111. ALDIZKARIA - 2002ko irailaren 13a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

TUTERAKO UDALAREN UR BATZORDEA

Deialdia, Enpresa Zientzietako diplomadun batendako lanpostua oposizio lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko

1.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Enpresa Zientzietako diplomadun batendako lanpostua oposizio lehiaketa murriztuaren bidez betetzea, Tuterako Udalaren Ur Batzordearen zerbitzuko plantillako langileekin, funtzionarioak nahiz lan-kontratudunak izan, deialdi honetan eskatutako baldintzak frogatzen badituzte, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuko 15.6 artikuluan aurreikusi moduan.

1.2. Hautapen probak gainditu ondotik Enpresa Zientzietako diplomadunaren lanposturako izendatzen den laguna B mailan sailkatuko da eta maila horretako ordainsariak jasoko ditu.

1.3. Maila igotzeko proba hauetan parte hartzeak ez du ezertan aldatuko langileak izendapenaren aurretik zuen funtzionarioen araubide juridikoa. Eskubide pasiboen eta osasun laguntzaren araubide berari ere eutsiko dio.

1.4. Izendatzen den izangaiak Tuterako udalerrian bizi beharko du.

1.5. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta Batzordeko organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.

1.6. Bere mailari eta kategoriari dagozkien eginkizunak beteko ditu. Orain arte betetzen zituen eginkizunekin jarraitu beharko du, maila berriari dagozkionaz gain.

2.-Izangaien baldintzak.

2.1. Oposiziora onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean:

a) Tuterako Ur Batzordearen zerbitzuko funtzionario edo lan-kontratudun finkoa izatea, haren Plantilla Organikoan sartua, deialdiko lanpostu hutsaren maila bera edo tikiagoa izanik, eta izendapena jabetzan edukitzea.

b) Borondatezko edo derrigorrezko eszedentzian ez egotea.

c) Nafarroako administrazio publikoetan egiazki egindako bortz zerbitzu urte frogatzea.

d) Unibertsitateko diplomadunaren titulazio akademikoa edukitzea edo, bertzenaz, unibertsitateko titulazio bateko hiru urte gainditurik izatea, edo 3. L.H. edukitzea.

Aurreko betebeharrak eskabideak aurkeztean frogatu beharko dira.

3.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartu ahal izateko eskabideak Tuterako Udalaren Ur Batzordearen erregistro orokorrean aurkeztuko dira, 30 egun naturaleko epean deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina, azken eguneko eguerdiko ordu bata arte. Deialdi honetan argitaratzen den ereduari lotuko zaizkio eskabideak.

3.2. Eskabideari deialdiaren 2.1 oinarrian eskatu baldintzak frogatzen dituen dokumentazioa erantsiko zaio, baita lehiaketaldian baloratuko den dokumentazioa ere.

3.3. Eskariak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

4.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Tuterako Udalaren Ur Batzordeko buruak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko ebazpena emanen du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik bada, horiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan, eta horiek ebatzitakoan, Batzordeko buruak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

5.-Epaimahaia.

5.1. Ondokoek osatuko dute epaimahaia:

Mahaiburua: Pedro González Felipe jauna.

Ordezkoa: Manuel Ucar Catalán jauna.

Mahaikidea: José María Navarro Fandos jauna.

Ordezkoa: Juan Gracia Aísa jauna.

Mahaikidea: Víctor García Sánchez jauna.

Ordezkoa: Juan Ruiz Ayensa jauna.

Mahaikidea: langileen ordezkaritzak izendatu beharreko kide bat.

Ordezkoa: langileen ordezkaritzak izendatu beharreko kide bat.

Mahaikide-idazkaria: José Luis Zardoya Molinos jauna.

Ordezkoa: José Antonio Huguet Madurga jauna.

Hautapen probak egin baino lehenago osatu beharko da epaimahaia.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa bertan ez bada.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sortzen diren arazo guztiak.

5.4. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta laguntza emanen diote epaimahaiari.

6.-Oposizio-lehiaketa nola eginen.

6.1. Oposizio-lehiaketa deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta bi hilabetera hasiko da. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpen berean zehaztuko da probak non, noiz eta zein ordutan hasiko diren.

