110. ALDIZKARIA - 2002ko irailaren 11

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

188/2002 FORU AGINDUA, abuztuaren 19koa, zerga gaietako dirusarrera bidegabeak nola itzuli eta tributupekoen tributu jardunen gaineko zuzenketa eskaerak, inpugnazioak eta eztabaidak arautzen dituena.

Foru Dekretu honek, funtsean, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorra (hemendik aurrera T.F.L.O.) garatzen du partzialki erregelamendu bidez eta, zehazkiago, 142. artikulua -9.1.b) artikuluarekin bat- zerga gaietako dirusarrera bidegabeen gainean.

T.F.L.O.ko 142. artikuluak erregelamenduaren esku uzten du zenbait gairen araubidea: alde batetik, zer prozedurari jarraitu behar zaion dirua itzultzeko eskubidea onartzeko, zein den bidegabeko dirusarreraren kasua, eta bestetik, nola itzuli behar den, zilegi izanen baita konpentsazioz egitea, T.F.L.O.ko 59. artikuluak agintzen duenaren arabera. Lege agindu horri egiten dio men Foru Dekretu honek eta garatu egiten du, bai eduki aldetik bai prozedura aldetik.

Gogoan hartu behar da, halaber, autolikidazioak, zerga jasanarazpenak eta atxikipenak edo konturako sarrerak inpugnatzeko, araudi berariazko batera jo behar dela, T.F.L.O.ko seigarren xedapen gehigarriak ezarri bezala.

Azken batez, Foru Dekretu honen helburua arautzea da zerga gaietako dirusarrera bidegabeak nola itzuli, autolikidazioak nola zuzendu, eta atxikipen jardunak, konturako sarrerak eta zerga jasanarazpenak nola inpugnatu.

Hona hemen zer arrazoi dauden itxuraz askotarikoak diren gaiak edo eskubide eta betebehar desberdinak ekartzen ahal dituztenak batera arautzeko:

-Bai autolikidazioak zuzentzean, bai atxikipen egintzak edo zerga jasanarazpenak inpugnatzean, gerta daiteke Zerga Administrazioari bidegabeki egindako dirusarrerak itzuli beharra.

-Segurtasun juridikoa hobetuko bada, komeni da araudia ahal den gehiena batzea, herritarrak bere eskubideak aiseago erabil ditzan. Bistan da arauak askotarikoak direnean berme gutxiago dituela tributupekoak legez ezarrita dauden zorrak zehatz ordaintzeko eta, dirusarrera bidegaberik egin badu, itzul dakion eskatzeko edo, besterik gabe, autolikidazio bat zuzentzeko, nola edo hala haren interes bidezkoei kalte egin badie.

-Tributu baten hartzekoduna beti erakunde publiko bat izanik ere, zerga kudeatzeko gaur egungo formulek hainbat betebehar ezartzen dizkiete herritarrei: aitorpenak, likidazioak, jasanarazpenak, atxikipenak, konturako sarrerak egin beharra, batetik, eta bai atxikipen, konturako sarrera eta jasanarazpen horiek onartu beharra ere, bestetik. Horiek denak, gaur den egunean, garrantzi handia hartu dute eta, beraz, komeni da obligazio horiek argiak izatea, arauak bateginik egotea eta, azken batez, erreklamazio bidea erraza izatea tributupekoak juzgatzen badu lege antolamendua urratu dela edo, nola edo hala, hark kalte egin diola.

Dirusarrera bidegabeak itzultzea legezko eginbeharra da, hau da, Administrazioari T.F.L.O.ko 9.1.b) eta 142. artikuluek ezartzen dioten eginbeharra. Arau horretan aipatzen diren kasuak gertatzen direnean, hau da, zerga zorrak ordaintzean dirusarrera bidegabeak egin direnean, sarrera horiek itzuli egin behar dira, dagokien berandutze interesa gehituta.

T.F.L.O.ko 9.1.b) artikuluak, tributupekoen eskubide orokorren artean, dirusarrera bidegabeak atzera eskuratzeko eskubidea aipatzen du, 50.2.c) artikuluan aurreikusten den berandutze interesa gehituta, hartarako errekerimendurik egin beharrik izan gabe.

