11. ALDIZKARIA - 2002ko urtarrilaren 25a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

394/2001 FORU AGINDUA, urriaren 19koa, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana, ikastetxe itunduetako gobernu organoak hautatu, partez berritu, eratu eta izendatzeko arauak ezartzen dituena.

Ikasketen Antolamendu eta Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendariak adostasun txostena aurkeztu du, onetsi dadin ikastetxe itunduetako gobernu organoak berritzeko arauak emateko Foru Agindu hau.

Eskola kontseiluak Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren (1985-07-4ko "EAO") IV. tituluan arauturik daude, hezkuntza komunitateko sektore ezberdinen ordezkaritza organo bezala azaltzen dira bertan eta haien bitartez sektore horiek ikastetxearen kudeaketa eta kontrolean parte hartzen dute.

Ikastetxeetako parte-hartze, ebaluazio eta gobernuari buruzko azaroaren 20ko 9/1995 Lege Organikoaren azken xedapenetan lehenengoaren 4. puntuaren bidez Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 56. artikuluaren 1 eta 3. idatz-zatien idazketa aldatu zen, ikastetxe pribatu itunduetako eskola kontseiluen osakera eta berritzeari dagokienez, eta horren ondorioz, hezkuntza arloko administrazioaren esku utzi zen kide anitzeko organo hori eratu edo berritzeko prozedura arautzeko ahalmena.

Bestalde, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuaren 5.2 artikuluak (1993-01-18ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa) agintzen du titularrak eskola kontseilua eratu beharko duela eta zuzendaria izendatu. Era berean, Dekretu horren 26. artikuluak zehazten du eskola kontseilua eratuko dela hauteskunde prozesuaren publikotasuna eta objetibotasuna, hala nola eskola komunitateko kideen boto pertsonal, zuzen, berdin eta sekretua bermatuko duen prozedura bati jarraikiz.

Gainera, martxoaren 31ko 89/1998 Foru Aginduak, hezkuntzako itun berezi partzialen araubidea, Haur Hezkuntzako bigarren hezkuntza zikloan, 1998/99 ikasturtetik aurrera aplikatzeko arauak ematen dituenak, bere seigarren puntuko 4. idatz-zatian ezartzen du ezen itundutako ikastetxearen titularra beharturik dagoela, uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 54. artikuluak eta Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 26.ak aipatzen dituen aginte organoak edukitzera. Aginte organo horiek indar duen araudiari jarraikiz eratu eta berrituko dira eta halaberean beren eskumenak erabiliko dituzte.

Arestian aipatu azaroaren 20ko 9/1995 Lege Organikoaren azken xedapenetan lehenbizikoaren 6. idatz-zatiak aldatu du, halaber, Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren 59. artikuluaren 3. idatz-zatia, ikastetxe pribatu itunduetako zuzendarien karguaren iraupenari dagokionez, eta aldaketa horren arabera, zuzendariaren karguak ikastetxe publikoetakoek duten iraupen bera izanen du.

Irakaskuntza ez-unibertsitarioen arloko eginkizun eta zerbitzuak Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzeari buruzko abuztuaren 31ko 1070/1990 Errege Dekretua aplikatuz eta ikastetxeetako parte-hartze, ebaluazio eta gobernuari buruzko azaroaren 20ko 9/1995 Lege Organikoaren azken xedapenetan lehenbizikoaren 4. puntuan adierazitakoa betetzeko, bidezko da ikastetxe itunduetako eskola kontseiluak hautatu, partzialki berritu eta eratzeko arauak zehaztea, bai eta agintaldia orain bukatzen duten ikastetxe horietako zuzendariak berritzeko prozedurarako arauak ere.

Horregatik, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuaren 5 eta 26. artikuluetan eta martxoaren 31ko 89/1998 Foru Aginduaren seigarren puntuaren 4. idatz-zatian xedatutakoari jarraikiz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta Gobernua arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

I.-Aplikazio eremua.

