121. ALDIZKARIA - 2002ko urriaren 7a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

373/2002 FORU AGINDUA, uztailaren 12koa, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana. Honen bidez arautzen da, 2002-2003 ikasturterako, lanean ari diren langileei zuzendutako lanbide heziketa arautu bereziko eskaintza, berariazko lanbide heziketako tituluak lortzen laguntzeko.

Espainiako Konstituzioak 27. artikuluan onartzen du pertsona guztiek hezkuntzarako eskubidea dutela, giza nortasuna guztiz garatzeko bidea ematen duelako. Halaber, politika sozial eta ekonomikoa zuzentzen duten printzipioei loturik, Konstituzioak 40. artikuluan adierazten du botere publikoek lanbiderako prestatu eta berregokitzeko aukera bermatzen duen politika bultzatu behar dutela, lanaren bidezko sustapenerako eskubidearekin bat (35. artikulua).

Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoak 51.5 artikuluan ezartzen duenaren arabera, helduen hezkuntzako antolaketa eta metodologia autoikaskuntzan oinarrituko da, bai klaseetara joanez jasotzen den irakaskuntzen bidez, bai eta, ezaugarri egokiak baititu, urrutiko hezkuntzaren bidez. Era berean, 53. artikuluko 2, 3 eta 4. ataletan ageri da helduek aukera dutela lanbide heziketako ikasketak berariazko eskaintza baten bitartez jasotzeko, beren ezaugarrien arabera antolatuta, beharrezkoak diren baldintza akademikoak betetzen badituzte betiere. Adierazten ere du hezkuntzako administrazioek, ezartzen diren baldintzak kontuan izanik, proba batzuk antolatuko dituztela helduek lanbide heziketa tituluak lortu ahal izateko, zehazten diren baldintza eta kasuetan.

Bestalde, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 13/1982 Lege Organikoaren 47. artikuluak adierazten du Foru Komunitateak eskumen osoa duela irakaskuntza hedadura, maila, gradu, modalitate eta espezialitate guztietan arautu eta administratzeko; abuztuaren 31ko 1070/1990 Errege Dekretuak, berriz, irakaskuntza ez-unibertsitarioko eginkizun eta zerbitzuak Estatuak Nafarroako Foru Komunitatearen eskura uztea onetsi zuen.

LOGSEn ezarritakoarekin bat, lanbide heziketaren antolamenduko alderdi batzuk garatzen dituen maiatzaren 8ko 777/1998 Errege Dekretuko laugarren xedapen gehigarriak adierazten duenaren arabera, hezkuntzako administrazioek berariazko lanbide heziketako ikasketak urrutiko modalitatean eskaini ahalko dituzte, bai eta ordutegiaren aldetik bereziak diren beste modalitate batzuen bidez ere, kolektibo zehatz batzuen ezaugarri berezien arabera moldatuta; betiere, onarpen irizpideei dagokienez egin beharreko egokitzapenak zehaztu behar dira. Halaber, adierazten du, berariazko lanbide heziketako ikasketen ordutegia zenbait txandatan garatu ahalko dela eta lanaldi zatituari edo jarraituari egokitu.

Azkenik, otsailaren 13ko 35/1995 Foru Dekretuak, Nafarroako Foru Komunitatean Lanbide Heziketaren eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko ikasketen egitura eta antolaketari buruzko jarraibide orokorrak ezartzen dituenak, 8. artikuluan aipatzen du zilegi dela Berariazko Lanbide Heziketa lana-heziketa modalitatean egitea, lanbide-ikasketa horien moduluetako eduki teoriko-praktikoak lanarekin bateratuz.

Beste arlo batean, Europako Elkarteen Batzordeak 2002ko otsailaren 13an Kontseiluari, Europako Parlamentuari, Batzorde Ekonomiko eta Sozialari eta Eskualdeen Batzordeari bidalitako Komunikazioan honako hau adierazi zuen: "lanbideko mugigarritasuna eta gaitasunen garapena indartu beharko litzateke, eta horretarako beharrezkoak dira lan merkatuko beharrei egokitutako hezkuntza eta prestakuntza sistemak, langileen gaitasunak garatzeko estrategien definizioa, ikaskuntza onartzea, alde batera utzita nola lortu den,..."

