13. ALDIZKARIA - 2002ko urtarrilaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

9/2002 FORU AGINDUA, urtarrilaren 17koa, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak emana, Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbara Ofizialaren gobernu organoak berritzeko hauteskundeetarako dei egiten duena.

Merkataritza, Industria eta Nabigazio Ganbara Ofizialei buruzko martxoaren 22ko 3/1993 Oinarrizko Legeko 9. artikuluan eta Ganbara horien hauteskunde sistema arautzen duen ekainaren 22ko 816/1990 Errege Dekretuan aurreikusirikoaren arabera, 2001eko ekainaren 25ean Ekonomia eta Ogasun Ministerioko Agindu bat eman zen, Espainiako Merkataritza eta Industria Ganbara Ofizialen eta haien Kontseilu Nagusiaren osoko bilkurak berritzeko hauteskunde prozesua irekitzeko. Errege Dekretu haren bidez Ganbarei buruzko Araubide Orokorreko III. Kapitulua aldatu zen.

Halaber, Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbara Ofizialari buruzko azaroaren 19ko 17/1998 Foru Legeko 35. artikuluan xedaturikoarekin bat, hauteskunde prozesua irekitzeko erabakia hartu ondoren, Nafarroako Gobernuak dei eginen du Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbara Ofizialerako haustekundeetarako.

Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbara Ofizialaren Barne Araubideari buruzko Erregelamenduko IV. Tituluko II. Kapituluan xedaturikoaren arabera, bidezko da, jarraipena ematea hauteskunde prozesuari gainerako faseetan, harik eta erabat bukatzen den arte, eta horretarako, Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbara Ofizialari entzutea eman ondoren, direlako hauteskundeetarako dei egitea. Merkataritza eta Industria Ganbara Ofizialaren Barne Araubideari buruzko Erregelamendua maiatzaren 7ko 111/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Deialdian kontuan hartu da maiatzaren 7ko 111/2001 Foru Dekretuaren edukia, non arian dagoen hauteskunde prozesuan aintzat hartu behar diren izapideak xeheki agertzen baitira, eta horien artean, ezinbestekoak diren begiratu beharreko parte- hartzea eta zuhurtasunaren irizpide demokratikoak; horregatik, eta alferrik gauza bera esaten ez ibiltzeko, Foru Agindu honetan osorik Ganbarako Barne Araubideari buruzko Erregelamendura bideratzen duen aipamena egiten da.

Bestalde, hauteskunde deialdiaren xehetasun bereziak arautu dira.

Horren guztiaren indarrez,

AGINDU DUT:

I.-Hauteskundeetarako deialdia:

1. artikulua. Hauteskundeetarako dei egiten da, Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbara Ofizialaren Gobernu organoak berritzeko.

2. artikulua. Talde bakoitzeko boza 2002ko martxoaren 26an emanen da, goizeko bederatzietatik arratsaldeko zortziak bitartean.

3. artikulua. Hauteskunde Kolegio bakar bat osatzen da, egoitza, Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbara Ofizialaren helbidean duena, Iruñeko Chinchilla jeneralaren kaleko 4an, bertan eratuko baita Hauteskunde Mahaia hauteskunde egunean.

4. artikulua. Hauteskunde Batzordearen Egoitza Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbara Ofizialaren helbidean jarriko da.

5. artikulua. Bozak emateko txartelaren eredua Foru Agindu honetako eranskinean ageri dena da.

6. artikulua. Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbara Ofizialaren Barne Araubideari buruzko Erregelamenduko 19. artikuluan xedatua betetzeko, sektoreen arteko eta eskualdean eskualdeko enpresaburu erakundeak Asociación de Empresas Laborales (ANEL) eta Confederación de Empresas de Navarra (CEN) izanen dira.

7. artikulua. Beren boza postaz eman nahi duten hautesleek, horren berri eman beharko diote, idatziz, Ganbarako Idazkaritzari, honek luzatuko dituen eredu normalizatuetan, deialdi hau argitara eman eta ondoko hogei egunen barrenean.

Erregelamenduari jarraituz emandako boz-txartela Hauteskunde Batzordeko Idazkaritzara igorriko da posta ziurtatuaren bidez, hauteskundeen bezpera eguneko eguerdiko hamabiak baino lehen jaso ahal izateko moduan.