Lehena.-1. Foru Agindu hau Nafarroako Foru Komunitatean kokaturik dauden ikastetxe itunduetako eskola kontseiluak hautatu, partzialki berritu eta eratzeko prozesu hauetan aplikatuko da:

a) Eskola kontseilua lehenbiziko aldiz osatzen dutenean, sinatu duten itunean eta indar duten arauetan ezarritakoari jarraikiz.

b) Eskola kontseiluen lehenbiziko erdia osatzen duten kideak bi urterako hautatuak izan eta epe hori iraganda eskola kontseilua partzialki berritu behar dutenean.

Alde horretatik, 2001eko deialdi honetan, eskola kontseilua osatzen duten bi erdietako edozein partzialki berritu behar duten ikastetxe itunduek, Foru Agindu honetako bosgarren puntuko kasuan kasu 1.a) eta 1.b) lerroaldeetan haientzat ezartzen den osakera hartuko dute aintzat

2. Deialdi honen babesean, eskola kontseilua hautatzea edo partzialki berritzea kronologikoki ez dagokien ikastetxe itunduek ere hauteskundeak egin ahalko dituzte, dagokien ordezkari kopurua murriztua dutela-eta indarreko agintaldia duten eskola kontseiluetako zenbait sektore osatzeko, baldin eta gertatu diren hutsuneak ordezkoen zerrendaren bitartez betetzerik izan ez bada.

Idatz-zati honetan xedatutakoaren arabera hautatzen diren ordezkariek beren agintaldia bukatuko dute ordezten dituzten kontseilukideen agintaldia bukatzen den egun berean.

II.-Xedapen orokorrak.

Eskola kontseiluaren osakera

Bigarrena.-1. Ikastetxeetako parte-hartze, ebaluazio eta gobernuari buruzko azaroaren 20ko 9/1995 Lege Organikoaren azken xedapenetan lehenbizikoaren 4. puntuan ezarritakoari jarraikiz, eskola kontseiluak honako kide hauek osatuko dituzte:

-Zuzendaria.

-Ikastetxeko titularraren hiru ordezkari.

-Irakasleen lau ordezkari.

-Ikasleen guraso edo tutoreen lau ordezkari.

-Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen ziklotik gorako ikasleen bi ordezkari.

-Administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat. Hezkuntza Bereziko ikastetxe espezifikoetan hezkuntza laguntza osagarriko langileak administrazioko eta zerbitzuetako langileen taldean sartuak bailiran hartuko dira.

2. Eskola kontseiluan izanen diren ikasleen gurasoen ordezkarietariko bat, legez eratuta dagoen eta bazkide gehien duen guraso elkarteak hautatuko du, halakorik bada.

Elkarte horren ordezkaritzarako proposamenik ez bada edota ikastetxean horrelako elkarterik ez bada, hutsune hori beteko du hautetsia ez baina ordezkapenak egiteko ordezkoen zerrendan lehenengo dagoenak.

3. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloko ikasleek eskola kontseiluan dituzten ordezkariek ezin izanen dute parte hartu zuzendaria hautatzeko eta kargutik kentzeko bozketetan.

Lehen Hezkuntzako ikasleek eskola kontseiluan parte hartzea izanen dute, hizpidea bai baina botorik ez dutela, ikastetxeko hezkuntza proiektuan zehazten diren baldintzetan.

4. Bi lanbide arlo edo gehiago ematen dituzten ikastetxeetan eta ikasleen % 25, bederen, lanbide heziketa berariazkoan ari direnetan, ikastetxearen jardun eremuko enpresa erakunderik garrantzitsuenak proposaturiko ordezkari bat izan daiteke eskola kontseiluan, hizpidea bai baina boto eskubiderik ez duela.

