108. ALDIZKARIA - 2002ko irailaren 6a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

L E R I N

Ordenantza behin betikoz onetsirik

Udalbatzak Etxeko animaliak, eta bereziki zakurrak, edukitzea arautzen duen ordenantza onetsi zuen, behin betikoz, 2002ko uztailaren 9an egin osoko bilkuran. Hona hemen testu osoa:

ETXEKO ANIMALIAK, ETA BEREZIKI ZAKURRAK, EDUKITZEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Xedea

1. artikulua. Etxeko animaliak eta bereziki zakurrak edukitzea arautzea da ordenantza honen xedea.

2. art. Ordenantza honi doakionean, gizonak lagun egiteko eduki edo baliabideak ateratzeko hazten dituen animaliak dira etxekoak.

Zakurren inskripzioa

3. art. Zakur guztiak Udalaren erroldan inskribatu beharko dira.

Alta edo bajarik izanez gero, jabeak hori gertatu eta, gehienez ere, hogeita lau orduko epean jakinarazi beharko dio Udalari. Zakurraren jabeari dagokio hori egitea.

4. art. Alta izanez gero, Nafarroako Gobernuko Albaitaritza Zerbitzuek edo albaitari partikularrek txertatu eta aztertuko dute, animaliaren nortasun agiria eta xafla emanen dizkiotelarik.

5. art. Hiltzeagatik gertatutako baja izanez gero, albaitariaren esanetara egonen da. Hark, zakurra aztertu ondoren, non eta noiz ehortzi behar duen adieraziko dio jabeari.

Txertaketa

6. art. Zakur guztiei urtero jarri beharko zaie txertoa. Jabearen ardura da zakurra eramatea txertoa jartzera.

Zakurrei txertoa jarri ondoren, identifikaziorako txipa ezarriko zaie.

7. art. Amorruaren kontrako txertoa urtero eman behar denez eta hura ezartzea errazagoa izan dadin, Alkatetzak multzoka txertatzeko lekua, ordua eta epea adieraziko ditu, bai eta dagozkien tasak ere.

8. art. Animaliarengan eritasun aztarnarik, bizkarroirik edo zauririk agertuz gero, zakurren jabeak albaitariarengana jotzera beharturik egonen dira, eta hogeita lau ordu baino lehen, Nafarroako Gobernuko Albaitaritza Zerbitzuak agintzen duen tratamendua egin beharko dute.

Eritasun kutsakorrik badela egiaztatuz gero, zakurra bakarrik utziko da, horretarako adieraziko den udal lokalean, inguruabar hori desagertu delako ziurtagiria egin arte.

Debekuak

9. art. Udal mugapeko edozein alderditan debeku da zakurrak lepokorik edo urteko nortasun eta txertaketa txipik gabe ibiltzea. Horren ordez zakurra identifikatzeko txartela aurkez daiteke, hartan jabearen izena eta identifikazio zenbakia, baita txertaketa data ere, agertzen badira.

10. art. Debeku da zakurrak Leringo hirigunean barna eta gurpildun ibilgailuetarako karrika edo errepideetan deslai ibiltzea.

Alde horietan, zakurrek gehienez ere 1,50 metroko hede sendo edo kate batetik arduradun bati loturik ibili behar dute, eta, nahitaez, muturrekoa ezarrita.

11. art. Leringo udal mugapearen barnean, biziguneen inguruan hiri lurzorutzat harturik dauden aldeetan, zakurrak ibili ahal izanen dira muturrekoa ezarrita, hede edo katerik gabe, arduradunarekin joanez gero.

Hala ere, zakurrarekin batekin doan arduradunak aitzineko kapituluan ezarritako baldintzak dituen hedea edo katea eraman beharko du beti aldean, zakurrari kontzeko, horrek jendeari traba egin edo gauzei eta bide eta eremu publikoei eta, oro har, natur inguruneari kalte egiten ahal badie.

12. art. Udal mugapeko alde guztietan, aitzineko hiru artikuluetan aipatu betebehar horiek bete gabe dabiltzan zakurrak osasun publikorako arriskutzat hartuko dira eta Foru Gobernuko Albaitaritza Zerbitzuak bildu eta atxikiko ditu.

