110. ALDIZKARIA - 2002ko irailaren 11

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Ebazpenak

583/2002 EBAZPENA, uztailaren 15ekoa, Hezkuntza zuzendari nagusiak emana, Lehen Hezkuntzako curriculumean ulermenezko irakurketa lantzeko jarraibideak eta orientabideak ematen dituena.

Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzuko zuzendariak adostasun txostena eman du Lehen Hezkuntzako curriculumean ulermenezko irakurketa lantzeko jarraibideak eta orientabideak onesteko.

Lehen Hezkuntzaren curriculuma ezartzen duen otsailaren 16ko 100/1992 Foru Dekretuak, etapa osoan zehar erdietsi beharreko helburuen artean, ondoko hau finkatzen du: "Egoki, sortzaile eta beregain mezu idatziak eta ahozkoak ulertu eta produzitzea, gaztelaniaz eta hala bide denean euskaraz, komunikazio asmo eta testuinguru desberdinetan, hala nola ahozko eta idatzizko mezu errazak testuinguruan ulertu eta produzitzea".

Hezkuntza eta Kultura Departamentuak, irakurmenak curriculumeko arlo guztietan eta ikasgelako jarduera askotan zeharkako gaitasun gisara duen garrantziaz oharturik, plan bat prestatu du epe motz, ertain eta luzean, Lehen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ulermenezko irakurketa bultzatzeko.

Plan horren barrenean neurri batzuk hartu dira xede horri begira, hala nola:

-2001-2002 ikasturtean ulermenezko irakurketa ebaluatzea Lehen Hezkuntzako 6. mailan, DBHko 2.ean eta DBHko 4.ean, gaitasun horrek derrigorrezko hezkuntzan duen bilakaeraren berri izateko.

-2002-2003 eta 2003-2004 ikasturteetan hobekuntza planak ezartzea ikastetxeetan, alderdi horiek sakonago lantzeko.

-Eskoletako liburutegiak eta irakurtzearen aldeko kanpainak bultzatzea.

Dena den, komeni da neurri horiek guztiak antolatzea, hezkuntza etapa horretako curriculumean eta irakasleen eguneroko eginkizunetan sartzeko.

Ebazpen honen xedea curriculumaren alderdi hauek garatzea da; horretarako, jarraibide eta orientabide batzuk emanen dira, bai programazioan, bai, batez ere, arloaren curriculuma ikasgelan lantzeko jardueretan alderdi horiek sartu ahal izateko.

Hezkuntza eta Kultura kontseilariaren irailaren 30eko 339/1999 Foru Aginduaren bitartez esleituak ditudan eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehenbizikoa.-Curriculumeko arlo guztietako programazioetan, arloko ulermenezko irakurketaren eta berariazko hiztegiaren tratamendua sartuko da haien helburu, eduki eta ebaluazio irizpideen artean, modu integral batez.

Bigarrena.-2002/2003 eta 2003/2004 ikasturteetan, zikloko bileretan, arreta berezia emanen diete lehenbiziko puntuan aipaturiko alderdiei. Zikloko koordinatzaileek etapako maila guztietan arloko ulermenezko irakurketa eta berariazko hiztegia lantzen direla kontrolatuko dute.

Hirugarrena.-Ebazpen honen eranskinean orientabide batzuk ematen dira curriculuma garatzeko ikasgelako jardueretan ulermenezko irakurketa lantzen laguntzeko.

Laugarrena.-Hezkuntza eta Kultura Departamentuak prestakuntza berezia antolatuko du etapako irakasleentzat, eta material didaktikoak argitaratuko ditu, arloaren helburuen eta edukien ohiko tratamenduan ulermenezko irakurketa sartuko duten "jarduera onak" zabaltzeko.

