128. ALDIZKARIA - 2002ko urriaren 23a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

M U R U Z A B A L

Animaliak edukitzeari buruzko ordenantza behin betiko onetsita

Osoko bilkurak, bi mila eta biko ekainaren hogeita batean hartu erabakiaren bitartez, Animaliak edukitzea arautzen duen ordenantza onetsi zuen hasiera batez. Udaleko iragarki oholean eta 2002ko 68. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, uztailaren 22an, iragarkiak paratu ondotik, espedientea jendaurrean egon zen hogeita hamar egunean. Epe hori erreklamazio, kexa edo oharrik gabe iragan denez, behin betiko onetsita gelditu da. Hona hemen testu osoa:

MURUZABALEN ANIMALIAK EDUKITZEA ARAUTZEN DUEN UDAL ORDENANTZA

Ordenantza honen xedea da udal mugapean osasungintza eta segurtasun aldetik behar diren baldintzak ezartzea, hain zuzen ere Udalaren eskumenen arloan haiekin zerikusia duten jarduera guztiak arautuz, herritarrek, animaliekin batera bizitzerakoan bizi-kalitate egokia izan dezaten, hori guztia Animaliak babesteari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legearen 2. xedapen iragankorrean ezarritakoari jarraikiz.

Arau hauetako edozein bete ezean, zehapena ezarriko da eta, hala behar bada, animaliak kanporatuko eta/edo jarduera hein batean nahiz erabat itxiko.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Udal mugapean animaliak izateko beharrezkoa da osasungintza aldetik arriskurik ez eragitea, animaliak berak arriskugarriak ez gertatzea, hirugarrenei trabarik ez egitea, egokiro edukitzea eta egonlekuak dagozkion higiene-baldintzak betetzea.

2. artikulua. Animaliekin ikusteko duten jardueretarako Udalaren aginduzko baimen edo lizentzia beharko da, eta jarraipena izateko, ordenantza honetan eskatzen diren baldintzak bete beharko dituzte betiere, eta geroan nahitaezkotzat jo daitezkeen zuzenketak aplikatu ere egin beharko dituzte, muntadurek eta beren hartan egiten diren jarduerek kalterik ez dutela eragiten bermatzearren.

3. artikulua. Ukuilu, ixtegi eta, orohar, abeltzaintzako ustiategi mota guztiak, animaliak hazteko tokiak, aterpeak eta lagun egiteko animalien edo lehiaketetan erabiltzekoen ospitaleak paratzeko baimena emanen da, soil-soilik, landalur gisa sailkaturiko lurrean eta, hirilur edota lur urbanizagarritik nahikoa tartea uzten bada, legeriak ezartzen duen huraxe.

Aipatu muntaduretarako lizentziak jarduera sailkatuen gainean indarra duen legerian ezarritakoari jarraikiz izapidatuko dira.

Dena dela, etxebizitzetatik aparteko tegietan egon beharko dute; zola eta paretek iragazkaitz eta garbigarriak izan beharko dute; iturriko ur edatekoa izan beharko dute, baita hustubideak kolektore nagusira ere eta, hori ezinezkoa bada, erregelamenduaren araberako putzu septikoak. Animali espezie eta mota guztientzat higiene aldetik dagozkien baldintzak bete beharko dituzte.

4. artikulua. Debeku da errentako animaliarik etxebizitzen barrenean izatea, edozein delarik haien kopurua. Horrelakorik edukitzea onar daiteke jabego pribatuko lurretan, behar bezala hesitu edo itxirik badaude, arau honetako 1. artikuluan ezarritakoa betetzen badute eta animaliarengandik ateratzen diren produktuak bere kontsumorako bakarrik erabiltzen baditu jabeak.

Ordenantza honi dagokionez, errentako animaliak dira beren jabeei halako irabazi edo baliabide batzuk ematen dizkietenak.

5. artikulua. Animalia guztien jabeek, uneoro bete beharko dute gaitz zoonosiko eta epizootikoei aurrea hartu eta desagertarazteari buruz indarra duen arauteria. Epizootiak deklaratzen badira, aurrea hartzeari dagokionean agintari eskudunek ematen dituzten xedapenak bete beharko dituzte.

