110. ALDIZKARIA - 2002ko irailaren 11

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

A R G U E D A S

Ordenantza behin betikoz onetsirik

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 326. artikuluan xedatuarekin bat, osorik argitaratzen da "Udal kiroldegia arautzen duen ordenantza", Udal honek 2002ko ekainaren 26ko osoko bilkuran behin betikoz onetsia.

Arguedasen, bi mila eta biko uztailaren hiruan. Alkate udalburua, José Antonio Rapún León.

UDAL KIROLDEGIA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

I. KAPITULUA

Arau orokorrak

1. artikulua. Udal kiroldegia guztiendako egonen da irekita eta, horren ondorioz, ikastetxeak, kirol entitate edo taldeak eta norbanakoak izaten ahal dira erabiltzaile, Udalak kasuan-kasuan finkatzen dituen tasak ordaindu eta gero.

2. art. Erabiltzaile guztiek udal kiroldegia erabiltzeko eskubide berak dituzte, Udaleko Kirol Batzordeak zehazten dituen egutegia eta ordutegia kontuan hartuz. Emandako baimenak aldatzen ahal ditu batzorde horrek, salbuespen moduan eta interes publikoari begira.

3. art. Udal kiroldegiaren instalazio guztiak edo zati bat ixten ahal ditu Udalak aldi batez, horretarako arrazoiak daudenean; halakoetan, ahalik eta lasterren emanen du itxieraren berri.

4. art. Udalak ez du erantzunen erabiltzaileei sortutako kalteengatik, zerbitzua aldi baterako ixtea erabakitzen duenean, baldin eta 3. artikuluan xedatua betetzen bada.

5. art. Kiroldegia zer kiroletarako den, hartan kirol horiek egin ahalko dira.

II. KAPITULUA

Lehentasunezko erabilerak

6. art. Kiroldegiko kirol instalazioak lehen- lehenik erabiliko dira eskolako gorputz eta kirol jarduerak egiteko eta, oro har, herritar guztiek josteta nahiz aisialdiko kirolak egiteko; errendimenduko kiroletarako ere baliatzen ahalko dira.

7. art. Eskola orduetan, ikastetxeek izanen dute instalazioetara sartzeko lehentasuna, beren Gorputz eta Kirol Hezkuntzako programak gara ditzaten.

Eskola orduez kanpo, kirolean hasi, aritu eta kirola sustatzeko programak garatzeko erabili ahalko dira kiroldegiko instalazioak, baldin eta programak Udalak antolatuak badira, kirol arloko elkarte, klub eta beste entitate batzuen beharrak eta, oro har, herritarrek duten kirol jolasak egiteko beharra asetzeko.

8. artikulua. Eskola orduak dira goizeko 9etatik arratsaldeko 17etara bitartekoak, astelehenetik ostiralera, biak barne, festa egunak eta opor egunak izan ezik.

9. artikulua. Aipatu lehentasun orokorrak gora- behera, Udalak badu eskubidea erabilera jarraierako ematen diren egutegiak aldatzeko, aurkezten diren eskaeren interesak kontuan hartuz.

III. KAPITULUA

Kiroldegiaren kudeaketa eta kontrola

10. art. Pertsona fisiko edo entitate pribatu batek kudeatuko du kiroldegia, adjudikazioa hartu ondoren.

11. art. Udalbatzak eginen du kudeaketaren kontrola eta begiratuko du kiroldegia behar bezala erabili eta administra dadin, zerbitzu egokia eman eta ordenantza honetan ezarritako baldintzak bete daitezen.

IV. KAPITULUA

Erabiltzaileen betebeharrak

12. art. Udal kiroldegian egiten diren jarduerak dohakoak izanen dira ikusleentzat, Udalak, berariaz, kobratzeko baimena ematen ez duen bitartean.

13. art. Abonodunek eta erabiltzaileek Udalak onetsi tasak ordainduko dituzte urtero, dagokien ordenantza fiskalean agertuko baitira.