Bosgarrena.-Ebazpen hau Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzura, Ikasketen Antolamendu eta Lanbide Heziketaren Zerbitzura, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura, Euskara Zerbitzura, Ikasketak Antolatzeko Atalera, Hezkuntzaren Berriztapen eta Sustapenerako Atalera, Irakasleen Hobekuntzako Atalera eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Seigarrena.-Ebazpen honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko uztailaren hamabostean.-Hezkuntza zuzendari nagusia, Santiago Arellano Hernández.

E R A N S K I N A

Lehen Hezkuntzako arlo guztietan ulermenezko irakurketa eta berariazko hiztegia lantzeko orientabideak

I.-Testuak ulertzea, curriculumeko arlo guztietako ohiko eginkizuna.

a) Irakurriaren ulermena lantzea Hizkuntza arloaren zeregina dela uste ohi da, eta gero ikasleek bertan ikasi dutena gainerako arloetan erabili behar dutela.

Egia bada ere alderdi horiek jorratzea Hizkuntza arloari dagokiola bereziki, esan behar da arlo guztietan lan egin behar dela ikasleek edukiak azaltzeko erabiltzen diren testuak uler ditzaten.

b) Curriculumeko arloetan mota desberdineko testuak lantzeak eta irakasgaiko berariazko hitzak eta hizkuntza ulertzeak ikasleen hizkuntza-erregistroak aberasteko eta hiztegi zabala, argia eta aberatsa osatzeko balio du.

c) Ikasleek nolabaiteko zailtasuna duten idatzizko testuak ulertzeko teknikak menperatzen ez badituzte, eskola porrotera bideratzeaz gain, ezaguera eta hazkunde pertsonalerako bidea ixten zaie. Horregatik, testuak irakurriz (literaturakoak, dibulgaziokoak, didaktikoak.) kontzeptuak eta haien arteko loturak ulertzeko ematen den denbora eta ahaleginak epe motz, ertain eta luzeko inbertsio bat direla pentsatu behar da.

d) Kontuan hartu behar dugu irakurriaren ulermena, ikasteko baliabidea ez ezik, ezinbesteko baldintza dela ikasleak irakurtzen atsegin har dezan.

II.-Ahozko irakurketaren balioa.

a) Goraki irakurtzea, ulertzeko lagungarria izateaz gain, ideia eta sentsazioak adierazteko tresna da. Ikasle batek gaizki irakurtzen baldin badu goraki, irakurtzen duena ulertzen ez duelako da, eta, beraz, besteek ere ezin diote ulertu. Hortaz, goraki irakurtzea ulermenezko irakurketarekin batera landu behar da.

b) Goraki irakurtzeko trebetasuna Lehen Hezkuntzaren xedeetako bat da. Etapa horretan teknika lantzen da: doinua, irakurketaren zentzua, ahoskatzea, ahotsaren tonua, ebakeraren abiadura, lasaitasuna, etab., ikasleen adinerako testu egokien bidez.

c) Goraki irakurtzea etapako hiru zikloen helburua da. Ongi eta zuzen egiten bada, ulertzeko balio du eta laguntza ematen ikasleari jendaurrean hitz egiteko gaitasuna hobetzeko. Horregatik, komeni da ikasgelan goraki irakurtzea, bai irakasleak, bai ikasleek.

Irakasleek ikasgelan agertzen den edozein aukeraz baliatu behar dute goraki ongi irakurtzearen garrantzia azpimarratzeko.

III.-Arloetako testuen ulermenezko irakurketaren bitartez ikastea.

a) Ulermenezko irakurketak ohiko jarduketa, etengabea eta guztientzakoa, izan behar du arlo guztietako edukiak ikasteko prozesuan. Ikastea zuzeneko esperientziaren eta zeharkako esperientziaren bitartez egiten da. Testuen bidez ikastea azken modalitate horren adibide bat da. Ulertzea ezinbestekoa da ikaskuntza esanguratsua izateko, eta, beraz, testuak ulertzea lehenbiziko urratsa da ikasleek arlo bakoitzeko kontzeptuak ulertu, lotu, bereganatu eta gogoratzeko.

b) Irakasleek, ahozko azalpenaz gain, baliabide asko erabiltzen ditu irakasteko, hala nola entziklopediak, liburu espezializatuak, testu hautatuak, CD-ROMak, web- guneak etab. Gehienetan, testuliburua arloa ikasteko oinarrizko elementu gisara erabiliko da ikasle guztiekin. Hortaz, idatz-zati honetan testuliburuei buruz esaten dena irakasleek bidezkotzat jotzen duten beste edozein baliabide didaktikori aplikatzen ahal zaio.

