110. ALDIZKARIA - 2002ko irailaren 11

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Ebazpenak

527/2002 EBAZPENA, ekainaren 27koa, Hezkuntza zuzendari nagusiak emana, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako curriculumean ulermenezko irakurketa lantzeko jarraibideak eta orientabideak ematen dituena.

Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzuko zuzendariak adostasun txostena eman du Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako curriculumean ulermenezko irakurketa lantzeko jarraibideak eta orientabideak onesteko.

Martxoaren 25eko 61/2002 Foru Dekretuak, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren curriculuma ezartzen duen otsailaren 22ko 67/1993 Foru Dekretua aldatzen duenak, etapa osoan zehar erdietsi beharreko helburuen artean, ondoko hau finkatzen du: "Egoki, sortzaile eta beregain mezu idatziak eta ahozkoak ulertu eta produzitzea, gaztelaniaz eta hala bide denean Komunitate Autonomoko hizkuntzan, eta gogoeta egitea hizkuntzaren erabileran esku hartzen duten prozesuen gainean eta hizkuntzak norbere pentsamenduak antolatzerakoan duen garrantziaren gainean". Helburu orokor hori berariazko helburu gisara zehaztu da etaparen curriculumeko arlo guztietan, honela: "arloko edukiak ikasteko erabiltzen diren testuak irakurri eta ulertzeko behar diren trebetasunak bereganatzea"; halaber, arlo guztietako eduki gisara sartu da, "Arloko hizkuntzaren gakoak: ulermenezko irakurketa", arloko edukien multzoen hasieran hitzaurre moduan dagoen titulupean. Horren ondorioz, ebaluaziorako irizpide komun bat sartu da, ondoko izenburu honekin: "Testuen esanahia eta berariazko hitzak ulertzea".

Ebazpen honen xedea curriculumaren alderdi hauek garatzea da; horretarako, jarraibide eta orientabide batzuk emanen dira, bai programazioan, bai, batez ere, arloaren curriculuma ikasgelan lantzeko jardueretan alderdi horiek sartu ahal izateko.

Hezkuntza eta Kultura kontseilariaren irailaren 30eko 339/1999 Foru Aginduaren bitartez esleituak ditudan eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehenbizikoa.-Departamentu Didaktikoen programazio didaktikoek arloko ulermenezko irakurketaren eta berariazko hiztegiaren tratamendua sartuko dute beren helburu, eduki eta ebaluazio irizpideen artean, modu integral batez.

Bigarrena.-2002/2003 eta 2003/2004 ikasturteetan, horietan ezarriko baitira martxoaren 25eko 61/2001 Foru Dekretuaren bidez erregulatutako curriculumak, Departamentu Didaktikoek arreta berezia emanen diete lehenbiziko puntuan aipaturiko alderdiei. Departamentuburuek etapako maila guztietan arloko ulermenezko irakurketa eta berariazko hiztegia lantzen direla kontrolatuko dute.

Hirugarrena.-Ebazpen honen eranskinean orientabide batzuk ematen dira curriculuma garatzeko ikasgelako jardueretan ulermenezko irakurketa lantzen laguntzeko.

Laugarrena.-Hezkuntza eta Kultura Departamentuak prestakuntza berezia antolatuko du etapako irakasleentzat, eta material didaktikoak argitaratuko ditu, arloaren helburuen eta edukien ohiko tratamenduan ulermenezko irakurketa sartuko duten "jarduera onak" zabaltzeko.

Bosgarrena.-Ebazpen hau Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzura, Ikasketen Antolamendu eta Lanbide Heziketaren Zerbitzura, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura, Euskara Zerbitzura, Ikasketak Antolatzeko Atalera, Hezkuntzaren Berriztapen eta Sustapenerako Atalera, Irakasleen Hobekuntzako Atalera eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Seigarrena.-Ebazpen honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko ekainaren hogeita zazpian.-Hezkuntza zuzendari nagusia, Santiago Arellano Hernández.

