89. ALDIZKARIA - 2001eko uztailaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

594/2001 FORU AGINDUA, ekainaren 29koa, Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean errepideko garraio publikoaren sektorea modernizatzeko dirulaguntzen deialdia egiten duena.

Europako Batasunean salgaien eta bidaiarien zirkulazio askatasuna ezartzeak merkatu bakar horretan egitura lehiakorrak edukitzeko premia ekarri du. Horrexegatik, beharrezkotzat hartzen da Nafarroan garraio publikoaren sektorean dauden enpresak eta elkarteak modernizatzen lagunduko duten dirulaguntza marko bat ezartzea.

Dirulaguntzen deialdia eta hura arautuko duten oinarriak onetsi behar dira ondokoetan xedatutakoari jarraikiz: Europako Elkarteko 70/2001 Erregelamendua, Batzordeak 2001eko urtarrilaren 12an eman baitzuen, Europako Elkarteko Itunaren 87 eta 88. artikuluek enpresa txiki eta ertainendako estatuaren dirulaguntzei buruzkoa, eta Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezartzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legea.

Horiek horrela, ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 5. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Lehenbizikoa.-Nafarroako Foru Komunitatean errepideko garraio publikoaren sektorea modernizatzeko dirulaguntzen deialdia, 2001eko ekitaldikoa, onestea. Honako oinarri hauek zuzenduko dute deialdia:

O I N A R R I A K

Lehena.-Xedea.

Foru Agindu honen xedea da Nafarroan errepideko garraio publikoaren sektorean dauden enpresak eta elkarteak modernizatzeko dirulaguntzak emateko deialdia eta hura arautuko duten oinarriak ezartzea, zehazki honako dirulaguntza hauek:

1.-Zerbitzuaren kalitatea hobetzeko dirulaguntzak.

2.-Garraio enpresak sustatu eta kanpora zabaltzeko dirulaguntzak.

3.-Garraio publikoko enpresen bategite edo elkartzea sustatzeko dirulaguntzak.

4.-Garraio publikoko elkarteen interneteko presentzia bultzatzeko dirulaguntzak.

5.-Ibilgailu astunendako aparkaleku publikoak sustatzeko dirulaguntzak.

Dirulaguntzaren xede diren jarduerak 2001eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31 bitarte egin beharko dira.

Bigarrena.-Eskabideak.

Deialdi honetan parte hartzen ahalko dute Nafarroan kokaturiko entitate eta enpresa txiki eta ertainek, dirulaguntza mota bakoitzerako eskaturiko baldintzen arabera, haien onuradun izan baldin badaitezke.

Foru Agindu honen ondorioetarako, enpresa txiki eta ertaintzat hartuko dira Batzordearen Europako Elkarteko 70/2001 Erregelamenduaren I. eranskinean ezarritakoak.

Eskabideak aurkezteko epea Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2001eko irailaren 29an amaituko da.

Eskabideak Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira, honako dokumentazio honekin batera:

a) Dirulaguntza zein jardueratarako eskatzen den eta aurrekontu zehaztua azaltzen duen memoria.

b) Eskatzailearen nortasuna egiaztatzen duten agiriak: interesatuaren NANa eta IFZ, pertsona fisikoa baldin bada, eta IFZ, pertsona juridikoa bada. Azken kasu horretan, ordezkariak bere NANa ekarri beharko du eta ahalordetze eskritura, bai eta eraketa edo, hala denean, aldaketa eskritura ere, Merkataritzako Erregistroan inskribatuak. Eskatzailea kooperatiba edo bestelako elkarte bat bada, ordezkariaren kasurako aipatutakoaz gain, eraketa eskrituraren ordez estatutuena eta dagokion erregistroan egindako inskripzioaren zenbakia ere aurkeztu beharko dira.

c) Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuak luzatutako ziurtagiria, Nafarroako Ogasun Publikoarekiko beharkizunak bete dituela adierazten duena.

d) Espainiako nahiz atzerriko beste administrazio edo entitate publiko batzuetatik helburu berbererako jaso dituen beste dirulaguntza edo laguntzen aitorpena, horrelakorik jaso baldin badu.

e) 1. oinarriaren 5. puntuan azaldutako dirulaguntzetarako, beharrezkoa izanen da Toki Administrazioko Departamentuaren txosten bat aurkeztea eta bertan azaldu entitate eskatzailea zein egoera ekonomikotan dagoen eta nolako ahalmena duen dagokion inbertsioaren zatia finantzatzeko, obra proiektuaren zenbateko osoa hogei milioi pezetakoa (120.202,42 euro) baino handiagoa baldin bada.

Agiriek jatorrizkoak edo notarioak edo administrazioak egiaztatutako kopiak izan beharko dute.

Eskabideak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, interesatuari eskatuko zaio zuzen dezan hamar eguneko epean, eta ohartaraziko, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea beste tramiterik gabe artxibatuko dela.

Garraio Zerbitzuak eskabideari buruzko ebazpena emateko beharrezko dituen argibide edo agiriak eskatzen ahalko dizkio eskatzaileari, noiznahi.

Hirugarrena.-Araubide aplikagarria.