Albaitariek eta albaitaritza-klinikek, beren lanean dihardutela, zoonosi gune edo kasuen berri badute, Udalaren osasun zerbitzuei jakinarazi beharko diete berehala, Nafarroako Gobernuan dagokion departamentuarekin bete behar diren osasun beharkizunak deusetan galarazi gabe.

6. artikulua. Kontrolik gabeko animaliek eritasun kutsagarririk zabal ez dezaten eta horiek pertsona eta ondasunei kalterik egin ez diezaieten:

-Herritarrek animalia abandonaturik ikusiz gero, horren berri emanen diete udal zerbitzuei bil ditzaten. Egoera horrek luzaro iraun ez dezan, debekaturik dago animalia horiei janaririk ematea, edozein gorabehera edo lekutan delarik ere.

-Debeku da basa-animalien espezieak bide edo eremu publikoetatik, edo jendearendako eremu pribatuetatik, ibiltzea, animalia horiek etxekotuak izanik ere.

7. artikulua. Udal agintaritzak manatzen ahal du aurreko artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten animaliak bildu eta berak esanen duen tokira eramateko.

8. artikulua. Animalia hilak, haien tamainak aukera ematen badu, material iragazkaitzezko poltsetan sartzen ahal dira, eta horiek behar bezala itxiko dira, hiri hondakin solidoen bilketa zerbitzuek eraman ditzaten, betiere haien kudeaketa ordenantzek ezarri bezala. Debeku da animalia hilak aire zabalean, ur-ibilguan eta gainerako eremu publiko nahiz pribatuetan uztea.

II. KAPITULUA

Lagun egiteko animalien gaineko arau orokorrak

9. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, lagun egiteko animalia da irabazi asmorik gabe, atsegin eman edo zerbitzu egiteko (zainketa eta gidari lanak egiteko, aisialdirako...) gizonak bereziki etxean zaintzen duen animalia.

10. artikulua. Animalien jabeen edo edukitzaileen ardura izanen da neurriak hartzea animaliak etxe nahiz lokaletatik kanpora bakarrik eta inork gidatuak izan gabe ibil ez daitezen.

Beren jabe edo edukitzaileen etxetik kanpora bakarrik ibiltzen diren animaliak udal zerbitzuek edo hortaz arduratzen den entitateak atzematen ahalko ditu. Honen ardura izanen da animaliekin zer egin inork erreklamatzen ez baditu legez ezarritako epean.

11. artikulua. Jabeek edo edukitzaileek animaliak kendu nahi badituzte, Nafarroako Gobernuko Animaliak Babesteko Zentrora eraman beharko dituzte. Debeku da udal mugapeko edozein tokitan abandonatzea, bai eremu zabaletan bai lokal itxietan.

12. artikulua. Espresuki debekaturik dago animaliarik sartu eta egotea elikagaiak prestatu, erabili eta biltzeko lokaletan, eta horiek garraiatzeko ibilgailuetan.

Orobat, debeku da animaliak elikagaiak saldu edo kontsumitzeko establezimenduetan sartzea, salbu eta ikusmen urriko pertsonak laguntzeko gida-zakurrak.

13. artikulua. Ez dago baimendurik animaliak kultur eta kirol arloko jendaurreko ikuskizunetako lokaletara sartzea, ez eta erabilera publikoko igerilekuetara ere.

Orobat, debeku da animaliak eritetxeetara edo anbulatorioetara eta ikastetxeetara sartzea.

Artikulu honetan ezarritako debekuetatik salbuetsirik daude ikusmen urriko pertsonak laguntzeko gida-zakurrak.

14. artikulua. Animalien jabeak edo edukitzaileak beharturik daude haiek eraikinen eremu eta elementu komunetan gorotzik edo zikinkeriarik utzi dezaten galaraztera eta haiek gertatzen badira, garbitzera.

15. artikulua. Lagun egiteko animalien erasoaren ondorioz inor kolpaturik gertatzen bada, Udalaren osasun zerbitzuei emanen die horren berri, medikuaren azalpena erantsiz. Udalaren teknikari eskudunek erabakiko dute zer-nolako osasun kontrola eramanen duten animalia erasotzailearekin.

