108. ALDIZKARIA - 2002ko irailaren 6a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

202/2002 FORU AGINDUA, uztailaren 17koa, Ekonomia eta Ogasuneko Kontseilariak emana, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuz urriaren 13ko 282/1997 Dekretuaren bidez onetsi den Sozietateen gaineko Zergaren Erregelamendua aldarazi duen Foru Dekretuaren Proiektua jendaurrera ateratzen duena.

Foru Komunitatearen Gobernu eta Administraziorako apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 57.2. artikuluak ezarri du zilegi dela eskumenak dituen kontseilariak erregelamenduzko arauen proiektuak jendaurreko informazioko tramitera ateratzea, baldin eta arauaren izaerak horrela egitea aholkatzen badu.

Ekonomia eta Ogasun Departamentuak urriaren 13ko 282/1997 Dekretuaren bidez onetsi den Sozietateen gaineko Zergaren Erregelamendua aldarazi duen Foru Dekretuaren Proiektu bat egin du.

Arau eta Zerga Arloaren Garapenerako Zerbitzuak egin duen txostenean frogatu da foru dekretuaren proiektuak, horrek duen edukiaren arabera, interesatu kopuru handi eta oraindik ere zehaztugabean izanen duela eragina, eta baita horiek elkartzen eta eskuordetzen dituzten talde eta erakundeengan ere.

Horrenbestez eta beraien legezko eskubide eta interesei dagokienez ukituak izan daitezkeen herritarrek esan nahi dutena entzutearen ondoreetarako,

AGINDU DUT:

Lehenengoa.-Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea urriaren 13ko 282/1997 Dekretuaren bidez onetsi den Sozietateen gaineko Zergaren Erregelamendua aldarazi duen Foru Dekretuaren Proiektua. Horri dagokion testua Foru Agindu honen Eranskinean azaltzen da.

Bigarrena.-Hogei egun balioduneko epea ematen da, adierazi den foru dekretuaren proiektu hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko den egunaren biharamunetik zenbatuko dena, herritar ukituek beraien eskubide eta interesak defendatzeko bidezkotzat jotzen ahal dituzten alegazioak aurkez ditzaten Ekonomia eta Ogasun Departamentuan.

Iruñean, bi mila eta biko uztailaren hamazazpian.-Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, Francisco J. Iribarren Fentanes.

E R A N S K I N A

Urriaren 13ko 282/1997 Dekretuaren bidez onetsi den Sozietateen gaineko Zergaren Erregelamendua aldarazi duen Foru Dekretuaren Proiektua.

Foru Dekretu honen bidez idazkuntza berria ematen zaie urriaren 13ko 282/1997 Dekretuaren bidez onetsi den Sozietateen gaineko Zergaren Erregelamenduko manu jakin batzuei.

Lehen atalak I. titulua Bis delakoaren izena aldatzen du, eta bigarren atalak 28 hirug artikulu berria sartu du adierazi den I. titulua Bis horretan.

Sozietateen gaineko Zergaren kudeaketan metatu den esperientziak argi frogatu du beharrezkoa dela ikerketa zientifikoak eta berrikuntza teknologikoen arloetako jarduerak egiteagatik kenkariak eskuratu nahi dituzten subjektu pasiboek aurkeztu behar duten dokumentazioa zehaztea, hau da, Sozietateen gaineko abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legearen 66. artikuluaren 6. idatz-zatian ezarri denaren ildotik. Bada, zenbaki horretan ezarri da subjektu pasiboek proiektu eta memoria azaltzailea aurkeztuko dutela. Arauzko aldarazpen horretan azaroaren 20ko 360/2000 Foru Dekretuko eskabidearen eredua eta edukia aipatzen da, eta, zehatzago esateko, horren 8. artikulukoa, zertarako-eta Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak ikerketa, garapen eta berrikuntzarako egiten diren dirulaguntzen eskabideetan eskatzen direnekin bateragarriak izan daitezen.

Hirugarren atalaren bidez idazkuntza berria ematen zaie urriaren 13ko 282/1997 Dekretuaren bidez onetsi den Sozietateen gaineko Zergaren Erregelamenduko 29, 30 eta 31. artikuluei.

Abenduaren 29ko 20/2000 Foru Legeak aldarazi egin zuen Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legearen X. tituluko X. kapitulua. Zergari buruzko Foru Legearen 147. artikuluko 2. zenbakiak ezarri du atzerriko baloreen ukantzako erakundeen erregimenaren aukera jakinarazi behar zaiola Ekonomia eta Ogasun Departamentuari.

Fusio, bananketa, aktiboen ekarpen eta baloreen trukaketarako erregimen bereziari dagokionez, abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legearen 146. artikuluko 1. zenbakiak ezarri du aukera hori Ekonomia eta Ogasun Departamentuari jakinarazi behar zaiola, arauz ezarriko diren forma eta epeetan, hain zuzen ere. Epeari dagokionez, erregelamenduak ezarri du orokorrean eskritura publikoa egin eta hurrengo hiru hileen barruan eginen dela. Jakinarazpena egin behar duten subjektuek, normalean, eskuraketa egiten duten erakundeak izanen dira. Halaber, jakinarazpen horren ezaugarriak eta aurkeztu behar den dokumentazioa zehazten da.

