109. ALDIZKARIA - 2002ko irailaren 9a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Agintariak eta Langileak

862/2002 EBAZPENA, apirilaren 29koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Anatomia Patologikoaren Ataleko buru izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia onesten duena.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Anatomia Patologikoaren Ataleko buru izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia onetsi da. Hona hemen deialdian bete behar diren

A R A U A K

1.-Arau orokorrak.

Deialdi hau arautuko duten xedapenak honakoak dira: azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretua, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako sarrera eta bertako lanpostuen hornidura arautzen dituena; urriaren 3ko 463/2001 Foru Agindua, Osasun kontseilariak emana, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan osasun arloko A mailako langileen (A.1 eta A.2 estamentuetakoen) zenbait lanpostutarako sarrera eta hornidura prozedurak arautu eta horietan erabili behar diren baremoak ezartzen dituena, eta gainerako arau osagarriak.

1.1. Deialdi honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Anatomia Patologikoaren Ataleko buru izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzea, Bideko Ama Birjina Ospitalean aritzeko (plantillako zenbakia 67522).

1.2. Atalburuaren lanpostua eskuratzen duen izangaia denbora mugagabez egonen da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari lotuta sendagile espezialista gisa; lotura organikoa izanen du bere lanlekua den ospitalearekin, eta funtzioen aldetik ospitale horretako Osasun Arloari atxikita egonen da. Anatomia Patologikoaren Ataleko buru izateko lanpostua sei urtez beteko du. Epe hori bukatzen denean, ebaluatu eginen da lanpostu horretan jarraituko duen ala ez erabakitzeko baino ez, eta hori azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren 16. artikuluan ezarri dena betez eginen da. Halaber, arestian aipatu den funtzioen araberako atxikipenari dagozkion jarduerak egin beharko ditu, betiere Zentroko Zuzendaritzak edo Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak ematen dituen arau eta jarraibideak betez.

1.3. Izendapena dela bide, izendatua Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren plantillako nominadun funtzionarioa izanen da, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioei buruz indarra duten xedapenetan ezarritako eskubideak eta betebeharrak izanen ditu.

1.4. Deialdiko lanpostua A maila edo taldekoa da, eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko "Sendagile espezialistak" estamentuan eta "Anatomia Patologikoa" espezialitatean sailkaturik dago (urriaren 20ko 11/1992 Foru Legea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen araubidea erregulatzen duena, Eranskina). Lanpostuko ordainsariak urriaren 20ko 11/1992 Foru Legean eta aplika daitezkeen gainerako xedapenetan ezarritakoak izanen dira.

1.5. Hautapen probak gainditu ondotik deialdi honetako lanpostua betetzeko izendatu eta funtzionario bihurtzen den izangaia Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko da, alta emanen zaio araubide horretan eta hark aurreikusten duen babesa izanen du.

1.6. Izendatutako izangaiak lanlekua duen herrian bertan bizitzeko betebeharra izanen du. Eskudun organo administratiboek lanlekua aldatu ahal izanen diote.

1.7. Lanaldia, goizez edo arratsaldez, zerbitzuaren beharretara moldatuko da lanpostua betetzen denean, eta organo administratibo eskudunek noiznahi aldatu ahal izanen dute.

1.8. Izendatutako izangaiak erabateko dedikazioz lan eginen du, hau da, gertutasun osoz, erabateko dedikazioz eta irabazizko beste inongo jardueratan aritu gabe ez arlo publikoan ez pribatuan, urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen 10.3. artikuluan adierazitako kasuetan izen ezik.

Horrez gain, guardiak eginen ditu, lanpostuan bertan dagoela edo/eta lanpostura deitua izateko gertu dagoela, ospitaleko zuzendaritzak edo, hark eskuordeturik, kasuan-kasuko burutzak hala agintzen duenean.

