128. ALDIZKARIA - 2002ko urriaren 23a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

E S T E R I B A R

Babes bereziko etxebizitzetarako laguntzak arautzen dituen ordenantza

Esteribarko Udalak, 2002ko irailaren 27an egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Babes bereziko eremuetako etxebizitzetarako laguntzak arautzen dituen ordenantza.

Onespenari buruzko iragarkia 101. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen abuztuaren 21ean eta jendaurreko epea alegaziorik gabe iragan denez, behin betiko onetsi da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraituz. Orobat, xedatu da osorik argitara dadila, behar diren ondorioak sor ditzan.

Esteribarren, bi mila eta biko irailaren hogeita zazpian. Alkatea, Francisco Javier Borda Garde.

BABES BEREZIKO EREMUETAKO ETXEBIZITZETARAKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN UDAL ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea eta aplikazio esparrua.

Ordenantza honen xedea da mugatutako eremuetako (ikus, erantsitako planoak) eraikinetarako Esteribarko Udalak emanen dituen laguntzak arautzea.

2. art. Jarduera babesgarriak.

Udalaren babesa har daiteke, eraikinetan obra hauek egiten direnean:

2.1. Eraikina egituren aldetik egokitzeko obrak, hots, eraikinari eraikuntzaren segurtasunaren arloan behar adina baldintza ematen badiote, haren egonkortasuna eta sendotasuna bermaturik geldi daitezen.

2.2. Funtzioen aldetik egokitzeko obrak, hots, eraikinari arlo hauetan behar adina baldintza ematen diotenak: estalkia, fatxadak eta oztopo arkitektonikoak kentzea.

3. art. Baldintzak.

3.1. Jarduketa babesgarritzat hartua izateko, eraikinak baldintza hauek bete behar ditu:

a) Gehienbat etxebizitzatako erabiltzea (beheko solairua, sestrapea eta estalkiartea salbu).

b) 50 urte baino zaharragoa izatea, egituraren aldetik egokitzeko obretarako.

c) Hirigintzan indarra duten araudiak eta planeamenduak ezarritakoarekin bat etortzea.

3.2. Udalaren babesetik kanpora daude:

a) Udal zerbitzu eskudunak beharrezkotzat jotzen dituen obrak egiten ez dituen jarduketa.

b) Barne akaberako obrak edo hobetzekoak.

4. art. Laguntzak.

Udal honek ezartzen dituen laguntzen xede izanen dira aipatu baldintzak betetzen dituzten jarduketa babesgarri guztiak, betiere aurrekontu osoa (zergak kanpo) eraikineko etxebizitza kopuruarekin zatituta, 4.000 euro baino gehiago bada. Diru aldetik, jarduketa babesgarriaren baitako obra gauzatzeko aurrekontuaren % 5eko diru-laguntzak izanen dira eta, betiere, gehienez ere 2.000 eurokoak etxebizitza bakoitzeko.

5. art. Onuradunak eta laguntzak hartzea.

5.1. Jarduketa babesgarrien sustatzaileak laguntzen onuradun izan daitezke, baldin eta, aipatu baldintzak beterik, obrak baino lehen eskatzen badituzte eta behar diren frogagiriak aurkeztu. Aldez aurretik eskumena duen udal zerbitzuak edo harekin parekatutakoak adostasun txostena egin beharko du.

5.2. Obrak burututakoan laguntzak behin betikoak izanen dira. Hortaz, zerbait ez dela bete ohartuz gero, horietarako eskubidea galduko da, beste ekintza motak egin daitezkeela deusetan ukatu gabe.

5.3. Udalaren diru-laguntzak eskualdeko Zaharberritze bulegoak (Burlata) eman ditzakeen diru-laguntzen osagarri izanen dira, hartan jasotzen ez diren lanetarako.

6. art. Baldintzak.

6.1. Diru-laguntzen onuradunak obren sustatzaileak izanen dira, betiere baldintza hauek bete eta agirien bitartez frogatzen badituzte:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Esteribarko edozein herri izatea haien ohiko bizileku iraunkorra, azken bost urteetan.

c) Esteribarko Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

7. art. Eskumena.

7.1. Alkateak izanen du eskumena eskabideak ebazteko, betiere ordenantza honetan ezarritako arauei jarraikiz. Hartara, ebazpena emanen du eta bertan zehaztuko, eskatzaileak diru-laguntzak jasotzeko beharrezkoak diren baldintza guztiak betetzen dituen eta eskatutako diru-laguntza ematen zaion ala ez. Aldez aurretik, eskabidea Hirigintza Batzordeak aztertuko du eta osoko bilkurari jakinaraziko.

8. art. Indarraldia.

8.1. Ordenantza honen aplikazioak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondotik sortuko ditu ondorioak.

Iragarkiaren kodea: A0210619