108. ALDIZKARIA - 2002ko irailaren 6a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

ERABAKIA, uztailaren 22koa, Nafarroako Gobernuak hartua, "Getze-Galarko goi-ordokiko industrialdearen Plana", Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak sustatua, Udalez gaindiko Plan Sektoriala deklaratu eta hari dagokion espedientea jendaurrean jartzen duena, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legean ezarritako ondorioetarako.

Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak, 2002ko ekainaren 18an, "Getze-Galarko goi-lautadako industrialdearen Plana" aurkeztu du, Udalez gaindiko Plan Sektorial gisa tramitatu eta onets dadin.

Agiri horretan industri jarduketa justifikatzen da, besteak beste, Planaren helburua industri lurzoru antolatua sustatzea dela adieraziz, zerbitzu eta azpiegitura guztiez hornitua, Iruñerrian industri jarduerak ahalbidetu eta sustatzeko eta, horrekin batera, Foru Komunitateko industri lurzoru publikoaren sarea osatzeko.

I.-Jarduketa eremuaren deskripzioa.

Planaren xede den industrialdea Getze-Galarko goi-lautadan kokatzen da eta Noaingo (Elortzibar), Galar eta Beriaingo lurrak hartuko ditu. Lur horietako batzuk POSUSAren instalazioek potasa produkziorako okupatzen zituztenak dira, eta gainerakoak emankortasun baxuko nekazaritza lurrak edo lur elkorrak dira.

Eremu horren mugak, iparraldetik, "RENFEko merkantzien geltokia -N-121- Garraioaren Hiria" bide intermodala egiteko erreserbatu diren lurrak dira; ekialdetik, Potasasenak ziren instalazioak eta beste industri instalazio batzuk; mendebaldetik, Enagaseko estazioko bidea eta estazioa bera, eta hegoaldetik, Alaizko Bidea. Eremu horretan bi gune bereiz daitezke: goi-lautadaren plataforma, laukizuzen baten itxurakoa eta horizontal samarra, eta beste plataforma bat, beherago, aipatu bide intermodalaren beste aldean kokatua, egungo trenbidearen baztergunea dagoen tokian.

Lurren titulartasuna mistoa da. Lurzati handi batzuk Nafarroako Gobernuarenak edo beste entitate publiko batzuenak dira, eta jabetza pribatuko lursailak ere badira, hainbat jaberenak.

Eremu horretan dauden azpiegiturei dagokienez, honako hauek aipatu behar dira:

-Trenbidearen baztergunea, Castejón-Altsasu lineari lotua.

-POSUSAko industri instalazioak hornitzeko linea elektrikoak, horietako batzuk zerbitzu ematen segitu behar dutenak, eta Ezkirotz-Morea linearen adar bat, industrialdearen zati bat gurutzatzen duena, Getzeko eraldaketa zentroa elikatzeko.

-POSUSAren lehengo instalazioen ur hornidura eta saneamendurako hodiak, eta Alaizko errepideko arekan biltzen diren euri-uren hodi igorle bat.

-Industri uren tratamendu sistema eta instalazio horien drainatze sistema, ingurumenaren errekuperaziokoa eta Getzeko Idoitik datorren infiltrazio ura partez biltzeko pantalla.

-Instalazio horietarako gas horniduraren kondukzioa.

II.-Lurralde eta Udal Planeamenduaren ingurukoak.

Iruñerriko Hirigintza Arauetan, UPSren barruko lurrak enplegu eremu gisa mugatzen dira. Arauen arabera "eremu horietan industria edo hirugarren sektoreari loturiko erabilera eta jarduera ekonomikoak aurreikusi dira." Eremu horiek Hirigintza Arauetan grafiatu dira gutxi gorabehera eta, haiei dagokienez, bertan ezartzen da "etorkizuneko planeamenduari dagokiola esparrua mugatzea, eta hura garatzeko baldintza funtzional eta formalak zehaztea".

Udal planari dagokionez, Galarko Udal Planaren arabera, Plan Sektorialean sartutako lurzorua "jarduera ekonomikorako" lurzoru urbanizagarrien sektore batean dago. Planaren arautegian aurreikusten da eremu hori Plan Bateratu baten bidez edo Udalez gaindiko Plan Sektorial baten bidez garatu beharko dela.