Artikulu horretan argi bereizten da zer den dirusarrera bidegabeak itzultzea eta zer diren ofiziozko diru-itzultzeak, zerga bakoitzaren kudeaketatik heldu direnak. Bereizkuntza horrek ez du galarazten bi kasuek bat egitea itzultze guztietan berandutze interesa aplikatu beharrari dagokionez, hartarako errekerimendurik egin beharrik gabe. 9.1.b) artikuluko bereizkuntza horren ondorioz, erregulazio bana ematen zaie T.F.L.O.ko 88. eta 142. artikuluetan, hurrenez hurren.

Dirusarrera bidegabeak itzuli beharrari "ex lege"ko obligazioaren maila eman zaiolarik, kasu hau beste hauetatik bereizten da:

-Zerga zorren ordainaraztea eteteko eman diren bermeen kostua berreskuratzeko eskubidea, T.F.L.O.ko 9.1.a) eta 149. artikuluetan arautua.

-Ofiziozko itzultzea, T.F.L.O.ko 88. artikuluan aipatua.

-Administrazio Publikoaren ondarearen gaineko erantzunbeharra, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko X. tituluan arautua.

Arau bidez, beraz, dirusarrera bidegabeak berreskuratzea tributupekoen eskubide bihurtu da, eta beraz, "sensu contrario", Administrazioaren betebehar.

Foru Dekretu hau hiru Titulutan egituratu da: dirusarrera bidegabeak itzultzeari buruzkoa, aitorpen-likidazioak edo autolikidazioak zuzentzeari buruzkoa eta atxikipenak edo konturako sarrerak eta zerga jasanarazpenak inpugnatzeari buruzkoa.

I. Titulua bera ere hiru Kapitulutan zatiturik dago, arau orokorrak, dirua itzultzeko eskubidea onartzeko prozedura eta itzultzea bera gauzatzekoa garatzen dituztenak.

Hiru xedapen gehigarri ere sartu dira, xedapen iragankor bat, bi indargabetzaile eta azken xedapen bi.

Foru Dekretu honen edukia Nafarroako Kontseilura igorri zen, Nafarroako Gobernuak 2002ko apirilaren 29an Erabakia hartuta, hark nahitaezko irizpena eman zezan.

2002ko ekainaren 10ean eman du irizpen hori, eta arauaren edukia Antolamendu Juridikoari guztiz lotzen zaiola uste du.

Hori horrela, Ekonomi eta Ogasun kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta biko abuztuaren hemeretzian egin bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

I. TITULUA

Dirusarrera bidegabeak itzuli beharra

I. KAPITULUA

Arau orokorrak

1. artikulua. Dirua itzultzeko eskubidea nork duen.

1. Tributupekoek badute eskubidea Foru Komunitateko Diruzaintzan bidegabeki egindako dirusarrerak, zerga zorrak ordaintzekoak, itzul dakizkien.

2. Dirusarrera bidegabeak itzultzeko eskubidea hasierako titularraren oinordekoei edo kausahabenteei pasatuko zaie.

Enpresa bategitea gertatzen bada, eta bategite hori batak bestea irentsiz edo sozietate berria sortuz egiten bada, desagertutako entitateak itzultzeko eskubideren bat bazuen, entitate berria edo entitate irenslea izanen da eskubidearen jabe.

Partezko nahiz osotarako erdibitzea gertatzen bada, zilegi izanen da eskubide hori sortutako entitateei nahiz erdibitzearen onura hartzen duten entitateei eskualdatzea, merkataritzari buruzko legeek agintzen duenaren arabera.

Sozietate edo entitateen desegitea eta likidazioa tartean direnean, haien bazkide edo partaideek bereganatuko dute eskubidea.

2. artikulua. Dirua itzultzeko kasu orokorrak.

1. Foru Komunitateko Diruzaintzan bidegabeki egindako dirusarrera bat itzultzeko eskubidea onartzeko, eta itzultzea nola egin erabakitzeko, Titulu honetako II. eta III. Kapituluetan agintzen dena hartuko da aintzat.