Osasun zentroek eta medikuek Udalaren osasun zerbitzuak jakitun egin behar dituzte, baldin eta laguntza medikoa edo kirurgikoa ematen badiete lagun egiteko animaliaren batek erasoturik kolpatuak gertatzen diren pertsonei.

III. KAPITULUA

Zakurren gaineko arau berariazkoak

16. artikulua. Zakurren zentsua prestatu eta kudeatzea, Muruzabalgo udal mugapean, Udalaren eginkizuna da.

Lau hilabete egitean, udal mugapean bizi diren zakurren jabe eta edukitzaileak beharturik daude haiek identifikatzera, une horretan legeriak ezarria dukeen prozeduraren bidez eta gehienez ere zortzi eguneko epean, zentsua eguneratzeko.

17. artikulua. Xede berarekin "zakurren zentsua eguneratzea" zakurren jabeak edo edukitzaileak beharturik daude Udalaren osasun zerbitzuari, zortzi eguneko epean, honako hauen berri ematera:

a) Bajak, heriotza edo desagertzea dela medio.

b) Beste udalerriren batean identifikatutako zakurrak eskuratu direla.

c) Zakurren jabetzari dagokionez gertatutako aldaketak.

d) Jabeen helbide aldaketak.

18. artikulua. Udalerrian bizi diren zakurren jabe edo edukitzaileak beharturik daude animaliei amorruaren kontrako txertoa ematen hastera lau hilabete betetzen dituztenetik, eta hortik aitzina ezarrita dagoen birtxertaketa egutegiarekin segitzera.

Txertaketa horiek agertu behar dute animaliaren identifikaziorako osasun agirian, eta horretaz jabea edo edukitzailea bera arduratuko da.

Udal zerbitzuek nahiz albaitaritza-klinikek edo profesional partikularrek eginen dute txertatze lan hori. Azken bi horien kasuan, egindako txertaketen berri eman beharko diete Udalaren osasun zerbitzuei, gehienez ere zortzi eguneko epearen barrenean.

19. artikulua. Zakur batek ausikirik egiten badio inori, honek gertatutakoa jakinaraziko die Udalaren osasun zerbitzuei, eta horrekin batera medikuaren azalpena aurkeztuko.

Zakur ausikigilearen jabe edo edukitzailea beharturik dago aferean nahasitako animaliaren datuak ematera erasotua gertatu denari edo haren legezko ordezkariei eta agintari eskudunei, eskatzen badituzte. Gainera, beharturik dago animalia bere ohiko aterpean edukitzera, Udalaren osasun zerbitzuek bil dezaten arte, espresuki debekaturik dagoelarik hura inora eramatea edo hiltzea.

Udalaren osasun zerbitzuek Nafarroako Gobernuko Animaliak Babesteko Zentrora eramanen dute animalia, eta bertan osasun aldetik aztertu eta begiratuko dute legeriak ezarrita daukan denboran, eta, bidezkoa bada, nahitaezko txertoa jarriko diote.

Orobat, zakur baten jabe edo edukitzaileak uste badu bere zakurrak badituela amorru zantzuak, edo arrazoi horregatik animalia hiltzen bada, Udalaren osasun zerbitzuei jakinaraziko die, osasun aldetik egin beharrekoak egin daitezen.

20. artikulua. Zakurrak eremu publiko guztietan, herriko lorategietan, eta parke eta berdeguneetan, herritarrek aisiarako gehienbat erabiltzen dituzten eremuetan, eta eraikinen sarreretan eta jabetza komuneko tokietan (atariak, eskailerak, eskailburuak, etab.) ibiltzen ahal dira katez edo uhalez loturik badaude eta beraiek kontrolatzeko gauza den inork eramaten baditu.

Nolanahi ere, lehenago noizbait erasorik egin duten zakurrek edota aldez aurretik arriskugarritzat jo daitezkeenek nahitaez eraman beharko dute muturrekoa.

Titularrei zehapena paratzen ahal zaie zakurrak aipatu baldintzak bete gabe ibiliz gero, eta Udalaren osasun zerbitzuek harrapatu eta Nafarroako Animaliak Babesteko Zentrora eramanen dituzte pertsona arduradunik gabe ibiltzen diren zakurrak.

