110. ALDIZKARIA - 2002ko irailaren 11

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

1636/2002 EBAZPENA, uztailaren 5ekoa, Ingurumen zuzendari nagusiak emana, Artaxoako (Nafarroa) "Sansoain" alderdian esnetarako behi-azienda ustiatzeko proiektu teknikoari buruz Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egiten duena. Olagorria NA 660 S.A.T. da sustatzailea.

Lurzati batean (345.600 m&2) eraikin batzuk egitea proiektatu da, esnetarako behi-azienda ustiatzeko. Instalazioak honela osatuko dira: aziendarendako 5 nabe (azalera bateratua 1.150 m&2), zerbitzuen eraikin bat (azalera 575 m&2), hamar simaurtegi (195 m3 bakoitzak), ur zikinak biltzeko ontzi bat (1.000 m&3) eta ur biltegi bat. Aziendaren erroldan sartzen dira 360 behi, 160 bigantxa eta 160 txekor urrixa.

Elektrizitatez hornitzeko aireko linea baten proiektua erantsi da: 13,2 Kv, eta kanpoko transformazio zentroa (125 Kv), instalazio elektrikoek hegaztiak babesteko bete behar dituzten arau teknikoak ezartzen dituen 129/1991 Foru Dekretuari jarraikiz.

Proiektu teknikoarekin batera Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlana aurkeztu da. Lan horretan egoki deskribatu dira proiektua eta ukitzen diren ingurumen balioak, eta proiektuak ingurumenean sortzen duen eraginaren gaineko balorazio zuzena egin da.

Abeltzaintzako Hondakinak Kudeatzeko Plan bat du proiektuak, eta proposaturiko finken gaineko ekarpen ahalmena baino txikiagoa den minda kopurua sortuko da.

Proiektuak ez du zuzenean ukitzen inolako habitatik edo Batasunaren intereseko lekurik; neurri zuzentzaileak aplika daitezke aurreikusi diren eragin guztietan.

Esnetarako behi-aziendaren plaza kopurua 300etik gorakoa denez, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko maiatzaren 8ko 6/2001 Legearen I. eranskineko 1. taldeko e) atalean sartuta dago jarduera.

Ingurumen zuzendari nagusiak apirilaren 10ean emandako 0915/2002 Ebazpenaren bidez proiektua jendaurrean jarri zen, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioaren prozedurari hasiera emateko. Tramite horretan ez da alegaziorik jaso.

Horrenbestez, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioko eginkizunak esleitzeari buruzko abenduaren 4ko 580/1995 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Artaxoako (Nafarroa) "Sansoain" alderdian esnetarako behi-azienda ustiatzeko proiektu teknikoari buruz Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egitea. Olagorria NA 660 S.A.T. da sustatzailea. Proposaturiko konponbidea bideragarria da ingurumenaren aldetik, eta baldintza hauek bete behar ditu:

-Keak, gasak, lurrunak eta hautsak: Atmosfera Babesteari buruzko Legean, urtarrilaren 14ko 6/2002 Foru Dekretuan eta horrekin bat datorren araudian ezarritakoari jarraituko zaio.

-Isurketak eta hondakin solidoak: udal ordenantzetan eta indarra duen araudian ezarritakoari jarraituko zaio; nekazaritza ingeniariaren proiektuan (2001-10-26an ikus-onetsia, 2649 zk.) eta haren eranskinetan (2002-2-4an eta 2002-3-25ean ikus-onetsiak, 229 eta 716 zk.ak) proposaturiko baldintzak bete beharko dira.

-Hildako animaliak -arriskuko gaiak- enpresa baimendu batek bilduko ditu eta gero errauskailu edo industria eraldatzaile baimendu batera eramanen, entzefalopatia espongiforme kutsagarrien inguruan arriskua duten gaiak suntsitzeari buruzko azaroaren 24ko 1911/2000 Errege Dekretuak ezartzen dituen arauei jarraikiz. Erregistro bat izanen da edo dokumentazioa gordeko, datu hauek bilduta: arriskuko gaien kopurua, irteera data, igorritako gaien mota eta kopurua eta kargaren norakoa.

-Horrek ez du galarazten baimenduta dauden saien bazkatokiak erabili ahal izatea.

-Nekazaritzako Ureztaketa Planaren erregistro eta kontroleko liburu bat izanen da eta etengabe eguneratuko; instalazioetan edukiko da, jardueraren egiaztatze eta ikuskatze lanak egiten dituzten langileen eskura.

-Hotsak eta dardarak: ekainaren 8ko 135/1989 Foru Dekretuko 15., 16. eta 18. artikuluek ezartzen dituzten funtzionamendu baldintzak eta hots eta dardaren baldintzak bete beharko dira beti.

-Suteen kontrako babesa: nekazaritzako ingeniariaren proiektuko baldintzak (2001-10-26an ikus-onetsia, 2649 zk.).

-Ahalik eta gehien errespetatu beharko da lurzatiaren gainaldean berez sortutako sastrakadia.

-Erabileraren aldaketa izanen duten oihan lurren azalera konpentsatu egin beharko da, Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko 13/1990 Foru Legearen arabera. Ereite lanak eta landaketak egin behar direnean eta landare hesia osatu behar denean hangoak berekoak diren espezieak erabiliko dira.

Errespetatu egin beharko dira inguru hartan dagoen harrizko etxola baten hondakinak, Vianako Printzea Erakundearen txosten teknikoan ageri baita balio etnografikoa duela.

2. Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua betetzeko Erregelamenduaren 22. artikuluari jarraikiz.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Artaxoako Udalari eta sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta biko uztailaren bostean.-Ingurumen zuzendari nagusia, José Ignacio Elorrieta Pérez de Diego.

Iragarkiaren kodea: a0207874