Zerga-bateratze erregimena zerga-talde hori eratzen duten elkarte guztiek, salbuespenik gabe, erabakitzen dutenean aplikatuko da. Sozietate nagusiak erabaki horien berri emango dio Ekonomia eta Ogasun Departamentuari. Zergaren Erregelamenduaren 31. artikuluak jakinarazpen horren xehekapenak eman ditu eta ezarri du baldin eta zerga-talde horretara sozietate berriak sartzen badira, edo sozietate horren kide izateari uzten badio, hori ere Ekonomia eta Ogasun Departamentuari jakinarazi behar zaiola.

Horren arabera, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak proposatuta eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta biko ...ren ...(e)an egin duen bileran harturiko erabakiaren arabera, ondoko dekretua eman dut

DEKRETUA:

Artikulu bakarra.-Urriaren 13ko 282/1997 Dekretuaren bidez onetsi den Sozietateen gaineko Zergaren Erregelamenduaren manu batzuei, hain zuzen ere jarraian adieraziko direnei, idazkuntza aldatzea. Edukiak hauek dira:

Lehenengoa.-I titulua Bis delakoaren izena.

"I. TITULUA BIS

Ingurumena babesteko eta hobetzeko jarduerengatiko kenkariak eta ikerketa zientifiko eta berrikuntza teknologikoen arloetako jarduerak egiteagatiko kenkariak

Bigarrena.-I. titulua Bis horretan 28. hirug artikulu berria gehitzea.

"28. artikulua hirug. Ikerketa zientifiko eta berrikuntza teknologikoen arloetako jarduerak egiteagatiko kenkariak.

Zergari buruzko Legearen 66. artikuluaren 5. eta 6. zenbakietan ezarri denaren arabera, ikerketa zientifiko eta berrikuntza teknologikoen arloetako jarduerak egiteagatiko kenkariak lortu nahi dituzten subjektu pasiboek proiektu banakatuak aurkeztu behar dituzte, eta horiekin batera, horiek azaltzeko memoriak.

Adierazi den dokumentazio hori Industria eta Tekonologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak aztertuko du, erakunde horrek kenkariari atxikitzeko beharkizunak eta baldintzak betetzeari buruzko txostena egitearen ondoreetarako.

Subjektu pasiboak aukeran du delako dokumentazio horrekin Zergaren aitorpen-likidazioa aurkeztea. Horrela egiten badu Ekonomia eta Ogasun Departamentuak gero Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuari igorriko dio, bigarren honek aurreko lerrokadan adierazi den txostena egin dezan, edo, bestela, zuzenean eska diezaioke txostena azken Departamentu horri eta gero, une egokian, zergaren aitorpena-likidazioa gehituko zaio horri.

Eskabide-ereduari eta aurkeztu behar den dokumentazioaren edukiari dagokionez, ikerketa eta garapenerako eta berrikuntzarako laguntzen erregimena onetsi duen azaroaren 20ko 360/2000 Foru Dekretuko 8. artikulukoa erabiliko da, hain zuzen ere 1. atalean azaltzen dena."

Hirugarrena.-29, 30 eta 31. artikuluen idazkuntza berria, hurrenez hurren, II. tituluko I, II eta III. kapitulu bihurtzen direnak, eta titulu horretako egungo II. kapitulua, "zerga-gardentasunezko erregimena", horren IV. kapitulu bihurtzen da.

"I. KAPITULUA

Atzerriko baloreen ukantzako erakundeen erregimena

29. artikulua. Aukera eta uko egitearen jakinarazpena.

1. Atzerriko baloreen ukantzako erakundeen erregimenaren aukera Ekonomia eta Ogasun Departamentuari jakinarazi behar zaio.

2. Erregimena jakinarazpena egin eta hurrengo zergaldiari aplikatuko zaio, eta baita horri uko egitea Ekonomia eta Ogasun Departamentuari jakinarazi aurretik bukatuko diren jarraiko zergaldiei ere.

II. KAPITULUA

Fusio, bananketa, aktiboen ekarpen eta baloreen trukaketarako erregimen berezia

30. artikulua. Erregimen bereziko aukera. Jakinarazpena egin behar duten subjektuak. Jakinarazpenaren edukia.

1. Zergari buruzko Foru legearen X. tituluko IX. kapituluan ezarri den aukeraren aplikazioak aurrez hautatzea eskatzen du, hau da, Foru Legearen 146. artikuluaren 1. zenbakian ezarri dena betez.

Aukera hori, kapitulu horretan ezarri diren terminoetan, Ekonomia eta Ogasun Departamentuari jakinarazi behar zaio.