21. artikulua. Aitzineko artikuluan ezarritakoa betez harrapatzen diren zakur guztiei begiratuko zaie identifikaturik ote dauden.

Zakurra behar bezala identifikaturik badago jabeari abisua emanen zaio eta horrek hamar eguneko epea izanen du atzera eskuratzeko. Behar baldin bada, txertoaren egutegia eguneratzera beharturik dago eta sortutako gastuak ordaintzera.

Zakurra identifikatu gabe badago, zortzi eguneko epea izanen du jabeak. Atzera eskuratu baino lehen, identifikatu beharko du eta nahitaezko txertoa eguneratu beharko, sortutako gastuak ordaintzeaz gain.

Ezarritako epean jabeak bertara agertzen ez badira, edo animalia berreskuratu nahi ez dutela formalki esaten badute, nahiz identifikatu gabeko zakurrak zortzi eguneko epean jasotzen ez badira, Udalak bere esku hartuko ditu.

22. artikulua. Udalaren esku gelditu diren zakurrak Nafarroako Gobernuko Animaliak Babesteko Zentrora eramanen dira.

23. artikulua. Bildutako zakurra jabeari itzuliz gero, edota beste hartzaile bati itzuliz gero, animaliaren identifikazioa eta arauzko txertaketak eguneratu beharko dira. Horrek sortzen dituen gastuak, alegia, identifikazioa, arauzko txertaketak, mantenua eta zaintza, betiere jabearen bizkar izanen dira.

24. artikulua. Zakurrekin ibiltzen diren pertsonek galarazi behar dute horiek kaka egitea espaloi, galtzada, parke, berdegune eta eremu publikoko nahiz erabilera publikoa duen eremu pribatuko beste edozein elementuren gainean, bereziki herritarren ibilbide edo jostaleku badira.

Zakurraren eramailea beharturik egonen da aitzineko lerroaldean zehazten diren lekuetan egindako gorotza jaso, bere hartatik kendu eta, behar bezala bildurik, eremu publikoan bereziki horretarako dauden paperontzietan uztera, eta zikindutakoa garbitzeaz ere arduratu beharko du.

25. artikulua. Debeku da etxebizitzetako komunitateko patioetan eta etxeetako jabetza komuneko terraza edo bestelako lekuetan zakurrak egotea.

Halaberean, debeku da balkoiak, terrazak, etab. erabiltzea, etxebizitza pribatukoak direnean ere, baldin eta gorotz eta hondakinen bidez bertatik kutsatu edo zikintzen badira azpiko etxebizitzak edo bide publikoa.

26. artikulua. Ikusmen urriko gida-zakurra izanen da horretarako bereziki hezia dagoela frogatzen bada. Ikusmen urriko pertsona bera arduratuko da animalia behar bezala porta dadin, eta berekin eramanen du gida-zakurraren osasun egoera ona dela egiaztatzen duen agiria

27. artikulua. Edozein motako finka edo lokaletan, zaindari lanetan zakurrik baldin bada, ikusteko moduko lekuan ongi seinalaturik adierazi beharko da.

Esparru itxietan aske egoten ahalko dira, betiere itxiturak bermeak ematen baditu barnetik ez dutela erasorik eginen haustura, irekidura, eta abarretatik.

IV. KAPITULUA

Lagun egiteko animaliekin ikusteko duten jarduerak

28. artikulua. Ordenantza honi atxiki beharreko industri, merkataritza edo zerbitzu jarduerak honako hauek dira: animalien haztegiak, gordelekuak, saldu-erosteko dendak, apaindegi zerbitzuak, kontsultategiak, animaliendako klinika eta ospitaleak eta hilerriak.

Instalazio eta funtzionamendurako lizentzia jarduera sailkatuen gaineko arauei loturik tramitatu beharko da, aplikagarri diren gainerako xedapenak bete behar direla ukatu gabe.

Lizentzia horrek modu ikusgarrian egon beharko du instalazioetako toki nagusian.