Hori guztia kontuan izanik, eta onarpen eta sustapen pertsonal eta profesionala ahalbidetzeari nahiz laneko mugigarritasuna edo kokapen zehatza errazteari begira eta, oro har, ingurune sozial eta produktiboko beharrei erantzuteko xedez, eskatzen baitute laneko esperientziaren edo edozein prestakuntzaren bidez lortutako gaitasun profesionala egiaztatzeko aukera izatea, beharrezkoa da aukera hori arautuko duen prestakuntzarako eskaintza egitea.

Horrenbestez, Ikasketen Antolamendu eta Lanbide Heziketaren Zerbitzuak txostena egin du, berariazko lanbide heziketako tituluak lortzera bideratutako prestakuntza eskaintzak egitearen alde; eskaintza horiek lanean ari diren langileen ezaugarriei egokituta egonen dira eta lanpostuan lortutako ezagutza profesionala kontuan izanen dute.

Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36.2 b) artikuluak emandako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Lanean ari diren langileei zuzendutako lanbide heziketa arautu bereziko eskaintza egitea 2002-2003 ikasturterako, berariazko lanbide heziketako tituluak lortzen laguntzeko, heziketa ziklo eta ikastetxe hauetan:

Mekanizazioko erdi mailako heziketa zikloa, Tuterako "ETI" BHIan.

Idazkaritzako goi mailako heziketa zikloa, Tuterako "ETI" BHIan.

Aho-hortzen higienea izeneko goi mailako heziketa zikloa, Iruñeko "Sanitaria" BHIan.

Haur Hezkuntzako goi mailako heziketa zikloa, Iruñeko "Adaptación Social" BHIan.

I.-Onartzeko eta matrikulatzeko irizpideak

2. Prestakuntza eta ebaluazioko prozedura hau hautatzen dutenek baldintza hauek bete beharko dituzte:

-Izena ematen dutenean 20 urte beteta izatea.

-Teknikari edo goi mailako teknikari titulua lortzeko oro har beharrezkoak diren baldintza akademikoak betetzea.

-Izena ematen denean kasuko lanbide arloan lanean ari dela frogatzea.

-Azken bost urteotan gutxienez ere bi urtetan lan egin duela frogatzea, betiere lortu nahi duen tituluari dagokion lanbide arloaren inguruan izan bada. Laneko esperientzia hori nahikoa izanen da Lantokiko Prestakuntzaren modulua egitetik guztiz salbuesteko, Foru Agindu honen 4. atalean aipatzen den onarpen batzordearen irizpideari jarraikiz.

-Lortu nahi duen tituluari dagozkion ikasketak izena eman aurreko bi kurtsoetan egin edo utzi ez izana.

-Urte batean prestakuntza eta baliozkotze prozesu bakar batean parte hartzea, hots, titulazio eta ikastetxe bakar batean.

-Izena emateko orriak beharrezkoak diren agiri guztiekin batera betetzea.

3. Aurreko atalean eskatutako betebeharrak agiri hauen bidez egiaztatuko dira:

a) atalari dagokiona, nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen fotokopia konpultsatuaren bidez.

Titulazioaren betebeharra, kasuko mailan sartzen uzten duen tituluaren edo titulu horren gordekinaren fotokopia konpultsatuaren bidez.

Laneko esperientzia egiaztatzeko aurkeztu beharrekoak:

Gizarte Segurantzako Diruzaintzaren edo Lan Mutualitatearen ziurtagiria, datu hauekin: enpresa, lan kategoria (kotizazio taldea) eta kontratazio aldia edo Langile Autonomoen Erregimen Bereziko kotizazio aldia.

Lantoki izandako enpresaren ziurtagiria, datu hauekin: kontratuaren iraupena, egindako lana eta zenbat denbora egin duen lan horretan. Beren kontura ari diren langileen kasuan, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda egotearen ziurtagiria eta zerga hori ordaindu izanaren frogagiriak.

Eskatzaileak egindako hasierako txostena, bertan bilduz ikasketa eta esperientziei buruzko informazio orokorra; horien artetik nabarmenduko ditu lortu nahi duen tituluari hobekien lotzen zaizkionak. Txosten horren eredu bat I. eranskinean ageri da.

Onarpen batzordeak uste badu aurkeztu diren agiriak ez direla aski izangaiaren esperientzia behar bezala frogatzeko, azaldu den esperientzia baloratzeko prozedura osagarri bat ezarri ahalko du. Prozedura hori elkarrizketa pertsonal bat edo aurkeztu den dokumentazioa osatzea izan ahalko da.