2. Bereziki, kasu hauek dira dirusarrera bidegabeak:

a) Ez zegoen zorra ordaindu denean.

b) Ordaintzera behartzen duen egintzak preskribitu ondoren, Administrazioak likidatutako zerga zorra edo tributupekoak berak autolikidatua ordaindu denean. Orobat, likidazioa egiteko Administrazioaren eskubidea preskribituta dela, likidazioa edo autolikidazioa egin eta ordaindu denean.

c) Iraungitako zor bat ordaindu denean, aldez aurretik ordaindua edo konpentsatua nahiz barkatua edo legez iraungitzeko aurreikusita dagoen beste edozein arrazoi izanik.

d) Ordaindu den dirua Administrazioak likidatu edo tributupekoak autolikidatu duen zor edo obligazioaren zenbatekoa baino gehiagokoa denean.

e) Administrazioak, ofizioz edo interesatuak hala eskatuta, edozein akats egitezko, material nahiz aritmetiko, likidazio batean edo zerga kudeaketako beste egintza batean zuzendu eta egintza zuzendu horrek dirusarrera bidegabea sortu bazuen.

3. Subjektu arau-hauslearen oinordekoek nahiz kausahabenteek eskubidea izanen dute zehapenetan behin-behinekoz ordaindutako kopurua itzul dakien, zehapenak ezartzeko egintza irmo bihurtu baino lehen subjektu arau-hauslea hil bada.

Eta, aurreko 2. atalean xedatutakoarekin bat, zehapenak irmo bihurtu, subjektu arau-hausleak ordaindu ez eta, hura hil eta gero, oinordekoek edo kausahabenteek ordainduz gero, hauek ere haiek berreskuratzeko eskubidea izanen dute.

Subjektu arau-hauslea hiltzearen ondorioz erantzunbeharra iraungi dela erabakitzen duen ebazpena nahikoa da ordaindutakoa berreskuratzeko.

4. Ondorengo artikuluak agintzen duena ezertan galarazi gabe, ez da dirusarrerarik itzuliko irmo bihurtutako egintza administratiboen indarrez ordaindu bada.

3. artikulua. Berrikuste prozedurak.

Aurreko artikuluko 3. atalean xedatzen denagatik ere, tributupekoek zilegi izanen dute Foru Komunitateko Diruzaintzan egindako dirusarreren itzultzea eskatzeko, eta zergaren kudeaketan agindutako egintzak berrikusteko eskatuko dute, baldin egintza horiek zuzenbidez erabat baliogabeak badira, legea nabarmenki urratu bada edo antzeko beste kasuren bat gertatu; hots, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 140., 141. eta 159. artikuluetan jasotakoren bat.

4. artikulua. Ofiziozko itzultzeak.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren, Sozietateen gaineko Zergaren eta Balio Erantsiaren gaineko Zergaren berariazko araudiek agintzen dutenaren arabera tokatzen diren dirutzak ofizioz itzultzean, Tributuei Buruzko Foru Lege Orokorreko 88. artikuluak aipatzen duen bezala, bakoitzaren xedapenetan agintzen dena aplikatuko da. Foru Dekretu honetan agintzen dena ere aplikatuko zaie berariazko araudietan agintzen denari kontra egiten ez dion guztian.

5. artikulua. Itzultzeko eskubidearen edukia.

1. Bidegabe egindako dirusarrera, tributupekoarena dela onartua, izanen da dirusarrera bidegabearen ondorioz itzuliko den zenbatekoa.

2. Gainera, itzuli beharrekoan sartuko dira prozeduran ordaindutako errekargua, kostuak eta interesak, dirusarrera bidegabea premiamenduz egin denean.

3. Tributupekoak, bestalde, badu eskubidea Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 50.2.c) artikuluan araututako berandutze interesa, dirusarrera bidegabeei aplikatua, kobratzeko Foru Komunitateko diruzaintzan sartu zenetik pagamendua agintzen den egunera artekoa, hala agintzen baita Foru Dekretu honetako 11. artikuluko aipamenean, non ez den diru hori beste tributu zor batzuekin konpentsatzen; horretara, konpentsazioa erabakitzen den egunera bitarteko berandutze interesak ordainduko dira.

6. artikulua. Preskripzioa.

1. Lau urteren buruan preskribituko du dirusarrera bidegabeak itzultzeko eskubideak.

2. Dirusarrera bidegabea egin zen egunetik hasiko da kontatzen preskripzio epea, eta eten eginen da tributupekoak, edo bere oinordekoek edo kausahabenteek, dirusarrera bidegabea itzularazteko, edozein egintza fede-emaile egiten dutenean, eta bai Administrazioak, edozein egintzatan, dirusarrera bidegabe hori izan dela aitortzen duenean.