E R A N S K I N A

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako arlo guztietan ulermenezko irakurketa eta berariazko hiztegia lantzeko orientabideak

I.-Arlo bakoitzeko testuen ulermena, irakasle guztien ohiko eginkizuna.

a) Ulermenezko irakurketa D.B.H.ko curriculumera formalki eta arau bidez sartzea, irakasleen ohiko jarduketa bat bildu eta sistematizatzeko premiaren ondorioa da, arlo bakoitzaren edukiak idatzizko testuen bitartez garatzen baitira; testu horiek denboraren arabera sistematizatuak izaten dira batzuetan (adibidez, testuliburuak), eta, besteetan, laguntzarako material osagarri gisara erabiltzen dira une jakin batean (kontsultarako testuak, edozein euskarritako bibliografia bilatzea etab.)

b) Hortaz, ez da kontua curriculumari helburu, eduki eta ebaluaziorako irizpide berriak eranstea, unitate didaktikoak edo ikasgaiak lantzen direnean testuen ulermenari eta berariazko hiztegiari buruzko alderdi batzuk jorratzea baizik. Puntu horretan, alderdirik garrantzitsuena da irakasleek interesa izatea eta ohartzea zein inportantea den testuen ulermena hobetzeko arlo guztietan lan egitea, trebetasun hori baita, zalantzarik gabe, Bigarren Hezkuntzako ikasleen kultura integrala osatzeko ardatza eta baliabide nagusia.

c) Irakurriaren ulermena lantzea Hizkuntza arloaren zeregina dela uste ohi da, eta gero ikasleek bertan ikasi dutena gainerako arloetan erabili behar dutela.

Egia bada ere alderdi horiek jorratzea Hizkuntza arloari dagokiola bereziki, esan behar da arlo guztietan lan egin behar dela ikasleek edukiak azaltzeko erabiltzen diren testuak uler ditzaten. Beraz, esaten ahal da zientziari buruzko testuak ulertzea zientzia arloen eginkizuna ere badela.

d) Arloetako kontzeptu berariazkoen eta teknikoen, hala nola haien arteko loturen ulermenean oinarrituriko jarduketaren ondorioz, batzuetan, gutxiago baloratu da kontzeptu horiek azaltzeko erabilitako modua, eta, hortaz, komeni da, hezkuntzarako garrantzitsua den aldetik, arloko kontzeptuak adierazteko zehaztasuna berreskuratzea. Hori horrela, arloko berariazko hitzak eta hizkuntza ulertzeak ikasleen hizkuntza-erregistroak aberasteko eta hiztegi zabala, argia eta aberatsa osatzeko balio du.

e) Hizkuntzak, bai ahozkoak, bai idatziak, curriculumera ailegatzea baldintzatzen du. Arloetako ezagupenak hizkuntzaren eta sinbolismoaren arabera antolatzen dira hein handi batean. Zientziek, teknikek, arteek eta humanitateek denboran zehar iraun eta garapena izan badute, arlo horietako jakintza-ondarea liburu eta testu idatzietan gorde delako da. Jakintza arlo horietara ailegatzeko beharrezkoa da ulermenezko irakurketaren teknika batzuk menperatzea, ikasgelan landu behar ohi direnak.

Ikasleek nolabaiteko zailtasuna duten idatzizko testuak ulertzeko teknikak menperatzen ez badituzte, eskola porrotera bideratzeaz gain, ezaguera eta hazkunde pertsonalerako bidea ixten zaie. Horregatik, testu zientifiko edo didaktikoak (testuliburuak, entziklopediak, monografiak, web-guneak etab.) irakurriz, kontzeptuak eta haien arteko loturak ulertzeko ematen den denbora eta ahaleginak epe motz, ertain eta luzeko inbertsio bat direla pentsatu behar da.

Gauza jakina da lan hori zaila dela ikasleentzat, ahozkoa baino hizkuntza formalizatuagoa eta abstraktuagoa ulertzeko arreta eta ahalegin handiagoak behar baitira, baina, bestalde, kontuan hartu behar da ulertzen ez diren gauzek ez digutela interesik sortzen.

Gainera, irakurriaren ulermena, ikasteko baliabidea izateaz gain, derrigorrezkoa da ikasleek arlo guztietako testuak irakurtzen atsegin hartzeko.

II.-Ahozko irakurketaren balioa.

a) Goraki irakurtzea, ulertzeko lagungarria izateaz gain, ideia eta sentsazioak adierazteko tresna da. Ikasle batek gaizki irakurtzen baldin badu goraki, irakurtzen duena ulertzen ez duelako da, eta, beraz, besteek ere ezin diote ulertu. Hortaz, goraki irakurtzea ulermenezko irakurketarekin batera landu behar da.

b) Goraki irakurtzeko trebetasuna Lehen Hezkuntzaren xedeetako bat da, baina ez bakarrik horrena. Etapa horretan teknika lantzen da: doinua, irakurketaren zentzua, ahoskatzea, ahotsaren tonua, ebakeraren abiadura, lasaitasuna, etab. Jendaurrean ongi irakurtzeko laguntza ematen duten alderdi horiek guztiak ikasleen adinerako errazak eta egokiak diren testuen bidez lantzen dira.