Bestalde, ikus-entzunezko baliabideak erabiltzen direnean, komeni da jarduera didaktikoak sartzea, irudiak eta testuak modu ulerkor eta kritikoaz irakurtzea barne hartzen dutenak.

c) Gaur egungo testuliburuek, oro har, diseinu didaktiko bikaina dute eta, laguntza eta baliabide gisara erabiliz gero, ikasteko tresna ona izan daitezke ikasleentzat. Testuliburuak ez dira liburu zientifikoak, liburu didaktikoak baizik, zientziako kontzeptuak irakatsi eta ikasteko egoerara egokitzen dituztenak. Hori dela eta, egitura berezia dute: definizioak, haien azalpenak, laburpenak, kontzeptu-mapak, laukiak, adibideak, planteatzen diren alderdiak eguneroko bizitzako egoera eta esperientziekin lotzeko oharrak, ariketak, grafikoak, argazkiak eta bestelako jarduerak, arloaren edukiak irakurri eta ulertzeko laguntza ematen dutenak.

Irakasleek, alderdi horiek kontuak harturik, arloaren helburuei eta beren metodologiari hobeki egokitzen zaien eta ulermenezko irakurketa gehien lantzen duen testuliburua hautatuko dute.

d) Klasea prestatzen duen bitartean, komenigarria da irakasleak minutu batzuk ematea unitate didaktiko edo ikasgaiaren egitura linguistikoa eta kontzeptuala aztertzeko, eta ikasleei nozio horiek ematea ikasteko behar diren teknikekin batera.

Adibidez, izenburua eta zatiak edo galderak irakurriz, aurreko sintesi edo laburpen bat lortzen dugu, gero jorratuko den gaiaren ideia orokorra ematen diguna, eta horri esker bidea dago aurretik dakiguna agertzeko. Arlo batzuetako liburuetan testu batzuk daude, zeinen lerroaldeen hasieran gero azaltzen den definizio bat baitago, eta beste batzuetan, berriz, kontzeptuak definitzeko hurbilketa batzuk erabiltzen dira, lerroaldeen bukaeran argitzen direnak.

Ikasleak egitura horretaz eta beste batzuez ohartaraztea haien ulermena garatzeko laguntza ematea da. Azpimarratze eraginkorraren teknikak alderdi hori lantzea du xedetzat. Nolanahi ere, paper eta arkatzarekin irakurriz gero, irakurketa aktiboa izanen da, arreta eta interesa mantentzeko lagungarri izateaz gain, irakurtzea idazmenari eta adierazmenari hertsiki loturiko jarduketa baita.

e) Irakurtzeko dauden modu ugarien artean, hiru hauek dira ikasgeletan erabili ohi direnak: aurretiaz irakurtzea edo lehenbiziko irakurketa, mantso eta xehetasunetan erreparatuz irakurtzea edo bigarren irakurketa, eta sintesia egin eta edukia asimilatzeko irakurtzea edo hirugarren irakurketa. Irakasleek, modalitate bakoitzaren alde onez eta mugez oharturik, egokien iruditzen zaizkien egoeretan erabiliko dute horietako bakoitza.