1.9. Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeak ezartzen duenez, osasun arloko profesionalek parte hartuko dute osasun arloko profesionalen graduatu aurreko, graduatu ondoko eta etengabeko irakaskuntzan, eta, era berean, biztanleen osasuna hobetzea helburu duten heziketa ekintzetan lagunduko dute.

2.-Izangaiek bete beharreko beharkizunak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek beharkizun hauek bete behar dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Espainiako herritarra izatea, edo Europako Batasuneko beste Estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko Estatu batekoa, Europako Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio; orobat, espainiarren eta Europako Batasuneko beste Estatuetako herritarren ezkontideek hartzen ahal dute parte, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.

b) Adin nagusikoa izatea.

c) Medikuntza eta Kirurgiako lizentziatura eta Anatomia Patologikoaren espezialitateko titulua edukitzea, edo eskabideak aurkezteko azken egunerako titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

d) Lanpostuaren eginkizunetan aritzeko gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko gaitasuna kenduta edo etenda ez edukitzea eta ezein administrazio publikoren zerbitzutik baztertua ez izatea.

f) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo Gizarte Segurantzaren Zerbitzu Hierarkiadunetan lanpostu bat jabetzan eduki izana, hartara iristeko espezialitate bat jabetzan izatea eskatu bada, edo Nazio Batzordeak kasuan kasuko espezialitatean irakaskuntzarako kreditatu programa duten ospitaleetan jabetzan edukitzea lanpostua, edota atzerriko zentroetan aritu izana baldin eta kasuko espezialitate horretan graduatu-ondokoentzako irakaskuntzarako programa onartua badute, gutxienez ere hiru urtetan.

Hala denean, zerbitzu eta ospitale horietan guztietan espezialitateko lanpostua betez egindako denbora aldiak batuko dira. Aldi berean lanpostu bat baino gehiago bete denean, aldi bakar bat bezala hartuko da.

2.2. Betiere, izangaiek eskabideak aurkezteko epearen azken egunerako bete behar dituzte beharkizun horiek, eta hautapen prozesu osoan eutsi behar diete, harik eta izendatu arte.

3.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Erregistroan aurkeztuko dira (Irunlarrea kalea, 39, Iruña, P.K. 31008), edo helbide horretara bidaliko dira posta ziurtatuaren bidez, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/92 Legearen 38.4. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, edo bestela lege horretan aurreikusitako gainerako lekuetan aurkezten ahal dira.

Eskabidea aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabideak deialdi honetan (I. eranskina) argitaratutako ereduaren arabera egin behar dira eta haietan izangaiek adierazi behar dute beharkizun guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.

3.2. Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Deialdiaren xedea den Atalaren antolakuntza tekniko eta administratiboari buruzko memoria-azterlana.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kontuan 25 euro ordaindu izana frogatzen duen agiria. Kopuru horrekin espedientearen formalizazioa eta azterketa eskubideak ordainduko dira.

c) Izangaiek azaltzen dituzten merezimenduen frogagiriak aurkeztu behar dituzte (jatorrizkoak edo notarioak zein administrazioak konpultsatu kopiak), deialdi honetan ezarritako baremoaren arabera.

d) 2.1.c eta 2.1.f. oinarrietan eskatzen diren beharkizunak betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkeztu behar dituzte (jatorrizkoak edo notarioak zein administrazioak konpultsatu kopiak).

Lanpostua eskuratzen duen izangaiak gainerako beharkizunak dokumentuen bidez egiaztatu beharko ditu lanpostua eskuratzen duen unean, deialdi honen 8. oinarrian ezarri den epe eta moduan.

3.3. Minusbaliotasunak dituzten izangaiek ariketak egiteko egokitzapenak eskatzen ahal dituzte, beharrezkoa izanez gero. Eskabidean adierazi behar dute zer-nolako minusbaliotasuna duten eta zein egokitzapen behar den. Halaber, minusbaliotasuna frogatu egin behar dute, erakunde eskudunek emandako agiria aurkeztuz.