Bestalde, Noaingo Udal Planak (Elortzibar), POSUSAren lurrak eta antzinako trenbidearen baztergunea hiri lurzoruen sailean sartzen ditu. UPSren barrenean diren udalerri horretako gainerako lurrak emankortasun ertaineko nekazaritza lurzoru urbanizaezinak dira, bide intermodalaren trazadurak ukituriko eremua izan ezik, hori afekzio berariazkoen lurzoru urbanizaezintzat (aldez aurreko azpiegiturak) hartua baitago.

Azkenik, UPSak Beriango udalerriko eremu txiki bat hartzen du, hango Udal Planaren arabera, erabilera publikoko bide bat egiteko aurreikusia dena, industriako hiri lurzoruko unitate baten barrenean.

III.-Planaren ezaugarrien deskribapena.

Proposaturiko poligonoak bi zona ditu, han dauden bi plataforma edo terrazekin bat datozenak: batetik, goiko terraza, aurreikusitako industri eremua hartuko duena, GONVAUTOko instalazioetatik eremuaren mendebal-mendebaldeko mugaraino, eta bestetik, beheko terraza, egun trenbideari loturiko kargatokiak hartzen duen eremua. Poligonoak orain dauden instalazio eta azpiegitura batzuk erabiliko ditu, baita aurreikusita dauden beste batzuk ere, batez ere egin asmo den bide intermodala eta trenbideko baztergunea. Industrialdearen mugen barrenean izanen dira Subitzako Potatasen instalazioetara sartzeko zeuden bideak, bide publiko gisa sailkatuko baitira.

Antolamenduan, industrialdea kanpotik inguratuko duen berdegune bat aurreikusi da. Gainera, ekipamendu anitzerako bi lurzati daude bertan, erabilera pribatukoak, eta ekipamenduetarako beste bat, erabilera publikokoa, industrialdean sartzeko aurreikusi den sarbide nagusiaren ondoan. Bide-erreserba batzuk ere aurreikusi dira azpiegituretarako, gero batean, Iruñerriko edo Galarko bideekin lotzeko edo industri lurzorua industrialdetik mendebaldera handitzeko erabil daitezkeenak.

Bestalde, jarduketa eremua azaltzeko atalean adierazi bezala, azpiegitura jakin batzuk bertan egoteak baldintza batzuk betetzea dakar berekin. Hortaz, industri eremuaren barrenean azpiegitura hauek sartu dira:

-Industria eta ingurumenaren arloko kudeaketa sistema: sakoneko zundatze-lanetarako instalazioak, egun erabiltzen direnak. Drainatze-kolektore batzuk bertara iristen dira.

-Trenbide azpiegiturak: tren bidezko kargak kudeatzeko baztergune bat (hangarrak, maniobratzeko eta RENFEk baimenduriko lotunearekin elkartzeko burdinbideak eta instalazio osagarriak).

Antolatu diren azalerei dagokienez, hauek dira daturik aipagarrienak:

Lurzoru ubanizagarria:

-Industri lurzorua: 259.925 m2.

-Erabilera anitzeko ekipamenduetarako, publikoa zein pribatua: 13.945 m2.

-Berdegune publikoak: 48.148 m2.

-Bideak eta azpiegiturak: 26.323 m2.

Lurzoru urbanizagarrian antolaturiko eremua, guztira: 348.339 m2.

Azalera eraikigarria:

-Industriala eta erabilera anitzekoa, beheko solairuan: 161.843 m2.

-Behegainean industriala eta goiko solairuetan erabilera anitzekoa: 23.381 m2.

Atxikitako sistema orokorrak:

-SG1. Industria eta ingurumenaren arloko kudeaketa sistema: 1.634 m2.

-SG2. Trenbideetako azpiegiturak: 69.529 m2.

Plana kudeatzeko, Banaketa eremu bakarra planteatzen da, 0,591 m2/m2-ko eredu-aprobetxamendua izanen duena, eta Exekuzio Unitate bakarra, lehen aipaturiko bi sistema orokor atxikiak izanen dituena, eta urbanizazio proiektuen bidez ematen ahal zaion garapena. Jarduteko sistema gisa desjabetzapena aurreikusi da.

Azkenik, kalkulaturiko aurrekontua, BEZa barne, 5.739.825 eurokoa da. Kostu horri kalte-ordainena gehitu beharko zaio (aldi baterako okupazioei, uztei, zortasunei eta lurren desjabetzapenei dagokiena), 725.000 eurotan kalkulatua.