Eskola kontseiluko kideak hautatu eta berritzea

Hirugarrena.-Ikastetxe itundu sortu berriak direnetan eta eskola kontseilua lehenbiziko aldiz eratu behar dutenetan, sektore bakoitzeko kide guztiak batera hautatuko dira. Lehenbiziko hautapenetik aurrera, eskola kontseiluaren erdia berrituko da lehenbizi eta beste erdia gero, bi urtetik behin berritze bakoitza, Foru Agindu honen bosgarren puntuan eta xedapen iragankorrean xedatutakoaren arabera.

Laugarrena.-Eskola komunitateko sektore bakoitzaren ordezkariak sektore horretako kideek hautatu beharko dituzte. Bi sektoretakoa den kideren bat izanez gero, bietarako hautagai izan ahalko da, baina bietarako hautatzen badute bakar baten ordezkaritza hartu beharko du.

Bosgarrena.-1. Eskola kontseiluaren erdia bi urtetik behin berrituko da, lehenbizi erdia eta gero beste erdia. Alde batera utzirik ikastetxean garrantzitsuena den guraso elkartearen ordezkaria edo horren ordezkoa eta enpresa erakunde garrantzitsuenaren ordezkaria, horrelakorik bada, horiek ez baitira bi erdi horietako bakar batean ere sartzen eta haien tokia bi urtetik behin berrituko baita, eskola kontseiluko kide hautetsien bi erdietako bakoitza, berritze partzialetarako, honela osatuko da:

a) Lehenbiziko erdia:

-Ikastetxeko titularraren bi ordezkari.

-Irakasleen bi ordezkari.

-Gurasoen ordezkari bat.

-Ikasleen ordezkari bat.

b) Bigarren erdia:

-Ikastetxeko titularraren ordezkari bat.

-Irakasleen bi ordezkari.

-Gurasoen bi ordezkari.

-Ikasleen ordezkari bat.

-Administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

2. Lehenbiziko eta bigarren erdien lehen bi berritze partzialak, hurrenez hurren, egiten direnetik aitzina, Foru Agindu honen xedapen iragankorrean aipatu bezala, lehenbiziko erdia eta bigarren erdia txandaka berrituko dira bi urtetik behin, Foru Agindu honen bosgarren puntuko 1. idatz-zatian erdi horietako bakoitzarentzat finkatutako osakeraren arabera.

3. Ikastetxeko guraso elkarterik garrantzitsuenaren ordezkaria eta Foru Agindu honetako bigarren puntuko 4. idatz-zatian ezarritakoaren arabera aukeraturiko enpresa erakundearena, horrelakorik badago, bi urtetik behin berrituko dira, edo haiek izendatu dituen organoak erabakitzen duen momentuan.

Eskola kontseiluko postu hutsak betetzeko prozedura

Seigarrena.-1. Ordezkariren batek dagokion berritzea ailegatu baino lehen galtzen baditu organo horretako kide izateko behar diren baldintzak, hutsik utziko du Kontseiluko bere postua. Postu huts hori botorik gehien lortu zuen hurrengo hautagaiak beteko du. Horretarako erabiliko dira azken berritze partzialeko aktetako ordezkoen zerrendak, bete beharreko postu hutsa lehenagoko berritze partzial batekoa bada ere.

2. Betetzen ez diren postu hutsak eskola kontseiluaren hurrengo berritze partzialean beteko dira.

Aurreko berritze aldian bete ezin izan diren postu hutsak une bakoitzeko berritze partzialean bete beharreko beste postuak lortzen dituztenen zerrendan ondotik datozen hautagaiek beteko dituzte. Horrela hautaturiko kontseilukideak hurrengo berritze partzialera arte egonen dira.

4. Eskola kontseiluko postu huts bat hartzen duen kontseilukideari, dela hautetsia (ordezkoen zerrenda), dela izendapenekoa, agintaldia amaituko zaio berak ordezten duen kidearen agintaldia amaituko zen unean.