II.-Hauteskundeak egiteko arautegia

8. artikulua. Foru Agindu honetan xedatutakoaz gain, Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbara Ofizialeko gobernu organoak berritzeko hauteskundeak egitean, maiatzaren 7ko 111/2001 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraituko zaio. Foru Dekretu horrek aipatzen ditu hautesle eskubidea duten pertsonak, hautagaiak, hautagai zerrenden aurkezpena, hauteskunde mahaien osaera eta jarduketa, boza postaz emateko eskubidea, boza norberak edo ordezkari batek ematea, jabetza-hartzea eta Ganbarako Osoko Bilkura hautatuek osatzea eta horren lehendakaria eta Batzorde Betearazlea hautatzeko betebeharrak eta baldintzak.

9. artikulua. Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbara Ofizialak hauteskunde prozesuari buruz egiten duen publizitatea, aurreko artikuluan aipatutako Foru Dekretuan jasotakoari eta Foru Agindu honetan aurreikusitakoari zehatz-mehatz lotuko zaio.

10. artikulua. Hauteskunde prozesuaren garapenean parte hartzen duten pertsona fisiko eta juridikoek beren eginkizunak bete beharko dituzte aurreikusitako eran eta epeetan.

11. artikulua. Osoko Bilkura osatzen duten enpresa taldeak maiatzaren 7ko 111/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsiriko Barne Araubideari buruzko Erregelamenduko 18. artikuluko 2. idatz- zatian aurreikusten direnak izanen dira. Gutxienez ere, talde edo kategoria bakoitzeko hautesleen 100eko 5en izenpeek abalatu beharko dituzte hautagai zerrendak. Talde edo kategoriako hautesleak berrehun baino gehiago badira, aski izanen da, hautagaia aurkez dadin, hamar hauteslek izenpetzea.

12. artikulua. Hautesleak taldeen arabera sailkatzeko haien enpresek jarduera ekonomikoen gaineko zergaren arabera dutena hartuko da kontuan, maiatzaren 7ko 111/2001 Foru Dekretuko eranskinean zehazten den egokitasunari jarraituz.

13. artikulua. Ganbararen Osoko Bilkurako kide izateko hautagai zerrendan aurkezten diren pertsona fisiko edo juridikoek, erregelamenduari jarraituz eskatutako agiriez gain, ganbaren errekurtso iraunkorraren kontzeptuan ordaintzea egokitzen zaien kopurua ordaindu izanaren zinpeko adierazpena aurkeztuko dute.

14. artikulua. Boto eskubidea erabiltzean, hautesle bakoitzak bere boz txartela hauteskunde mahaian jarritako atabakan utziko du.

Hautesleren batek talde edo kategoria batzuetan egiten baditu jarduerak, bere boz eskubidea horietako bakoitzean erabili ahal izanen du.

15. artikulua. Hautesleak zein hautagairi ematen dion boza adieraziko du, horren ezkerraldean dagoen laukizuzenaren barnean gurutze bat eginez. Hautagaien hurrenkera kasuan kasuko zerrenda aurkezten den egunaren arabera erabakiko da. Bozkatutako hautagaien kopurua gehienez ere, horien taldeari edo kategoriari dagozkion mahaikideena izanen da. Txarteletan talde edo kategoria bakoitzean bete beharreko postuak baino izen gehiago agertzen badira, lehenbizi ageri direnak hartuko dira aintzakotzat bakarrik.

III.-Hauteskunde Batzordea

16. artikulua. Hauteskundeetarako deialdiari buruzko Foru Agindu hau argitaratu eta hurrengo zortzi eguneko epean Hauteskunde Batzordea eratuko da, horren eremua Nafarroako Foru Komunitate osoa izanen delarik.

Hauteskunde Batzordearen lehendakaritza Merkataritza eta Turismo zuzendari nagusiak beteko du, eta horri dagozkion eginkizunez gain, hautesleen ordezkarien zozketako lehendakaria izanen da.

17. artikulua. Hauteskunde Batzordeko lehendakariak, aurreko artikuluan ezarritako epean, haren bilkura eratzailerako deia eginen du, hautesleen hiru ordezkariei dei eginez, horiek zozketaz hautatuko direlarik, Foru Agindu honetako deialdia argitaratu eta lehenengo egun baliodunean.