2. puntuko e) eta f) atalei dagokienez, izangaiak zinpeko aitorpena aurkeztuko du II. eranskineko eredua erabiliz. Aitorpen horretan adieraziko du lortu nahi duen tituluari dagozkion ikasketak ez dituela egin edo utzi eskariaren aurreko bi ikasturteetan.

4. Onarpen prozesua batzorde batek gainbegiratuko du. Ondoko hauek osatuko dute batzordea: ikastetxeko zuzendariak eta ikastetxe horretan behin betiko destinoa duten eta kasuko lanbide arlokoak diren bi irakaslek gutxienez. Batzordeak eginkizun hauek ditu:

Eskatzaileek aipatu diren onarpen baldintzak betetzen dituztela egiaztatzea. Horri dagokionez, frogagirietan bereziki aztertuko da azaldu den esperientziak behar besteko iraupena duen eta dagokion tituluko lanbide profilari egokitzen zaion, horrela, izangaia Lantokiko Prestakuntzaren modulua egitetik guztiz salbuetsi daitekeen erabakitzeko.

Prestakuntza eta ebaluazio prozesuan onartutako izangaien zerrenda ordenatua proposatzea, VII. eranskineko eredua erabiliz, sarbide proba, hala denean, egin ondoko emaitzak bildu eta gero.

5. Izangaien kopurua postuena baino handiagoa izanez gero, onartzeko ordena irizpide honi jarraikiz ezarriko da: lan esperientzia handiena lortu nahi den tituluaren arloan, eta kalifikazio handienetik txikienera sarbide proban, halakorik dagoenean. Ziklo bat eskaintzen duen ikastetxeak postuen % 50 arte gorde ditzake, prestakuntzako ikastetxearekin lankidetza hitzarmena duen enpresaren batean ari diren langileentzat; langile horiek sarrera baldintzak bete behar dituzte.

6. Izangai onartuek matrikula eginen dute dagokien ikastetxean, Ikasketen Antolamendu eta Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendariak zehazten dituen epeetan; ziur asko 2002ko irailaren lehen hamabostaldian izanen da.

II.-Proba bidez sartzea

7. 1. Sarrera zuzenerako baldintza akademikoak bete ez arren Foru Agindu honetako 2. atalean aipatu gainerako baldintzak betetzen dituzten izangaiak prestakuntza prozesuan sartu ahalko dira, sarrera bereziko proba bat gainditzen badute. Proba horretan izangaiek frogatu beharko dute behar adinako heldutasuna dutela prestakuntza eta baliozkotze prozesuan aurrera egiteko. Horretarako, erdi mailako zikloen kasuan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako edukien inguruan arituko dira, eta goi mailakoen kasuan, berriz, Batxilergoko edukien inguruan.

2. Proba horietarako izena emateko ezinbestekoa izanen da 2002ko ekaineko sarrera proba arruntean aurkeztu ez izana.

3. Prestakuntza eta baliozkotze prozesua garatuko den ikastetxean bertan emanen da izena, III. eranskineko eskari eredua erabilita.

4. Erdi mailako zikloetan sartzeko proba bi zatitan banatuko da: soziokulturala eta zientifiko-teknologikoa, 7.1 atalean aipaturiko heldutasun irizpideak kontuan izanik. IV. eranskinean ageri dira horien ezaugarriak.

Probaren azken kalifikazioa emateko, atal bakoitzean (soziokulturala eta zientifiko-teknologikoa) lortutako emaitzaren batez besteko aritmetikoa aterako da. 0 puntutik 10era bitarte baloratuko da atal bakoitza. "Gai" kalifikazioa lortzeko 5 puntu edo gehiago izan behar dira azken kalifikazioan. Horretarako nahitaezkoa da atal bakoitzean gutxienez 2,5 puntu lortzea.

5. Goi mailako heziketa zikloetan sartzeko proba V. eranskineko edukien ingurukoa izanen da, hautaturiko heziketa zikloari dagokion lanbide arloari lotuta beti. 0 puntutik 10era bitarte baloratuko da proba. Gutxienez ere 5 puntu lortu beharko dira proba gainditzeko.