29. artikulua. Alkatetzak lizentzia emateko, eta horretarako jarduera sailkatuei buruzko Erregelamenduak eta gainerako xedapen aplikagarrietan ezarritakoa ezertan ukatu gabe, nahitaezko baldintza izanen da eskabideari memoria bat eranstea eta hartan honako hauek zehaztea:

-Jardueraren izena.

-Kokalekua.

-Titularraren izena, helbidea eta telefonoa.

-Zuzendari teknikoaren izena, helbidea eta telefonoa.

-Eskaini gogo dituen zerbitzuak.

-Instalazio eta egoitzen zerrenda eta deskripzioa, eta bertako planoak.

-Aireztapen sistema. Ezaugarriak eta nola dagoen banaturik.

-Nola garbitu eta desinfektatzen diren animaliekin erabiltzen diren lokalak, materialak eta tresnak eta, halakorik balitz, animaliak garraiatzeko ibilgailuak.

-Animaliak hazteko tokiak, haiek gordetzeko tokiak edota salerosteko jarduerak direnean, kontratu-agiri bat, jardueraren eskatzaileak eta udalerrian diharduen albaitari batek sinatua. Hartan ezarri beharko da albaitaria arduratuko dela higieneaz eta abere-osasunaz, zoonosiari dagokionean eta jarduera jakin horretan animaliaren babesari buruz indarra duen legerian agindutakoa bete dadin. Aipatu kontratua deuseztatzen bada, jardueraren titularra beharturik egonen da beste albaitari bat kontratatzera, 15 eguneko epearen barnean, eta hala egin duela Udalaren osasun zerbitzuei jakinaraztera.

30. artikulua. Ordenantza honetan aipatzen diren jarduera guztiek honako baldintza orokor hauek bete behar dituzte:

-Beste etxeetatik aparteko eraikinetan egon beharko dute eta zehaztu xedea baizik ez dute izanen, salbu eta salerosteko jarduerak, animaliak apaintzeko zerbitzuak eta animalien kontsultategi edo klinikak, horiek beheko oineko lokaletan jarri ahal baitira.

-Merkataritzako edozein lokalek izan ohi duen gutxieneko gela-banaketa izanen dute, kasu bakoitzerako zehazten diren berariazkoez gainera.

-Gela guztietako zola eta paretek, administraritza lanetarakoak izan ezik, material iragazkaitzekoak izan behar dute, soluzio desinfektanteak erabiliz garbitu eta tratatu ahal izateko.

-Aitzineko lerroaldean aipatzen diren geletako zola guztiek, behar den drenajea eta/edo hondakin urak husteko sistema izanen dute.

-Gela hauetan, lurzoru eta pareten arteko elkarguneak biribilduak edo biselatuak izanen dira, hobeki garbitzeko.

-Gela guztiek aireberritze sistema izanen dute, bakoitzak dituen sarbideetakoaz gain.

-Instalazioak, tresnak eta ibilgailuak garbitu, desinfektatu eta desintsektatzeko lanak sistematikoki, aldizkakotasunez eta jarduerak berak eskatzen duen maiztasunarekin egin beharko dituzte establezimenduko langileek. Horrez gain, urtean behin bederen, ofizialki baimenduriko enpresak desinfektatu eta desintsektatuko du lokala.

-Jarduera abian dagoela sortzen diren hondakin solidoak egunero atera beharko dira bertatik, itxitako boltsa iragazkaitzetan.

-Jardueran egon daitezkeen animalien kopurua lokalaren neurrien araberakoa izanen da, eta irekitzeari buruz txostena egin edo aldizkako ikuskapenez arduratzen diren Udalaren osasun zerbitzuek ezarriko dute, beren irizpideen arabera.

-Arriskugarri gerta daitezkeen animaliak dituzten jarduerek animalia horientzat behar diren neurriak hartuko dituzte, behin ere libre utzi gabe, ezbeharrik suerta ez dadin.

-Establezimenduaren kanpoko aldean animaliarik ez egoteko, behar den tamainako itxaron gela izanen da nahitaez, horrelakorik behar duten jardueretan.

