128. ALDIZKARIA - 2002ko urriaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

FORU AGINDUA, 2002ko urriaren 8koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, 2002. urterako nekazari batasunentzako dirulaguntzak arautzen dituena.

Nafarroako nekazari batasunek eginkizun garrantzitsu bat dute, Nafarroako nekazaritzaren beharrak eta kezkak bideratzeko tresna bat baitira.

Egiteko garrantzitsu hori aitortuz, Nafarroako Parlamentuak urtero kontusail bat sortzen du Nafarroako Aurrekontu Orokorretan, haiei beren eginkizunak egoki betetzeko dituzten gastuak ordaintzeko, bai egiturak mantentzekoak, bai bazkideak zerbitzatzekoak.

Diru hori banatzeko beharrezkotzat jotzen da kontuan hartzea nekazari batasun bakoitzak Nafarroako Nekazaritza Ganbararako 1998ko abenduaren 17an eginiko hauteskundeetan lorturiko emaitzak, Konstituzio Auzitegiak sindikatuen artean dirulaguntzak banatzeko erari buruz emaniko doktrina eta, azkenik, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Sailak horri buruz emaniko epaia.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeko 36.2.b) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. 2002. urterako indarra duten Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Nekazari batasunentzako dirulaguntzak" izeneko 700000-71100-4810-711102 kontusailaren kargura, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak Nafarroako nekazari batasunei dirulaguntza bat emanen die, Foru Agindu honetako baldintzetan.

2. artikulua. 2002. urterako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako gastu kapituluan ageri den lerroko dirua honela banatuko da:

a) Milioi bana pezeta Nafarroako Foru Komunitatean sortu eta nagusiki aritzen diren nekazari batasunei, baldin eta hiru urte baino gehiago aritu badira lan horretan eta 1998an Nafarroako Nekazaritza Ganbararako hauteskundeetan parte hartu bazuten.

b) Gainerakoa, 1998an Nafarroako Nekazaritza Ganbararako egin ziren hauteskundeetan nekazari batasun bakoitzak lorturiko boto baliodun kopuruaren arabera.

3. artikulua. Nekazari batasunaren ordezkariak eskatu beharko du dirulaguntza. Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztuko ditu:

a) Nekazari batasuna legez osatua dela eta helbidea Nafarroan duela frogatzen duen agiria.

b) Eskabidea aurkezten den egunean Gizarte Segurantzarekiko zor guztiak kitatuak dituela frogatzen duten agiriak.

c) Nafarroako Ogasun Publikoarekiko zor guztiak kitatuak dituela frogatzen duen agiria.

d) Ekitaldi honetan eta aurrekoan eginiko jardueren oroit- idazkia.

e) Aurtengo funtzionamendu eta jardueren gastuen frogak.

f) Aurreko ekitaldiko funtzionamendu eta jardueren gastuen frogak.

4. artikulua. Laguntzak hartzeko eskabideak aurkezteko epea hamabost egun baliodunekoa izanen da, Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik hasita.

5. artikulua. Nekazari batasun onuradunek, urtea bukatu baino lehen, frogatu beharko dute harturiko laguntza bere helburuetarako erabili dutela. Horretarako, behar diren agiriak aurkeztu beharko dituzte Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuan. Hori bete ezean, ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 21, 22, 27 eta 28. artikuluetan xedatutakoa aplikatuko da.

6. artikulua. Prozedura honen gainean ebazpena emateko gehieneko epea sei hilabetekoa izanen da, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, eskabidea ezetsitzat jotzen ahalko da. Laguntza onesten denetik hilabeteko epea egonen da ordainketa egiteko.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Foru Agindu hau aplikatzeko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

AZKEN XEDAPENA

Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko urriaren zortzian.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: A0210918