Bigarren Hezkuntzan, testu zailagoak irakurtzen direnez, ez da nahikoa izanen aurreko etapan ikasitakoa automatikoki erabiltzea, aitzitik, ikasteko bide berriak beharko dituzte. Gainera, ez da ahaztu behar ez dela berdin poesia edo narrazio testu bat irakurtzea, edo deskripzioak, argudioak, azalpenak nahiz jarraibideak ematekoa.

c) Horregatik, komeni da ikasgelan goraki irakurtzea, bai irakasleak, bai ikasleek. Goraki irakurtzen denean zentzuz eta modu egokian egitea ongi ulertzen delako seinalea da, eta, halaber, ohitura horrek irakurmena hobetzeko balio du.

Irakasleek ikasgelan agertzen den edozein aukeraz baliatu behar dute goraki ongi irakurtzearen garrantzia azpimarratzeko.

d) Etapa honetako ikasle asko ez dira egoera formaletan jendaurrean irakurtzera ausartzen, adibidez ikasgelan. Horrek segurtasun-falta eta autoestimazio baxua ekar diezazkieke. Ikasleen hezkuntza sozialari loturiko helburu hori lortzeko ona da jendaurrean goraki irakurtzea edo edozein gai azaltzea, betiere Bigarren Hezkuntzako ikasgeletan hori egiteko ohitura baldin badago.

Hortaz, goraki irakurtzen denean, ondoko alderdi hauek zainduko dira: ulermena, esaera, doinua, ahoskera, ahotsaren inflexioa etab., ikasleek jendaurrean ongi hitz egiteko eta arloetako testuak ulertzeko ohitura har dezaten.

III.-Arloetako testuen ulermenezko irakurketaren bitartez ikastea.

a) Ulermenezko irakurketak ohiko jarduketa, etengabea eta guztientzakoa izan behar du arlo guztietako edukiak ikasteko prozesuan. Ikastea zuzeneko esperientziaren eta zeharkako esperientziaren bitartez egiten da. Testuen bidez ikastea azken modalitate horren adibide bat da. Ulertzea ezinbestekoa da ikaskuntza esanguratsua izateko, eta, beraz, testuak ulertzea lehenbiziko urratsa da ikasleek arlo bakoitzeko kontzeptuak ulertu, lotu, bereganatu eta gogoratzeko.

b) Irakasleek, ahozko azalpenaz gain, baliabide asko erabiltzen ditu irakasteko, hala nola entziklopediak, liburu espezializatuak, testu hautatuak, CD-ROMak, web- guneak etab. Gehienetan, testuliburua arloa ikasteko oinarrizko elementu gisara erabiliko da ikasle guztiekin. Hortaz, idatz-zati honetan testuliburuei buruz esaten dena irakasleek bidezkotzat jotzen duten beste edozein baliabide didaktikori aplikatzen ahal zaio.

Bestalde, ikus-entzunezko baliabideak erabiltzen direnean, komeni da jarduera didaktikoak sartzea, irudiak eta testuak modu ulerkor eta kritikoaz irakurtzea barne hartzen dutenak.

c) Gaur egungo testuliburuek, oro har, diseinu didaktiko bikaina dute eta, laguntza eta baliabide gisara erabiliz gero, ikasteko tresna ona izan daitezke ikasleentzat. Testuliburuak ez dira liburu zientifikoak, liburu didaktikoak baizik, zientziako kontzeptuak irakatsi eta ikasteko egoerara egokitzen dituztenak. Hori dela eta, egitura berezia dute: definizioak, haien azalpenak, laburpenak, kontzeptu-mapak, taulak, adibideak, planteatzen diren alderdiak eguneroko bizitzako egoera eta esperientziekin lotzeko oharrak, ariketak, grafikoak, argazkiak eta bestelako jarduerak, arloaren edukiak irakurri eta ulertzeko laguntza ematen dutenak.

Irakasleek, alderdi horiek kontuak harturik, arloaren helburuei eta beren metodologiari hobeki egokitzen zaien eta ulermenezko irakurketa gehien lantzen duen testuliburua hautatuko dute.

d) Klasea prestatzen duen bitartean, komenigarria da irakasleak minutu batzuk ematea unitate didaktiko edo ikasgaiaren egitura linguistikoa eta kontzeptuala aztertzeko, eta ikasleei nozio horiek ematea ikasteko behar diren teknikekin batera.