3. 2. artikuluko 3. ataleko lehen lerroaldean aipatzen den itzultze eskubideak lau urteren buruan preskribituko du subjektu arau-hauslea hiltzen den egunetik hasita.

Lau urteko epean ere preskribituko du 2.3 artikuluko bigarren lerroaldean aipatu eskubideak, dirua berreskuratzekoak, ordainketa egin zen egunetik hasita.

Epe horiek artikulu honetako 2. atalean aurreikusi bezala etengo dira.

4. Itzultzeko eskubidea onartu ondoren ere, haren ordainketa eskatzeko eskubideak ere lau urteren buruan preskribituko du, hartzekodun legitimoek erreklamatzen ez badute. Obligazio hori onartzen duen jakinarazpen egunetik aitzina hasiko da aipatu epea.

II. KAPITULUA

Dirua itzultzeko eskubidea aitortzeko edo itzultzea gauzatzeko prozedura

7. artikulua. Hasiera.

1. Ofizioz edo pertsona interesatuak eskatuta hasiko da itzultzeko eskubidea onartu eta dirusarrera bidegabea atzera eskuratzeko prozedura edo soilik dirua itzultzekoa, zein den kasua.

2. Honakoetan hasi beharko da ofizioz:

a) Errekurtso edo erreklamazio administratibo baten ebazpena, epai edo ebazpen judiziala edo edozein erabaki edo ebazpen bete beharrak sortzen duenean dirua itzultzeko eskubidea, haietan legez dagokiona baino tributu zerga handiagoa ordaintzera behartu zuten egintza administratiboak berrikusi edo deuseztatu ondoren.

b) Itzultze eskubidea zerga likidazio baten ondoriozkoa denean.

c) Administrazioak, likidazio edo kudeaketa batean argi jakiten badu dirusarrera bidegabea egin dela, zorra bi aldiz pagatu edo gehiegizko kopurua ordaindu delako, ordaindutako zorra preskribituta zegoelako edo egitezko hutsegite bat egin zelako, materiala edo aritmetikoa, betiere itzultze eskubidea preskribituta ez badago.

3. Aldiz, interesatu batek eskatuta abiatzen denean prozedura, espedientea tramitatzeko eskudun diren Foru Ogasuneko organoei helaraziko zaizkie dirua itzultzeko eskabideak; hots, Foru Dekretu honetako ondoko artikuluan aipatutakoei.

4. Eskabidean honako datuak agertuko dira:

a) Interesatuaren izen-deiturak edo sozietate izena, pertsona juridikoa bada, identifikazio fiskaleko zenbakia eta helbidea eta haren ordezkariarena, halakorik bada.

b) Eskaera zehazki zer gertaera eta arrazoiren gainean egiten den.

c) Dirusarrera bidegabearen frogabidea.

d) Dirua itzultzeko zer bide hautatu den adierazten duen deklarazioa:

aï) Banku bidezko transferentzia, kontuaren zenbakia eta bankua zein den antz emateko datuak adierazita.

bï) Konpentsazioa, Foru Dekretu honetako 12. artikuluak agintzen duenaren araberakoa.

e) Tokia, eguna eta interesatuaren edo haren ordezkariaren sinadura.

f) Interesatuak jakinarazpenetarako adierazten dituen bidea eta helbidea.

g) Zer organo, organismo, departamentu edo enteri egiten zaion eskaera.

Prozedura abiarazteko eskaeran datu horiek ez badaude, hamar eguneko epea emanen zaio interesatuari datuok osatzeko.

8. artikulua. Instrukzioa.

1. Honakoei dagokie espedientea instruitzea:

a) Dirubilketa Zerbitzuan dagokion atalari, dirusarrera bidegabearen pagua bi aldiz edo gehiegizko kopuruan egiteak edo zor preskribituak pagatzeak sortu badu, edo dirubilketaren kudeaketan egitez nahiz zuzenbidez egindako hutsegiteak, baldin ez badiote eragiten dirusarrera egiteko obligazioa sortu zuen Administrazio egintzari.

b) Zerga bakoitzaren kudeaketa egiten duen atalari, aitorpen-likidazio edo autolikidazio batek edo interesatua zorraren dirusarrera egin beharrean jarri zuen likidazio edo egintza administratiboak sortua bada dirusarrera bidegabea.

c) Tributu Ikuskapeneko Zerbitzuari, dirusarrera bidegabea Zerbitzu horrek agindutako likidazioen edo egintzen ondoriozkoa denean.

d) Dirusarrera bidegabea Nafarroako Gobernuaren beste Departamentu batean egina bada edo Ekonomi eta Ogasun Departamentuko osakide ez den beste erakunde batean, delako Departamentuan edo erakundean eginen da. instrukzioa.