IV.-Bide sistemarekin eta beste azpiegitura batzuekin egin beharreko loturak.

-Bide sistema: bide intermodaletik sarbide zuzena egitea planteatzen da, azelerazio eta desazelerazio errei bana jarrita. Posusako instalazioetako egungo bidea ere sartu da. Erreserba bat egitea proposatzen da, industrialdea trenbidearen baztergunearekin lotzeko bidea egiteko.

-Energia elektrikoa: industrialdean dagoen eraldaketa zentrotik hartuko da, proiektatu diren aldaketak egindakoan.

-Ur hornidura: N-121 errepidearen ondotik doan Iruñerriko Mankomunitearen saretik hartzea aurreikusi da.

-Euri-urak: Elortz ibaira isurtzea aurreikusi da, kolektore baten bidez.

-Ur beltzen sarea: egungo sarearekin hainbat tokitan konektatuko da. Konexio batean, Elortz ibaiaren azpitik sifoi bat jartzea aurreikusi da, xedeko putzua ibaiaren beste aldean baitago.

-Gas hornidura: Gonvautori hornidura emateko kondukziotik eginen da.

-Telefonoa: Enagasen instalazioetatik hurbil doan saretik hartuko da.

V.-Hirigintza arloko zehaztapenak.

Plan Sektorialak bide intermodal berritik sarbide zuzen bat egitea proposatzen du, baina proposamen hori Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak baloratu beharko du. Bestalde, bide berri hori eginez gero, trenbidearen lehengo baztergunera iristeko egun dagoen bidea kendu beharko da, eta Planean ez dago aurreikusita hura berregitea. Aldaketa hori ere baloratu beharko litzateke.

Lagapen eta erreserbei dagokienez, zera adierazi beharra dago:

-Planak 186 aparkatoki aurreikusi ditu bide publikoetan, eta lurzatietan behar diren aparkatokiak sartu beharra ezartzen du, indarreko legediak eskatzen dituenak hain zuzen. Aparkatoki horiek (Planaren memoriaren arabera 481) lurzatien aurrealdean izanen dira, lur horiek Planaren arabera erabilera publikoko espazio libre pribatutzat definituta baitaude. Hori horrela, Planean aurreikusitako aparkatoki kopurua 667 da, indarreko legeek eskatzen dutena adina.

Dena dela, aurkeztutako lurzatiketa gutxi gorabeherakoa denez, Arautegian adierazi beharko da, atal berezi batean, lurzatiren bat bereizten bada eta bereizketa horrek, aparkatokien kalkulua egitearen ondorioetarako, lurzatiaren kategoria aldaketa badakar, erabilera publikoko beste espazio bat gaitu beharko dela, gelditzen diren lurzatien azalera garbiaren kontura, behar diren aparkatokiak hantxe jartzeko.

-Erabilera eta jabari publikoko espazio libreetarako eta ekipamenduetarako erreserbak aplikagarri diren arauek ezarritako estandarren araberakoak dira. Ekipamendueratako lurzoru publikoan 0 m2-ko eraikigarritasun indizea ezarri da; datu hori argitu edo justifikatu beharko litzateke.

10/94 Foru Legearen 62. artikuluaren arabera, plan sektorialetan lurzoru urbanizagarriei buruz ezartzen diren determinazioek plan partzialetan adierazten direnen zehaztapen maila berbera izanen dute. Horregatik, antolamenduaren planoetan honako alderdi hauek adierazi beharko lirateke:

-Bideetako sestren profilak, luzerakoak eta zeharkakoak.

-Mugigarritasuna mugatua duten oinezkoendako ibilbideen sarea, arkitekturako eta hirigintzako oztoporik gabekoa.

Bestalde, Galarko Udal Planak, Potasasen lehengo instalazioei buruz ari dela, ezartzen du hango eremu bat, zehazki lohi-baltsa, goi-ordokia eta hango ezpondak hartzen dituena, Plan Bateratu baten edo UPS baten bidez antolatu beharko dela. Espediente honen xede den industrialdearen diseinuan jarduketaren bide nagusia luzatzeko bide-erreserba bat egitea proposatu denez, eta horrek industrialdea alde hartara handitzea ekarriko duenez, egoki litzateke lur horietan jarduketa sistema bat aurreratzea, ikuspegi bateratu bat izateko.

