108. ALDIZKARIA - 2002ko irailaren 6a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

146/2002 FORU DEKRETUA, uztailaren 2koa. Arautzen ditu Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza eta Kultura Departamentuarekin itundutako ikastetxe pribatuen eskolako jarduera osagarriak, eskolaz kanpoko jarduerak eta eskola zerbitzuak.

Konstituzioaren 27.4 artikulua (agintzen baitu oinarrizko hezkuntzak nahitaezkoa eta dohainekoa behar duela), Hezkuntzarako Eskubidea Arautzeko uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoak garatu du, zeinak bere 47. artikuluan hezkuntza itunak egiteko araubide bat ezartzen baitu.

Beste alde batetik, ikastetxe pribatu itunduek ere jarduera osagarriak, eskolaz kanpoko jarduerak eta eskola zerbitzuak emateko aukera onarturik, 51. artikuluko 2. eta hurrengo idatz-zatiek (Ikastetxeak ebaluatu, gobernatu eta parte hartzeari buruzko azaroaren 20ko 9/1995 Lege Organikoak testua aldatu zien bezala) ezartzen du zer baldintza bete behar dituzten jarduera eta zerbitzu horiek, hau da: borondatezkoak eta irabazi asmorik gabekoak izatea, eta ezartzen ere du esku-hartze administratiboko zer araubide aplikatu behar zaien artikulu bereko 1. idatz- zatiak agintzen duenarekin bateragarriak izateko, zeinak agintzen duenez, "Titulu honetan ezartzen den itun araubideak ikastetxeek beren irakaskuntzak dohainik ematera behartzen ditu."

LODEko azken xedapenetako lehenbizikoak agintzen duena oinarri, beharrezkoa da delako 51. artikulua garatzea, eta ezartzea zer araubide izanen duten Nafarroako Foru Komunitatean ikastetxe pribatu itunduen jarduera osagarriek, eskolaz kanpoko jarduerek eta eskola zerbitzuek.

Foru Dekretu honek, jarduerak eta zerbitzuak borondatezkoak eta irabazi asmorik gabekoak izan beharra galarazi gabe, zehazten du zein izanen diren jarduera eta zerbitzu horiek, lehenbizi noiz eginen diren kontuan harturik, eskola denboran ala eskol orduez kanpo; bigarren, curriculumeko edukiak emateko aukeraren arabera, horrek ezarriko baitu ebaluatzekoak izanen diren ala ez; eta azkenik, administrazio esku-hartzea nolakoa izanen den kontuan harturik, zeinak segurtatuko baitu, ikastetxeek duten autonomia errespetatuz, legezko baldintzak a priori beteko direla, hartarako aurrezko jakinarazpen edo baimen sistema bat erabiliz edo, hala bide denean, LODEko zehapen araubidea aplikatuz.

Azkenik, Eskola Jarduera eta Zerbitzuen Erregistroa sortzen da, administrazioaren esku-hartzea ahalbidetzeko tresna, kasurako den araudiak esku-hartze lan hori ezartzen baitu, betiere esku-hartze horretan behar den zalutasuna begiratuz.

Hori horrela, Nafarroako Kontseiluarekin bat eta aurretik Nafarroako Eskola Kontseiluak adostasun txostena eman duelarik, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak hala proposaturik eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta biko uztailaren biko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru Dekretu honen xedea da arautzea ikastetxe pribatuek Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza eta Kultura Departamentuarekin itundutako mailetan egiten dituzten jarduera osagarriak, eskolaz kanpoko jarduerak eta eskola zerbitzuak.

2. artikulua. Ikastetxeen autonomia.

1. Ikastetxe itunduek autonomia izanen dute jarduera osagarriak, eskolaz kanpoko jarduerak eta eskola zerbitzuak ezartzeko, legeetan eta Foru Dekretu honetan ezarritako mugen barrenean.

2. Ez da zilegi izanen Foru Dekretu honek aipatzen dituen jarduera eta zerbitzuak ezartzea baldin eta ezertan galarazten badute Hezkuntza eta Kultura Departamentuak hezkuntza etapa edo maila bakoitzerako ezarrita daukan eskola ordutegia.

3. artikulua. Borondatezkotasuna eta informazioa.

1. Ikasleek Foru Dekretu honek aipatzen dituen jarduera eta zerbitzuetan parte hartzea borondatezkoa izanen da eta beraz ez du inolako diskriminaziorik ekarriko haietan parte hartu nahi ez duten ikasleentzat.

