11. ALDIZKARIA - 2002ko urtarrilaren 25a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

LEHENDAKARITZA, JUSTIZIA ETA BARNE DEPARTAMENTUA. Jakinarazpen ediktua.

Ezin izan da Nafarroako Gobernuaren 2001eko irailaren 10eko batzarreko erabakia jakinarazi, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59.1, 2 eta 135 artikuluetan ezarri bezala. Beraz, indarreko Administrazio Prozeduraren Legearen 59.4 artikuluan xedatutakoa bete da honen bidez:

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak hartua, Santos Iribarren Sagüés jaunak ("Luces de la Ciudad" deritzon titularrak) egindako gora bidezko errekurtsoa ezesten duena. Errekurtsoa Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariaren maiatzaren 31ko 117/2001 Foru Aginduaren aurkakoa da, zeinaren bidez 1.000.000 (milioi bat) pezetako zehapena ezarri baitzitzaion, jendaurreko ikuskizunak eta jolas jarduerak arautzen dituen araudian bi urraketa larri egiteagatik.

Proposamena

Santos Iribarren Sagüés jaunak ("Luces de la Ciudad" deritzon titularrak) egindako gora bidezko errekurtsoa ikusi da. Errekurtsoa Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariaren maiatzaren 31ko 117/2001 Foru Aginduaren aurkakoa da, zeinaren bidez 1.000.000 (milioi bat) pezetako zehapena ezarri baitzitzaion, jendaurreko ikuskizunak eta jolas jarduerak arautzen dituen araudian bi urraketa larri egiteagatik.

Gertakariak

1.-Iruñeko Udalak, Hiritarrak Babesteko zinegotzi eskuordearen 2000ko urriaren 27ko ebazpenaren bidez, Iruñeko Udaltzaingoaren urte horretako urriaren 21 eta 22ko salaketak igorri ziren, "Luces de Ciudad" izeneko establezimenduaren aurrean egina, lokalaren gaitasunak onartzen zuen baino jende gehiago sartu zelako bertan.

2.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak, abenduaren 22ko 255/2000 Foru Aginduaren bidez, administrazioko zehapen prozedura hasi zuen Santos Iribarren Sagüés jaunaren aurka (aipatu establezimenduaren titularra), salatutako gertaerak jendaurreko ikuskizunak eta jolas jarduerak arautzen dituen arautegiaren urraketa oso larri bi izan litezkeelako, zehazki martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legearen 22.7 artikuluan tipifikatua.

3.-Froga egin eta baloratu ondoren, ebazpen proposamena egin zen. Beraren bidez, frogatutzat jo zen 2000ko urriaren 21 eta 22an, 4,45 eta 5,15etan, hurrenez hurren, "Luces de la Ciudad" izeneko establezimendua jendearentzat irekita zegoela. Bertan sartzeko ez zegoen eragozpenik, eta establezimendu horren gehieneko gaitasuna sobera gainditzen zuen bertan zegoen jende kopuruak: 50 - 60 pertsona.

Azaldutako ikusita, eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Herri Babeseko Zerbitzuak txosten teknikoa egin zuen, jende gehiegi egoteak segurtasuna murritz zezakeela azaltzeko. Txostena egin ondoren, proposamen horretako irizpideak aztertu ziren, eta froga bere osoan baloratu zen; ondorioztatu zen salatutako gertaerak ziurrak eta benetakoak direla, baina ez zen frogatu jende gehiegi egoteak lokalaren segurtasuna murriztu zuenik. Horrenbestez, urraketak larri gisa tipifikatu ziren, martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legearen 23.6 artikuluan ezarritakoaren ondorioz (jendaurreko ikuskizunak eta jolas jarduerak arautu ziren lege horren bidez). 2001eko martxoaren 26an milioi bateko isuna jarriz zehatzeko proposamena egin zen, bi urraketa larri egin zituelako jendaurreko ikuskizunak eta jolas jarduerak arautzen dituen araudian.

