108. ALDIZKARIA - 2002ko irailaren 6a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Agintariak eta Langileak

406/2002 FORU AGINDUA, abuztuaren 6koa, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sartu eta bertara igotzeko eta Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleen eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoetan sartzeko hautapen prozeduretako praktikaldia arautzen duena.

Hezkuntza eta Kultura kontseilariaren otsailaren 27ko 49/2002 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sartu eta bertara igotzeko eta Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleen eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoetan sartzeko hautapen prozeduren deialdia onetsi zen (2002ko martxoaren 11ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, 31. zk.).

Deialdi horretako hamaikagarren eta hamabigarren oinarrietan ezartzen da izangai hautatuek praktikaldi bat egin beharko dutela, arau horretan ezartzen denaren arabera salbuesten direnek izan ezik. Praktikaldi horren helburua oposizio-lehiaketa gainditu duten izangaiek irakaskuntzarako duten gaitasuna aztertzea da.

Hortaz, deialdiko aipatu oinarriekin bat, bidezko da praktikaldiaren garapena arautzea eta balorazio batzordea nork osatuko duen zehaztea.

Adierazitakoa kontuan harturik, apirilaren 1eko 165/1996 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten eskurantzak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sartu eta bertara igotzeko eta Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleen eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoetan sartzeko hautapen prozeduren deialdiko praktikaldiaren helburua: hautatu diren izangaiek irakaskuntzarako duten gaitasuna aztertzea. Foru Agindu honetan ezartzen den prozedurari jarraikiz garatuko da praktikaldia. Aipatu deialdia Hezkuntza eta Kultura kontseilariak otsailaren 27an emandako 49/2002 Foru Aginduaren bidez onetsi zen.

Fase hori egitetik salbuetsita egonda ere, praktiketako funtzionario bilakatzeko bidea aukeratu duten izangai hautatuei ez zaie ebaluaziorik eginen eta egoera horretan jarraituko dute karrerako funtzionario izendatu arte.

2. Praktikaldiko batzorde kalifikatzaile bat bakarra izanen da eta honako hauek osatuko dute:

-Batzordeburua: Antonio Jaurrieta Ezquerro jauna, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuko zuzendaria, Hezkuntza eta Kultura Departamentua.

-1. batzordekidea: Luis Iza Dorronsoro jauna, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari atxikitako ikuskatzailea, Hezkuntza eta Kultura Departamentua.

-2. batzordekidea: Julio Urtasun Echeverría jauna, Iruñeko "Plaza de la Cruz" Bigarren Hezkuntzako Institutuko zuzendaria.

-3. batzordekidea: Angel Carrillo Lezaeta jauna, Iruñeko "Donapea" Bigarren Hezkuntzako Institutuko zuzendaria.

Mahaikide-idazkaria: Begoña Unzué Vela andrea, Langileri atalburua, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuaren barnean.

Batzorde kalifikatzaileak irakasle-tutoreak izendatu eta, prozesua bukatutakoan, izangaiak baloratuko ditu.

3.1. Tutoreak, ahal delarik, izangaiaren kidego eta espezialitatekoak diren irakasleen eta destinoa izangaiaren praktikaldiko ikastetxean dutenen artetik izendatuko dira, eta, gainera, katedradun izaera dutenek lehentasuna izanen dute, Bigarren Hezkuntzako eta Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleen kasuan. Hori ezinezkoa bada, irakasle-tutorea ikasketaburua edo, bestela, ikastetxeko beste edozein irakasle izanen da, kalifikazio batzordeak adierazten duenari jarraikiz. Azken aukera gisa, beharrezkoa bada, irakasle-tutoreari emandako eginkizunak izangaiaren praktikaldiko ikastetxean aritzen den ikuskatzaileak beteko ditu.

2. Irakasle-tutoreak aholku eta argibideak emanen dizkie praktikaldiko funtzionarioei urteko programazio orokorraren ondoko alderdiei buruz:

-Ikastetxearen hezkuntza proiektua.

-Etapako curriculum proiektua.

