Zerbitzu-probak. Neurketa.

18. gaia.-Garraio-instalazioak. Motak eta eskemak. Indarra duen araudia. Kontrola eta ikuskapena. Zerbitzu-probak. Neurketa.

19. gaia.-Ospitaleetako instalazio berariazkoak. Operazio-geletako instalazio elektrikoak eta klimatizazioa. Gas medikoen instalazioa, kontrola eta ikuskapena.

20. gaia.-Erradiazio ionizatzaileetarako babesa. Araudia. Erradiazio ionizatzaileen iturriak ospitaleetan. Erabiltzen den babes sistema.

21. gaia.-Eraikuntzaren arloko patologia: lurrek, azpiegiturek, egiturek, itxierek eta instalazioek dituzten patologiak. Erabiltze okerra. Arriskuei aurrea hartzeko neurriak. Eragileen erantzukizunak.

-4. zatia

1. gaia.-Eraikuntzako material eta elementuek suaren aurrean duten jokabidea. Suaren aurreko erantzun eta erresistentzia. Materialak eta tratamenduak.

2. gaia.-Suak itzaltzeko teknikak. Gai itzalgarriak. Tipologia, ezaugarriak, erabilera, ontziak, dosifikazioak, su mota desberdinetarako egokitasuna, abantailak. Halonen arazoak: ordezko garrantzitsuenak.

3. gaia.-Suteen kontrako babesteko instalazioak: finkoak, sua antzematekoak, sua itzaltzekoak.

4. gaia.-Suaren hedapena. Sutearen sektoreak. Zatikatzea; suaren kontrako horma eta ateak; zerbitzuetarako hodiak: zigilatzea. Hutsuneak horma eta zoruetan; ihinztagailu bidezko babesa. Eskailera eta igogailuen kaxak; eskailera automatikoak. Ke eta gasen exutorioak. Gortina hormak; fatxadetatik hedatzea.

5. gaia.-Suteen kontrako prebentzioa eraikuntzetan. Suteen kontra babesteko araudia. Suteen kontra babesteko instalazioen erregelamendua. Eraikuntzako gaien zuzentaraua. Europako Komunitatearen araudia eta suteen kontrako segurtasuna.

6. gaia.-Jarduera sailkatuak. Ingurumena babesteko jarduera sailkatuen kontrolari buruzko Foru Legea eta ondoko aldaketak. Erregelamendua.

7. gaia.-Osasun zentro, zerbitzu eta establezimenduak sortu, aldatu eta lekuz aldatzeko baimenak, funtzionatzeko baimenak. Gailuak. Gutxieneko betebehar teknikoak osasun zentroetan.

8. gaia.-Eraikuntzaren kalitatea I. Produktuen egiaztatzea. AENOR marka. Saio-laborategiak eta horiek duten zerikusia kalitatea egiaztatzeko prozesuetan. Eraikuntza-produktuei buruzko zuzentaraua: CE marka. ISO arauak, CEN arauak eta UNE arauak. Ikuskaketa eta kontrola.

9. gaia.-Eraikuntzaren kalitatea II. Kalitate sistemen ezartzea eraikuntza enpresetan. Kalitate sistemen ezartzea eraikuntza administrazio publikoetan. ISO-9000 arau multzoa. EFQM eredua.

10. gaia.-Eraikuntzaren segurtasuna I. Eraikuntzako istripuei aurrea hartzea. Segurtasun proiektua. Arriskuei aurrea hartzeko neurriak. Langilearen eskubide eta betebeharak. Enpresaburuaren betebeharrak. Zuzendaritza fakultatiboaren erantzukizuna. Babes neurriak. Indarrean dauden arauak.

11. gaia.-Eraikuntzaren segurtasuna II. Babes ekipoak eta arriskuei aurrea hartzeko teknikak: apeoak, aldamioak, goietako lanak, eraisteak, indusketak. Zaharberritzeak eta obra berriak. Elekrizitate arriskua. Garabiak eta igogailuak.

-5. zatia

1. gaia.-Hardwarea. Mikroprozesadore baten osagaiak. Oinarrizko ezagutza. Periferiko erabilienak. MS-DOS sistema eragilea. Oinarrizko kontzeptuak. Agindurik erabilienak. Windows 3.1., Windows 98 eta Windows NT. Tokiko sareko lana. Internet: sarearen egitura eta lanbide-aplikazioa.

2. gaia.-Testuak prozesatzeko programak (Word). Kalkulu orriak (Excel). Datu baseak (Access). Obren aurrekontuak kudeatzeko programak. Prezioen oinarriak. Programa horiek arkitekturan duten erabilgarritasuna.

3. gaia.-Ordanagailuz lagunduriko marrazketa. Autocad. Ezaugarriak eta arkitekturan dituen aplikazioak.

Iragarkiaren kodea: A0209918