Berritze partziala

Zazpigarrena.-1. Ikastetxe itundu guztietan, azaroaren 20ko 9/1995 lege organikoa onetsiz geroztik eskola kontseiluaren lehen berritze partziala egiten denean, Foru Agindu honetako 1.a) atalean ezartzen duen osakeraren arabera lehen erdia osatzen duten hezkuntza komunitateko sektore desberdinen ordezkariak berrituko dira. lehen erdi hori, eskola kontseilua lehenbizikoz hautatu edo 9/1995 lege organikoa onetsi ondoren kontseilua osorik berritu zuten hauteskundeetan boro gutxien atera zutenena izanen da.

2. 9/1995 lege organikoa onetsi ondorengo lehen berritze partzialean, bigarren erdia osatzen duten hezkuntza komunitateko sektore desberdinen ordezkariak berrituko dira. Bigarren erdi horren osakera zein den Foru Agindu honetako bosgarren puntuko 1.b) atalean ageri da.

III.-Hauteskundeen prozesua.

Hauteskundeetarako epea

Zortzigarrena.-Ikastetxe itunduetako eskola kontseiluetan eskola komunitatearen sektore desberdinek izanen dituzten ordezkariak hautatu, partzialki berritu eta eratzeko 2001eko hauteskundeak, 2001eko azaroaren 21etik abenduaren 10era arte eginen dira, biak barne.

Hauteskunde Batzordearen osakera eta eskumenak.

Bederatzigarrena.-1. Hautatu beharreko eskola kontseilu bakoitzeko hauteskunde batzorde bana eratuko da, 2001eko azaroaren 5etik aurrera. Batzorde horren ardura izanen da hauteskunde prozedura antolatzea, hezkuntza komunitateko sektore guztiek parte hartu ahal izateko bide egokienak emanaz.

2. Ikastetxeko zuzendaria izanen da hauteskunde batzordeko buru.

Batzordeburuaz gain, irakasle batek, guraso batek, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko edo Lanbide Heziketako ikasle batek eta administrazioko eta zerbitzuetako langile batek osatuko dute Batzordea, horiek guztiak zozketa bidez aukeratuak. Batzordeko partaide izanen da, halaber, ikastetxeko titularra edo haren ordezkoa.

3. Hauteskunde batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Hezkuntza komunitateko sektore guztien hauteskunde erroldak onetsi eta argitara ematea, puntu honen 2. idatz- zatian aipatu zuzendariak aurretik prestatu beharko dituenak. Errolda horietan hautesle bakoitzaren izen-abizenak eta nortasun agiri nazionalaren zenbakia agertuko dira, alfabetikoki ordenatuta.

b) Ikastetxeko hauteskunde-egutegia zehaztea.

c) Hauteskunde prozesua zuzentzea.

d) Hautagai zerrendak aurkezteko epea ezartzea.

e) Hautagai zerrendak onetsi eta aldarrikatzea. Hautagai zerrendak argitara ematen direnetik bozketa egunera arte zortzi egun natural igaro beharko dira gutxienez.

f) Boto-paperen ereduak onestea, ongi iruditzen bazaio.

g) Hauteskunde mahaien eraketa bultzatzea.

h) Hautesle taldeek boto-eskubidea zein ordutan erabil dezaketen zehaztea.

i) Hauteskunde mahaien erabakien aurka aurkezten diren erreklamazioak ebaztea.

j) Hautetsien aldarrikapena egitea eta aktak Hezkuntza eta Kultura Departamentura igortzea.

Erreklamazioak eta inpugnazioak

Hamargarrena.-1. Zerrendak aurkezteko epea amaiturik, hauteskunde batzordeak onarturiko hautagaien zerrenda emanen du argitara.

2. Hautagaiak aldarrikatzeko erabakiaren aurka erreklamazioa egin ahalko da, hurrengo egun baliodunean.

Kasu horretan, hauteskunde batzordeak ondoko egun baliodunean ebatziko du erreklamazioa, eta erabaki horren aurka errekurtso arrunta jarri ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epearen barnean. Errekurtso arrunta jarrita ere, prozesua ez da geldiaraziko.