3.4. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

4.-Izangai onartu eta baztertuen zerrendak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Administrazio eta Giza Baliabideen zuzendariak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko ebazpena emanen du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko.

4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hurrengo hamar egun baliodunetan, izangaiek erreklamazioak egin edota beren eskabideen akatsak zuzentzen ahalko dituzte.

4.3. Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, organo eskudunak oposizio-lehiaketa hutsik dagoela adierazteko ebazpena eman ahal izanen du. Ebazpen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko da.

4.4. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta ebatzita daudela, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Administrazio eta Giza Baliabideen zuzendariak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko.

4.5. Onartuen zerrendan agertzea ez da aski ebazpen honen bitartez abiatzen den prozeduran eskatu baldintzak betetzen direla onartzeko. Hautapen prozedura gainditu eta dokumentazioa aurkeztutakoan, baldintzaren bat betetzen ez bada, prozeduran parte hartzeagatik interesatuek izan ditzaketen eskubideak galduko dituzte.

5.-Epaimahai kalifikatzailea.

5.1. Epaimahai kalifikatzailean honako hauek izanen dira:

Mahaiburua: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari, zuzendariorde edo zerbitzuburu bat, medikuntza arloarekin zerikusia duena.

Mahaiburu ordezkoa: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari, zuzendariorde edo zerbitzuburu bat, medikuntza arloarekin zerikusia duena.

Mahaikidea: sendagile bat, kasuan kasuko espezialitatekoa, Espezialitateko Batzorde Nazionalak edo, bestela, Medikuen Elkargo Ofizialak izendatua.

Mahaikide ordezkoa: sendagile bat, kasuan kasuko espezialitatekoa, Espezialitateko Batzorde Nazionalak edo, bestela, Medikuen Elkargo Ofizialak izendatua.

Mahaikidea: sendagile bat, kasuan kasuko espezialitatekoa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak izendatua.

Mahaikide ordezkoa: sendagile bat, kasuan kasuko espezialitatekoa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak izendatua.

Mahaikidea: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen ordezkariek izendatu beharrekoa.

Mahaikide ordezkoa: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen ordezkariek izendatu beharrekoa.

Mahaikide idazkaria: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari, zuzendariorde edo langileen zerbitzuburu bat.

Mahaikide idazkari ordezkoa: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari, zuzendariorde edo langileen zerbitzuburu bat.

Epaimahaia hautapen proben aurretik eratuko da.

5.2. Epaimahaiaren osaera izangai onartu eta baztertuen zerrendarekin batera jarriko da jendaurrean.

5.3. Epaimahaia eratu eta aritu ahal izan dadin beharrezkoa da gutxienez kideen gehiengo osoa biltzea.

Talde-organo hori baliozkotasunez era dadin, beharrezkoa izanen da kide hauek biltzea: mahaiburua eta mahaikide idazkaria edo horien ordezkoak, eta gutxienez ere mahaikideen erdiak.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdi honen oinarrien interpretazio eta aplikazioaren inguruko arazoak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eskatu ahal izanen du proba batzuetarako edo guztietarako. Aholkularien jarduna eta Epaimahaiari emanen dioten laguntza beraien espezialitate teknikoen eremuetara mugatuko dira.

6.-Oposizio-lehiaketaren nondik-norakoa.

Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpenean berean adieraziko da oposizioko probak zein toki, egun eta ordutan hasiko diren. Gero, epaimahai kalifikatzaileak hurrenez hurren eta arauzko eran iragarriko ditu gainerako probak.

6.1. Deialdi honetako faseak hurrenkera honetan izanen dira: lehenik lehiaketa eta ondotik oposizioa.

6.2. Lehiaketa fasea eta balorazioa.

6.2.1. Lehiaketa fasean kalifikatu eginen dira izangaiek azaldu eta frogatutako merezimenduak, deialdi honi erantsitako baremoen arabera (II. eranskina).