8. Sarrera probaren prozesuan epaimahai bat eratuko da heziketa ziklo bakoitzerako. Lau kidek osatuko dute epaimahaia:

-Prestakuntza eta baliozkotze prozesua garatuko den ikastetxeko ikuskatzailea, mahaiburu.

-Zuzendaria, idazkari lanetan.

-Kasu bakoitzeko heziketa zikloari dagokion lanbide arloko departamentuburua.

-Kanpoko Lanbide Jardueren burua.

9. Epaimahaiaren eginkizunak:

-Sarrera probak antolatu eta ebaluatzea.

-Probetan egotea eta kontrolatzea, zuzen egiten direla ziurtatzeko.

-Proben aktak VI. eranskineko ereduaren arabera betetzea.

III.-Prestakuntzaren antolaketa orokorra

10. Prestakuntza eta ebaluazio prozesua 2002-2003 ikasturtean eginen da, eta heziketa zikloaren curriculumeko edukiei lotuta egonen; VIII. eranskinean aipatu diren funtsezko alderdiak nabarmenduko dira.

11. Langileen taldeak, heziketa ziklo bakoitzean, oro har, 20 lagunek osatuko dituzte gehienez. Kopuru hori handiagoa izan daiteke, baldin eta langileen egoera pertsonalak zein diren ikusita arreta egokia eskaintzen ahal bada ikasle gehiago izan arren.

12. Izangaiak ikastetxeko ikasle ofizialak izanen dira ondorio guztietarako. Horregatik, ezin dira batera egin ikasketa horien matrikula eta unibertsitatez kanpoko beste edozein matrikula ofizial, musikako edo hizkuntzetako ikasketetan egiten direnak izan ezik.

13. Izangai bakoitzaren prestakuntza eta ebaluazio prozesuaren jarraipena irakasle talde batek eginen du. Talde hori kasuan kasuko ikastetxeko ikasketaburuak gainberatuko du eta honako hauek izanen dira osatuko dutenak: zikloari dagokion lanbide arloko irakasle bat, taldeko tutorea izanen dena, eta kasu bakoitzeko jardueraren arloko profesional aditu bat, abuztuaren 2ko 260/1999 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera kontratatuko dena (dekretu horrek arautzen du Hezkuntza eta Kultura Departamentuak profesional adituak kontratatu eta izendatzeko araubidea).

14. Aurreko puntuan aipatu den irakasle taldearen eginkizunak:

-Izangaien taldearen ordutegiak antolatzea.

-Izangaiek beren ikaskuntzei buruz egindako hasierako txostenean oinarrituta, taldeari jarraipena egiteko plana eta izangai bakoitzaren prestakuntza plana diseinatzea.

-Izangaiek klaseetara joanez eta urrutiko modalitatean izaten duten prestakuntzaz arduratzea.

-Izangaiak orientatzea gaitasunei buruzko azken txostena prestatu behar dutenean.

-Etengabeko eta azken ebaluazioko prozesuak egitea, gaitasunak egiaztatzeko eta, hala denean, titulazioa lortzeko bide baitira.

IV.-Prozesuaren aldiak

15. Irakasle taldeak, Foru Agindu honen 3.3 puntuan aipatu den hasierako txostena aztertu eta izangaiarekin elkarrizketatu ondoren, izangai bakoitzarendako prestakuntza plan bat diseinatuko du, eta plan hori titulazioa lortzeko beharrezkoa den prestakuntza profila osatzen duten gaitasunak lortzera bideratuta egonen da.

16. 1. Prestakuntza planean talde lan bat izanen da, nahitaez ikastetxera joanez egin beharrekoa; astean sei ordu hartu beharko dira bi kurtsoko zikloen kasuan, eta lau ordu kurtso bateko zikloak izanez gero. Denbora horretan 13. puntuan aipatu den irakasle taldearen ardurapean egonen dira, arratsaldeko ordutegian lehentasunez, eta horren xedea da izangaiek irakasle taldearen orientazioa izatea eta prestakuntza eta ebaluazioko jarduerak egitea. Lanbidearen funtsezko alderdiak lantzeko egiten diren prestakuntza jarduerak garatuko dira; alderdi horiek beharrezkoak dira irakasleen edo profesional adituen parte-hartze zuzena eskatzen duten helburuak lortzeko.