4.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariaren maiatzaren 31ko 117/2001 Foru Aginduaren bidez, Santos Iribarren Sagüés jaunari ("Luces de la Ciudad" izeneko establezimenduaren titularra), 1.000.000 (milioi bat) pezetako isuna ezarri zitzaion, bi urraketa larri egin zituelako jendaurreko ikuskizunak eta jolas jarduerak arautzen dituen araudian.

5.-Foru agindu horren bidez, espedientedunak gora bidezko errekurtsoa egin zuen. Errekurtsoan, ebazpen proposamenaren aurka erabili argudioak errepikatu zituen. Hauek dira, funtsean:

a) Establezimenduan zegoen pertsona kopurua ez zen zehatz-mehatz zenbatu. Salaketetan gutxi gorabeherako kopurua adierazi baizik ez zen egin.

b) Udaltzainen bertsioa erabat kontrajarria da lekuko izan ziren Amaya Acaz andreak eta Javier Suescun jaunak azaldurikoarekin. Lekukoen bertsioa espedientedunak eskatuta egin zen zehapen espedientean.

c) Urraketak burutu direla jotzeko ez dago karguko frogarik. Beraz, ustezko errugabetasun printzipioari eutsi behar zaio.

Zuzenbideko oinarriak

1. Nafarroako Gobernua da errekurtso hau ebazteko organo eskuduna, honako lege hauetan ezarritakoa dela bide: Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 23.1.b) artikulua; Nafarroako Foru Erkidegoko Gobernu eta Administrazioa arautzen duen Foru Legearen 52.2 artikulua, eta Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. artikulua.

2. Aurkaratzeko zio nagusia egotzitako gertaerak frogatu eza da, lokalean zegoen jendea ez zelako sistema objektibo bat erabiliz zenbatu. Alegazio honen funtsak ezin du aitzina egin, izan ere, kontuan izan beharra dago salaketa buletinak agintaritzako agenteek egin zituztela, eta ikuskapena egin zutenean establezimenduaren egoerari buruzko inguruabar guztiak jaso zituztela. Lokalaren saturazioari buruz esandakoak kategorikoak izan ziren, eta esku hartu zuten agenteek berek berretsi egin zituzten. Jendaurreko ikuskizunak eta jolas jarduerak arautzen dituen martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legearen 23.6 artikuluan urraketa larri gisa tipifikatu zen lokalaren gaitasuna gainditzen duen pertsona kopurua baimentzea lokalaren barnean. Hori guztia kontuan izanik, ez da beharrezkoa kopuru hori matematikoki zehaztea, urraketa osatzen duten elementuak frogatu egin direlako: onartutako edukiera (23 pertsona) baino jende gehiago onartzea, eta horrek segurtasuna ez kaltetzea (azken hori hala dela jo behar da, ez delako aurkakoa frogatu).

Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea (137.3 artikulua), eta Zehatzeko ahalgoa gauzatzea onetsi zuen abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretua (17.5 artikulua) ezarri zenez, arau orokorra da agintari izaera duten funtzionario publikoek ziurtatzen dituzten gertaerak, agiri publiko batean jasotzen badira, legezko baldintzak betez, froga balioa izanen dute, administratuek beren interes edo eskubideen alde ekar ditzaketen frogak gorabehera.

Ustezko egiatasun hori jurisprudentzian sendotutako irizpidea dugu. Haatik, irizpide hori ez da beti-beti gailentzen: hura hutsaltzeko interesatuak froga aurkeztu behar du, sendoa eta salaketaren edukiaren aurkakoa erakusten duena. Espedientean dauden froga guztiekin batera baloratu behar da balizko froga hori.

Kasu honetan, interesatuaren defentsazko alegazioen oinarria da esku hartu zuten agenteek adierazitako pertsona kopurua (50-60 pertsona) ezinezkoa dela bere lokalean sartzea. Kopuru horiei "zinez sinesgaitzak" deritzen interesatuak, hitzez hitz,eta froga moduan, Javier Suescun jauna eta Amaya Acaz andrea lekuko izan zitezen eskatu zuen.