Lehiaketa faseko balorazioa ez da izanen izangaiak baztertzekoa. Fase honetan gehienez 40 puntu bildu ahal izanen dira.

6.2.2. Merezimenduak baloratzean, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunera arte egindakoak baino ez dira kontuan hartuko. Geroago egindako merezimenduak ez dira aintzat hartuko.

Egindako zerbitzuak frogatzeko, zentroko zuzendariak edo langileburuak emandako ziurtagiriak aurkeztu behar dira, eta bertan nahitaez jarri behar dira datu hauek:

-Lantokia.

-Lanpostua, kategoria edo izendapena.

-Zerbitzuen emanaldien iraupena.

-Zerbitzuen ezaugarriak: finkoa, aldi baterakoa, ...

-Zerbitzuetan izan dituen jarraikortasun eta etenak (eszedentziak).

Enpresa pribatuko zerbitzuen kasuan, ziurtagiri horretaz gainera, Gizarte Segurantzako Diruzaintzak lanean aritu denborari buruz egindako txostena ere aurkeztu beharko da.

6.2.3. Merezimenduen baremoaren 1. ataleko balorazioan kontuan hartuko da deialdiko lanpostua "Sendagile espezialistak" estamentuan eta "Anatomia Patologikoa" espezialitatean sailkaturik dagoela, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko estamentu eta espezialitateetako izendapenen indarreko sailkapenaren arabera (urriaren 20ko 11/1992 Foru Legea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen araubideari buruzkoa, Eranskina).

6.2.4. Izangaiek oposizio-lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkezten duten unean azaldu behar dituzte beren merezimenduak eta, frogatu ere, une horretan frogatu behar dituzte, agirien bidez.

6.2.5. Epaimahaiak noiznahi eskatu ahal izanen ditu lehiatzaileek azaldutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.

6.2.6. Epaimahaiak baremoaren atal bakoitzean izangaien merezimenduak baloratuko ditu. Epaimahaiak inoiz ez du aintzat hartuko izangaiak aurretiaz azaldu eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du atal bakoitzerako ezarritako puntuazioa baino handiagorik eman.

Merezimendua azaldurik baina behar bezala frogatu gabe egonez gero, epaimahaiak interesatuari epea eman ahal izanen dio akatsak zuzendu ditzan.

6.2.7. Lehiaketa fasea bukatzen denean epaimahaiak jendaurrean azalduko du balorazioaren emaitza, hau da, izangaiek lortutako puntuazioak, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko iragarki-oholean jarriz.

6.2.8. Izangaiek berreskuratu ahal izanen dituzte aurkeztutako agiriak, berariaz eskatuz gero, izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta sei hilabete igaro ondorengo hilabeteko epean, salbu eta izangairen batek erreklamazioa jartzen badu, hala izanez gero agiriak luzaroago gorde ahal izanen baitira egiaztapenak eta frogak egin ahal izateko. Arestian aipatutako epean izangaiak agiriak berreskuratzen ez baditu, berreskuratzeari uko egin diola ulertuko da eta haien gaineko eskubidea galduko du.

6.3. Oposizio fasea eta balorazioa.

6.3.1. Oposizio fasean ariketa hauek eginen dira:

a) Deialdiaren xedea den Atalaren antolakuntza tekniko eta administratiboari buruzko memoria-azterlana azaldu eta defendatuko da epaimahaiaren aurrean. Memoria hori izangaiek oposizio-lehiaketan esku hartzeko eskabide orria aurkezten dutenean eman beharko dute.

b) Salbuespen gisa, epaimahaiak deialdiko lanpostuaren edukiari buruzko proba praktikoa egitea proposa dezake.

c) Halaber, epaimahaiko kideekin hitz egitea jendaurrean. Elkarrizketa horretan izangaiaren curriculuma eta merezimenduak aztertuko dira eta izangaia deialdiko lanpostuaren ezaugarriei zenbateraino egokitzen zaien begiratuko da.

