133. ALDIZKARIA - 2002ko azaroaren 4a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

270/2002 FORU AGINDUA, irailaren 20koa, Ekonomi eta Ogasun kontseilariak emana. Honen bidez sortzen dira Tributu Gaietarako Zehapen Prozeduraren Unitate Administratiboa, Zuzeneko Tributuen eta Enpresa Handien Zerbitzuari atxikia, hala nola Informazioa Eskuratzeko Bideak Kudeatu eta Kontrolatzeko Bulegoa eta Jakinarazpenak Kudeatzeko Bulegoa, Ogasuna Kudeatzeko Zerbitzuari atxikiak.

Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorreko 70.1 artikuluan arau orokor batzuk ematen dira organo administratiboei tributu arloko zehapenak jartzeko eskumena esleitzeko. Foru Lege horrek bi osagarri ditu, alegia, ekainaren 11ko 153/2001 Foru Dekretua, Foru Lege horren xedapenak garatzen dituena Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerga arloko arau-hauste eta zehapenen arloan, eta Ekonomi eta Ogasun kontseilariak urtarrilaren 25ean emandako 26/2002 Foru Agindua, zerga arloko arau-hauste soilengatik, diru-zehapenak ezartzeko eskumena delegatzen duena.

Nafarroako Zerga Ogasuna erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen irailaren 13ko 353/1999 Foru Dekretuko 16. artikuluari jarraikiz Zuzeneko Tributuen eta Enpresa Handien Zerbitzuari dagokio, besteak beste, tributuei buruzko arau-hausteengatik zehapenak jartzea, bere eskumenen esparruaren barruan.

Eginkizun horri dagokionez, Iruzur fiskalaren aurka borrokatzeko plan integralaren barruan, administrazioaren eraginkortasuna eta zergapekoaren bermeak hobetzeko beharrezkoa da unitate espezializatu bat sortzea, Zuzeneko Tributuen eta Enpresa Handien Zerbitzuaren eskumenen esparruan egindako arau-hausteei dagozkien zehapen prozedurak tramitatzeko eta arlo horretako arau eta irizpideak modu homogeneoan aplikatzeko.

Ogasuna Kudeatzeko Zerbitzuan bi Bulego sortzen dira. Alde batetik, Foru Ogasuneko aplikazio informatikoen bitartez tributuen arloko informazioa eskuratzeko bideen kontrola indartzen da, eta, bestetik, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrak sartutako tributu-prozeduraren aldaketaren ondorioz, beharrezkoa da Bulego bat sortzea, likidazio proposamenen jakinarazpenak, behin-behineko likidazioak, aitorpenak aurkezteko errekerimenduak etab. antolatu eta kudeatuko dituena.

Irailaren 13ko 353/1999 Foru Dekretuko 49. artikuluan ezarritakoarekin bat (horren arabera Ekonomi eta Ogasun kontseilariari dagokio Nafarroako Zerga Ogasunaren egitura organikoa garatzeko ahalmena),

AGINDU DUT:

1. Tributu Gaietarako Zehapen Prozeduraren Unitate Administratiboa sortzea, Zuzeneko Tributuen eta Enpresa Handien Zerbitzuari atxikia, ondoko eginkizun hauekin:

-Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorreko 70.1 artikuluari eta hura garatzen duten xedapenei jarraikiz Zuzeneko Tributuen eta Enpresa Handien Zerbitzuaren eskumeneko arau-hauste tributarioei dagozkien zehapen prozedurak tramitatzea.

-Zehapenak jartzeko Zuzeneko Tributuen eta Enpresa Handien Zerbitzuak emandako egintzen aurka paratutako berraztertzeko errekurtsoak tramitatzea.

-Zehapenak jartzeko Zuzeneko Tributuen eta Enpresa Handien Zerbitzuak emandako egintzei loturiko espedienteak tramitatzea.

-Tributuei buruzko zehapenei loturiko kontsulta fiskalei erantzuna ematea. Tributuei buruzko zehapei loturiko idatzizko kontsultak ebaztea.

-Unitatearen jarduerari buruzko txostenak egitea.

-Aurrekoei loturik ematen zaion beste edozein eginkizun.

2. Informazioa Eskuratzeko Bideak Kudeatu eta Kontrolatzeko Bulegoa sortzea, Informazioaren Erabilerarako Atalari atxikia, ondoko eginkizun hauekin:

-Aplikazio informatikoen bitartez Nafarroako Zerga Ogasuneko informazioa eskuratzeko baimenak kudeatzea.

-Informazioa zertarako eman den, xede horietarako erabiltzen dela kontrolatzea. Horretarako, kontsultatutako informazioaren adostasun agiria eskatuko die dagokien arduradun organikoei.

-Egindako kontsulten auditoria egitea, informazioa kontsultatzea ekarri duten espediente administratibo batzuen azterketaren bidez.

-Informazio fiskalaren konfidentzialtasuna eta kontsulta justifikatua bermatuko dituzten neurriak ezartzea.

-Informazioaren sarrera eta ateratze guztien (paperaren, euskarri magnetikoaren, telematikoaren edo beste edozein bideren bitartekoen) inbentarioa eta kudeaketa egitea.

-Informazioaren Erabilerarako atalburuak Atalaren eginkizunetatik esleitzen dion beste edozein.

-Zerbitzuko zuzendariak ematen dizkion bestelako eginkizunak.

3. Jakinarazpenak Kudeatzeko Bulegoa sortzea, Koordinazio Informatikoaren Atalari atxikia eta ondoko eginkizun hauekin:

-Ondoko egintza administratiboen jakinarazpenak kudeatu eta kontrolatzea:

-Likidazio proposamena.

-Behin-behineko likidazioak

-Aitorpenak aurkezteko errekerimenduak.

-Eskatzen zaion beste edozein egintza administratiboa.

-Koordinazio Informatikoaren atalburuak Atalaren eginkizunetatik esleitzen dion beste edozein.

-Zerbitzuko zuzendariak ematen dizkion bestelako eginkizunak.

Iruñean, bi mila eta biko irailaren hogeian.-Ekonomi eta Ogasun kontseilaria, Francisco Iribarren Fentanes.

Iragarkiaren kodea: A0211248