9. artikulua. Ebazpena.

1. Espedientea hasi eta, luzeenez, sei hilabeteko epean, ebazpen bat emanen du organo eskudunak, dirua itzultzeko eskubidea baden ala ez den erabakiko duena, eta hala jakinaraziko dio interesatuari.

Epe hori bete beharretik salbu daude ohiz kanpoko arrazoi ongi frogatuek hala egitea eragozten dutenean. Arrazoi horiek espedientean jaso beharko dira.

2. Ebazpenak interesatuari osorik nahiz partez onartzen badio dirua itzultzeko eskubidea, bertan finkatuko ditu haren zenbatekoa eta eskubidearen titularra; hau da, bidegabetzat deklaratu den dirusarrera egin zuen pertsona edo, arauei jarraituz, eskubide horren onuradun dena.

3. Honakoek dute eskumena ebazpenak emateko:

a) Dirubilketa Zerbitzuko zuzendariak.

b) Zuzeneko Tributuen eta Enpresa Handien Zerbitzuko zuzendariak eta Zeharkako Tributuen Zerbitzuko zuzendariak, zein bere eskumenen barrenean.

c) Tributu Ikuskapenerako Zerbitzuko zuzendariak.

d) Ekonomi eta Ogasun Departamentuko kide ez den erakunde edo departamentuko titularrak.

4. Ebazpenaren kontra zilegi da bide ekonomiko administratiboan erreklamatzea, aurretik berraztertzeko errekurtsoa jarrita, interesatuak jartzea erabakitzen badu.

5. Eskaera egin ondoren sei hilabete iragan eta ebazpena jakinarazi ez bada, interesatuak zilegi izanen du bere eskaeraren ebazpen espresua egin arte itxarotea edo, berandutzea salatu beharrean gertatu gabe, eskaera ukatutzat hartu eta ustezko uko horren kontra tokatzen den errekurtso edo erreklamazioa egitea.

6. Foru Dekretu honen 7. artikuluko 2. ataleko a) eta b) letretan aurreikusi kasuetan, onartutzat emanen da dirua itzultzeko eskubidea, hala ateratzen denean organo eskudunak egindako behin-behineko edo behin betiko likidazioan.

Behin-behineko edo behin betiko likidazio horrek artikulu honen 1. atalean aurreikusi kontsiderazioa izanen du.

10. artikulua. Egindako dirusarrerak tinbre gaien bidez itzultzea.

Esku ematen zaio Ekonomi eta Ogasun kontseilariari ezartzeko zein prozedura eta berezitasun izanen diren Foru Komunitateko Diruzaintzan egindako dirusarrera bidegabeak tinbre gaien bidez itzultzeko.

III. KAPITULUA

Itzultzea nola gauzatu

11. artikulua. Gauzatzea.

1. Dirusarrera bidegabe bat itzultzeko eskubidea onartzen duen ebazpena eman delarik, interesatuari jakinaraziko zaio eta pertsona edo entitate hartzekodunaren aldeko ordainketa agindua eginen da, ebazpena irmo bihurtu arte itxaron beharrik gabe.

2. Foru Komunitateko Diruzaintzan egindako dirusarrera bidegabe bat berehala itzuli beharko da Foru Dekretu honetako 7. artikuluko 2. atalaren a) eta b) letretan aipatzen diren kasuetan.

3. Aurreko lerroaldean aipatzen diren kasuetan, administrazio edo epaitegi ebazpenak berek ezartzen duten bezala betearaziko edo gauzatuko dira, eta aski izanen da epai edo ebazpen judiziala nahiz erabaki edo ebazpen administratiboa edo haren kopia ziurtatua Administrazioko organo eskudunek segidan egin dezaten diru itzultzea, erabaki edo ebazpena irmoa dela egaiztatuta, edo, irmoa ez bada ere, berehala eta behar bezala bete beharrekoa, ez baitago lehenagotik itzulita edo itzultzeko eskubidea preskribituta, non eta ez diren inguruabar horiek frogatuta agertzen diru itzultzea sortzen duen erabaki edo ebazpenean bertan.