-Bi jarduera edo gehiago batera egiten dituzten establezimenduek, haietako bakoitzaren instalazioak bereizirik izanen dituzte, eta denetan bete beharko dira ordenantza honetan haientzat ezarri diren baldintza berariazkoak.

-Jarduera hauetan edozein eritasun zoonosiko agertuz gero, Udalaren osasun zerbitzuei jakinarazi beharko zaie.

31. artikulua. Lagun egiteko animaliak hazteko tokitzat hartuko dira espezie bereko lau eme baino gehiago dauzkatenak, baldin eta haien xede nagusia ugalketa eta, horren ondotik, salmenta bada.

32. artikulua. Lagun egiteko animaliak gordetzeko tokitzat hartuko dira, ordenantza honen ondorioetarako, animaliak hartu, ostatu eman, mantenuaz arduratu eta zaintzeko zerbitzuak, halako denbora aldi batez, ematen dituzten establezimenduak.

33. artikulua. Lagun egiteko animaliak salerosteko establezimendutzat hartuko dira beren xede nagusia animaliak saldu edo erostea duten haiek.

34. artikulua. Animaliak apaintzeko zerbitzuak emateko establezimendutzat hartuko dira, animaliarendako garbiketa, ikuzketa, ileapaintze eta estetika zerbitzuak emateko xede nagusia daukaten haiek.

35. artikulua. Ordenantza honi doakionean, albaitaritzako kontsultategi, klinika edo ospitaletzat hartuko dira fakultatibo espezialistek animalien diagnostikoa egiteko eta haiek tratatzeko establezimenduak, haien zuzendaritza teknikoa albaitari profesionalen esku baldin bada.

36. artikulua. Animalien hilerriak partikularrei hilotzak edo hildako animalien hondarrak lurperatzeko zerbitzua emateko egokituta dauden instalazioak edo eremuak dira.

37. artikulua. 1. Animalia bat daukanak baldintza egokietan eduki behar du higiene eta osasunaren aldetik eta nahitaezko deklaratzen den edozein tratamendu prebentibo eginen du.

2. Debeku da:

a) Tratu txarrik ematea edo justifikatu gabeko kalte edo oinazerik eragin diezaiekeen edozein gauza egitea.

b) Kontsumorako edo gizonarendako produkturen bat erdiesteko animaliak hiltzen direlarik, ankerkeria erabiltzea edo justifikaziorik gabe oinazea ekartzen dieten metodo orokorrak erabiltzea, Animalien babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legeak agindutakoen kontra.

c) Abandonatzea.

d) Higiene edo osasun baldintza eskasak dituzten muntaduretan edukitzea, edo desegokiak direnetan bakoitzak bere arraza eta espeziearen ariora dituen premia etologikoek behar dituzten zainketa eta arta izateko.

e) Mutilazioak egitea, non eta albaitariek agindu eta kontrolatutakoak ez diren, ezinbestez edo premia funtzionala dagoelako.

f) Egoki garatzeko behar duten mantenua ez ematea.

g) Alferrikako sufrimendu edo kaltea eragin diezaieketen gaiak ematea.

h) Zakurrak betiere loturik edukitzea.

i) Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legeak lege-hauste administratibotzat dauzkan egintza eta ez-eginetan erortzea.

j) Animaliak herri bestetan erabiltzea, salbu eta zezen ikuskizunei buruz indarra duten arauek xedatzen dutena, edo Nafarroan animaliekin egiten diren herri ikuskizunek tradizioz izan dituzten baldintzez bestela erabiltzea.

k) Zakur auskak, oilar auskak eta orohar animaliak elkarren aurka jartzen dituzten gainerako jarduerak.

l) 14 urtetik beheitikoek edo ezinduek animalia arriskutsuak eduki eta zaintzea.

3. Animaliak giza kontsumorako hiltzen direnean, istant batez eta oinazerik gabe eginen da, erregelamendu bidez finkatzen den gisan.