Deialdi honetako laguntzei aplikatuko zaie Europako Elkarteko 70/2001 Erregelamendua, Batzordeak 2001eko urtarrilaren 12an eman baitzuen, Europako Elkarteko Itunaren 87 eta 88. artikuluetako enpresa txiki eta ertainendako estatuaren dirulaguntzei buruzkoa.

Laugarrena.-Dirulaguntza mota bakoitzerako arauak.

4.1. Zerbitzuaren kalitatea hobetzeko dirulaguntzak.

Dirulaguntzaren xede izanen dira ematen dituzten zerbitzuen kalitatearen barne kudeaketarako sistemak ezarri edo hobetzeko xedea duten garraio sektoreko enpresen eta elkarteen jarduketak, honakoak hain zuzen:

a) Kalitate sistemen aurretiazko diagnostikoa.

b) Kalitate sistemak ezartzeko aholkularitza (kalitaterako oharrak, prozedurak garatzea, ikuskapen plana, prozesuen kontrol estatistikoa, etab.).

c) Kalitate sistemen auditoretza (kalitatearen kanpoko bermerako sistemak ezarri eta hobetzea, ziurtapenak lortzea, etab.).

Dirulaguntza hauen onuradun izanen dira garraio publikoan aritzeko edo errepideko garraioaren jarduera lagungarriak eta osagarriak egiteko baimenen titularrak diren enpresak eta garraiolarien elkarteak, haien izaera juridikoa kontuan hartu gabe eta Foru Agindu honetan ezartzen diren baldintzei jarraikiz.

Onuradunek ematen dituzten zerbitzuen kalitate sistemak hobetzeko erabilitako diruaren % 50erainoko dirulaguntza ematen ahalko da.

Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa ez da 3.500.000 pezetatik (21.035,42 euro) gorakoa izanen entitate eskatzaile bakoitzeko.

4.2. Garraio enpresak sustatu eta kanpora zabaltzeko dirulaguntzak.

Dirulaguntza hauen onuradun izanen dira garraio publikoan aritzeko edo errepideko garraioaren jarduera lagungarriak eta osagarriak egiteko baimenen titularrak diren enpresak, haien izaera juridikoa kontuan hartu gabe eta Foru Agindu honetan ezartzen diren baldintzei jarraikiz.

Erakustokiaren alogera, muntai eta kudeaketarako erabilitako diruaren % 50erainoko dirulaguntza ematen ahalko da.

Enpresek feria edo erakusketa batean parte hartzen duten lehendabiziko aldian baino ez dute dirulaguntzarik jasoko.

Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa ez da 2.000.000 pezetatik (12.020,24 euro) gorakoa izanen entitate eskatzaile bakoitzeko.

4.3. Garraio publikoaren enpresen bategite edo elkartzea sustatzeko dirulaguntzak.

Entitate berria sortu aurretiko azterlanentzat eta haren eraketa gastuentzat emanen da dirulaguntza, ondoko entitate hauen bategitea helburu:

a) Ibilgailu astunetan edo autobusetan egiten den garraio publikorako baimenen titularrak diren garraiolari enpresak edo lan asoziatuko kooperatibak.

b) Aurreko puntuan aipatutako baimenen titularrak biltzen dituzten garraiolari kooperatibak eta merkaturatzeko sozietateak.

c) Garraioaren jarduera lagungarri edo osagarrietarako baimenen titularrak diren enpresak.

Sortutako entitate berriek xede sozial berbera eta iraupen mugagabea eduki beharko dute, eta ez dira desegiten ahalko bost urteko epean.

Dirulaguntza hauek eskatzen ahalko dituzte arestian aipatu elkarketa prozesu horren ondorioz sortzen diren entitate berriek.

Entitate berria sortu aurretik egiten diren azterlanetarako eta eraketa gastuetarako % 50eko dirulaguntza ematen ahalko da, entitate eskatzaile bakoitzarentzat 5.000.000 pezeta (30.050,61 euro) gehienez.

4.4. Garraio publikoko elkarteen interneteko presentzia bultzatzeko dirulaguntzak.

Dirulaguntzaren xede izanen dira webguneak sortu edo hobetzeko gastuak.

Nafarroan egoitza duten errepideko garraio publikoaren sektoreko elkarteek jasoko dituzte dirulaguntzak.

Interneteko webguneak sortu edo hobetzeko ordaindutako gastuen % 50 pagatuko dute gehienez ere dirulaguntzek.

Dirulaguntza, gehienez, 1.000.000 pezetakoa (6.010,12 euro) izanen da, entitate eskatzaile bakoitzarentzat.

4.5. Ibilgailu astunendako aparkaleku publikoak sustatzeko dirulaguntzak.

Dirulaguntza hauek ibilgailu astunendako aparkaleku publikoak sustatzeko dira, ibilgailu astunak hiriguneetatik ateratzeko asmoz.

Dirulaguntzaren xede den proiektua eskualdeko hirigintza antolamenduaren araberakoa izanen da.

Kontuan harturik deialdi hau urte baterako dela, 2001eko inbertsioetarako hain zuzen, inbertsioa ekitaldi ekonomiko bakar batean egiterik ez badago, beharrezkoa izanen da abenduaren 31n obraren % 50, gutxienez, egina izatea.