Bereziki, ez da beharrezko izanen egintza edo ebazpena irmo bihurtu arte itxarotea Administrazioaren beraren zerga likidazioa edo erabaki edo ebazpena denean kasua, zeinen kontra hartzekodunak berak baizik ez baitu zilegi errekurtsoa jartzea.

4. Hurrengo 12. artikuluan ezartzen dena ezertan galarazi gabe, itzuli beharreko dirutza pagatzeko, banku transferentzia eginen da interesatuak edo ordezkari baimendunak kreditu entitate batean duen kontura.

Dirua itzultzeko eskubidea onartzeko prozedura interesatuak eskaturik abiatu denean, interesatuak berak eskaera idazkian egin duen deklarazioa hartuko da aintzat.

12. artikulua. Konpentsazioa.

Zilegi da dirua konpentsazio bidez itzultzea interesatuak hala eskatzen badu, edo organo eskudunek ofizioz itzultzea, Nafarroako Foru Komunitateko Dirubilketaren Erregelamenduan ezarritako prozeduraren arabera.

13. artikulua. Taldekako espedienteak.

Ekonomi eta Ogasun kontseilariak zilegi du espediente kolektiboek bete beharreko baldintza eta betekizun formalak ezartzea, zerga gaietako diru itzultzeak egiteko.

II. TITULUA

Aitorpen-likidazioak eta autolikidazioak nola zuzendu

14. artikulua. Aitorpen-likidazioak eta autolikidazioak nola zuzendu.

1. Tributupeko batek uste badu akatsen bat egin duela bere aitorpen-likidazio edo autolikidazio batean, dela egitez dela zuzenbidez, zilegi izanen du Zerga Administrazioari eskatzea hura zuzentzeko eta, hala bide denean, Foru Komunitateko Diruzaintzan egindako dirusarrera bidegabeak itzultzeko.

2. Zilegi da zuzentzeko eskaera egitea baldin aitorpen-likidazioa edo autolikidazioa egoera hauetako batean ez bada:

a) Administrazioak behin betiko likidazioa egina izatea edo epai edo ebazpen judiziala emana egotea.

b) Administrazioak zerga zorra likidazio bidez zehazteko eskumenaren indarraldiak edo interesatuak dirusarrera bidegabeen itzulera eskatzeko duenak preskribitu badute.

c) Administrazioak behin-behineko likidazioa egin badu, non ez duen aitorpen-likidazioa edo autolikidazioa zuzendu tributupekoa eskaera egitera eraman duten ez bezalako puntuetan edo harenak ez bezalako arrazoiengatik.

3. Prozedura instruitu eta ebazteko, Foru Dekretu honetako I. Tituluan ezarri diren arauak begiratuko dira eta, bereziki, 9. artikuluko 1. eta 5. ataletan araututakoa.

Zuzeneko Tributuen eta Enpresa Handien Zerbitzuko zuzendariak eta Zeharkako Tributuen Zerbitzuko zuzendariak badute eskumena ebazpenak emateko, zein bere eginkizunen barrenean.

Zilegi da ebazpen espresuaren edo ustezkoaren kontra erreklamazioa egitea bide ekonomiko administratiboan, aurretik berraztertzeko errekurtsoa aurkezturik, interesatuak hala egitea erabakitzen badu.

4. Aitorpen-likidazioa edo autolikidazioa aurkeztu eta onartutzat emanen da dirusarrera itzultzeko eskubidea, organo eskudunaren behin-behineko edo behin betiko likidazioan hala ateratzen denean.

III. TITULUA

Atxikipenak edo konturako sarrerak eta zerga jasanarazpenak nola inpugnatu

15. artikulua. Atxikipenak, konturako sarrera egiteko obligazioak eta jasanarazpenak.

1. Atxikitzaileak eta konturako sarrera egiteko obligaziodunek zilegi dute bidegabeki atxikitako eta Foru Komunitateko Diruzaintzan sartutako zenbatekoak itzultzeko eskatzea. Eskaera hori Foru Dekretu honetako aurreko artikuluak agintzen duenaren arabera egiten ahal da, betiere konturako sarrera edo atxikipena jasan zuen zergadunari eskubiderik kendu gabe zerga atxikipenaren edo konturako sarreraren egintza inpugnatzeko, Foru Dekretu honetako 16. artikuluak agintzen duenaren arabera.