Halaber, Hauteskunde Batzordeko lehendakariak, erregelamenduari jarraituz gai diren pertsonen artetik, idazkari bat izendatuko du, bilkura eratzailean parte hartzeko deituko duena.

Bilkura horretara Administrazio babesleak izendatutako kidea ere deituko da.

18. artikulua. Hauteskunde Batzordearen erabakien aurka gora jotzeko helegitea jarri ahalko da Nafarroako Gobernuari zuzendua.

19. artikulua. Hauteskunde Batzordearen bilkura eratzailearen eguneko gai zerrendan agertarazi beharko da, boza postaz emateko eredu normalizatuen onarpenari buruz, bai eta hauteskunde mahaiaren eraketaren eta hauteskudeen emaitzaren aktei buruz ere hartutako erabakia.

20. artikulua. Hauteskunde Batzordeak egiten dituen bilkuretara kide guztiek joan beharko dute.

Hauteskunde Batzordeko kideren batek joaterik ez duela jakinarazten badu, ordezkoren bat deituko da.

Nolanahi ere, bilkura baliozkoa izanen da lehendakaria, idazkaria eta gutxienez hautesleen erdiak joaten baldin badira.

Deialdia bi egun aurretik eginen da.

Erabakiak bozen gehiengoz hartuko dira; berdinketa izanez gero, lehendakariaren boza kalitatezkoa izanen da.

Hauteskunde Batzordeak egiten dituen bilkura guztien akta jasoko da, bertan erabilitako gaien aipamen laburra eta hartutako erabakirako izandako bozketaren emaitza jasoz.

Akta bakoitza parte hartzaile guztiek sinatuko dute bilkura bakoitzaren bukaeran.

21. artikulua.

1. Ordezkari gehien dauzkaten sektorearteko eta eskualdean eskualdeko enpresaburu erakundeek proposaturiko hautagaiek, horiek gutxienez ere seina proposatu beharko dituztela, Ganbarako Idazkaritzan agertu beharko dute, hauteskundeetarako deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hamabost eguneko epean. Honako hau eraman beharko dute aldean:

-Erakundeko idazkariaren ziurtagiria, haren lehendakariaren oniritziaz, hautagai-zerrendaren proposamenari buruz.

-Proposaturiko hautagaien merezimenduen zerrenda.

-Interesatuek hautagai izan nahi dutela frogatzen duten agiriak.

2.-Hauteskunde Batzordeak, hautagai zerrendak aurkezteko epea bukatu eta hamar eguneko epean, Foru Agindu honetako 6. artikuluan aipatzen diren sektorearteko eta eskualdean eskualdeko enpresaburu elkarteek proposaturikoak hautagai direla aldarrikatuko du.

3.-Hautagai horiek denek zerrenda bat osatuko dute, Ganbarako idazkariak, aurkezturiko merezimenduekin eta hautagai izan nahi dutela frogatzen duten agiriekin batera, Barne Araubideari buruzko Erregelamenduko 72. artikuluan aurreikusiriko bilkuraren deialdian igorriko duena.

4.-Bilkura horretan, Osoko Bilkurarako hautatu diren kideek bozkatuko dute zerrenda. Horiek gehienez ere lau hautagai hautatzen ahalko dituzte. Boz gehien lortzen dituzten laurak bilkurakide bihurtuko dira.

AZKEN XEDAPENA

Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Foru Agindu honen aurka bidezko da gora jotzeko helegitea paratzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Iruñean, bi mila eta biko urtarrilaren hamazazpian.-Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilaria, Nuria Iturriagagoitia Ripoll.

URTARRILAREN 17KO 9/2002 FORU AGINDUKO ERANSKINA

TXARTELAREN EREDUA

Papera: zuria, 10,5 X 15 cm.

Kolorea: tinta beltza.

NAFARROAKO MERKATARITZA ETA INDUSTRIA GANBARA OFIZIALERAKO OSOKO BILKURARAKO HAUTESKUNDEAK

"X" taldea

f 1. hautagaia.

f 2. hautagaia.

f 3. hautagaia.

f 4. hautagaia.

f X. hautagaia.

Oharra: "X" taldeak "x" kide izanen d(it)u Osoko Bilkuran. Jarri "X" bat hautagai(ar)en laukian.

Iragarkiaren kodea: A0200657