6.3.2. Oposizioko a) eta b) atalengatik gehienez 25na puntu emanen dira, eta c) atalarengatik gehienez 10 puntu. Oposizio faseko lehen bi ataletako bakoitzean 12,5 puntu edo gehiago lortzen ez dituzten izangaiak baztertu eginen dira. Baldin eta epaimahaiak ez badu b) ataleko proba praktikoa proposatzen, a) ataleko ariketak 50 puntuko balioa izanen du eta bazterturik geratuko dira gutxienez 25 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak.

6.3.3. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala eraman beharko dute, edo epaimahaiaren iritziz identifikaziorako balio duen beste agiriren bat.

Ariketa egitera azaltzen ez diren izangaiak oposizio fasetik baztertuak izanen dira, eta bai, hala denean, epaimahaiak ezarritako egunean idazlanak irakurtzera azaltzen ez direnak ere.

6.3.4. Hautapen probetan, beharrezkoa izanez gero, minusbaliotasunak dituztenendako egokitzapenak egin ahal izanen dira, minusbaliatuek aurretiaz hala eskatzen badute beren eskabideetan.

6.3.5. Behin ariketa bakoitza bukatuta, epaimahaiak ariketa gainditu duten izangaien zerrenda eta bakoitzak lortutako kalifikazioak jendaurrean jarriko ditu Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko iragarki-oholean edo ariketa egiteko erabilitako lokaletan. Halaber, oposizioko hurrengo ariketa egiteko lekua, eguna eta ordua ezarriko ditu, hura hasi baino 48 ordu lehenago gutxienez.

7.-Azken puntuazioa.

Azken kalifikazioa ateratzeko lehiaketako eta oposizioko puntuazioak batuko dira.

Azken puntuazioetan berdinketa gertatuz gero, oposizio fasean puntuazio handiena duen izangaia lehenetsiko da. Hala ere berdinketak irauten badu, izangai zaharrena lehenetsiko da.

8.-Probak gainditzen dituzten izangaien zerrenda eta agirien aurkezpena.

8.1. Azken ariketaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak probak gainditzen dituztenen zerrenda, guztira lortuak dituzten puntuazioen araberako hurrenkeran, jendaurrean jarriko du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko iragarki-oholean. Gero, probak gainditu eta puntuazio handiena lortu duen izangaia izendatzeko proposamena eginen dio administrazio organo eskudunari, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

8.2. Proposatutako izangaiak, izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hurrengo 30 egun naturaletan, agiri hauek aurkeztu beharko ditu Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Langileria, Sarrera eta Sustapen Zerbitzuan:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren naziotasuna eta identitatea frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Zinpeko adierazpena, eginkizun publikoetan jarduteko gaitasuna ez diotela kendu ez eten eta ez dagoela inongo administrazioren zerbitzutik bazterturik adierazteko.

c) Laneko Arriskuei Aurrea hartzeko Zerbitzuak emandako txostena, interesatuak karguan aritzea eragotziko liokeen gaixotasun edo akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzeko.

d) Nafarroako Foru Eraentza errespetatzeko, Konstituzioari eta legeei men egiteko eta karguaren eginkizunak zintzo betetzeko zina edo agindua.

e) Egoitza-txartela, Europako Batasuneko herritarrak izanez gero.

f) Egoitza-baimena eta lanekoa, Europako Batasunetik kanpoko herritarrak izanez gero.

8.3. Eskabidean ehuneko 33ko edo gehiagoko minusbaliotasuna dutela adieraziz gero, izangaiek, aurreko agiriez gainera, minosbaliotasunak deialdiko lanpostuan aritzea ez diela eragozten frogatu behar dute, eskumena duten balorazio eta orientazio taldeek emandako agiriaren bitartez.

8.4. Inork agiri horiek goian adierazitako epean aurkezten ez baditu, behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezin izanen da izendatu eta haren jarduketa guztiak deuseztatu eginen dira, eskabidean gezurra esateagatik izan lezakeen erantzukizunaren kalterik gabe.