13. art. Beren arduradunek behar bezala kontrolatzen ahal ez badituzte, debeku da leku horietan animaliak edukitzea. Animalia baten edukitzaileak behar bezalako neurriak hartuko ditu hirugarrenei edo hauen ondasunei kalterik ez trabarik egin ez diezaien.

Hiru hilabe baino zaharragoak badira, gehienez ere lau zakur eduki daiteke, huraxe baita Ingurumena babesteko jarduera sailkatuen kontrolaren gainean otsailaren 15eko 32/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamenduak ezartzen duen muga jarduketa bat kaltegabetzat hartzeko eta, beraz, jarduera sailkatuaren espedienterik behar ez izateko.

14. art. Debeku da zakurren edo bertze edozein animaliaren gorotzik uztea parkeetan, lorategietan edo erabilpen publikoko bertze edozein alderditan, Leringo hiri barnean.

Agindu honek ezartzen duen debekua bete beharrez, animaliaren edukitzaileak, eta bereziki zakurraren edukitzaileak, hark delako alderdietan uzten dituen gorotzak bildu beharko ditu.

15. art. Debeku da zakurrak edozein saltoki edo garraiobide publikotan sartzea, katea eta muturrekoa ezarriagatik ere eta arduradunarekin badoaz ere. Eraikinetan igogailua erabiltzea ere debeku da. Salbuespena itsu-zakurren kasua da, baina horiek espreski baimendu beharko dira.

16. art. Jabego partikularreko barrutietako zakur zaindariak libre egon ahal izanen dira, baldin eta barruti horiek eremu publikoari erabat itxita badaude, zakurrak hesiz kanpora jauzi egin ahal izan ez dezan. Jabea zakur zaindaririk badagoela gaztigatzera beharturik dago, aise irakur daitezkeen plakak ikusgai paratuz zainpeko barrutiko sarrera guztietan.

Erantzukizunak

17. art. Animalia baten edukitzaileak baldintza onetan atxiki behar du higienearen eta osasunaren aldetik eta aurrea hartzeko edozein tratamendu egin beharko du hura nahitaezkotzat jotzen bada.

18. art. Jabearen erantzukizun subsidiarioa deusetan ukatu gabe, animalia baten edukitzailea:

a) Erantzule izanen da jendeari, gauzei, bide eta eremu publikoei eta, oro har, natur inguruneari kalte edo traba egiten badie, kasuan-kasuan aplika daitekeen legeari jarraikiz.

b) Halaber, ardura izanen du animaliek bide eta eremu publikoak zikintzea galarazteko.

c) Orobat, ardura izanen du bere animaliak zaunkaka edo zalapartaka hasten badira, berehalakoan horiek isilarazteko, batez ere gaueko hamarretatik goizeko zortziak arte gertatzen denean, eta neurriak hartzeko handik goiti horrelakorik berriz ere gerta ez dadin.

Zakurrak edo bertzelako animaliak bildu eta atxikitzea

19. art. Bere eskumenen esparruan, Leringo Udalari dagokio:

a) Animalia abandonatuak biltzea.

b) Lagun egiteko animaliak dekomisatzea, baldin eta tratu txar edo tortura zantzurik bada, unadura edo desnutrizio itxurak badituzte, edo behar ez bezalako instalazioetan badaude.

20. art. Horretarako izendatzen den lokalera eraman eta gero ezin bada zakurraren jabea nor den jakin, edo eta zakurra harrapatu eta hirurogeita hamabi orduko epean jabeak eskatzen ez badu, animalia saldu, hil edo ikerketak egiteko ematen ahalko da. Gero ez da izanen erreklamaziorik egiteko eskubiderik.

21. art. Bildutako edozein zakur delako lokaletik atera ahal izateko, nahitaezkoa izanen da txertoaren eta identifikazioaren ziurtagiria aurkeztea eta ematen diren gainerako betebeharrak betetzea, baita sortutako tasak, gastuak eta isunak ordainduak izatea ere.

