89. ALDIZKARIA - 2001eko uztailaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

82/2001 FORU AGINDUA, uztailaren 5ekoa, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak emana, emakumeak lan munduan sartzeko eta laneko eta familiako eginkizunak batera eramateko laguntzak arautzen dituena.

Nafarroako Gobernuak onetsitako Familiari Laguntzeko Plan Integralean hainbat neurri hartu dira laneko eta familiako eginkizunak batera eraman ahal izateko; besteak beste, pizgarriak ematea, bai langileei, legezko guardiak direla-eta lanaldia murriztu dezaten, bai enpresei, langile horien ordez, lanaldi partzialean emakumeak kontrata ditzaten.

Neurri hori aplikatzeko "Emakumeak laneratzeko programak" izeneko aurrekontua onartu da Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren aurrekontuetan, baina hori baino lehen beharrezkoa da aurreikusitako dirulaguntzak jasotzeko baldintzak ezartzea. Horixe da, hortaz, Foru Agindu honen helburua.

Adierazitakoarekin bat, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak

AGINDU DU:

1. artikulua. Xedea.

Foru Agindu honen xedea da laguntzen araubide bat ezartzea seme-alaba bat jaio edo adoptatzearen ondoriozko legezko guardiak direla-eta lanaldia murrizten duten langileentzat, baita haien ordez aritzeko emakumeak kontratatzen dituzten enpresentzat ere.

2. artikulua. Onuradunak.

Foru Agindu honetan aurreikusitako laguntzak honako hauek jasotzen ahalko dituzte:

A) Langileen Estatutuaren 37.5 artikuluaren lehenengo lerroaldean adierazten den eskubideaz baliatuta, lanaldia erdira murrizten duten langileak, seme-alaba bat jaio edo adoptatzearen ondoriozko legezko guardiak direla-eta amatasun atsedenaldia amaitu eta ondo-ondotik.

B) Lanaldi murrizketa horretaz baliatu diren langileak ordezkatzeko langabezian diren emakumeak kontratatzen dituzten enpresak, murrizten den lanaldia betetzeko kontratuen bitartez.

-Ez da dirulaguntzarik emanen enpresaburuaren edo edozein sozietate edo elkartetako gobernu organoetako kide edo bazkideen ezkontideak edo bigarren maila bitarteko ahaide edo zehar-ahaideak kontratatzeko, ez odolkideak, ez ezkontza-ahaideak.

3. artikulua. Dirulaguntzaren zenbatekoa eta iraupena.

Honelako dirulaguntzak emanen dira:

A) Langileek fondo galdurako dirulaguntza bat jasoko dute, soldataren % 10aren adinakoa (20.000 pezeta hilabetero gehienez), urte batez gehienez, eta bat bakarra familia unitate bakoitzeko.

B) Enpresei emanen zaien dirulaguntza Gizarte Segurantzari ordaintzen dizkioten enpresa kuota guztien gastuaren % 50aren adinakoa izanen da (20.000 pezeta hilabetero gehienez), ordezko langilearen kontratuak iraun bitartean eta urte batez gehienez.

Ordezko langilea denbora luzeko langabetua bada, enpresak jasoko duen dirulaguntza Gizarte Segurantzari ordaintzen dizkion enpresa kuota guztien gastuaren % 75aren adinakoa izanen da (30.000 pezeta hilabetero gehienez).

Foru Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzen zenbatekoa kalkulatzeko oinarria amatasunagatiko prestazio ekonomikoa kalkulatzeko erabili zen berbera hartuko da, laguntzaren indarraldi osorako.

Foru Agindu honetan aurreikusitako laguntzak Nafarroako Enplegu Zerbitzuko 881001/84100/4709/322108 "Emakumeak lan munduan sartzeko programak" kontusailaren kargura ordainduko dira, ekitaldi bakoitzean dagoen aurrekontu-muga arte.

4. artikulua. Beharkizunak.

A) Langile onuradunek legezko guardia egiteko lanaldi murriztua dutela egiaztatu beharko dute, enpresak eman beharreko egiaztagiriaren bidez.