Era berean, 2001eko ekitaldi ekonomikoan egin beharreko proiektuaren zatirako dirulaguntza jasotzeak ez du berekin ekarriko 2002. urtean dirulaguntza jasotzeko inolako eskubiderik.

Dirulaguntza hau jasotzen ahalko dute aparkaleku publikoetarako eremuak sustatzen dituzten toki entitateek. 20 kilometroko inguruan ibilgailu astunendako ekimen publikoko beste aparkaleku bat baldin badago, proiektuak ez du dirulaguntzarik jasoko.

Dirulaguntzaren zenbatekoa toki entitateak ordaindu beharreko kostuaren % 50ekoa izanen da, gehienez ere 25.000.000 pezeta (150.253,03 euro).

Bosgarrena.-Ebazpena.

Garraio eta Telekomunikazio Zuzendaritza Nagusiak ebatziko ditu aurkeztutako eskabideak, Garraio Zerbitzuak txostena luzatu ondotik, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta bi hilabeteko epean.

Epe hori ebazpenik eman gabe iraganik, eskaera ukatutzat hartuko da.

Seigarrena.-Administrazio errekurtsoak.

Deialdiaren eta hura arautzen duten oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Foru Agindu hau argitaratzen denetik hilabeteko epean.

Prozedurari amaiera ematen dion ebazpenaren kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazten denetik hilabeteko epean.

Zazpigarrena.-Dirulaguntzen ordainketa.

Dirulaguntzen ordainketari ekiteko, 2001eko abenduaren 11 baino lehen onuradunek behean azaltzen den dokumentazioa igorri beharko dute Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentura. Egun hori pasata, benetan data horren ondotik egiten diren inbertsioetako egiaztagiriak baino ez dira onartuko. Horrelakoak aurkezteko azken eguna 2000ko urtarrilaren 10a izanen da. Egiaztagiriak epe horretatik kanpo aurkeztuz gero, kontzeptu horietarako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da.

a) Diruz lagunduriko jarduera egin dela egiaztatzeko dokumentazioa, fakturen bidez.

b) Gastu eta ordainketen egiaztagiriak. Gastuak, gutxienez, emandako dirulaguntzen adinakoak izanen dira.

c) Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuak luzatutako ziurtagiria, Nafarroako Ogasun Publikoarekiko beharkizunak bete dituela adierazten duena.

d) Nazioko edo nazioarteko beste administrazio edo entitate publiko batzuetatik helburu berbererako jasotako dirulaguntza edo laguntzen berri ematen duen aitorpena, halakorik jaso baldin badu.

Agiriok jatorrizkoak edo notario edo administrazio batek egiaztatutako fotokopiak izanen dira.

Aipatu agiriak egiaztaturik, Garraio eta Komunikazio zuzendari nagusiak kasuan kasuko dirulaguntzen ordainketa onesteko Ebazpena emanen du.

Zortzigarrena.-Baliogabetzea.

Foru Agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen ez badira, eta legez ezarritako gainerako kasuetan, dirulaguntza osorik edo hein batean uzten ahalko da baliorik gabe, eta jasotako zenbatekoak itzul daitezen erabaki.

Bederatzigarrena.-Finantzazioa.

Deialdi honek sortzen dituen gastuak 2001. urterako indarra duen Gastuen Aurrekontuko "Garraio sektoreko enpresak modernizatzeko laguntzak" izeneko 630000/62110/7709/513200 kontusailaren kargura finantzatuko dira.

Aurrekontuko kontusail honi dagokion kreditutik 50.000.000 pezeta (300.506,05 euro) bideratuko dira Foru Agindu honetan arauturiko dirulaguntzak finantzatzeko, honela banatuak:

1.1 oinarrian finkatu dirulaguntzetarako: % 20.

1.2 oinarrian finkatu dirulaguntzetarako: % 5.

1.3 oinarrian finkatu dirulaguntzetarako: % 15.

1.4 oinarrian finkatu dirulaguntzetarako: % 10.

1.5 oinarrian finkatu dirulaguntzetarako: % 50.

Eskatzen diren dirulaguntzak eman eta zehazteko orduan, ehuneko horiek hartuko dira oinarri. Kategoriaren batean eskatutako dirulaguntza guztien zenbatekoa talde horri dagokiona baino handiagoa bada, dirulaguntza bakoitzaren zenbatekoa proportzionalki murriztuko da. Dena den, hasiera batean beste dirulaguntza mota batzuetarako aurreikusitako dirurik baldin badago eta diru hori haietarako bideratzea erabakitzen baldin bada, ez da horrelako murrizketarik eginen.

Hala behar denean, ematen den dirulaguntzari Foru Agindu honen lehen idatz-zatiko 2.d) oinarrian adierazitako laguntza edo dirulaguntzen zenbatekoak kenduko zaizkio.

Bigarrena.-Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta bateko ekainaren hogeita bederatzian.-Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilaria, José Ignacio Palacios Zuasti.

Iragarkiaren kodea: a0107230