Atxikipena edo konturako sarrera baliogabetzen badira edo gehiegizkotzat deklaratzen, hura jasan zuen pertsonari itzuliko zaio dirua, non ez duen haren zenbatekoa ondorengo autolikidazio batean kendu, zeren, horretara, ez baita inolako itzultzerik eginen.

Konturako sarrera egiteko obligaziodunak atxikitzaileekin parekatuko dira dirusarrera bidegabeak itzultzeari dagokionez.

2. Dirusarrera bidegabeak itzultzeko eskaera nahitaez jasanarazi beharreko tributu kuoten gainekoa denean, haiek jasanarazi dituen subjektu pasiboak egin ahalko du, Foru Dekretu honetako aurreko artikuluak agintzen duenaren arabera, Foru Dekretu honetako 17. artikuluak agintzen duena ezertan galarazi gabe.

Jasanarazitako eta diruzaintzan sartutako kuotak baliogabetzen badira edo gehiegizkotzat deklaratzen, Foru Komunitateko Diruzaintzan sartu zituen subjektu pasiboari itzuliko zaizkio, jasanarazpena hartu zutenak konpentsatzeko egin behar dituenak ezertan galarazi gabe.

Hala ere, Balio Erantsiaren gaineko Zergan, jasanarazitako kuotak jasanarazpena hartu zuen pertsona edo entitateari itzuliko zaizkio jasanarazpena faktura baten edo balio bereko beste dokumentu baten bidez egin eta pertsona edo entitate horiek kuoten zenbatekoa ondorengo aitorpen-likidazio batetik kendu ez badute, ezta berreskuratu ere. Ez da inoiz zilegi izanen Zerga Administrazioak lehendik subjektu pasiboari itzuli edo errenbolsatu dizkion kuota jasanaraziak itzultzea haien jasanarazpena hartu zuenari edo hirugarren bati.

3. Artikulu honek aurreikusi ez duen hartan Foru Dekretu honetan ezarritako prozedura arauak aplikatuko dira.

16. artikulua. Tributu atxikipenen edo konturako sarreren gaineko inpugnazioak.

1. Tributu atxikipenen edo konturako sarreren kontrako inpugnazioak artikulu honetako arauen arabera gauzatuko dira eta, aski ez badira, hurrengo artikulukoen arabera.

2. Jasanarazpena edo konturako sarrera sufritu duten pertsonek dute zilegi inpugnazio horiek egitea.

3. Zilegi da erreklamazio hori zerga kudeatzen duen atalean hilabeteko epean jartzea, erreklamazio egileari atxikipena edo konturako sarrera modu sinesgarrian jakinarazi zaionetik kontatuta, edo bestela, erreklamazio egileak atxikipenaren edo konturako sarreraren berri izan duela jakiten denetik.

4. Ebazpenak berretsi, baliogabetu edo aldaraziko du erreklamaziopeko atxikipena edo konturako sarrera.

5. Atxikipena edo konturako sarrera baliogabetzen badira edo gehiegizkotzat deklaratzen, eta atxikitzaileak edo konturako sarrera egiteko obligaziodunak haien dirusarrera Foru Ogasunean egina badu, eta hori hala dela frogatu denean, ofizioz itzuliko zaizkio zergadunari tokatzen diren dirukopuruak, non ez duen zenbateko hori ondorengo autolikidazio batetik kendu. Dirusarrera oraindik egin ez bada, atxikitzaileari dagokio bidegabeki atxikitako dirua itzultzea.

Atxikipena edo konturako sarrera gutxiegikotzat deklaratzen badira, atxikitzaileari edo konturako sarrera egitera behartuari aginduko zaio Foru Ogasunean zuzenean sar dezala behar den kopurua, hilabeteko epean.

6. Ebazpen espresua dagoenean, parte guztiei jakinarazi eta hilabeteko epean, edo erreklamazioa Administrazioaren isiltasunaz ezetsitzat jotzen denetik, zilegi izanen da parte horietako edozeinek errekurtsoa edo erreklamazioa jartzea.

