93. ALDIZKARIA - 2001eko abuztuaren 1a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

EKONOMI ETA OGASUN DEPARTAMENTUA. Jakinarazpen ediktua.

Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztientzako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 59.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, argitara ematen da "Sociedad Anónima de Diseño y Creaciones Artísticas" (SADYCAR, A/31-21708-6 IFZ) enpresari zuzendutako jakinarazpena, ondotik aipatzen diren errekerimenduarena eta administrazio-ebazpenarena, haren azken helbide ezagunean saiatuagatik ezin izan zaiolako jakinarazi:

jakinarazpena:

"Nik, Ignacio Carrillo de Albornoz Alfarok, Ondare Zerbitzuko zuzendariak, Ekonomi eta Ogasun kontseilariaren ekainaren 8ko 151/2001 Foru Aginduaren bidez eskudundua egintza honetarako, dagokion administrazio-ebazpena jakinarazten diot "Sociedad Anónima de Diseño y Creaciones Artísticas" (SADYCAR) enpresari, eta errekeritzen diot oso-osorik bete dezala bere gain hartua duen ordaintzeko obligazioa, Agoizko industrialdeko 1000 m2-ko lurzati baten salerosketa kontratuaren bitartez etorri zaiona, Ekonomi eta Ogasun kontseilariaren irailaren 27ko 889/1990 Foru Aginduaren bidezko onespenaren ondorioz.

Hala egiten ez badu, kontratua suntsiaraziko da, ediktu hau jakinarazten denetik hasi eta hilabetea gehi egun bat iragandakoan, non eta ez duen suntsiarazpena onartzen epe hori iragan baino lehen, orduan onarpenaren egun berean suntsiaraziko baita".

Salmentaren suntsiarazpena:

"151/2001 Foru Agindua, ekainaren 8koa, Ekonomi eta Ogasun kontseilariak emana. Honen bidez hasiera ematen zaie Agoizko industrialdean "Sociedad Anónima de Diseño y Creaciones Artísticas" (SADYCAR) enpresari esleitutako lurzati baten salmenta kontratua suntsiarazteko tramiteei.

Ekonomi eta Ogasun kontseilariaren irailaren 27ko 889/1990 Foru Aginduaren bidez, "Sociedad Anónima de Diseño y Creaciones Artísticas" (SADYCAR) enpresari esleitu zitzaion Agoizko industrialdeko 1000 m2-ko lurzati baten salmenta.

Salmentaren zenbatekoa zortzi urtekotan zatitu zen. Lehenbiziko bi urteak gabealdikoak ziren eta printzipala sei urteko berdinetan amortizatuko zen, geroratutako kopuruek urteko ehuneko zortziko korritua sortzen zutela.

Aipatu enpresak bete gabe utzi ditu ordaintzeko obligazioak, eragiketan sortutako Balio Erantsiaren gaineko Zergari zegokion zenbatekoa besterik ez baitzuen kitatu.

Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztientzako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 59.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, jendaurrera atera zen "Sociedad Anónima de Diseño y Creaciones Artísticas (SADYCAR)" merkataritza-enpresari (IFZ: A-31-21708-6) egindako jakinarazpena, Agoizko Industrialdean dagoen industri nabea berreskuratzeko espedienteari hasiera eman zitzaiola adierazten zuena, eta hamar egun balioduneko epea ematen zitzaion, zegokion lekuan agertu eta bere burua defendatzeko egoki iruditzen zitzaion guztia alega zezan. Jakinarazpen hura 2001eko apirilaren 9ko 44. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Agoizko Udalaren iragarki oholean eman zen argitara.

Aipatutako epea amaitu baita interesatuak inolako alegaziorik egin gabe, bidezko da salerosketaren suntsiarazpena eskatzea.

Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Bildumako 484. legeak xedatzen du ezen erosleak prezioaren ordainketa-eperen bat ordaintzen ez badu, saltzaileak kontratua suntsiarazten ahalko duela, baina suntsiarazpena etorriko dela hilabetea gehi egun bat iragandakoan, obligazioa bete dezala eskatuz saltzaileak erosleari egiten dion errekerimendu fede-emailetik kontatzen hasita.

Horiek horrela,

AGINDU DUT:

1. Deklaratzea suntsiarazi nahi dela "Sociedad Anónima de Diseño y Creaciones Artísticas" (SADYCAR, A/31-21708-6 IFZ) enpresari Agoizko industrialdean esleitutako 1000 m2ko lurzati baten salmenta kontratua, irailaren 27ko 889/1990 Foru Aginduaren bidez onetsia, ez betetzeagatik mugaegunera iritsitako urtekoak ordaintzeko obligazioa.

2. Xedatzea ezen Ondare Zerbitzuak eman ditzala Legean ezarritako pausoak, aipatu suntsiarazpena gauzatzeko, betiere hilabetea gehi egun bat iragandakoan, obligazioa bete dezala eskatuz eginen zaion errekerimendu fede-emailetik kontatzen hasita, hala jartzen baitu Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Bildumako 484. legean, non eta enpresa zordunak ez duen suntsiarazpena onartzen epe hori iragan baino lehen, orduan onarpenaren egun berean suntsiaraziko baita.

3. Ignacio Carrillo de Albornoz Alfaro jaunari (Ondare Zerbitzuko zuzendaria) eta Miguel Ángel Otamendi Saldise jaunari (Ondarea Kudeatzeko Ataleko burua), bietako edozeini, ahalmena ematea, Nafarroaren izenean eta ordezkari gisa, behar diren agiri publiko nahiz pribatu guztiak sina ditzaten, ebazpen honetan ezarritakoa bete dadin.

4. Ebazpen hau aurkaratzen ahal da, auzi zibilen jurisdikzioan, deusetan ukatu gabe urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatutako Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztientzako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 120. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa.

5. Foru Agindu hau jakinaraztea "Sociedad Anónima de Diseño y Creaciones Artísticas" (SADYCAR) enpresari, Industria Sustatzeko Zerbitzuari eta Ondare Zerbitzuari (Inbentarioaren Bulegoa), behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta bateko ekainaren zortzian.-Ekonomi eta Ogasun kontseilaria, Francisco Iribarren Fentanes.

Iragarkiaren kodea: a0106549