14. art. Ezartzen den Barne Araubideko Erregelamendua eta instalazioa erabiltzeko arauak beteko dituzte abonodunek eta erabiltzaileek beti.

V. KAPITULUA

Instalazioen funtzionamendu espezifikoa

15. art. Kapitulu honetan ezarriko dira Udal kiroldegiko instalazioen funtzionamendu arauak.

LEHEN ATALA

Erabiltzailea

16. art. Udal kiroldegiko kirol instalazioen erabiltzailea da instalazioetako zerbitzuak baliatzen dituena eguneko sarrera ordaindu ondoren.

Erabiltzailetzat hartzen da, halaber, udal kiroldegirako erabilera orduak adjudikaturik dituen talde edo entitate antolatuko kidea.

17. art. Sarrera hartu duen erabiltzaileak gorde egin behar du sarrera hori egun horretan, udal kiroldegian dagoen bitartean.

18. art. Bertan gehienez hartzen ahal den jende kopurua badago Udal kiroldegiko instalazioetan, Udalak ez du utziko beste inor sar dadin.

BIGARREN ATALA

Abonoduna

19. art. Prezioen araubide berezi eta hobe bati atxikitako erabiltzailea da abonoduna; abantaila horren truke, kuota bat ordaindu behar du, bai eta Udalak egokitzat jotzen dituen baldintzak bete ere.

20. art. Kiroldegiko abonodun izateko, Udalak luzatutako karneta jaso behar da.

21. art. Abonodun bakoitzak bere karneta du eta ezin dio beste pertsona bati utzi; hortaz, titularra ez beste batek erabiltzen badu karneta eta titularrak ez badu adierazten galdu duela, honek zerbitzuari egindako iruzurrean parte hartu duela kontsideratuko da.

22. art. Identifikazio txartel honek eskubide batzuk ematen dituenez, faltsifikatze delitua eta nortasun suplantazioko delitua da argazkiak, izena eta abar aldatzea, eta legeek ezarritakoaren arabera jokatuko da horren aurka.

23. art. Udalak ahalmena du egun abonodunek dituzten karnet guztiak baliogabetzeko, arrazoizko epe batean zaharren ordez karnet berriak hartzeko agindua emanik.

24. art. Udal zehapenaren bidez, karneta kendu eta baja ematen ahal zaio bati, eta behin betiko egozpena da hori, dirua berreskuratzeko eskubiderik gabekoa.

25. art. Udalak urtero zehaztuko ditu abonodun motak eta hauek ordaindu beharreko kuotak.

26. art. Udal tasaren izaera du abonoaren kuotak, eta prezio bereziko araubide batean zerbitzu bat jasotzeko eskubidea ordaintzeko da, eskubide hori erabili ala ez.

27. art. Abonoen kuotak ordaindu eta gero, Udalak ezarritako tarifen arabera eta Erregelamendu honetan xedatuarekin bat ordaindu ere, ezin da diru hori itzuli.

28. art. Inguruabar bat edo beste dela medio, kiroldegiko erabiltzaile kopurua mugatua denean, abonodunek izanen dute sartzeko lehentasuna, salbu eta kiroldegia erabat beteta badago.

HIRUGARREN ATALA

Erabiltzaileen eta abonodunen eskubideak eta betebeharrak

29. art. Erabiltzaile eta abonodun guztiek eskubide berak dituzte, honakook:

1. Kiroldegiko zerbitzuak erabiltzea, Udalak ezarritako egutegiarekin eta ordutegiarekin bat.

2. Udalari eskatzea azter ditzala aurkezten diren iradokizun edo kexa guztiak.

3. Udalari eskatzea bete dezala Erregelamendu honetan xedatzen den guztia.

4. Hasten diren diziplina espedienteetan deskargua aurkeztea, eta Udalaren erabakien aurkako errekurtsoak aurkeztu, ezarritako denboran eta moduan.

LAUGARREN ATALA

Instalazioak erabiltzeko arauak

30. art. Hauek dira instalazioak erabiltzeko arauak:

1. Gorputz eta kirol jardueretarako guneetan ezinbestekoa da kiroletako arropa eta oinetakoekin ibiltzea (karamelo zola, ez beltza).