VI. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

38. artikulua. 1. Ordenantza honi dagokionez, lege hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

2. Honakoak dira lege hauste arinak:

a) 7/1994 Foru Legearen 10. artikuluaren ariora erroldatu gabe lagun egiteko animalia bat edukitzea.

b) 7/1994 Foru Legeak agintzen dituen artxibo edo erregistroak ez eramatea, edo osatu gabe eta eguneratu gabe eramatea.

c) Lagun egiteko animaliak 14 urtez beherakoei edo ezinduei eskualdatzea, guraso-agintea, babesa edo zaintza dutenen baimenik gabe.

d) Lagun egiteko animalia bat oparitzea ordenantza honek edo, bestela, 7/1994 Foru Legeak xedatzen duenaren kontra.

e) Animaliak garraiatzea ordenantza honetako 13. artikuluak arautu aurreikuspenak bete gabe.

f) Animalien identifikazioari buruzko araudia ez betetzea edo identifikaziorik ez izatea.

g) Albaitariaren kontrolik gabe txertatzea.

h) Zakurrak hiriko eremu publikoetan eramatea, kate edo uhalik gabe.

i) Eremu publikoak lagun egiteko animalien gorotzez zikindu eta ez garbitzea.

j) Hiriko karriketan barna basa-espezieekin ibiltzea, etxekotuak badira ere.

k) Bidaiarien garraio publikorako zerbitzuetan animaliekin bidaiatzea, horretarako eremu berezirik ez badute.

l) Ikastetxeetan, igerilekuetan edo ospitaletan animaliekin sartzea.

m) Erasoak egin dituzten zakurrak muturrekorik gabe eramatea.

n) Ordenantza honetako 35.1 artikuluan ezarritako betebeharra ez betetzea.

ñ) Behin eta berriz enbarazu edo gogait egitea.

o) Udalerriko landalurretan zakurrak solte eta behar den kontrolik gabe eramatea.

3. Honakoak dira arau-hauste larriak:

a) Animaliak behar duten mantenurik gabe edukitzea.

b) Animaliak behar bezalako higiene eta osasun baldintzarik ez duten muntaduretan edukitzea, edo higiene-osasun baldintza txarretan edukitzea.

c) Animaliak ez txertatzea edo osasun agintariek nahitaezkotzat deklaratu dituzten tratamentuak ez ematea.

d) Animaliak indarra duen arauteria hautsiz saltzea.

e) Usakumeei tiro egiteko saioak antolatzea eta, hala izaten bada, gauzatzea, aurrez administrazioaren baimenik izan gabe edo haren xedapenen kontra.

f) Zine nahiz telebistarako animaliekin eszenak filmatzea baldin berekin ankerkeria, tratu txarrak edo sufrimendua ekartzen badiete, administrazioaren aldez aurreko baimenik izan gabe.

g) Animaliak laboratorio edo klinikei eskualdatzea indarra duen arauteriako baldintzak bete gabe.

h) Animalia bizkarroidunak edo erituak edo gaitzik ez dutela ziurtatzeko albaitari agiririk gabe saltzea.

i) Osasun zerbitzu ofizialei aditzera ez ematea nahitaez deklaratu beharreko gaitzak.

j) Elikagaiak egin, erabili edo biltegiratzen diren tokietara animaliekin sartzea.

k) Zakurrek basafaunari kalte egitea, bereziki ugalketa sasoian.

4. Honakoak dira arau-hauste oso larriak:

a) 7/1994 Foru Legearen 4. artikuluan xedatzen denaren kontra doazen jarduerak antolatu, haien publizitatea egin eta, bestela, egin egitea.

b) Animalien kontra ankerkeria, tratu txarra eta eraso fisikoak erabiltzea.

c) Animalia abandonatzea, bizirik nahiz hilik.

g) Alferrikako sufrimendu edo kaltea eragin diezaieketen gaiak ematea.

h) Zakurrak betiere loturik edukitzea.

f) Animaliak zikiratzea, mutilatzea eta hiltzera ematea inongo albaitariren kontrolik gabe edo 7/1994 Foru Legean finkatzen diren baldintza eta betebeharren kontra.

39. artikulua. 1. Arau-hauste arinek 60,01etik 150,25 eurora bitarteko isunak izanen dituzte zehapen; larriek 150,26tik 601,01 eurora bitartekoak, eta oso larriek 601,02tik 3005,06 eurora bitartekoak.