Azkenik, proposaturiko azpiegiturak ikusirik eta beste ukipen batzuk ere izan daitezkeela kontuan harturik, bidezkoa da Plan hau sustatzen duen Departamentuak, espedientea onetsi aurretik, ondoko txosten hauek aurkeztea:

-Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren txostena, komunikazio-bideen gaineko afekzioei buruzkoa eta eremuan sartzeko hautabideei buruzkoa.

-Iruñerriko Mankomunitatearen txostena, ukituko diren zerbitzu komunei buruzkoa.

-Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren txostena, ondare historikoaren babesaren ingurukoa.

VI.-Ingurumen arloko zehaztapenak.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak Ingurumenaren gaineko Afekzioen Azterketaren analisia egin du. Aurkeztutako dokumentazioan erreferentzia orokorrik ez dela egin ondorioztatu du, eta horrek Ingurumenaren gaineko Afekzioen Azterketaren fidagarritasuna gutxitzen duela; adibide gisa, lur mugimenduen kapitulua (indusketa eta zelaitze-lanak) aipatzen du, lan horiek norainokoak izanen diren jakiteko bide bakarra aurrekontuak ikustea baita, izan ere, gastu orokorraren ehuneko hemezortzi hartuko dutela adierazten da.

Ildo horretan, industrialdea egiteak azaleko eta sakoneko drainatze-sistemaren gainean izanen duen eragina zehaztea falta da, izan ere, sistema hori Potasas de Navarrak erabiltzen zuen berbera izanen da. Zehaztu beharko litzateke, halaber, sisteman egin beharreko aldaketak, hura erabili eta mantentzeko ardura norena den, eta kendu edo erabiltzetik utzi behar diren elementuak.

Ur gazia edo gatz-jalkinak dituzten lurrak birlandareztatzean erabiliko diren espezieei dagokienez, planean Daphne mezereum delakoa proposatu da, Nafarroako mendialdeko espeziea, gazitasunaren aurrean oso-oso erresistentzia txikia duena; hortaz, haren ordez beste bat sartu beharko litzateke, gazitasunaren ondorioetara hobeki egokitzen dena.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak 2002ko uztailaren 4an emandako txostena kontuan harturik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea eta aplikagarri diren gainerako arauak ikusirik, Nafarroako Gobernuak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. "Getze-Galarko goi-lautadako industrialdearen Plana", Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak sustatua, Udalez gaindiko Plan Sektoriala deklaratzea, aipatu Foru Legean ezarritako ondorioetarako.

2. Departamentu sustatzaileari adieraztea, espedientea onetsia izateko, Erabaki honen azalpen zatiko "Hirigintza arloko zehaztapenak" eta "Ingurumen arloko zehaztapenak" izeneko ataletan adierazitakoa bete duela justifikatu beharko duela edo, bestela, determinazio horiek Planean sartu beharko dituela.

3. Adieraztea, orobat, espedientea onetsia izateko, Erabaki honen azalpen zatiko "Hirigintzako zehaztapenak" izeneko atalean aipatzen diren txostenak aurkeztu beharko direla.

4. Industrialdea ukitzen duten ubideetan zaindu beharreko guneetan aurreikusitako jarduketei dagokienez, hala nola trenbideen gaineko afekzioei eta egin gogo diren obren exekuzioa ukitu edo baldintzatu dezakeen beste edozein zortasun edo azpiegiturari dagokionez, Departamentu sustatzaileak behar diren baimen guztiak kasuan-kasuan eskumena duen organoari eskatu eta lortu beharko ditu.

5. Espedientea jendaurrean jartzea eta, aldi berean, espediente honen xede den Planak ukitzen dituen lurretako Udalei entzunaldia ematea. Bi tramite horiek aldi berean eginen dira eta hilabete iraunen dute, gutxienez, Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara ematen denetik hasita.

Hori helburu, espedientea Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan izanen da aztergai (Alondegi kalea, 1-2.a, Iruña), nahi duenak egoki iruditzen zaizkion alegazioak aurkez ditzan, idatziz, goian aipatu epean.

6. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuari, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari, Hezkuntza eta Kultura Departamentuari eta Noaingo (Elortzibar), Galarko eta Beriaingo udalei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta biko uztailaren hogeita bian.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria. Nafarroako Gobernuko idazkaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: A0208417