8.5. Aurreko atalean azaldutako kasuetan administrazio-organo eskudunak 8.1. oinarrian aipaturiko zerrendara joko du, oposizio-lehiaketa gainditu dutenen zerrendara alegia, eta hurren-hurrena dagoen izangaia jarriko du baztertutakoaren lekuan, eta horrekin ere aurreko ataletan adierazitako moduan jokatuko da.

9.-Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

9.1. Administrazio-organo eskudunak, egoki bada, aurreko oinarrietan ezarritako baldintzak betetzen dituen izangaia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako funtzionario izendatuko du ebazpen bidez, deialdiko atalburu lanpostuan jardun dezan.

9.2. Izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

9.3. Izendatutako izangaiak hilabeteko epean jabetu behar du lanpostuaz, izendapena jakinarazten diotenetik hasita. Epe horretan lanpostuaz jabetzen ez bada, ezinbesteko kasuetan salbu, Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioa izateko eskubide oro galduko du. Hala gertatuz gero, 8.5. atalean ezarritakoa beteko da.

9.4. Funtzionario bihurtu eta, lanpostuan jarduten hasi gabe, norberak eskatuta, lanpostuaz jabetzeko egunetik beretik borondatezko eszendentzia hartzen bada, egun horretan beste Administrazio Publiko baten zerbitzuan ari izateagatik, hutsik gelditzen den lanpostua ere 8.5 atalean ezarritakoaren arabera beteko da.

9.5. Izendatzen den izangaia sei urtez egonen da lanpostuan. Hortik mugiarazteko ezinbesteko arrazoiak behar dira, esaterako errendimendu nahikoa ez izateagatik nabarmen frogatu den gaitasun eza, eta horregatik lanpostuan beharrezkoak diren funtzioak ezin dituenean bete, edo lanpostuan aldaketak izan direlako, betiere aurrez interesatuak esan behar duena entzun ondoren eta dagokion esku-hartze organoaren txostena aztertu ondoren.

9.6. Izangaietatik inork ez badu gainditzen oposizio-lehiaketa, organo eskudunak oposizio-lehiaketa hutsik dagoela adierazteko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

9.7. Izendapenean eragina izan lezakeen errekurtsoren bat aurkezten bada deialdiaren, oposizio-lehiaketaren nondik-norakoaren edo ebazpenaren aurka, izendapena ez da irmoa izanen, eta administrazio bidean nahiz administrazioarekiko auzien jurisdikzioan errekurtsoari buruz eman beharreko ebazpenaren zain eta horren mende geratuko da.

10.-Errekurtsoak.

Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat, ebazpen honen kontra, berau garatzeko ematen diren behin betiko ebazpenen kontra eta gaiaren muinean zuzenean edo zeharka eragiten duten, prozedurak aurrera egitea galarazten duten edo defentsarik eza eragiten duten tramite-egintzen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izanen da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza argitara eman edo jakinarazten den egunetik hasita.

Iruñean, bi mila eta biko apirilaren hogeita bederatzian.-Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Víctor Manuel Calleja Gómez.

I. ERANSKINA

Eskabidea

.................. jaunak/andreak, adin nagusikoak; Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia (edo horren baliokidea den identitate agiriarena): ............ jaioteguna: ............ jaioterria: ................ naziotasuna: ...................... oraingo helbidea: ............... udalerria: .................. probintzia: ............. posta kodea: ............... etxeko telefonoa: ............ harremanetarako telefonoa: .................

Honakoa adierazi du:

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko ................... espezialitateko Atalburuaren ..... lanpostu betetzeko deialdian parte hartzeko onar dezatela eskatu nahi duela (deialdia ...... zenbakiko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, ...........(e)koan).

Ez duela kargu horretan aritzeko ezgaituko lukeen gaixotasunik ez akats fisiko edo psikikorik.

Indarra duten xedapenetan ezarritako ezgaitasunik ez duela.