B) Enpresa onuradunek legezko guardia egiteko egoeran dagoen langilearen ordez emakume bat kontratatu dutela egiaztatu beharko dute lan kontratu baten bitartez. Bertan, ordezkatuaren izena, ordezkapenaren arrazoia eta iraupena eta dagokion lanaldia adierazi beharko dira. Lanaldia langile ordezkatuari murriztu zitzaiona bezalakoa izanen da.

Enpresak langilearen kontratazioa mantendu beharko du ordezkatuak dirulaguntza jasotzeko oinarri izan zen egoeran iraun bitartean.

Kontratatzen den emakumeak enpresari egotzi beharreko arrazoiak direla-eta baja hartzen badu, laguntza bertan behera gelditu eta dirua itzuli beharko da, zerbait jaso bada.

Baja kontrataturiko emakumeak eskatuta gertatuz gero, enpresak aukeran izanen du hilabeteko epean beste kontratazio bat egitea edo ez. Egin ezean, laguntza jasotzeko eskubidea galduko du lanpostua uzten denetik aurrera.

5. artikulua. Eskaerak.

1.-Dirulaguntza eskaera Nafarroako Enplegu Zerbitzuan aurkeztu beharko da hilabeteko epean, lanaldi murriztua hasten denetik aurrera, langileen kasuan, edo hura ordezkatzeko emakumea kontratatzen denetik hasita, enpresaren kasuan.

2.-Eskaerarekin batera honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

A) Lanaldia murriztu nahi duten langileek egoera horren egiaztagiria aurkeztu beharko dute, enpresak luzatua.

B) Enpresek ordezko langilearen lan kontratua aurkeztu beharko dute eta bertan Foru Agindu honen 3. artikuluko b) idatz-zatian ezartzen diren ezaugarriak zehaztuko dira.

6. artikulua. Dirulaguntzen ebazpena.

Espedientea aztertuta, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Kudeaketa Zuzendaritzak laguntza eskaera ebatziko du eta interesatuari jakinaraziko dio hiru hilabeteko epean. Epe horretan ebazpen espresurik ematen ez bada, laguntza ezetsi dela ulertuko da.

7. artikulua. Dirulaguntzaren ordainketa.

Laguntza emateko ebazpenean ordaintzeko agindua ere emanen da, ordainketa bakarrean.

Enpresentzako dirulaguntzen kasuan, ezinbesteko baldintza izanen da enpresak zerga beharkizunetan eta Gizarte Segurantzaren ordainketetan egunean dagoela dioen ziurtagiri bat aurkeztea.

8. artikulua. Justifikazioa.

Kontratazioaldiaren azkeneko hilabetean, enpresak justifikatu beharko du dirulaguntza jasotzeko oinarri izan zen egoera ez dela aldatu. Horretarako, honako agiri hauek ekarri beharko ditu:

A) Gizarte Segurantzako kotizazioen boletin ofizialak (TC1 eta TC2), diruz lagunduriko epeari dagozkionak, langile ordezkatuarenak eta ordezkoarenak.

B) Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren iritziz beharrezkoak diren beste agiri batzuk, dirulaguntzari lotuak.

9. artikulua. Ordezko araua.

Foru Agindu honetan ezarritakoa ez dagoen orotan, laguntza hauek ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean ezarritakoaren menpe egonen dira, horren bidez ezarri baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko laguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubidea.

10. artikulua. De minimis klausula.

Foru Agindu honetan ezarritako laguntzak de minimis izaerakoak dira. Hortaz, Europako Batzordeak de minimis dirulaguntzei buruzko urtarrilaren 12ko EE 69/2001 Erregelamenduan ezarritako baldintzak bete beharko dira (EEAO, 2001-1-13).

XEDAPEN IRAGANKORRA

Foru Agindu honetan ezarritako laguntzak jasotzen ahal dituzte bai lanaldia murriztu dutela lehenago esan bezala egiaztatzen duten langileek, bai horiek ordezkatzeko langile emakume langabetuak kontratatzen dituzten enpresek, nahiz eta egoera horiek Foru Agindu honek indarra hartu aurretikoak izan, betiere 2001. urtean gertatu badira eta laguntza eskaera Foru Agindu honek indarra hartu eta hilabeteko epean egin baldin bada.

AZKEN XEDAPENA

Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta bateko uztailaren bostean.-Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilaria, Nuria Iturriagagoitia Ripoll.

Iragarkiaren kodea: A0107391