22. art. Bertze zakur bati ausiki egin dionean, gizaki bati ausiki egin dionean edo ohiz kanpoko oldarkortasuna adierazten duenean, zakurra horretarako izendatzen den lokalera eraman beharko da, albaitari batek azter dezan. Albaitariak susmatzen badu amorru zantzurik badela, zakurra bakartu eginen da berehala, aztertu ahal izateko. Albaitariak kasu horietarako ezarririk dagoen arauen ariora jokatuko du.

23. art. Jabeek ordainduko dituzte animaliak bildu eta kontrolatzeak sorrarazten dituen gastuak.

Arau-hausteak

24. art. 1. Ordenantza honi doakionean, arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

2. Honako hauek dira arau-hauste arinak:

a) 7/94 Foru Legearen 10. artikuluaren ariora, lagun egiteko animalia bat erroldan sartu gabe edukitzea.

b) Animaliak identifikaturik izateko arautegia ez betetzea edo animalia identifikagarririk gabe edukitzea.

c) Zakurrak hiriko eremu publikoetan eramatea hede edo kate batez lotu gabe eta muturrekorik gabe.

d) Eremu publikoak lagun egiteko animalien gorotzez zikindu eta ez garbitzea.

e) Herriaren inguruan hirilurretan sailkatutako eremuetan zakurrak muturrekorik gabe ibiltzea.

f) Beren zakurren zaunkak ez isilaraztea, bereziki gaueko hamarretatik goizeko zortziak bitartean gertatzen denean.

3. Honako hauek dira arau-hauste larriak:

a) Animaliak behar duten mantenurik gabe edukitzea.

b) Animaliak behar bezalako higiene eta osasun baldintzarik ez duten muntaduretan edukitzea, edo higiene eta osasun baldintza txarretan edukitzea.

c) Animaliak zikiratzea, mutilatzea edo hiltzea albaitariaren kontrolik gabe edo 7/94 Foru Legeak ezarritako baldintza eta betebeharren kontra.

d) Animaliei txertorik ez jartzea edo osasun agintariek nahitaezkotzat jo dituzten tratamenduak ez ematea.

e) Osasun zerbitzu ofizialei ez ematea aditzera nahitaez deklaratu beharreko gaitzak.

f) Elikagaiak prestatu, erabili edo biltegiratzen diren tokietara animaliekin sartzea.

g) Animaliak saltzea bizkarroiak edo eritasunak dituztela edo eritasunik ez dutelako albaitariaren ziurtagiririk gabe.

4. Honako hauek dira arau-hauste oso larriak:

a) Animalien kontra ankerkeria, tratu txarra eta eraso fisikoak erabiltzea.

b) Animalia abandonatzea, bai bizirik, bai hilik.

c) Arau-hauste larrietan berrerortzea.

Zehapenak

25. art. Arau-hauste arinek 30,05tik 60,10 euro bitarteko isunak izanen dituzte zehapen; larriek 60,10etik 150,25ra bitartekoak, eta oso larriek 150,26etik 300,51 euro bitartekoak.

26. art. Etxeko animalien kontrako arau-hausteengatik irekitzen diren zehapen espedienteak eratu eta ebazteko ahalmena dagokio:

a) Alkateari edo zeinegotzi eskuordeari, arau-hauste arinak badira.

b) Udalaren osoko bilkurari, arau-hauste larriak edo oso larriak badira.

Erantzukizun zibila

27. art. Ordenantza honek aurreikusten dituen zehapenetako edozein ezartzeak ez du erantzukizun zibila galarazten, ez eta zehatuak kalte-galerengatik pagatu behar dituzkeen ordainak ere.

Animalien babesa

28. art. Animalien babesari doakionean, maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legean xedatzen dena izanen da araua.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Ordenantza honetan ezartzen ez den orotan aplikatuko dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/90 Foru Legea; Ingurumena babesteko Jarduera Sailkatuen Erregelamendua, otsailaren 15eko 32/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsi zena; Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Legea eta uztailaren 24ko 188/86 Foru Dekretua, Abeltzaintza Ustiategiak baimentzeko higiene, osasun eta ingurumen arloko baldintza teknikoak ezartzen dituena.

Lerinen, bi mila eta biko uztailaren bederatzian. Alkatea, Jesús Ibarrola.

Iragarkiaren kodea: A0207813