6.2. Oposizio-lehiaketa bi fasetan eginen da, lehiaketa lehenbizi eta oposizioa gero, oinarri hauetan adierazten den gisara.

7.-Lehiaketaldia.

Epaimahaiak izangaiek alegatutako merezimenduak baloratuko ditu, baldin eta behar bezala justifikatu badituzte, deialdi honetako I. eranskinean ezarritako baremoari jarraikiz.

Epaimahaiak noiznahi ere eskatzen ahalko ditu argibideak lehiatzaileek alegatu dituzten merezimenduen gainean.

Lehiaketaldian 25 puntu emanen dira gehienez.

8.-Lehiaketaldia.

8.1. Oposizioaldian ondoko ariketak izanen dira:

a) Lehenengo ariketa: II. eranskineko bigarren zatitik ausaz hautatutako bi gai azaldu beharko dira, idatziz eta gehienez ere 3 orduan.

Ariketak 30 puntu izanen ditu gehienez eta bazterturik geldituko dira 15 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak.

b) Bigarren ariketa: II. eranskineko lehen zatiko gaien gainean epaimahaiak proposatzen dituen galdera eta kasuak garatu eta argitu beharko dira, gehienez ere 4 orduan:

Ariketak 45 puntu izanen ditu gehienez eta bazterturik geldituko dira 22,5 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak.

Oposizioaldian 75 puntu emanen dira gehienez.

8.2. Epaimahaikide bakoitzak bere kalifikazioa emanen du, eta kalifikazio guztien banaz-bertzeko aritmetikoa izanen da ariketa zati horren puntuazioa.

8.3. Azken balorazio edo kalifikazioa zein den jakiteko, batuketa eginen da lehiaketako puntuazioarekin eta oposizioko ariketetako puntuazioekin.

8.4. Ariketak egiteko deialdi bakarra eginen da, eta izangaiek NANa eraman beharko dute bertara. Agertzen ez diren izangaiak, baita behar bezala identifikaturik gabe doazenak ere, bazterturik geldituko dira.

8.5. Oposizioaldiko ariketa bakoitza bukatutakoan, aditzera emanen da gainditu duten izangaien zerrenda Tuterako Udalaren Ur Batzordeko iragarki oholean. Bertan, aditzera emanen dira, halaber, lortutako emaitzak zein hurrengo ariketa non, noiz eta zein ordutan izanen den.

9.-Gainditu dutenen zerrenda.

Azken ariketaren kalifikazioa amaiturik, epaimahaiak Tuterako Udalaren Ur Batzordearen iragarki oholean erakutsiko du gainditu dutenen zerrenda, puntuazioaren arabera ordenaturik, izangaiek lehiaketaldian zein oposizioaldiko ariketetan ateratako puntuazioak batu ondoan. Horrekin batean izendapen proposamena eginen da, puntuazio handiena atera duen izangaiaren alde.

10.-Izendapena eta jabetza hartzea.

10.1. Gobernu batzordeak puntuazio handiena aterata epaimahaiak proposatu duen izangaia izendatuko du eta, hala badagokio, hura kontratatzeko aginduko du, Tuterako Udalaren Ur Batzordearen zerbitzuko Enpresa Zientzietako diplomadunaren eginkizunak bete ditzan.

10.2. Izendapen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIAL argitaratuko da.

10.3. Izangai izendatuak 30 egun naturaleko epea izanen du lanpostuaren jabetza hartzeko, izendapena jakinarazten denetik hasita. Epe horretan, eta ezinbertzekoak salbu, jabetzarik hartzen ez badu, Tuterako Udalaren Ur Batzordeko Enpresa Zientzietako diplomadun izateko eskubide guztiak galduko ditu. Horrela gertatuz gero, probak gainditu dituztenen zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiarekin beteko da hutsunea.

11.-Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat paratzen ahalko da, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, ediktu hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Sailari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta hortik aitzina.

Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Gobernu Batzordeari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta hortik aitzina.

Tuteran, bi mila eta biko ekainaren hamalauan. Sinadura ulertezina.

