110. ALDIZKARIA - 2002ko irailaren 11

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

187/2002 FORU DEKRETUA, abuztuaren 19koa, Administrazio Kontratazioko Batzordearen mendeko Arbitraje Batzordearen osaketa eta prezioak ezartzeko arbitraje prozedura arautzen dituena.

Nafarroako Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko ekainaren 16ko 10/1998 Foru Legearen 122. artikuluko lehen atalak ezartzen duenez, obretako kontratuak aldatzen direnean, aldaketek proiektutik kanpoko obra unitateak edo haienak ez bezalako ezaugarriak dituztenak sartzea dakartenean, Administrazioak ezarriko ditu haien prezioak, obretako zuzendari fakultatiboaren proposamena eta proposamen horri kontratistak entzunaldian egiten dizkion oharrak ikusita. Horrek ez baditu ezarritako prezioak onartzen, obra unitateak egiten jarraitu beharko du, Arbitraje Batzorde batek prozedura sumarioan erabakitako prezioekin. Alabaina, Administrazioak, edozein kasutan, beste enpresaburu batekin egiten ahal du kontratua ezarrita dituen prezioetan, edo obrak zuzenean egin.

Arau berean zehaztuta dago Administrazio Kontratazioko Batzordearen mende egonen dela Arbitraje Batzordea, eta erregelamendu bidez arautuko direla haren osaera eta prezioak finkatzeko prozedura sumarioa.

Bidezko da, beraz, Arbitraje Batzordea sortzea, Administrazio Kontratazioko Batzordearen mende, eta haren osaera eta funtzionamendua arautzea.

Onetsi den arauak Administrazio Kontratazioko Batzordearen adostasun txostena du, 2002ko apirilaren 26an egindako bilkuran emana. Orobat, Toki Araubideko Foru Batzordearena, 2002ko maiatzaren 22ko bilkuran emana, eta Nafarroako Kontseiluarena, 2002ko ekainaren 17ko irizpenean emana.

Horrenbestez, Ekonomi eta Ogasun kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta biko abuztuaren hemeretzian egin bilkuran hartutako Erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Prezioak ezartzeko arbitraje prozedura arautzea du xede Foru Dekretu honek, obren administrazio kontratuak aldatzen direnean, aldaketa horien ondorioz proiektutik kanpoko obra unitateak edo haienak ez bezalako ezaugarriak dituztenak sartu eta kontratistak hasieran ezarritako prezioak onartzen ez dituenean, Nafarroako Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko ekainaren 16ko 10/1998 Foru Legearen 122.1 artikuluan aurreikusitakoari jarraituz.

2. artikulua.

1. Kontratazio organoak hasiera batean prezioak ezarririk, kontratistak hamar egun izanen ditu, egintza jakinarazi eta biharamunetik, prezio horien kontrako iritzia agertzeko kontratazio organoari. Bere idazkian, Arbitraje Batzordeko kide tekniko izateko nor proposatzen duen azalduko du kontratistak.

2. Kontratistak bere iritzia kontratazio organoari agerturik, honek 15 eguneko epea izanen du prezioen arbitrajea eskatzeko Administrazio Kontratazioko Batzordeari. Epe hori arbitraje eskaera egin gabe iraganez gero, ulertuko da kontratazio organoak beste enpresaburu batekin kontratatu dituela unitate berriak, edo zuzenean eginen dituela.

3. artikulua.

1. Arbitraje Batzorde batek prozedura kontrajarrian ezarriko ditu prezioak. Administrazio Kontratazioko Batzordeburuak izendatuko du hura, eta honela osatuko da:

-Batzordeburua, Administrazio Kontratazioko Batzordeko idazkaria, edo Administrazio Publikoko letratu edo teknikari bat (arlo juridikoa), Ekonomi eta Ogasun Departamentuko Ondare Zerbitzuko Kontratazio eta Aseguruen Atalari atxikia.

-Batzordekide tekniko bat, arbitraje prozedurako parte den kontratazio organoak proposaturik izendatua.

-Batzordekide tekniko bat, arbitraje prozedurako parte den kontratistak proposaturik izendatua.

-Batzordekide tekniko bat, Administrazio Kontratazioko Batzordeak izendatua.

-Idazkaria, hizpide eta botorik gabea, Nafarroako Gobernuko Ekonomi eta Ogasun Departamentuko Ondare Zerbitzuko Kontratazio eta Aseguruen Atalari atxikitako funtzionario administratiboa.

2. Batzordekideak noiz abstenitu eta noiz errefusatu daitezkeen jakiteko, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 28. artikuluan aurreikusitakora joko da.

4. artikulua. Kontratazio organoak Administrazio Kontratazioko Batzordeari eskaera eginda hasiko da prozedura. Prezioak ezartzen dituen ebazpen administratiboa, kontratazio organoak eta kontratistak aukeratu beharreko batzordekide teknikoak izendatzeko proposamena eta kontratuaren espedientearen kopia osoa erantsiko zaizkio eskaerari.

Arbitraje eskaeran, parte interesatu bakoitzak fax zenbaki bat adieraziko du, jakinarazpenetarako.

5. artikulua.

1. Hasteko eskaera harturik, Administrazio Kontratazioko batzordeburuak prozeduraren hasiera ebatziko du, eskaera Batzordearen eskumenaren esparru materialean sartzen dela ikusi ondoren. Hasieraren ebazpenean batzordekideak hautatuko dira eta interesatuei jakinaraziko zaie.

2. Arbitraje Batzordea izendaturik, hura eratzeko bilerara dei eginen du batzordeburuak, bost egun aurretik gutxienez.

6. artikulua. Arbitraje Batzordeak hilabetea izanen du, eratzen den egunetik aitzina, erabakia hartzeko. Arrazoien gainean beharko du erabakia hartu, prezioak ezartzeko sortutako gorabehera guztiak ebatziko ditu eta interesatuei jakinaraziko zaie. Horrela, administrazio bidea amaituko da.

Arbitraje Batzordeak erabakia hartu gabe hilabeteko epea iraganik, berretsitzat emanen da prezioak ezarri dituen ebazpen administratiboa, Batzordeak baitu prezioak ezartzeko eskumena.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Foru Dekretu honek indarra hartu baino lehen Administrazio Kontratazioko Batzordean arbitrajerako aurkeztutako eskaerak Foru Dekretu honetan aurreikusitakoaren arabera ebatziko dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Bigarrena.-Ahalmena eman zaio Ekonomi eta Ogasun kontseilariari Foru Dekretu hau bete eta gara dezan.

Iruñean, bi mila eta biko abuztuaren hemeretzian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Ekonomi eta Ogasun kontseilaria, Francisco J. Iribarren Fentanes.

Iragarkiaren kodea: A0209357