Hautesleak eta hautagai zerrenda bereiziak

Hamaikagarrena.-1. Ordezkariak hautatzeko eta hautagai izateko eskubidea izanen dute hauteskunde erroldaren barnean sartuta dauden Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleek, guraso edo legezko tutoreek, irakasleek eta administrazioko eta zerbitzuetako langileek.

2. Ikasleen gurasoen ordezkariak hautatzeko botoa emateko eskubidea ikastetxean matrikulaturiko ikasleen gurasoek izanen dute edo, bestela, legezko tutoreek. Seme-alaben guraso-agintea bakar batek baldin badu, hautesle eta hautagai izateko eskubidea horrek bakarrik izanen du.

3. Irakasleen ordezkariak hautatzeko eta hautagai izateko eskubidea irakasle klaustroko irakasle guztiek izanen dute.

Hamabigarrena.-1. Hauteskunde erroldetan ageri diren pertsona guztiak izan ahalko dira hautagai, nor bere sektorean. Hautagaiak aurkezteko ezin izanen da eskatu halako hautesle kopuru jakin baten sinadurez abalatuak egotea, hautagai zerrendak itxiak izatea edo beste edozein beharkizun, aipatutako eskubidea murrizten badu.

2. Guraso elkarteek eta ikasleen elkarte eta bestelako taldeek hautagai zerrenda bereiziak aurkeztu ahal izanen dituzte ikastetxeko eskola kontseilurako beren ordezkariak hautatzeko.

3. Guraso edo ikasleen hautagai zerrenda bereiziak aurkezten direnean, boto-paperek honako arau hauek bete beharko dituzte:

a) Hautagaien izenak, hautagai zerrenda bereizietakoak izan ala ez izan, lehenengo abizenaren lehen letraren arabera ordenatuko dira.

b) Izangaia hautagai zerrenda bereizietako batean aurkeztu bada, bere izenaren azpian hautagai zerrenda aurkeztu duen elkartearen edo erakundearen izena adierazi beharko da.

c) Hautagai bakoitzaren izenaren aurrean laukitxo bat jarriko da. Boto emaileak gurutze bat jarriko du laukitxoan, botoa zein hautagairentzat den adierazteko.

Eskola kontseiluko kideak hautatzeko prozedura

Hamahirugarrena.-1. Hauteskunde mahai bana eratuko da eskola kontseiluan ordezkariak hautatzeko eskubidea duen hezkuntza komunitateko sektore bakoitzeko.

2. Bozketarako ordutegia, botoa eman nahi duten guztiek eskubide hori erabili ahal izateko modukoa izanen da.

3. Mahai guztien buru ikastetxeko zuzendaria izanen da.

4. Irakasleen hauteskunde mahaia zuzendariak eta ikastetxean urte gehien eta gutxien daramaten irakasleek osatuko dute. Bi edo irakasle gehiagok antzinatasun bera badute, adinez zaharrena hartuko da, lehenengo kasuan, eta gazteena bigarrenean.

5. Gurasoen edo legezko tutoreen ordezkariak hautatzeko hauteskunde mahaia, zuzendariak eta lau gurasok edo legezko tutorek osatuko dute. Gurasoak edo legezko tutoreak zozketa bidez aukeratuko dira hauteskundeko erroldan daudenen artetik. Horiez gain, beste lau ordezko aukeratuko dira.

6. Ikasleen ordezkariak hautatzeko hauteskunde mahaia zuzendariak eta zozketa bidez aukeratutako bi ikaslek osatuko dute.

7. Azkenik, administrazioko eta zerbitzuetako langileen hauteskunde mahaia zuzendariak, ikastetxean urte gehien daraman langileak, edo adinez zaharrenak berdintasun kasuan, eta antzinatasun gutxienekoak, edo gazteenak, berdintasun kasuan, osatuko dute.

