110. ALDIZKARIA - 2002ko irailaren 11

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

FORU AGINDUA, 2002ko uztailaren 1ekoa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, ofizioz nekazaritzako azpiegituretan esku hartzen duena. Jarduketa horren xedea Oibarko mugapeko "El Saso" alderdiko lurzatiak berrantolatu eta ureztaketa lur bihurtzea da.

Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legeak xedatzen duenez, azpiegituren arloan, lurzati berrantolamendua funtsezkoa da eta berrantolamendu hori ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanarekin batera egin behar da, izapidaketa horrekin juridikoki koordinaturik, baita bide eta saneamendu sareak berritu, gaurkotu eta egiteko obrekin ere. Haren lehenengo helburua ustiategiak eta, hala bada, ureztaketa lurrak osatzea da, ingurumen, nekazaritza, ekonomia eta gizartearen aldetik bideragarriak direnak.

Halaber, Foru Lege horrek xedatzen du nekazaritzako azpiegiturei buruzko jarduketa Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak foru agindua emanda hasiko dela. Jarduketa hori ofizioz egin daiteke, nekazaritzako azpiegituren eremuak, lehenagoko lurzati berrantolamenduagatik, egoki den bide eta saneamendu azpiegitura daukanean, alegia, azpiegitura horiek osorik edo hein handi batean erabiliz gero, jarduketa berriak egin daitezkeenean.

Oibarko mugapeko eremu bat gorabehera horietan dago. Horregatik beharrezkoa da nekazaritzako azpiegituretan esku hartzea, lurzatiak berrantolatuz eta horrekin batera ureztaketa lur bihurtuz.

Horregatik, Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legeko 6. artikuluko 2. idatz-zatian xedaturikoarekin bat.

XEDATU DUT:

1. Ofizioz nekazaritzako azpiegituretan esku hartzea, Oibarko mugapeko "El Saso" alderdiko lurzatiak berrantolatu eta ureztaketa lur bihurtzeko.

2. Nekazaritzako Egituren Zerbitzuari esku ematea eskualde horretan burutu asmo den oinarrizko proiektua prestatzeko.

3. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak espresuki baimena eman beharko du landaketa berriak egin, alor iraunkorrak sortu, bertan eraiki edo eskualdeko geroko egituretan eragina izan dezakeen beste edozein ekintza egiteko.

4. Hasiera batean Oibarko mugapeko "El Saso" alderdiko lurrek osatuko dute oinarrizko proiektuan aintzakotzat hartu beharreko eremua. Guztira 530 ha egiten dute gutxi gorabehera eta muga hauek dituzte:

Iparraldetik: Oibarko mugapea.

Hegoaldetik: Oibarko ohiko ureztaketa lurrak.

Ekialdetik: Zangozako mugapea.

Mendebaletik: Kasedako mugapea.

5. Foru Agindu honen aurka gora jotzeko helegitea paratzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

6. Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

7. Foru Agindu hau jakinaraztea Nekazaritzako Egituren Zerbitzuari, Riegos de Navarra S.A. enpresari, onuradun den Ureztatzaile Elkarteari eta Oibarko Udalari.

Iruñean, bi mila eta biko uztailaren batean.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, Ignacio Javier Martínez Alfaro.

Iragarkiaren kodea: A0208109