Adibidez, izenburua eta zatiak edo galderak irakurriz, aurreko sintesi edo laburpen bat lortzen dugu, gero jorratuko den gaiaren ideia orokorra ematen diguna, eta horri esker bidea dago aurretik dakiguna agertzeko. Arlo batzuetako liburuetan testu batzuk daude, zeinen lerroaldeen hasieran gero azaltzen den definizio bat baitago, eta beste batzuetan, berriz, kontzeptuak definitzeko hurbilketa batzuk erabiltzen dira, lerroaldeen bukaeran bukatzen direnak.

Ikasleak egitura horretaz eta beste batzuez ohartaraztea haien ulermena garatzeko laguntza ematea da. Azpimarratze eraginkorraren teknikak alderdi hori lantzea du xedetzat. Nolanahi ere, paper eta arkatzarekin irakurriz gero, irakurketa aktiboa izanen da, arreta eta interesa mantentzeko lagungarri izateaz gain, irakurtzea idazmenari eta adierazmenari hertsiki loturiko jarduketa baita.

e) Irakurtzeko dauden modu ugarien artean, hiru hauek dira ikasgeletan erabili ohi direnak: aurretiaz irakurtzea edo lehenbiziko irakurketa, mantso eta xehetasunetan erreparatuz irakurtzea edo bigarren irakurketa, eta sintesia egin eta edukia asimilatzeko irakurtzea edo hirugarren irakurketa. Irakasleek, modalitate bakoitzaren alde onez eta mugez oharturik, egokien iruditzen zaizkien egoeretan erabiliko dute horietako bakoitza.

Irakurtzeko modu horiek edozein agiri idatziri aplikatzen ahal zaio, edozein formatutakoa edo euskarritakoa izanik ere: entziklopedia, albuma, testuliburua, aldizkari zientifikoa, web-gunea, CD-ROM multimedia, legegintzako buletina, turismoko liburuxka, erakusketa-katalogoa, aparatu bat muntatu edo abian jartzeko jarraibideak, kirol joko baten arauak etab.

f) Aurretiazko irakurtzearen helburua modu orokor batez gaira hurbiltzea da. Oro har, lehenbizian ulertzen ez den horri ez zaio kasurik ematen, eta ulertzen den horretan zentratzeko joera dago. Ikasleek ikasgaia aurretik irakurri eta bi zerrenda egitea, bata ulertu dituzten kontzeptuez osatua eta bestea ulertu ez dutenez osatua, oso emaitza onak uzten dituen ohiko jarduketa da irakasleen artean.

Komeni da irakasleak irakurtzeko "gako" batzuk ematea, irakurketa hobea izateko lagungarriak baitira. Hona hemen gako horietako batzuk: gaiaren egitura, gai horrek erantzun nahi dituen galderak, kontzeptuen eta haien testuinguru historiko eta kulturalaren arteko loturak etab.

g) Mantso eta xehetasunetan erreparatuz irakurtzearekin testu edo ikasgaiaren zati guztiak ulertzea lortu nahi da, irakurketa analitikoa egiten baita. Ikasleak ez du ulertu arte aurrera egiten, eta, behar izanez gero, atzera egiten du ideia bat berretsi edo baztertzeko. Irakurtzeko modalitate horretan oso lagungarria izaten da irakaslearen parte-hartzea, kontzeptu berri batzuk ulertzeko zailtasunari horiek azaltzeko hizkuntzaren zailtasuna gaineratu behar zaiolako.

Horregatik, ikasleekin batera irakurri eta testuak aztertzeko laguntza ematea ez da denbora galtzea; horrek, jakina, ez du irakasteko teknika bakarra izan behar, baina komeni da irakaslearen baliabide metodologikoen arteko bat izatea.

h) Sintetizatu eta asimilatzeko irakurketa oso irakurketa pertsonala da eta, aurrekoak bezalaxe, ezinbestekoak ditu kontzentrazioa eta arreta. Irakurtzeko modalitate honen bitartez kontzeptuak eta haien arteko loturak pertsonalki landu eta gogoan gorde nahi dira, modu esanguratsuan.