Aukera horren jakinarazpena eragiketa dokumentatuko den eskritura publikoa egin eta hurrengo hiru hileen barruan eginen da. Baldin eta inskripzioa ez bada beharrezkoa epea eragiketa dokumentatuko duen eskritura publikoa emanen den datatik zenbatuko da eta, horretan, Zergari buruzko Legearen 146. artikuluaren 1. zenbakian ezarri denaren arabera, derrigorrez azalduko da aukeraren ekitaldia.

2. Jakinarazpena egin behar duten subjektu pasiboak ondoko hauek dira:

a) Fusio edo bananketa eragiketen kasuan, jakinarazpena eskuraketa egin duen erakundeak edo erakundeek egingo du.

Fusio edo bananketa eragiketen kasuan, eta ez erakunde eskualdatzaileak eta ez eskuratzaileak egoitza Espainian ez dutenean, eta baldin eta ez bada aplikagarria Foru Legearen 134. artikuluan adierazi den erregimena eskualdatzaileak ez duelako herri honetan kokatuta dagoen establezimendu iraunkorrik, erregimen bereziko aukera ukitzen den bazkide egoiliarrari dagokio.

b) Diruzkoak ez diren ekarpenak baldin badira, jakinarazpena erakunde eskuratzaileak edo eskuratzaileek egingo dute.

Baldin eta ez badute zerga-egoitza Espainian eta ez badute establezimendu iraunkor baten bidez herri honetan jarduten, komunikazioaren zama eskuraketa egiten duen pertsona edo erakundearena izanen da.

c) Baloreen trukaketak diren eragiketen kasuan jakinarazpena erakunde eskuratzaileak egin behar du.

Ez baloreen eskuratzailea den erakundea eta ez titulu horiek eskuordetzen dituen kapitalaren jabea den erakundea Espainiako egoiliarrak ez direnean, erregimen bereziko aukera ukitzen den bazkide egoiliarrari dagokio.

3. Jakinarazpenean esku hartzen duten erakunde horien daturik adierazgarrienak emanen dira eta eragiketa hori deskribatuko da. Jakinarazpenarekin batera, hala denean, ondoko dokumentazioa aurkeztuko da:

a) Fusio edo bananketa kasuetan, fusio edo bananketa horren eskritura publikoa, hau da, dagoeneko Merkataritzako Erregistroan inskribatuta dagoena, eta baita merkataritzako arautegiaren arabera Erregistroan inskribatzeko derrigorrez aurkeztu behar diren gainerako dokumentuen kopia ere.

Baldin eta inskripzioa ez bada beharrezkoa, eragiketa dokumentatuko duen eskritura publikoaren kopia, hau da, Zergari buruzko Foru Legearen 146.1. artikuluan ezarri dena betez aukeraren betearazpena azalduko duena.

b) Diruzkoak ez diren ekarpenen kasuan, edota baloreak trukatu direnean, sozietatearen eraketaren edo kapital gehikuntzaren eskritura publikoaren kopia, eta baita merkataritzako arautegiaren arabera horrekin batera aurkeztu behar diren gainerako dokumentuen kopia ere.

Baldin eta ez bada beharrezkoa sozietatearen eraketaren edo kapital gehikuntzaren eskritura publikoa, eragiketa dokumentatzen duen eskrituraren kopia.

c) Baldin eta aurreko eragiketa horiek akzioak eskuratzeko eskaintza publikoaren bidez egin badira, horrelakoetan ere informazioa emateko bidezko liburuxkaren kopia aurkeztu behar da.

III. KAPITULUA

Zerga-bateratzerako erregimena

31. artikulua. Zerga-bateratzeko erregimeneko aukera.

1. Zerga-bateratzeko erregimeneko aukera betearazten denean horren berri eman behar zaio Ekonomia eta Ogasun Departamentuari.

Jakinarazpenak ondoko datu hauek izanen ditu:

a) Zerga-talde hori eratzen duten sozietateen identifikazioa

b) Zerga-talde horretako sozietateek zerga-bateratzearen erregimena hautatzeko erabakiaren kopia.

c) Sozietate nagusiak taldea eratzen duten gainerako sozietateekiko oro har eta banan-banan duen zuzeneko eta zeharkako esku hartzearen portzentaiaren zerrenda, eta bidezko esku hartzeen eskuraketen daten zerrenda.

Sozietate nagusiak Zergari buruzko Foru Legearen 117. artikuluan ezarri dena betetzen duela adierazi behar du.

2. Baldin eta zerga-talde horretara sozietate berriak sartzen badira, edo sozietate batek taldeko kide izateko baldintzak galtzen baditu, sozietate nagusiak horren berri eman behar dio Ekonomia eta Ogasun Departamentuari honen aurreko zenbakian adierazi dena betez."

AZKEN XEDAPENA

Foru Dekretu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Iragarkiaren kodea: A0208231