Ez dutela diziplina espediente bidez ezein administrazio publikoren zerbitzutik kendu eta ez dagoela ezgaiturik funtzio publikoetan aritzeko.

Azterketarako eskubideak ordaindu dituela, deialdian ezarritako eran, eta ordainketaren agiriaren gordekina honekin batera aurkeztu duela.

Eskabideak aurkezteko epearen azken egunean beharkizun guztiak betetzen dituela. Deialdian ezarritako epe eta moduan agiri bidez frogatu beharko dira.

Deialdiko baremoen arabera alegatutako merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu dituela.

Oposizioaren fasean adierazi den memoria-azterlana aurkeztu duela.

f Baduela minusbaliotasuna, eta horregatik egokitzapena eskatu nahi duela (minusbaliotasunaren nondik norakoak eta behar diren egokitzapenak aparteko orrian azalduko dira)

Horregatik:

Eskabide hau onartu eta goian aipatu deialdian parte hartzen utz diezaiotela eskatu nahi du.

Iruñean, ....ko ........aren .........(e)an.

(Sinadura)

II. ERANSKINA

Merezimenduen baremoa

1. atala.-Egindako zerbitzuak. Ondokoak baloratuko dira:

1. Deialdiko lanpostuaren estamentu eta espezialitate beretan administrazio publikoetako zentroetan egindako zerbitzuak: 1,2 puntu urteko.

2. Edozein Administrazio Publikotan sendagile gisa egindako zerbitzuak: 0,6 puntu urteko.

3. Edozein Administrazio Publikotan beste estamentu batean egindako zerbitzuak: 0,15 puntu urteko.

4. Lehiaketaren kategoria berean, osasun zentro pribatuetan egindako zerbitzuak, Gizarte Segurantzan alta hartuta eta besteren kontura kotizatuz: 0,47 puntu urteko.

Ez dira bateragarri aurreko azpiataletako puntuazioak aldi berari buruzkoak direnean; urte bakoitzean haietako handiena hartuko da kontuan.

Atal honetan ez da aintzat hartuko 2.2. atalean adierazi denbora; egoiliar gisa egindako zerbitzuak Prestakuntza Espezializatua atalean baino ez dira kontuan hartuko.

Zerbitzu berezien egoeran egindako zerbitzuak, berriz, egoera horren adierazpenaren uneko lanpostuan egiten ari ziren zerbitzuak balira bezala zenbatuko dira.

Atal honetan gehienez ere 17 puntu emanen dira.

Baremo honetan aipatzen diren zerbitzuak urriaren 3ko 463/2001 Foru Aginduaren 9. artikuluan ezarritako arauen arabera konputatuko dira.

2. atala.-Prestakuntza, irakaskuntza, ikerkuntza eta hizkuntzak:

Deialdiko lanpostuarekin zerikusia duten merezimenduak baino ez dira baloratuko:

1. Unibertsitateko prestakuntza:

1.1. Lizentziaturako gradua bikain notarekin edo aparteko sariarekin, edo ikertzeko gaitasun nahikoa: puntu bat.

1.2. Doktore gradua: 2,5 puntu (Cum Laude: 0,5 puntu gehiago).

2. Prestakuntza espezializatua:

Egonaldia osorik egina izatea, dela MIR programaren bidez dela graduatu-ondokoentzako programa onartua duen zentro batean: 5 puntu.

3. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatu edo kreditatuko prestakuntza ekintzetan parte hartu izana: 0,025 puntu kreditu akademiko bakoitzeko (10 ikastorduko). Prestakuntzako ekintzaren ziurtagirian ikastorduen kopururik azaltzen ez bada, hura kreditu batekoa balitz bezala baloratuko da, eta ikasturte bateko iraupena agertzen bada, 12 kreditukoa balitz bezala. Azpiatal honetan gehienez 2,5 puntu jaso daitezke.