Ulermenezko irakurketa gure oroimenaren lagun ona da, kontzeptuen esanahia ulertuta errazagoa baita horietaz oroitzea.

i) Ulermenezko irakurketa lehenbiziko urratsa da bestelako arlo batzuekin (ahozko adierazpena, idazmenaren jariotasuna, goraki irakurtzea doinu egokiarekin.) osatu beharreko prozesu batean.

Komeni izaten da irakurtzeari eta idazteari loturiko jarduerak ikasgelatik at proiektatzea (eztabaidak, beste ikasle batzuei hitzaldiak ematea, eskolako egunkarirako artikuluak, eszenifikazioak, irrati-saioak, erakusketak, horma-irudiak.).

j) Irakasleek liburutegiaren erabilpena bultzatuko dute, edozein euskarri erabiltzen duen baliabide-zentro antolatua den aldetik, curriculumeko arlo guztiak modu aktibo batez ikasteko laguntza eman eta, ikasleen maila soziala alde batera utzita, hezkuntzari begira haien berdintasuna bultzatzen duena.

IV.-Arloko hizkuntza berariazkoa eta haren hiztegia.

a) Testuliburuetan eta arlo bakoitzeko liburuan erabiltzen den hizkuntza erdibidean dago zientzietako edo jakintza-arloetako hizkuntza jaso edo zientifikoaren eta eguneroko egoeretan erabiltzen den hizkuntza arruntaren artean. Ikasleek jakin behar dute arian-arian, mailaz igarotzen diren heinean, gero eta hizkuntza zehatzagoa, eskolara eta irakasgaira egokitua, erabili behar dutela.

Ohartu behar dute literaturako hizkuntza ez dela, adibidez, gizarte zientzietakoa, edo zientzia formaletakoa, natur zientzietakoa nahiz arte plastikoetakoa bezalakoa.

b) Aipamen berezia merezi du hiztegi teknikoak, edo, horrelakoa bada, arlo bakoitzeko berariazkoak. Arlo eta maila bakoitzean hitz berariazkoak daude, ikasleei aurkezten zaizkien kontzeptuei dagozkienak. Ikasleen jakinduriari urtero erantsi nahi zaizkion berariazko hitzen zerrenda eginen balitz, haien irakurmenaren eta kontzeptu- ulermenaren bilakaera etapan zehar planifikatu eta ebaluatzeko bidea egonen litzateke.

c) Arloko testuak ulertzeko beharrezkoa da hitz tekniko eta berariazkoak goitik behera ulertzea. Egia bada ere haien esanahia testuingurutik atzematen ahal dela, hobe da prozesuaren bukaeran ikasleak hitzen esanahiaren ideia zehatza izatea, ulertzeko ez ezik, ahoz zein idatziz adierazteko.

d) Hiztegi eta kontsultarako liburuak erabiltzea baliabide ezin hobea da ikasleengan zehaztasunaren aldeko atsegina eta joera sortzeko. Ikasleei kontzeptuen ordenari eta sistematizazioari buruzko hezkuntza emateko, irakasle askok koadernoak edo agiritegiak erabilarazten dizkiete, haietan agertzen diren hitz berriak, beren esanahia edo ikasgaiarekin gehien lotzen zaion adiera ondoan dutela, jartzeko, arloko glosario gisara.

Arreta berezia eman behar da kontzeptuak ulertu eta asimilatu ondoren, ikasleak beren hitzekin eta modu ulergarrian idatziz azaltzeko gauza izan daitezen.

Komenigarria litzateke ikasturte bakoitzean landu beharreko oinarrizko hitzak programazio didaktikoan sartzea, kontuan hartuz arlo bakoitzeko berariazko hitzak ikastea ez dela berez helburu bat, arloa ulertzeko bitarteko bat baizik. Hortaz, haren ebaluazioa egiteko abiapuntua ez da, inola ere, hitz zerrenda bat testuingurutik kanpo buruz esatea, haiek ulertzea baizik, irakasleak programaturiko jardueren bitartez: irakurgai hautatuak, problemen enuntziatuak, testuliburuaren, bideo edo web-gune baten erabilpen ulerkorra etab.

e) Hitzen jatorri etimologikoa eta bilakaera historikoa jakiteak, ikaslearen kultur ikuspegia zabaldu eta arloetako ezagutzen arteko lotura eta integrazioa bultzatzeaz gain, memorizazio esanguratsua sustatzen du. Hori horrela, alderdi horiek lantzeko jarduerak ahalik eta maizena eginen dira ikasgelan, irakasleak edo ikasleek hiztegi etimologikoetan egindako kontsulten bidez.

Iragarkiaren kodea: A0207565