Entrenatzaileak, ordezkariak eta abar egonen dira kaleko jantziekin partiduetan, baina zapatilla egokiak jantziko dituzte nahitaez.

2. Nork bere burua garbitzeko lanak (ilea orraztu, azazkalak moztu, burua garbitu...) aldageletako gunean eginen dira.

3. Erabiltzaile, abonodun eta ikusleek ez dituzte jarduera eta jokoak eginen, arriskutsuak badira eta gainerakoei kaltea edo eragozpenak sortzen ahal badizkiete.

4. Adingabeen segurtasuna haiek ekartzen dituzten gurasoen edo pertsona helduen ardura da. Adingabeek arauak betetzen ez badituzte, gurasoak edo helduak izanen dira erantzule.

5. Erabiltzailea, abonoduna edo ikuslea izanen da instalazioetan edo hirugarrenei sortutako kalteen erantzule.

6. Udala ez da izanen Udal kiroldegian pertsonek galtzen dituzten edo hondatzen diren gauzen erantzule.

VI. KAPITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

31. art. Zehapena jasoko duten arau-hausteak izan daitezke arinak, larriak edo oso larriak.

32. art. Arau-hauste arinak:

a) Elkarrekin aritzeko eta elkar errespetatzeko arauak haustea, Udal kiroldegian egonezina sortuz.

b) Udal kiroldegiko instalazioak edo bitartekoak era desegokian erabiltzea.

c) Udal kiroldegiaren kudeaketaz arduratzen diren langileen oharrak kontuan ez izatea.

33. art. Arau-hauste larriak:

a) Bigarren arau-hauste arina egina izanik, halako beste bat egitea.

34. art. Arau-hauste oso larriak:

a) Hirugarren arau-hauste arina egina izanik, halako beste bat egitea.

b) Beste erabiltzaile batzuei, instalazioko langileei edo instalazioarekin harremana duen beste edonori gorputzean jotzea edo tratu txarrak ematea.

c) Abonodunaren nortasun-txartelak era okerrean baliatzea behin baino gehiagotan, eta, edozein zerbitzuz edo jardueraz gozatzean, datuak faltsutu edo ezkutatzea.

d) Denboraldi edo aldi zehatz bati dagokion zenbatekoaren ordainketa atzeratzea, arrazoirik gabe.

e) Udalaren, langileen edo edozein erabiltzaileren ondasun edo objektuak lapurtzea.

35. art. Egindako kalteak konpondu beharra eta izan daitezkeen erantzukizunak deusetan ukatu gabe, aipatutako arau-hausteetatik bat egin duenari zehapen hauetako bat ezartzen ahal zaio:

a) Arau-hauste arinengatik:

Hitzez edo idatziz kargu-hartzea arau-hausleari.

Egun batean, bitan edo hirutan instalazioan sartu ezina.

b) Arau-hauste larriengatik:

Aste batean edo bitan instalazioan sartzea murriztea.

c) Arau-hauste oso larriengatik:

Denboraldi edo aldi batean instalazioan sartu ezina.

Behin eta betiko instalazioan sartu ezina eta, hortaz, abonodunen datu-basean baja ematea.

36. art. Arrazoirik gabe abonoaren ordainketa atzeratzeagatik bada zehazpena, zorra ordaindu beharko da, gainera.

Bestela, behin eta betiko sartu ezina ezarriko da.

37. art. Ezarritako zehapenaren aurka, bidezko diren ekintza zibil edo penalak deusetan ukatu gabe, interesatuek erreklamazioak edo errekurtsoak aurkezten ahal dituzte, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean, administrazio prozedurari eta administrazioarekiko auzien jurisdikzioari buruzko legeetan eta horiek garatzeko arauetan ezarritakoarekin bat.

Arguedasen, bi mila eta biko ekainaren hogeita seian. Sinadura ulertezina.

Iragarkiaren kodea: A0207717