Administrazioko eta zerbitzuetako hautesle kopurua bost baino gutxiagokoa bada, bozketa irakasleen hauteskunde mahaian eginen da, beste boto-kutxa batean.

Hamalaugarrena.-1. Bozketak boto zuzen, sekretu ta delegaezinaren bidez eginen dira.

2. Boto-emaile bakoitzak berari dagokion boto-kutxan sartuko du boto-papera eta bertan adierazi beharko du nori ematen dion edo dien botoa.

Gurasoek eta irakasleek gehienez hiru izen jarriko dituzte beren boto-paperean bete beharreko postuak lau badira, bi izen hiru badira eta izen bakarra bi ordezkari edo bat aukeratu behar denean.

Ikasleek eta administrazioko eta zerbitzuetako langileek izen bakarra jarriko dute beren boto-paperean.

Hamabosgarrena.-1. Ikastetxeko hauteskunde batzordeak boto-paperen eredu bereziak onesten ahalko ditu, eta orduan bestelako ereduetan emandako botoek ez dute baliorik izanen.

Posta bidezko botoa

Hamaseigarrena.-Ikasleen gurasoek posta bidezko botoa erabil dezakete. Horretarako, botoa eta Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia edo nortasuna frogatzeko agiri baliokidea biltzen dituen kartazalak ikastetxeko hauteskunde batzordeari igorri beharko dizkiote, boto kontaketa egin baino lehen.

Hautesleek behar den dokumentazioa eskatuko diote hauteskunde batzordeari, eskubide hori erabili ahal izateko.

2. Hauteskunde batzordeak berekin gordeko ditu posta bidez jasotako botoak eta bozketa ixteko ordua iritsi baino lehentxeago hauteskunde mahaiari emanen dizkio. Geroago iristen diren botoak ez dira kontatuko.

Botoak kontatzea, aktak egitea eta hautetsiak aldarrikatzea.

Hamazazpigarrena.-1. Bozketa amaitutakoan, kasuan kasuko hauteskunde mahaiko kideak botoak kontatzen hasiko dira, jendaurrean.

Kontaketa bukatuta, mahaikide guztiek sinatu beharreko akta eginen da, honako datuok bildu beharko dituena: aurkezturiko hautagaien zerrenda eta bakoitzak lorturiko boto kopurua; eskola kontseiluko kide izateko aukeraturiko hautagaien zerrenda eta gerta daitezkeen postu hutsak betetzeko ordezkoen zerrendak, horietako bakoitzak lortu duen boto kopurua adierazita eta horren arabera ordenatuta. Hauteskunde mahaiek ikastetxeko hauteskunde batzordeari igorriko dizkiote aktak, hautaturiko hautagaien aldarrikapena egin dezan.

2. Bozketetan berdinketarik izanez gero, erabakia zozketa bidez hartuko da, hauteskunde mahaiak zuzenduta. Hauteskunde batzordeari igortzen zaion aktetan horren berri emanen da.

3. Hauteskunde batzordeak, mahaiek boto-kontaketa eta aktak egin ondotik, hautetsien aldarrikapena eginen du. Batzorde horren erabakien aurka errekurtso arrunta jarri ahalko da Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epearen barnean.

4. Ikastetxeko zuzendariak, hauteskunde batzordeburua den aldetik, Foru Agindu honen eranskinean ageri den ereduaren araberako akten kopiak igorri beharko ditu Hezkuntza Zuzendaritza Nagusira, (Ikasketak Antolatzeko Atala) sektore guztietako bozketak amaitu eta berrogeita zortzi orduko epearen barnean.

Izendapeneko postuak betetzeko prozedura

Hemezortzigarrena.-1. Hauteskunde Batzordeak eskatuko die ikastetxeko guraso elkarterik garrantzitsuenari eta ikastetxearen jardun eremuan garrantzitsuena den enpresa erakundeari eskola kontseiluko kide izateko ordezkariak izenda ditzaten.