Irakurtzeko modu horiek edozein agiri idatziri aplikatzen ahal zaio, edozein formatutakoa edo euskarritakoa izanik ere: entziklopedia, albuma, testuliburua, aldizkari zientifikoa, web-gunea, CD-ROM multimedia, legegintzako buletina, turismoko liburuxka, erakusketa-katalogoa, aparatu bat muntatu edo abian jartzeko jarraibideak, kirol joko baten arauak etab.

f) Aurretiazko irakurtzearen helburua modu global batez gaira hurbiltzea da. Oro har, lehenbizian ulertzen ez den horri ez zaio kasurik ematen, eta ulertzen den horretan zentratzeko joera dago. Ikasleek ikasgaia aurretik irakurri eta bi zerrenda egitea, bata ulertu dituzten kontzeptuez osatua eta bestea ulertu ez dutenez osatua, oso emaitza onak uzten dituen ohiko jarduketa da irakasleen artean.

Komeni da irakasleak irakurtzeko "gako" batzuk ematea, irakurketa hobea izateko lagungarriak baitira. Hona hemen gako horietako batzuk: gaiaren egitura, gai horrek erantzun nahi dituen galderak, irakurtzeko gida batzuk, ikasleari testua hobeki ulertzeko laguntza ematen dion guztia.

g) Mantso eta xehetasunetan erreparatuz irakurtzearekin testu edo ikasgaiaren zati guztiak ulertu nahi da, irakurketa analitikoa egiten baita. Ikasleak ez du ulertu arte aurrera egiten, eta, behar izanez gero, atzera egiten du ideia bat berretsi edo baztertzeko. Irakurtzeko modalitate horretan oso lagungarria izaten da irakaslearen parte-hartzea, kontzeptu berri batzuk ulertzeko zailtasunari horiek azaltzeko hizkuntzaren zailtasuna gaineratu behar zaiolako.

Horregatik, ikasleekin batera irakurri eta testuak aztertzeko laguntza ematea ez da denbora galtzea; horrek, jakina, ez du irakasteko teknika bakarra izan behar, baina komeni da irakaslearen baliabide metodologikoen arteko bat izatea.

h) Sintetizatu eta asimilatzeko irakurketa oso irakurketa pertsonala da eta, aurrekoak bezalaxe, ezinbestekoak ditu kontzentrazioa eta arreta. Irakurtzeko modalitate honen bitartez kontzeptuak eta haien arteko loturak pertsonalki landu eta gogoan gorde nahi dira, modu esanguratsuan.

Ulermenezko irakurketa gure oroimenaren lagun ona da, kontzeptuen esanahia ulertuta errazagoa baita horietaz oroitzea.

i) Ulermenezko irakurketa lehenbiziko urratsa da bestelako arlo batzuekin (ahozko adierazpena, idazmenaren jariotasuna, goraki irakurtzea doinu egokiarekin.) osatu beharreko prozesu batean.

Komeni izaten da irakurtzeari eta idazteari loturiko jarduerak proiektatzea (eztabaidak, beste ikasle batzuei hitzaldiak ematea, eskolako egunkarirako artikuluak, eszenifikazioak, irrati-saioak, erakusketak, horma- irudiak.).

j) Irakasleek liburutegiaren erabilpena bultzatuko dute, edozein euskarri erabiltzen duen baliabide-zentro antolatua den aldetik, curriculumeko arlo guztiak modu aktibo batez ikasteko laguntza eman eta, ikasleen maila soziala alde batera utzita, hezkuntzari begira haien berdintasuna bultzatzen duena.

IV.-Arloko hizkuntza berariazkoa eta haren hiztegia.

a) Testuliburuetan eta arlo bakoitzeko liburuan erabiltzen den hizkuntza erdibidean dago zientzietako edo jakintza-arloetako hizkuntza jaso edo zientifikoaren eta eguneroko egoeretan erabiltzen den hizkuntza arruntaren artean. Ikasleek jakin behar dute arian-arian, mailaz igarotzen diren heinean, gero eta hizkuntza zehatzagoa, eskolara eta irakasgaira egokitua, erabili behar dutela.