2. Ikasturte bakoitza hasten denean, informazio xehetua emanen zaie ikasleen gurasoei ikastetxeak ematen dituen jarduera osagarrien, eskolaz kanpoko jardueren eta eskola zerbitzuen gainean. Informazio horretan espreski adieraziko da jarduera eta zerbitzu horiek borondatezkoak eta irabazi asmorik gabekoak direla, eta bai zehaztuko ere zein kuota onetsi diren jarduera osagarri, eskolaz kanpoko jarduera eta eskola zerbitzu horietarako.

4. artikulua. Eskolako jarduera osagarriak.

1. Eskolako jarduera osagarriak dira, Foru Dekretu honek agintzen dituenetarako, ikastetxeek beren hezkuntza proiektuaren arabera antolatzen dituztenak, irakas programazioaren osagai direnak eta ikasleen eskola denboran eman ohi direnak, beste jardueretatik bereiz, dela momentu edo toki berezi batean ematen direlako, dela ikastetxearen baliabideak edo inplikazioa berezia delako, eta talde edo kurtsoko ikasle guztiek parte hartu dezaketenak.

Ikasleen eskola orduak dira ikasturte bakoitzerako ikastetxe bakoitzerako espreski baimendu direnak.

Eskolako jarduera osagarri batean taldeko edo kurtsoko ikasle guztiek parte hartzen badute, zilegi izanen da unitate horretan curriculum edukiak ematea.

Talde edo kurtsoko ikasle guztiek parte hartzen ez badute, segurtatuko da parte hartzen ez dutenak behar bezala eta dohainik kasu eginik egotea, eta kasuko jarduera osagarrian ematen direnen antzeko curriculum edukiak hartzea.

2. Ikastetxe itunduko barne araudiak ezarriko du ikasleek nola parte hartuko duten jarduera horietan, betiere borondatezkoak izatea galarazi gabe.

3. Eskola jarduera osagarrien programazioa ikastetxeko Eskola Kontseiluak ezartzen dituen jarraibideen arabera eginen da.

4. Jarduera horien alderako kuotak, irabazi asmorik gabekoak beti, ikastetxeko Eskola Kontseiluak proposatuko ditu, kontseiluko titularrak eskatuta.

5. Hezkuntza Administrazioak baimena emanen die, ikasturte bakoitzean, eskola jarduera osagarriei eta haien kuotei, baldin dohainekoak ez badira.

Eskolako jarduera osagarriari eta, hala bide denean, haren kuotari baimena eman ondoren, ez da hurrengo kurtsorako beste baimenik eskatu beharko, baldin eta jarduerak izatez bere hartan irauten badu, hau da, lehengo ordutegi bera badu, ikasle talde edo kurtso berak parte hartzeko antolatzen bada eta kuotak, onetsi badira, urteko KPIa baino gehiago goratzen ez badira. Hartara, aski izanen da hezkuntza administrazioari horiek horrela direla aditzera ematea.

5. artikulua. Eskolaz kanpoko jarduerak

1. Eskolaz kanpoko jarduerak dira ikastetxeak eskol orduez kanpo ezartzen dituenak, dela goizeko eta arratsaldeko saioen artean dela, eskol orduak hasi aurretik edo bukatu ondoren, eta ikastetxeko ikasleentzat antolatzen direnak.

2. Eskolaz kanpoko jardueren edukia, bertan parte hartzen duten ikasleen irakas programazioan egoten denaz bestelakoa izanen da.

3. Eskolaz kanpoko jarduerak ez dira ebaluatuko ez espedientean sartuko.

4. Bai eskolaz kanpoko jarduerak berak eta bai haien aldera kobratzen diren kuotak, ikastetxeko Eskola Kontseiluak onetsiko ditu, titularrak hala proposatuta, eta Administrazioari jakinaraziko zaizkio.

6. artikulua. Eskola Zerbitzuak.

1. Ikastetxeetako eskola zerbitzu dira jatetxea, eskola garraioa, mediku kabinetea, eskola asegurua, eta antzeko beste guztiak, hezkuntza itunean sartu gabekoak.

2. Eskola zerbitzuak eta haien kuotak ezartzeko (kuotak ez dira inoiz irabazi asmozkoak izanen), Hezkuntza Administrazioaren baimen espresua beharko da abian jartzeko. Baimen hori Eskola Kontseiluak proposatuko dio hezkuntza administrazioari, ikastetxeko titularrak eskatuta.

3. Kuotentzako baimena ikasturte bakar baterako dela ulertuko da. Hala ere, ondorengo kurtsoetan errepikatzen diren eskola zerbitzuetarako ez da baimen berririk eskatu beharko gehienez urteko KPIa gehitu badira. Hartara, aski izanen da kuotaren gaurkotzea Hezkuntza Administrazioari jakinaraztea.