Artikulu honetan arautzen ez den hartan, Foru Dekretu honetako prozedura arauak aplikatu beharko dira.

17. artikulua. Zerga jasanarazpeneko egintzak nola inpugnatu.

1. Artikulu honek agintzen duenaren arabera gobernatuko dira nahitaezko tributu jasanarazpenak bideratzeko inpugnazioak edo haien aurkakoak, baita kontua zergadunaren ordezkoren batek ordaindutako tributuak eskuratu beharra denean ere.

2. Kontra egin nahi duenak hilabeteko epea izanen du kasuko zerga kudeatzen duen atalean, jasanarazpena edo errenboltsatzeko asmoa erreklamazio egileari modu sinesgarrian jakinarazten zaionetik, edo erreklamazio egileak jasanarazpenaren edo errenboltsatzeko asmoaren berri izan duela jakiten denetik.

Erreklamazio egilea jasanarazpena egin nahi izan zuena bada, edo zergadunaren ordezkoa, hilabeteko epe hori kontatzeko, jasanarazpena sufritu edo errenboltsoa egin behar zuenak uko egin zuela jakiten denetik kontatuko da epea.

Idazkia jaso delarik, aditzera emanen zaio erreklamazioa jarritako subjektuari, eta 15 eguneko epea izanen du alegazioak egiteko. Epe hori iraganik, behar den egintza administratiboa burutuko da, eta erreklamazioa ukatutzat joko, hasierako idazkia jaso eta sei hilabeteko epean espreski ebazten ez bada.

Ebazpenak jasanarazpena edo errenboltsatzea egin behar diren ala ez deklaratuko du, baita haien zenbatekoa ere, egin behar badira.

Ebazpena parte bakoitzari jakinarazten zaionetik edo isiltasun administratiboaren bidez erreklamazioa ezetsi dela jakiten denetik, parte horiek errekurtsoa edo erreklamazioa aurkezten ahalko dute.

Artikulu honetan aurreikusten ez den hartan, Foru Dekretu honetako prozedura arauak aplikatuko dira.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenbizikoa.-Foru Dekretu honetako xedapenak ordezko gisa aplikatuko dira tributuez besteko dirusarrera zuzenbide publikokoak diren zenbatekoak itzultzeko.

Bigarrena.-1. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeak arautzen dituen tributuei dagozkien dirusarrera bidegabeak itzultzeko, Foru Dekretu honetan agintzen dena hartuko da aintzat berariazko araudiak aldatzen ez duen guztian.

2. Nafarroako toki entitateetako organo eskudunen ardura da dirua itzultzea.

Hirugarrena.-Fakturak edo haien ordezko edo balio bereko zenbait dokumentu egin, entregatu, edo zuzentzean eztabaidarik sortzen bada, eta bai Tributuei buruzko Foru Lege Orokorreko 29. artikuluko 7. atalean aipatzen den bihurtze egintzaren inguruan ere, eztabaida horiek bideratzeko, Foru Dekretu honetako 17. artikuluak agintzen duena hartuko da aintzat.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Tributu gaietako dirusarrerak itzultzeko espedienteak Foru Dekretu honek indarra hartu baino lehen hasiak bazeuden, orain arte indarra zuten xedapenen arabera tramitatu eta ebatziko dira.

XEDAPEN INDARGABETZAILEAK

Lehenbizikoa.-Foru Dekretu honek indarra hartzen duenetik indargabetuko dira hark agintzen duenari kontra egiten dioten maila bereko nahiz apalagoko xedapen guztiak.

Bigarrena.-Bereziki hauek indargabetu dira:

a) Urriaren 6ko 39/1983 Foru Dekretuaren 2. eta 3. artikuluak. Dekretu horrek autolikidazioak, zerga atxikipenak eta zerga jasanarazpenak inpugnatzeko prozedurak aldatzen ditu.

b) Uztailaren 4ko 237/1991 Foru Dekretua, aitorpen-likidazioak eta autolikidazioak zuzentzeko prozedura arautzen duena.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Bigarrena.-Baimena eman zaio Ekonomi eta Ogasun kontseilariari Foru Dekretu hau garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Iruñean, bi mila eta biko abuztuaren hemeretzian.-Nafarroako Gobernuaren lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, Francisco Iribarren Fentanes.

Iragarkiaren kodea: A0209358