2. Ikastetxeko guraso elkarterik garrantzitsuenak aukeratzen duen ordezkariak ikasleen gurasoen hauteskunde erroldan agertu beharko du. Horren kargualdia bi urtekoa izanen da, gehienez, eta ikasleen guraso hautetsiek kargua uzteko ezarri diren kasuetan berberetan utzi beharko dute eta, horiez gain, baita izendatu dituen guraso elkarteak erabakitzen duenean ere.

3. Ikasleen gurasoen elkarteak izendaturiko ordezkariak kargualdia amaitu baino lehen kargua uzten badu, elkarteak beste ordezkari bat izendatu beharko du, aurrekoaren kargualdia amaitzeko falta den denbora horretan aritu dadin. Bi hilabeteko epean izendapenik egiten ez bada, postua lortu ez zutenen artean boto gehien eskuratu zuen hautagaiak hartuko du toki hura, eskola kontseiluaren hurrengo berritze partziala egin arte.

4. Ikasleen guraso elkarterik garrantzitsuena izanen da kasuan kasuko irakaskuntza mota itundu horretako guraso gehien afiliaturik duen elkartea.

5. Ikastetxearen jardun eremuan garrantzitsuena den enpresa erakundeak izendatzen duen ordezkariaren kargualdia bi urtekoa izanen da, gehienez. Ordezkari horrek kargua utzi beharko du izendatzen duen enpresa erakundearen edo ikastetxeko titularraren erabakiz.

Eskola kontseilua eratzea

Hemeretzigarrena.-1. Hauteskunde Batzordeak hautetsien aldarrikapena egin eta ondoko hamar eguneko epearen barnean, zuzendariak ikastetxeko eskola kontseilua eratzeko bilkurarako deia eginen du.

2. Eskola kontseilua eraturik geldituko da ikastetxeko eskola komunitateko sektoreren batek ordezkariak hautatu gabe baldin baditu ere, sektore horri egotzi dakizkiokeen arrazoiengatik.

Zuzendariaren izendapena

Hogeigarrena.-1. Eskola kontseilua eratu ondoren eta, beti ere, 2002ko otsailaren 1a baino lehen, zuzendaria hautatuko da, kargualdia iraganik, kide bakarreko organo hori berritu beharra duten ikastetxeetan.

2. Zuzendaria izendatzeko Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren IV. tituluan ezarritako arauak erabiliko dira.

3. Zuzendariaren kargualdia Ikastetxeetako parte-hartze, ebaluazio eta gobernuari buruzko azaroaren 20ko 9/1995 Legearen azken xedapenetan lehenbizikoaren 6. puntuan eta Lege bereko bigarren xedapen iragankorrean ezarritakoaren araberakoa izanen da.

4. Zuzendaria izendatzeko erabakia Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, izendapena egin eta 10 eguneko epean. Erabaki horretan zuzendari berriaren izen eta abizenak agertuko dira.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena.-Azaroaren 20ko 9/1995 Legearen azken xedapenetan lehenbizikoaren hirugarren puntuan adierazitakoarekin bat etorriz, ikasmaila edo etapa bat baino gehiago duten ikastetxe itunduetan eskola kontseilu bakarra eratu ahalko da; horrelako kasuetan, zuzendari eta irakasle klaustro bakarra izanen dute ikastetxe osorako.

Bigarrena.-Ikastetxe itunduetako titularrak, zuzendariak eta hauteskunde batzordeak hautapen prozedura antolatzeaz arduratuko dira, hezkuntza komunitateko sektore guztiek parte hartu ahal izateko bide egokienak emanaz.

