109. ALDIZKARIA - 2002ko irailaren 9a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak

950/2002 FORU AGINDUA, abuztuaren 20koa, Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak emana, "Mendillorrin, iparraldeko aterabidearen eta Telleriako biribilgunearen artean Bide Berria Bikoizteko" proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideak okupatu aitzineko aktak egiteko dei egiten duena.

Herrilan zuzendari nagusiak uztailaren 30ean emandako 692/2002 Ebazpenaren bidez, behin betiko onetsi zen "Mendillorrin, iparraldeko aterabidearen eta Telleriako biribilgunearen artean Bide Berria Bikoizteko" proiektua, maiatzaren 15eko 402/2002 Ebazpenaren bidez jendaurrean jarri zena.

Nafarroako Gobernuak, uztailaren 22ko 169/2002 Foru Dekretuaren bidez, proiektuak ukitzen dituen ondasun eta eskubideen onura publikoa eta presako okupazioa deklaratu ditu.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitatearen Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen 23/1983 Foru Legearen 36.2 artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, eta Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legeko 52. artikuluarekin bat,

AGINDU DUT:

1. "Mendillorrin, iparraldeko aterabidearen eta Telleriako biribilgunearen artean Bide Berria Bikoizteko" proiektuak ukitutako eskubide eta ondasunen titularrei dei egitea Iruñeko udaletxean ager daitezen irailaren 27an, ondasun eta eskubide horiek okupatu aitzineko aktak eta, behar balitz, behin betikoak, egiteko.

2. Egintza horretara norberak joan beharko du, edo bere izenean aritzeko behar bezala ahalordetutako pertsona batek; titularra dela frogatzen duten agiriak eraman beharko ditu (eskritura publikoa, jabetza erregistroko ziurtagiria, etab.); egoki baderitzo, peritoak edo/eta notarioa eraman ditzake, baina, betiere, norberak ordaindu beharko die.

3. Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, Nafarroako Foru Komunitateko bi egunkaritan eta Iruñeko udaletxeko iragarki oholean argitaratu eta, banakako zitazio zedularen bitartez, ukitutako titularrei horren berri eman eta adieraziko zaie argitalpen hau Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legeko 59.5 artikuluan aipatzen diren ondorioetarako ere ematen dela.

5. Foru Agindu hau igortzea Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzuko Desjabetzapen Atalera eta Iruñeko Udalera.

Iruñean, bi mila eta biko abuztuaren hogeian.-Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilaria, José Ignacio Palacios Zuasti.

Iragarkiaren kodea: a0209244