Froga horri buruz, argitu behar da beraren balorazioari buruzko zio nahikoak eman zirela zehapenezko foru aginduan. Beraren emaitza espedienteko agiri eta adierazpen guztiak batera aztertuz erdietsi zen. Guztia aztertuz, kontraesan aria dago Javier Suescun jaunak eta Amaya Acaz andreak emandako bertsioen artean, eta haietako bakoitzak adierazitakoaren eta espedientedunak adierazitakoaren artean.

Ez gara orain errepikapen antzuetan hasiko, gai hau errekurritutako foru aginduan dagoelako, baina hau azpimarratzea garrantzitsua da:

Santos Iribarren Sagüés jaunak argudiatu du menturaz inoiz lokalaren edukiera-gaitasuna gainditu dela, baina ez du inola ere onartzen salaketan adierazitako pertsona kopurua lokalean sartzen ahal izan denik, establezimenduaren neurriek ez dutelako hainbesterako gaitasunik.

Amaya Acaz Vidarte andreak adierazi zuen salaketak ezarri ziren egun eta orduetan "Luces de la Ciudad" lokalean zegoela, eta bertan ez zegoela 25 pertsona baino gehiago. Ez zuen bertan zegoen jende kopurua zenbatu, baina tabernaren tamainan oinarrituz gutxi gorabeherako kopurua hori dela esan daiteke, taberna txikia delako.

Bestalde, Javier Suescun Irujo jaunak adierazi zuen salaketak ezarri ziren egun eta orduetan lokalean zegoelarik, 15 edo 16 pertsona zeudela bertan. Gaineratu zuen lokalean 50 pertsona sartzen direla lasai.

Agerian dago lekukoen arteko kontraesana lokalaren edukierari dagokionez. Adierazpen horiek salatuen argudioekin zuzeneko zerikusia dute, esaten dutenean ezinezkoa dela lokal horretan salaketan adierazitako pertsona kopurua sartzea.

Alegatzaileak aurkeztutako lekukoak berak (bere esanetan lokal horretako ohiko bezeroa dena) adierazi zuen lokalean berrogeita hamar pertsona sartzen direla, eta gainera, estutu gabe sartu ere.

Udaleko agenteek egin salaketetako terminoak objektiboki ziurtatutako errealitate baten fruitu dira, eta errekurtsogilearen lekuko frogak ez ditu zalantzatan jarri; errekurtsogilea uste subjektiboetan oinarritzen da, eta horiek ezin dituzte auzitan jartzen ahal frogen balioa.

Funtsean, errekurritutako foru aginduaren aldarrikapenak berretsi behar ira, zuzenbideari jarraiki urraketak frogatu egin direlako.

Aipatutako legezko manuak eta aplikazio orokorreko gainerakoak ikusirik, Nafarroako Gobernuak, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Santos Iribarren Sagüés jaunak ("Luces de la Ciudad" deritzon titularrak) egindako gora bidezko errekurtsoa gaitziritzi eginen da, goian azaldu oinarriei jarraiki. Errekurtsoa Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariaren maiatzaren 31ko 117/2001 Foru Aginduaren aurkakoa da, zeinaren bidez 1.000.000 (milioi bat) pezetako zehapena ezarri baitzitzaion, jendaurreko ikuskizunak eta jolas jarduerak arautzen dituen araudian bi urraketa larri egiteagatik.

2. Erabaki hau Santos Iribarren Sagüés jaunari jakinaraziko zaio. Adieraziko zaio beraren aurka administrazioarekiko auzi errekurtsoa ezar dezakeela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko ordena bereko salan, bi hileko epean, erabaki hau jakinarazi ondoko egunetik zenbatuta, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa araupetzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 46. artikuluarekin bat etorriz.

Iruñean, bi mila eta bateko irailaren hamarrean.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin".

Iragarkiaren kodea: A0112445