2. Aipatu planean banakako lana ere izanen da, izangaiak bere kabuz lor ditzakeen prestakuntzako helburuak erdiesteari begira. Jarduera hori urrutiko modalitatean eginen da batez ere, dela postaz, dela telefonoz edo dela prozedura telematikoz, eta irakasle talde bat arduratuko da horretaz, tutoretza pertsonalaren bitartez, aurrez ezarritako ordutegian. Zilegi izanen da, halaber, ikastetxera bertara joanez izatea aipatu taldearen laguntza eta ikastetxeko prestakuntza instalazioak erabiltzea egoerak eskatzen duenean.

17. Kurtsoko lehen astean, izangaiei jarraibideak emanen zaizkie beren gaitasunei buruz banaka egin behar duten azken txostenaren gainean. Txosten hori izanen da kurtsoko prestakuntza eta ebaluazio prozesuko oinarrizko tresnetako bat.

18. Ikastetxeko Zuzendaritzak, kasu bakoitzeko lanbide arloko departamentuburuarekin koordinatuta, departamentuko irakasleari esleitutako irakastorduak departamentuko zenbait kideren artean banatu ahalko ditu, uste baldin bada horrela izangaien prestakuntza osoagoa izanen dela; hala ere, taldeko tutorearen kargua pertsona bakar batek izanen du. Era berean, talde-tutoretzen ordutegia zehaztuko du, erabil daitezkeen giza baliabide eta baliabide materialen arabera, eta ikastetxeko programazio orokorrean ezarritako irizpideekin bat. Gainera, izangaiek laguntzarekin egiten duten autoikaskuntzako zereginen ordutegia ere zehaztuko da.

V.-Ebaluazioa

19. Ebaluazioa etengabea izanen da, orientazio eta prestakuntza balioa izan dezan.

20. Gaitasunen balantze batekin bururatuko da prozesua. Horretarako, izangaiak gaitasunei buruzko azken txosten pertsonalizatua aurkeztuko du, kurtsoan jasotako orientazioen arabera eginda. Txosten horretan bildu ahalko dira, bidezkoa denean, egiaztatu beharreko gaitasunen erakuspen materialak. Irakasle taldeak txosten hori aztertuko du eta balorazioa osatuko izangaiarekin egindako elkarrizketa baten bidez eta/edo lanpostuan agertzen duen gaitasun profesionala adieraziz. Horretaz gainera, proba teoriko eta/edo praktiko bat egitea eska dezake, ez denean garbi ageri izangaiak helburuak lortu dituen.

21. Irakasle taldeak prestakuntza eta ebaluazioaren xede den titulua osatzen duten modulu guztietan kalifikatuko ditu izangaiak. Horietan guztietan kalifikazio positiboa lortuz gero izangaiei dagokien titulu ofiziala eman ahalko zaie.

22. 2002-2003 ikasturteko aldi arruntean titulazioa lortzen ez duten izangaiek eskubidea izanen dute deialdi berezietan (kurtsoa gainditzeko legez eratuetan) parte hartzeko, baina ez, aldiz, aurrerantzean langileendako egiten diren eskaintza berezietan ikastetxean parte-hartze presentziala izateko.

23. Ebaluazio eta akreditazio prozesuari dagozkion gainerako alderdietarako, Hezkuntza eta Kultura kontseilariaren uztailaren 11ko 426/1995 Foru Aginduan ezarritakoari jarraituko zaio (agindu horrek arautzen du Nafarroako Foru Komunitatean Berariazko Lanbide Heziketa egiten duten ikasleen ebaluazioaren eta akreditazio akademikoaren prozesua).

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenbizikoa.-Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak kurtsoen jarraipen eta ebaluazioa eginen du.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Hezkuntza zuzendari nagusiari ahalmena ematen zaio Foru Agindu honetan ezarritakoa aplikatu eta garatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.

Bigarrena.-Foru Agindu hau igortzea Ikasketen Antolamendu eta Lanbide Heziketaren Zerbitzura, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzura, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura, Giza Baliabideen Zerbitzura, Lanbide Heziketa Berriztatu eta Garatzeko Atalera, Lanbide Heziketa eta Enpresaren Atalera, ikastetxe ukituetara eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALera.

Hirugarrena.-Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko uztailaren hamabian. Hezkuntza eta Kultura kontseilaria, Jesús María Laguna Peña.

Iragarkiaren kodea: A0208763