110. ALDIZKARIA - 2002ko irailaren 11

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

174/2002 FORU DEKRETUA, uztailaren 22koa, Nafarroako Txikizkako Merkataritzaren Kontseilu Aholku-emailearen osaera, antolamendua eta funtzionamendua arautzen duena.

Foru Dekretu honen xedea da Nafarroako Merkataritzari buruzko uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legeko VIII. Tituluan aurreikusten den legezko agindua garatzea. Horretan aurreikusten da Nafarroako Txikizkako Merkataritzaren Kontseilu Aholku-emailea erregelamenduz garatuko dela. Antolamendu eta funtzionamenduko arauen helburua da eragingarri, arin, malgu eta zintzoa izan dadila, Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko oinarrizko legeetan xedaturikoaren barruan. Gizartearen interesak ordezkatzeko uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legean aipatzen diren erakunde eta entitateen parte-hartzeaz gain, interesatu eskubideduntzat jotzen ditu haiek Foru Lege hartan eta Foru Dekretu honetan xedaturikoaren babesean izapidatzen diren prozeduretan.

Nafarroako Gobernuak, 2002ko apirilaren 15eko Erabakiaren bidez, aintzakotzat hartu zuen Nafarroako Txikizkako Merkataritzaren Kontseilu Aholku-emailearen osaera, antolamendu eta funtzionamendua arautzen duen Foru Dekretuaren proiektua, Nafarroako Kontseiluak bere txostena egin zezan, nahitaezkoa baita. Txostena 2002ko uztailaren 10ean aurkeztu zen eta aldekoa zen.

Horrenbestez, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak proposaturik, Nafarroako Gobernuak 2002ko uztailaren 22ko bilkuran harturiko Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Osaera.

Nafarroan merkataritza arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Legeko VIII. Tituluan aurreikusirikoarekin bat, Nafarroako Txikizkako Merkataritzaren Kontseilu Aholku- emailea sortzen da. Kide hauek izanen ditu:

-Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuko kontseilaria, lehendakaria izanen dena.

-Merkataritza eta Turismo zuzendari nagusia, lehendakariordea izanen dena.

-Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren, Toki Administrazioko Departamentuaren eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren ordezkari bana, kasuan kasuko kontseilariak izendatua.

-Merkataritza eta Kontsumo Zerbitzuko zuzendaria.

-Administrazio Publikoko teknikari bat (arlo juridikokoa), Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak izendatua. Hizpidea izanen du baina botorik ez.

-Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbararen ordezkari bat.

-Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren ordezkari bat.

-Nafarroako Merkatarien Elkarteen Federazioaren ordezkari bat.

-Nafarroako Enpresaburuen Elkartearen ordezkari bat.

-Nafarroako kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteen ordezkari bat, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak hautatua, elkarte horiek izendatzen dituzten hautagaien artetik.

-Sektorean diharduten sindikatuen bi ordezkari, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak hautatuak, sindikatu horiek izendatzen dituzten hautagaien artetik.

2. artikulua. Antolamendua eta funtzionamendua.

1. Lehenbiziko deialdian beharrezkoa izanen da lehendakaria edo lehendakariordea, idazkaria eta kideen erdiak, edo ordezten dituztenak, bertan egotea.

Bigarren deialdian aski izanen da lehendakaria edo lehendakariordea, idazkaria eta Kontseiluko bi kide edo ordezten dituztenak bertan egotea.

2. Kontseiluaren erabakiak botoen gehiengo soilarekin hartuko dira. Lehendakariak kalitateko botoa izanen du.

3. Kontseiluaren kideak hautatzen dituen erakundeak hala erabakita, kide horiek aldatzen ahalko ditu, erabakia antolamenduko arauei jarraituz hartuz gero eta Kontseiluko Idazkaritzari behar den moduan jakinaraziz gero. Erabaki horrek ez ditu ukituko gizartearen interesak ordezkatzeko proposaturiko kideak, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak hautatu baditu.

4. Artikulu honetan agertzen ez den guztian, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legeko II. Tituluko II. Kapituluan xedaturikoaren arabera antolatuko da eta horrelaxe jardungo du.

3. artikulua. Aholkuak.

1. artikuluan aipatzen diren erakunde eta entitateak, Nafarroako Txikizkako Merkataritzaren Kontseilu Aholku-emailean parte hartzeaz gain, uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legean eta Foru Dekretu honetan xedaturikoaren babesean izapidatzen diren prozeduretan interesatu eskubideduntzat joko dira.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Nafarroako Txikizkako Merkataritzaren Kontseilu Aholku-emailea Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuari atxikiko zaio. Kontseiluari behar dituen langile, tresna, diru eta baliabideak utziko dizkio Departamentuak, hari esleitzen dizkion eginkizunetan aritu ahal izateko. Horretarako, Departamentuak prestatzen dituen aurrekontuen aurreproiektuetan eginkizun horietan jarduteko behar diren kontusailak sartuko ditu.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Foru Dekretu honetan xedaturikoarekin bat ez datozen edo hari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko arau guztiak indarrik gabe gelditzen dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Merkataritzaren eta lurraldearen antolamendu eta hirigintzaren arloetan eskudun diren departamentuei esku ematen zaie Foru Dekretu honetan xedaturikoa garatu eta betearazteko behar diren erabakiak hartu eta ebazpenak emateko, kasuan kasuko eskumenen barruan.

Bigarrena.-Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko uztailaren hogeita bian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilaria, Nuria Iturriagagoitia Ripoll.

Iragarkiaren kodea: A0208444