2. Zehapenak ezartzerakoan honako irizpideak kontuan hartuko dira, isunen zenbatekoa graduatzeko eta zehapen osagarriak ezartzeko:

a) Egindako arau-hausteak gizartean zer eragin izan eta zer kalte egin duen.

b) Irabazte asmo bidegabekorik izan den eta arau-haustean zer etekin atera den.

c) Ankerkeriarik izan den animaliarekin.

d) Arau-hausteak errepikatu eta horietan berrerori ote den.

40. artikulua. 1. Ordenantza honek aurreikusten dituen arau-hausteei zehapenak ezartzeko, erregelamendu bidez arauturik dagoen zehapen prozedurari segitu beharko zaio.

2. Ordenantza honetan aurreikusitako arau-hausteengatik irekitzen diren zehapen espedienteak instruitzeko ahalmena, udalerri honetako alkateari, edo honek legez eskuordetu pertsonari dagokio.

Ebazpena emateko eskumena Alkatetzarena izanen da, arau-hauste arin eta larrien kasuan, eta osoko bilkurarena oso larriak direnean.

41. artikulua. 1. Animaliaren jabeak, behar bezala hala agintzen zaionean, identifikatu behar du animalia nork zeukan eta beraz nor den arau-hauste administratiboen erantzulea, eta prozedurako tramitean arrazoi justifikaturik gabe hala egiten ez badu, diru isuna ezarriko zaio hutsegite arin batengatik, gero ordaindu behar dituzkeen kalteordainak deusetan ukatu gabe.

2. Ordenantza honek aurreikusten dituen zehapenetako edozein ezartzeak ez du erantzukizun zibila galarazten, ez eta zehatuak kalte-galerengatik pagatu behar dituzkeen ordainak ere.

3. Animalia bati tratu txarrak emateagatik arau-haustea egin duten guztiak ezgaituak izanen dira aurrerantzean animaliak edukitzeko. Ezgaitzea aldi batekoa izan daiteke, urtebetekoa alegia, nahiz iraunkorra, arau-haustea ere nolakoa den, larria edo oso larria, eta kontuan hartuta animaliari egin zaion kaltean zenbaterainoko ankerkeria edo nahikeria izan den.

42. artikulua. Isuna ezartzeak arau-hausteko animaliak dekomisatzea ekartzen ahal du, eta betiere arau-haustean erabili diren harrapagailuak edo ehiza tresnak dekomisatzea.

43. artikulua. 1. Bere agenteen bitartez, Udalak zilegi izanen du babestu beharreko animaliak dekomisatzea, baldin arrazoizko zantzurik bada ordenantza honetako xedapenak hautsi direla.

2. Dekomisatzea badaezpada eginen da, dagokion zehapen espedientea ebatzi arte; ebazpena ikusirik, animalia jabeari bihurtuko zaio, edo Udalaren jabetzara pasako, eta hark zilegi izanen du erakunde zoologiko-zientifikoei ematea, animaliak sendatzeko zentroetara eramatea edo bere ingurune naturalean askatzea.

3. Dekomisatutako animaliak luzaz edukitzea arriskutsua bada beren bizirako eta berehala askatu beharra baldin bada, Udal zerbitzuetako langileek askatu beharko dute haren inguru naturalean eta lekukoen aitzinean.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan kontuan hartuko da Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean, Ingurumena babesteko Jarduera Sailkatuen Kontrolari buruzko Foru Legean eta dagozkien arautegi osagarrietan, Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Legean, bai eta abere osasun, ingurumen, abelazkuntza arloetan eta beste edozeinetan aplikagarri zaizkien xedapen orokorretan ere ezarritakoa.

Bigarrena.-Indarrik gabe gelditu dira ordenantza honen aurka jotzen duten maila bereko edo ttikiagoko udal arauak edo honetan araututako gaiei buruzko xedapenak dituztenak.

Hirugarrena.-Ordenantza honetako manuak ez betetzeak udaltzainen eta osasun zerbitzuen salaketa ekarriko du berekin.

Laugarrena.-Ordenantza honek Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean aurreikusitako izapideak bete ondoan hartuko du indarra.

Muruzabalen, bi mila eta biko irailaren seian.

Iragarkiaren kodea: A0209803