-Memoria administratiboa: Ikastetxearen Antolamendurako Agiria (IAA), estatistika, instalazioak, ekipamendua, etab.

-Gobernu organoen antolaketa eta funtzionamendua.

-Hezkuntza komunitatearen parte hartzea eta koordinazio didaktikoa.

Irakasle-tutoreak zilegi izanen du praktiketako funtzionarioaren klaseren batera joatea, bere eginkizunak betetzeko beharrezkotzat jotzen baldin badu, betiere interesatuarekin ados jarrita.

3. Praktikaldia bukatutakoan, irakasle-tutoreak txosten bat eginen du, Foru Agindu honen I. eranskineko alderdiei buruzko balorazioaren eta interesgarritzat jotzen dituen bestelako datuen berri emateko. Txostena Batzorde kalifikatzaileari igorriko dio.

4.1. Ikastetxean txertatzeko jarduerak, otsailaren 27ko 49/2002 Foru Aginduaren hamaikagarren oinarriaren 2. puntuan aipatutakoak, ondoko hauek izanen dira: gelako programazioari eta ikasleen ebaluazioari buruzko jarduerak, irakasleak begiratuak, bai eta gobernu organoen funtzionamenduari, parte hartzeari eta ikastetxearen koordinazioari buruzko informazioa ere, ikasleen tutoretzan arreta berezia jarriz.

2. Praktiketako funtzionarioek egin beharreko prestakuntza jarduerak, oinarri horretan aipatuak, Foru Agindu honetan ageri dira eta horiek egitea ezinbesteko baldintza izanen da Gai kalifikazioa lortzeko.

Berariazko lanbide heziketako espezialitateetan ari diren praktiketako funtzionarioek -bai Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegokoek bai Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegokoek- honako jarduera hau egin behar dute: "Heziketa zikloetan laneko arriskuei aurrea hartzeko didaktikarako gakoak". Praktikak gainerako espezialitateetan egiten dituzten funtzionarioek, berriz, beste jarduera hau: "Gelako programazioa eta ebaluazioa: esku hartzeko eredu bat".

Irakasleen Hobekuntzako Atalak eta Lanbide Heziketa eta Enpresaren Atalak izangaien gaineko txostena igorriko diote batzorde kalifikatzaileari, eta hartan egiaztatuko da praktiketako funtzionarioek praktikaldian arestian aipatutako jarduerak egin dituztela edo hura bukatzean egiten ari direla.

3. Batzorde kalifikatzaileak amaierako txosten bat eskatu ahalko die izangaiei, ondoko alderdi hauei buruzko informazioa jasotzeko: praktikaldian burutu duten lana, aurkitu dituzten oztopoak eta hartutako laguntzak. Txosten hori, kasua bada, praktikaldia bukatutakoan emanen zaio batzorde kalifikatzaileari.

5.1. Batzorde kalifikatzaileak izangaien ebaluazioa eginen du, abiapuntutzat harturik irakasle-tutoreak egindako txostena, ikastetxeko zuzendariarena eta, horrelakorik bada, izangaiaren amaierako txostena. Irakasle-tutorearen eta ikastetxeko zuzendariaren txostenak Foru Agindu honen I. eranskinean ageri direnen araberakoak izanen dira eta balorazioa "nahikoa" edo "ez nahikoa" hitzekin adieraziko da.

Batzorde kalifikatzaileak bidezkotzat jotzen dituen alderdiei buruzko txosten osagarri bat eskatu ahalko dio ikastetxeko ikuskatzaileari. Batzorde kalifikatzailearen erabakia "gai" eta "ez gai" hitzekin adieraziko da.

2. Batzorde kalifikatzaileak praktiketako funtzionarioen zerrenda, lortutako puntuazioa barne, igorriko du Giza Baliabideen Zerbitzura.

3. "Ez gai" kalifikazioa hartzen duten praktiketako funtzionarioek karrerako funtzionario izendatzeko eskubide guztiak galduko dituzte, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak emandako ebazpen arrazoituaren bidez.