Ohartu behar dute literaturako hizkuntza ez dela, adibidez, gizarte zientzietakoa, edo zientzia formaletakoa, natur zientzietakoa nahiz arte plastikoetakoa bezalakoa.

b) Aipamen berezia merezi du hitz berriak ikasteak. Arlo eta maila bakoitzean hitz berariazkoak daude, ikasleei aurkezten zaizkien kontzeptuei dagozkienak. Ikasleen jakinduriari urtero erantsi nahi zaizkion berariazko hitzen zerrenda eginen balitz, haien irakurmenaren eta kontzeptu- ulermenaren bilakaera etapan zehar planifikatu eta ebaluatzeko bidea egonen litzateke.

c) Hiztegiak eta kontsultarako liburuak erabiltzea baliabide ezin hobea da ikasleengan zehaztasunaren aldeko atsegina eta joera sortzeko. Ikasleei kontzeptuen ordenari eta sistematizazioari buruzko hezkuntza emateko, irakasle askok koadernoak edo agiritegiak erabilarazten dizkiete, haietan agertzen diren hitz berriak, beren esanahia edo ikasgaiarekin gehien lotzen zaion adiera ondoan dutela, jartzeko, arloko glosario gisara.

Arreta berezia eman behar da kontzeptuak ulertu eta asimilatu ondoren, ikasleak beren hitzekin eta modu ulergarrian idatziz azaltzeko gauza izan daitezen.

Komenigarria litzateke ikasturte bakoitzean landu beharreko oinarrizko hitzak programazio didaktikoan sartzea, kontuan hartuz arlo bakoitzeko berariazko hitzak ikastea ez dela berez helburu bat, arloa ulertzeko bitarteko bat baizik.

Asteko irakurraldia

a) Lehen Hezkuntzako ordutegia ikastetxe publikoetarako arautzen duen Foru Aginduak ikastordu bat ezartzen du astean irakurtzeko.

Ikastetxe itunduek asteko irakurraldia finkatzen saiatuko dira beren ordutegian.

b) Asteko irakurraldia erraza izanen da, testu desberdinak eta ugariak erabiliz.

c) Bakarka edo taldeka irakurriko da, isilik edo goraki, irakasleak erabaki bezala.

d) Irakurraldia derrigorrezkoa da ikaslearentzat. Irakurtzeko ohitura eta atsegina bultzatzeko moduan antolatu behar da.

Beraz, ez da Hizkuntza arloko klasearen jarraipena bailitzan planteatu behar, aitzitik, bertan ikasitakoa aplikatzeko eta ikasleak irakurtzen duena ulertzeko duen gaitasuna baloratzeko balioko du.

e) Bakarka irakurtzeko, ikasleak nahi duen liburua hautatuko du literaturako nahiz dibulgazio zientifikoko liburuen multzo zabal batetik.

Garrantzitsua da ikaslea pozik egotea aukeratu duen liburuarekin, eta, hortaz, zilegi izanen du bat utzi eta beste bat hartzea, irakasleak lagunduta.

f) Irakaslearen zeregina irakurraldian:

-Irakurketa bultzatzeko jarduerak eta horretarako tokia (ikasgela, eskolako liburutegia, etxea.) antolatzea.

-Modu aktiboan jokatzea, ikasleei adinaren, ikasteko erritmoen eta ezaugarri berezien arabera gehien komeni zaizkien liburuak aukeratzeko laguntza emanez.

-Ikasleak motibatu eta animatzea, irakurtzen atsegin har dezaten.

-Irakurtzeko joerak bultzatzea, ikasleek irakasleen jokabideak imitatu ahal ditzaten.

-Egindako irakurketek eskolatik at ere eragina, ahozkoa nahiz idatzia, izan dezatela saiatzea, erakusketa, panel, eztabaida eta abarren bidez.

-Eskolarekin batera lan egiteko prest dauden familiei orientabideak ematea ikastetxeko irakurtzeko planen barruan, irakurraldian proposaturiko helburuei jarraikiz.

Iragarkiaren kodea: A0208385