Hirugarrena.-Eskola kontseiluak eratu eta ikastetxe itunduen zuzendariak hautatu ondoren, gertatzen diren aldaketa guztiak Hezkuntza eta Kultura Departamentuari aditzera eman beharko zaizkio, Foru Agindu honetan ezartzen diren epeetan.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Azaroaren 20ko 9/1995 Lege Organikoa onetsi ondotik eskola kontseiluaren berritze partziala bigarren aldiz egiten denean, bigarren erdia osatzen duten hezkuntza komunitateko sektoreetako ordezkarien postuak berrituko dira. Bigarren erdi horren osakera, Foru Agindu honen bosgarren puntuko 1.a) atalean zehazten da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Hezkuntza zuzendari nagusiari ahalmena ematen zaio Foru Agindu honetan ezarritakoa aplikatu eta garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Bigarrena.-Foru Agindu hau igortzea Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari, Ikasketen Antolamendu eta Lanbide Heziketaren Zerbitzuari eta Ikasketak Antolatzeko Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Hirugarrena.-Foru Agindu honek Nafarroako Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta bateko urriaren hemeretzian.-Hezkuntza eta Kultura kontseilaria, Jesús María Laguna Peña.

E R A N S K I N A

Eskola kontseilukideak hautatu eta partez berritzea ikastetxe itunduetan (2001/2002 ikasturteko lehen hiruhilekoa)

1.-IKASTETXEA IDENTIFIKATZEKO DATUAK

Izena Herria

Telefonoa Faxa

Maila

2.-ESKOLA KONTSEILUAREN HAUTESKUNDE MOTA

f Lehenbizikoz hautatzen da kontseilua

f Partez berritzen da kontseilua:

f 1. erdia f Irakasleen sektorea

f 2. erdia f Gurasoen sektorea

f Ikasleen sektorea

f Administrazio eta zerbitzuetako langileen sektorea

3.-HAUTESKUNDEETAKO PARTE-HARTZEA ETA HAUTATUTAKO ORDEZKARIAK

Irakasleak Gurasoak edo tutoreak IkasleakAdministrazio eta zerbitzuetako langileak

Hautesleak osotara

Boto emaileak (Kopurua eta %)

Hautatutako ordezkari kopurua

4.-AURKEZTUTAKO HAUTAGAIEN ZERRENDA ETA IZANDAKO BOTO KOPURUA

Irakasleak Gurasoak edo tutoreak IkasleakAdministrazio eta zerbitzuetako lang.

Hautagaiak Botoak Hautagaiak Botoak Hautagaiak Botoak Hautagaiak Botoak

5.-ESKOLA KONTSEILUAREN OSAERA

A) Hautatu gabeko kontseilukideak

Kontseiluburua

Ikastetxeko titularraren ordezkariak

1.-

2.-

3.-

Ordezkari gehien dituen guraso elkartea

Enpresa erakundearen ordezkaria

B) Hautatutako kontseilukideak

B.1. (Kontseilua lehenbizikoz hautatzen bada)

Irakasleak Gurasoak edo tutoreakIkasleak Administrazio eta zerbitzuetako lang.

B.2. 1. erdia (............ko hauteskundeetan berrituak)

Irakasleak Gurasoak edo tutoreak Ikasleak

B.3. 2. erdia (............ko hauteskundeetan hautatuak/berrituak (1))

Irakasleak Gurasoak edo tutoreakIkasleak Administrazio eta zerbitzuetako lang.

(1) Ezabatu tokatzen ez dena.

6.-ORDEZKOEN ZERRENDA

Irakasleak Gurasoak edo tutoreak IkasleakAdministrazio eta zerbitzuetako lang.

Hautagaiak Botoak Hautagaiak Botoak Hautagaiak Botoak Hautagaiak Botoak

7.-HAUTESKUNDE MAHAIAK

Irakasleak Gurasoak edo tutoreakIkasleak Administrazio eta zerbitzuetako lang.

Kontseilukideen sinadura Kontseilukideen sinaduraKontseilukideen sinadura Kontseilukideen sinadura

Data Data Data Data

......................................................(e)n, ..................(e)ko ...............................aren .......(e)an

IKASTETXEKO ZUZENDARIA,

Iragarkiaren kodea: A0112824