7. artikulua. Baimen eskaerak eta jakinarazpenak.

Eskolaz kanpoko jarduerak eta eskola zerbitzuak baimentzeko eskaerak, eta bai 4.5 artikuluko bigarren lerroaldeak aipatzen duen jakinarazpena, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari zuzenduko zaizkio horiek ezarri aurreko ikasturteko ekainaren 20a baino lehen. Eskolaz kanpoko jardueren jakinarazpenak eta 6.3 artikuluak aipatzen duen jakinarazpena Zerbitzu ber horri eginen zaizkio kasuko ikasturtearen irailaren 30a baino lehen.

Eskola jarduera osagarriak eta eskola zerbitzuak baimentzeko eskaerak eta baimenak, eta bai kuotenak ere hala bide denean, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak ebatziko ditu zein ikasturtetarako eskatzen diren, hartako irailaren 1a baino lehen.

8. artikulua. Ez-betetzeak.

Foru Dekretu honek agintzen dituenak betetzen ez badira, Hezkuntzarako Eskubidea Arautzeko uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoko 62. artikuluak agintzen duena aplikatuko da, Eta Hezkuntzako Itunen Erregelamendua onesten duen abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuko 51. eta hurrengo artikuluek agintzen dutena.

9. artikulua. Eskola Jarduera eta Zerbitzuen Erregistroa.

1. Eskola Jarduera eta Zerbitzuen Erregistroa sortzen da, zeinean erregistratuko diren Hezkuntza eta Kultura Departamentuarekin itundutako ikastetxeei baimendu zaizkien jarduera osagarriak, eskolaz kanpoko jarduerak eta eskola zerbitzuak.

2. Erregistro horretan nahitaez jasoko da baimendu den jarduera edo zerbitzua nolako den, eta bai zer kuota pagatu behar diren ere.

3. Zerbitzuak Ikuskatzeko Eta Ikuskatzailetza Teknikorako Zerbitzuak izanen du ardura Eskola Jarduera eta Zerbitzuen Erregistroa kudeatzeko.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenbizikoa.-Guraso elkarteen jarduerek beren araudi berariazkoaz beste gobernabiderik ez dute izanen.

Bigarrena.-Zilegi izanen da Foru Dekretu honek aipatzen dituen eskolaz kanpoko jarduera eta Eskola zerbitzuen kuotak jarduera edo zerbitzu horien gertaleku diren ikastetxeko instalazioak mantendu eta hobetzeko erabiltzea. Kuota horien zenbatekoa ikastetxeko aurrekontuaren osagai izanen dira, hezkuntzarako Eskubidea Arautzeko uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoko 57. artikuluko e) letrak agintzen dituenak betetzeko.

Hirugarrena.-Aldatzen da Hezkuntza Itunen gaineko arauen Erregelamendua onesten duen abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuko 15. artikulua. Honelakoa izanen da hemendik aurrera:

"15. artikulua. Ikastetxe itunduen eskola jarduera osagarriak, eskolaz kanpoko jarduerak eta eskola zerbitzuak borondatezkoak eta diskriminaziorik gabekoak izanen dira ikasleentzat, ez dute irabazi asmorik izanen, eta jarduera eta zerbitzu horien aldera dirua kobratzeko, Nafarroako Gobernuak erregelamendu bidez ezartzen duena bete beharko da."

XEDAPEN IRAGANKORRA

2002/2003 ikasturtean 4.5 artikuluko lehen lerroaldeak eta 6.2 artikuluak aipatzen dituzten eskola jarduera osagarriak eta eskola zerbitzuak emateko eta haiei dagozkien kuotak kobratzeko baimen eskaerak Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari zuzenduko zaizkio, 2002ko irailaren 15a baino lehen.

Zerbitzuak Ikuskatzeko Eta Ikuskatzailetza Teknikorako Zerbitzuak 2002ko irailaren 1 baino lehen ebatziko ditu eskaera horiek.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetzen dira Foru Dekretu honi kontra egiten dioten xedapen maila bereko nahiz apalagoko guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Baimena ematen zaio Hezkuntza eta Kultura kontseilariari Foru Dekretu honek ezartzen duena garatzeko eta bereziki 7. artikuluan ezarritako epeak aldatzeko.

Bigarrena.-Foru Agindu honek Nafarroako Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta biko uztailaren bian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Hezkuntza eta Kultura kontseilaria, Jesús María Laguna Peña.

Iragarkiaren kodea: A0207854