6. Batzorde kalifikatzailea hogei eguneko epean eratuko da, Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita. Batzordea ez da eratuko kide guztiak bertan ez badaude, egoera berezietan salbu; Hezkuntza zuzendari nagusiari dagokio egoera horiek zein diren erabakitzea.

Hezkuntza zuzendari nagusiak baimena emanen du, justifikatutako arrazoiak medio Batzordean baja sortu behar duten kideak ordezteko.

Batzordeak ezin izanen du kalifikazioak ("gai" edo "ez gai") adierazten dituen behin betiko aktarik egin, gutxienez batzordeburua, idazkaria eta batzordekideen erdiak bertan ez badaude. Nolanahi ere, Batzordea eratu ondoren, ezinbesteko arrazoiak edo ustegabeko gorabeherak direla-eta, ezinezkoa bada batzordekideren bat edo batzordeburua edo idazkaria bertan egotea, horren berri eman beharko zaio Hezkuntza zuzendari nagusiari, bidezkotzat jotzen duen ebazpena eman dezan.

7. Praktikak 2002ko irailaren 1ean hasi eta 2003ko martxoaren 1ean bukatuko dira.

Batzordeak amaierako akta idatziko du 2003ko maiatzaren 31 baino lehen. Batzorde kalifikatzaileak beharrezkotzat jotzen baldin badu, txosten osagarri bat egin ahalko du bere jardueren garapenari buruz.

8. Praktikaldiaren ebaluazioa egiterik ez bada, funtzionarioa aldi baterako ezintasunean, amatasun bajan edo ebaluazioa, Batzorde kalifikatzailearen ustean, eragozten duen bestelako egoeraren batean dagoelako, praktikaldiaren bukaera data atzera daiteke, behar den ebaluazioa egin ahal izateko.

9. Praktikaldian praktiketako funtzionarioei azterketa medikoa eginen zaie, irakaskuntzan aritzeko behar diren baldintza fisiko eta psikikoak betetzen dituztela egiaztatzeko.

Azterketa medikoa gainditzen ez dutenek karrerako funtzionario izendatzeko eskubideak galduko dituzte.

10. Foru Agindu hau eta bere eranskinak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

11. Foru Agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

12. Foru Agindu hau eta bere eranskinak igortzea Idazkaritza Teknikora, Giza Baliabideen Zerbitzura, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura, Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzuko Irakasleen Hobekuntzako Atalera, Ikasketen Antolamendu eta Lanbide Heziketaren Zerbitzuko Lanbide Heziketa eta Enpresaren Atalera eta batzorde kalifikatzaileko kideei, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, bi mila eta biko abuztuaren seian.-Hezkuntza eta Kultura kontseilaria, Jesús María Laguna Peña.

E R A N S K I N A

Irakasle-tutorearen txostena

Praktiketako funtzionarioa

Ikastetxe publikoa

1) Kasuan kasuko departamentu didaktikoaren programazioaren betetze-maila

2) Metodologiako estrategia egokien eta etengabeko ebaluazio eta ebaluazio formatiboaren aplikazioa

3) Programazioaren egokitzapena bere taldeko edo taldeetako ikasleen arabera (gelako programazioa eta irakaslana)

4) Departamentu didaktikoaren jardueretan parte-hartzea

5) Ikasleen aniztasunaren trataera, bereziki hezkuntza premia bereziak dituztenenak, horrelakorik badago

6) Talde-lanean aritzeko gaitasuna

(Eguna eta sinadura)

Ikastetxeko zuzendariaren txostena

Praktiketako funtzionarioa

Ikastetxe publikoa

1) Norberaren ordutegiaren betetze-maila

2) Integrazioa irakasleen klaustroan eta hezkuntza komunitatean

3) Ikastetxeko jardueretan parte-hartzea, hala eskolakoetan, nola eskolaz kanpokoetan eta osagarrietan

4) Ikasleekin eta familiekin harremanak izan eta komunikatzeko gaitasuna

(Eguna eta sinadura)

Iragarkiaren kodea: A0208969