I. ERANSKINA

Merezimenduen baremoa

a) Administrazio publikoetan egindako zerbitzuengatik:

-Edozein administrazio publikotan eta haren erakunde autonomoetan, B maila edo taldean eta modu finkoan egindako zerbitzuak: urte bakoitzetik,1,2 puntu.

-Edozein administrazio publikotan eta haren erakunde autonomoetan, B maila edo taldean eta aldi baterako langile moduan egindako zerbitzuak: urte bakoitzetik, puntu 1.

-Edozein administrazio publikotan eta haren erakunde autonomoetan, lehiaketakoa ez bertzeko maila edo taldeetan eta modu finkoan egindako zerbitzuak: urte bakoitzetik, 0,8 puntu.

-Edozein administrazio publikotan eta haren erakunde autonomoetan, lehiaketakoa ez bertzeko maila edo taldeetan eta aldi baterako langile moduan egindako zerbitzuak: urte bakoitzetik, 0,60 puntu.

Gehienez ere 15 puntu emanen dira.

b) Erakunde edo zentro publiko eta unibertsitarioek antolatu edo babestutako heziketa ekintzetan parte hartu izana, eskuratu beharreko lanpostuko eginkizunekin ikusteko duten gaietan, kreditu akademiko edo haren baliokide bakoitzetik (10 irakastordu), 0,1 puntu. Ordu kopururik adierazten ez duten ziurtagiriei kreditu baten balioa emanen zaie, eta ikasturte bateko iraupena adierazten dutenei 12 kreditukoa. Gehienez 6 puntu emanen dira eta ordu kopuru txikiagoen puntuazioak lainduz emanen dira.

c) Titulu akademikoak:

1.-Unibertsitateko goi mailako titulazio akademikoak: 2 puntu, titulu bakoitzeko.

2.-Erdi mailako titulazio akademikoak: puntu 1, titulu bakoitzeko.

3.-Hizkuntza Eskolan gainditutako ikasturte bakoitzetik: 0,10 puntu.

4.-Bertze titulazio akademiko ofizialak, aitzinekoak ez bezalakoak, epaimahaiak baloratu beharrekoak, gehienez ere puntu 1.

Merezimendu gisa alegatu eta baremoaren barnean balorazio zehatza duten titulu akademikoak lortzeko beharrezkoak diren maila baxuagoko tituluak ez dira baloratuko. Orobat ez da baloratzen ahalko deialdian parte hartzeko baldintza den titulua.

c) idatz-zati honetan gehienez ere 4 puntu lortzen ahalko dira.

II. ERANSKINA

Lehen zatia

1.-Oinarrizko kontzeptu eta egoerak kontabilitatean: Kontuak, idazpenak, inbentarioa, ondarea, egiaztapen-balantzea, egoera-balantzea, galdu-irabazien kontua.

2.-Kontabilitateko Plan Orokorra: Kontabilitateko printzipioak, kontuen taula, definizioak eta kontabilitateko zerrendak; eragiketen erregistroa, orokorrean.

3.-Kontabilitateko Plan Orokorra: Urteko kontuak eta memoria Kontabilitateko Plan Orokorrean. Balorazio arauak.

4.-Kontabilitate Publikoko Plan Orokorra: Aplikazio eremua. Kontabilitateko informazioaren hartzaileak eta betebeharrak. Planaren egitura. Edukia eta ezaugarriak.

5.-Irailaren 21eko 270/1998 Foru Dekretua, Nafarroako Toki Administrazioaren aurrekontuei eta gastu publikoei buruzkoa. Espedienteen edukia, aurrekontuen printzipio eta kontzeptuak. Aurrekontuen onespena, betearazpena eta likidazioa. Kredituak eta haien aldaketak.

6.-Irailaren 21eko 271/1998 Foru Dekretua, aurrekontuen egiturari buruzkoa. Aplikazio eremua. Gastu eta dirusarreren sailkapena eta edukia.

7.-Irailaren 21eko 272/1998 Foru Dekretua, Nafarroako Toki Administraziorako Kontabilitate Jarraibide Orokorra onesten duena. Agiriak eta liburuak. Kontabilitate eragiketak. Egin beharreko egoera-orriak eta eman beharreko informazioa. Kontabilitate Publikoko Plan Orokorra, Toki Administrazioari egokitua (1990eko uztailaren 17ko Ministerio Agindua), eta haren egokitzapena.