Orobat, nahiz erakunde antolatzailearen beharkizuna ez bete, prestakuntza baloratu eginen da Administrazioak agindua izan bada edo hark homologatu badu. Horien artean sartzen dira sindikatuek "Administrazio Publikoetako Prestakuntza Iraunkorreko Akordioen" barrenean antolatuak.

MIR espezialitate programan egindako ikastorduak ez dira kontuan hartuko atal honetan.

4. Kongresu eta jardunaldietan aurkeztutako ponentziak eta komunikazioak:

Nazioartekoa: lehen hiru sinatzaileak: 0,20 puntu. Gainerakoak: 0,05 puntu.

Naziokoa: lehen hiru sinatzaileak: 0,10 puntu. Gainerakoak, 0,025 puntu.

Autonomia Erkidegokoa: lehen hiru sinatzaileak: 0,05 puntu. Gainerakoak: 0,0125 puntu.

Gehienez 4 puntu.

5. Administrazio edo erakunde publikoen beka edo sariren bat jaso duten lan zientifikoak edo ikerlanak: 2 puntu, nazioartekoak badira; puntu bat, naziokoak edo erkidegokoak badira; gehienez ere, 3,5 puntu.

6. Aldizkari espezializatuetan argitaratutako idazlanak: lehenbiziko hiru sinatzaileei 0,2 puntu; gainerakoei, 0,05 puntu; gehienez 3 puntu.

7. Argitaratutako liburuak: egile nagusia bada, 0,4 puntu; laguntzailea bada, 0,2 puntu. Gehienez ere, 2 puntu.

8. Frantsesez, ingelesez edo alemanez jakitea, ofizialki egiaztatuta, Europako Batasunean erabilera ofizialeko hizkuntzak direnez: 1,6 puntu, hizkuntza bakoitzeko. Hizkuntza Eskola Ofizial batek emandako Gaitasun Agiririk edo ofizialki baliokidetzat jotako titulaziorik ez izatera, Hizkuntza Eskola Ofizial batean gainditu maila bakoitzari dagokion gehieneko puntuazioaren bostetik bat emanen zaio.

9. Irakasle lana sektore publikoko edo unibertsitarioko prestakuntzan: 0,3 puntu, 10 orduko irakastaldia edo kreditu akademikoa. Gehienez ere, 3 puntu.

10. Bekak edo prestakuntzako egonaldiak: 0,2 puntu, hilabetea. Gehienez ere, 2 puntu.

11. Sektore publikoan ofizialki eratu organo zientifiko-teknikoetan, kontsultakoetan edo aholku-emaileetan, gutxienez urtebetez parte hartzea: 0,2 puntu, urte bakoitzeko. Gehienez ere, 2 puntu.

Bateragarriak dira ikerlan beraren komunikazioa, ponentzia eta argitalpena.

Deialdiko lanpostuan aritzeko gaitasunik ematen ez duten titulu ofizialak ez dira merezimendutzat hartuko.

Atal honetan, denetara, ez da 19,8 puntu baino gehiago emanen.

3. atala.-Euskaraz jakitearen balorazioa:

Eremu euskalduneko lanpostuak eskuratzeko, euskaraz jakitea merezimendu kualifikatu gisa baloratu behar denean, gehienez ere % 10a gehituko zaio frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteagatik ematen den puntuazioari.

Eremu mistoan, euskaraz jakitea merezimendu gisa baloratu behar denean, gehienez ere % 5a gehituko zaio frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteagatik ematen den puntuazioari.

Bi kasuetan, eta Hizkuntza Eskola Ofizial batek emandako Gaitasun Agiririk edo ofizialki baliokidetzat jotako titulaziorik ez bada, Hizkuntza Eskola Ofizial batean gainditu maila bakoitzari dagokion gehieneko puntuazioaren bostetik bat emanen zaio, edo Nafarroako Gobernuak antolatu ikastaroetan gainditu urrats bakoitzari ematen zaion gehieneko puntuazioaren hamabitik bat.

Iragarkiaren kodea: a0205283