Bigarren zatia

1.-Nafarroako Toki Korporazioen aurrekontuak: 270/1998 Foru Dekretua. Aurrekontuen egitura. Aurrekontuen zikloa. Aurrekontuko aldaketak. Urteanitzeko gastuak.

2.-Tributuen antolamenduaren printzipio orokorrak. Tributuak: kontzeptua, izaera eta motak. Zergagaia. Subjektu pasiboa. Helbide fiskala. Tributu arloko arau-hauste eta zehapenak. Zerga-oinarria: kontzeptua eta zehaztapen araubideak. Likidazio oinarria. Karga tasa. Tributu zorra. Tributu zorraren ordainketa. Preskripzioa. Tributu zorra iraungitzeko bertze modu batzuk. Tributu kredituaren bermeak.

3.-Nafarroako toki ogasunen baliabideak. Tributuz bertzeko dirusarrerak: Tributu bidezko dirusarrerak: kontzeptua eta motak. Zergak: kontzeptua eta motak. Tasak: kontzeptua eta motak, prezio publikoen aldean dituzten ezberdintasunak. Kontribuzio bereziak.

4.-Administrazio egintza: kontzeptua, elementuak, motak eta beharkizunak. Administrazio ebazpen eta egintzen jakinarazpena. Administrazio egintzaren deuseztasuna eta deusezgarritasuna. Administrazioaren isiltasuna.

5.-Administrazio prozedura eta hura arautzen duen legea. Aplikazio esparrua eta printzipio orokorrak. Interesatuak. Administrazio prozedurei buruzko xedapen orokorrak: abiaraztea, antolamendua, instrukzioa, amaiera eta betearazpena.

6.-Kontratazio administratiboa Nafarroan. Ekainaren 16ko 10/1998 Foru Legearen zioen azalpena. Aplikazio eremua eta araubide juridikoa. Kontratu administratibo ohikoenak: kontzeptua eta oinarrizko araubidea. Administrazioarekin kontratatzeko beharkizunak: gaitasuna eta kaudimena, sailkapena eta bermeak. Pleguak. Interesatuen proposamena eta dokumentazioa. Publizitatea.

7.-Kontratazio administratiboa Nafarroan. Esleipen bideak: enkantea, lehiaketa eta bertzelakoak. Kontratuak betetzea, aldatzea eta etetea.

8.-Nafarroako toki entitateen jarduera, zerbitzu eta obrak: Administrazioaren esku hartzea jarduera pribatuan; zerbitzu publikoak; partzuergoak; toki mailako herrilanak; ekintza sozioekonomikoa; sustapena.

9.-Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea (uztailaren 2ko 6/1990, Foru Legea). Nafarroako toki entitateen antolaketa eta administrazioa.

10.-Tuterako Udalaren Ur Batzordea. Erregelamendu Orokorraren edukia.

11.-Tuterako Udalaren Ur Batzordearen ordenantza fiskala.

12.-Uraren ziklo integralaren kudeaketa arautzen duen ordenantza. Arau orokorrak, zerbitzuak egitea, zerbitzuen kontratatzea.

III. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ..................., adinez nagusia, N.A.N: ............., sorteguna: ..............., sorterria: ............. (...................), sorlekua: ................... (.....................), karrika: ...................., zenbakia: ....., posta kodea: .............., telefonoa: ................, azaltzen dut

Enpresa Zientzietako diplomadunendako lanpostu bat oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dudala.

Karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisiko-psikikorik ez dudala.

Indarra duten xedapenetan ezarritako ezgaitasun bakarra ere ez dudala.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean baldintza guzti-guztiak betetzen ditudala.

Horrenbertzez, eskabide hau onar dezazula eskatzen dut eta, horren ondorioz, Enpresa Zientzietako diplomadunendako lanpostu bat oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko deialdian onartua izatea.

Tuteran, 2002ko ........(aren) ........(e)an.

TUTERAKO UDALAREN UR BATZORDEKO BURUA.

Iragarkiaren kodea: a0208671