89. ALDIZKARIA - 2001eko uztailaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

ERABAKIA, 2001eko uztailaren 16koa, Nafarroako Gobernuak hartua, "Abere hilen eta AME produktuen erraustegia" egiteko proiektua, "Tratamientos MER, S.L." enpresak sustatua, Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratzen duena eta jendaurrean jartzen duena hilabete batez, Ingurumenean izanen duen Eraginaren Azterlanarekin batera.

PROPOSAMENA

Jesús Aramendía Zuazu jaunak, "Tratamientos MER, S.L." enpresaren izenean eta hura ordezkatuz, Pitillasen "Abere hilen eta AME produktuen erraustegia" egiteko proiektua aurkeztu du uztailaren 4an, Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratua izan dadin eta onetsi aurretik beharrezko diren gainerako izapideak egin daitezen.

I.-Aurrekariak.

Hala Europako Elkarteak nola Espainiako estatuak eta Nafarroako Parlamentuak uste dute errausketa dela entzefalopatia espongiforme kutsagarriei lotutako arriskuko materialak suntsitzeko biderik seguruena eta egokiena osasunari begira.

Europako Parlamentuak eta Kontseiluak berriki onetsi duten 2001eko maiatzaren 22ko 999/2001 (EE) Erregelamenduaren bidez zenbait entzefalopatia espongiforme kutsagarriri aurrea hartu eta horiek kontrolatu eta desagerrarazteko xedapenak ezarri dira. Erregelamendu horren V. eranskinean material horiek suntsitzeko sistemetan lehenik aipatzen duena errausketa da.

Hondakin bereziak kudeatzeko irailaren 20ko 13/1994 Foru Legea aldatzeko, berriki onetsi den otsailaren 13ko 1/2001 Foru Legeak aipatzen du, orobat, horrelako hondakinak desagerrarazteko biderik egokiena abere hilak eta material bereziak erraustea dela.

Ildo horretatik beretik doa Estatuko oinarrizko arautegia, zehazki, entzefalopatia espongiforme kutsagarriei lotutako materialak nola suntsitu arautzen duen azaroaren 24ko 1011/2000 Errege Dekretuaren 5.3. artikuluan.

Nafarroako Gobernuak, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren bitartez, eta bertako kontseilariak 2001eko martxoaren 16an eman Foru Aginduaren bidez, abere hilak eta entzefalopatia espongiforme kutsagarriei lotutako materialak errausteko instalazio bat ezartzeko dirulaguntza emateko lehiaketarako deialdia egin zuen.

Kontseilariaren 2001eko ekainaren 15eko Foru Aginduaren bidez, aipatu Departamentuko kontseilariak "Tratamientos MER, S.L." enpresaren alde ebatzi zuen lehiaketa. Enpresa hori da ondoko proiektuaren sustatzailea.

II.-Proiektuaren xedea.

Proiektu honen xedea da abere hilak osorik eta AME produktuak zuzenean errausteko nabe eta instalazioek behar dituzten neurriak zehaztea eta haien balorazioa egitea. Erraustegiaren hasierako edukiera 5.000 t/urtea izanen da eta urteko gehieneko edukiera aipatu lehiaketako oinarrien arabera Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak finkatzen duena.

III.-Proiektuaren oinarrizko azalpena.

Proiektaturiko instalazioak Pitillasko mugapean daude eta katastroko 3. poligonoko 345. lurzatiaren puska bat hartzen dute, zehazki 24.797 metro koadro, herrilurren sailekoak. Lurzati hori herriguneko mendebaldean dago, handik 1,7 km ingurura. Murillo el Cuendera 2,2 km daude eta 4 bat km Pitillasko aintzirara. Iruña-Zaragoza N-121 errepideko 48,300 k.p.an dago, ezkerreko aurrealdearekin parez pare. Lurzatiaren barrenean, zehazki, honela kokatzen dira instalazioak: eraikin ia errektangeluarra izanen da, 5,600 bat metro koadrokoa, ipar-ekialdeko koadrantean kokatua, errepidearekin paralelo doan bide baten ondoan, errepidetik 75 bat metrora. Nahiko lur laua da.

Aurkeztu den dokumentazioaren atal batean aukeraturiko tokia justifikatzen da eta bukaeran Pitillasko Udalarekin egindako kontratu bat erantsi da, non lurzati hori erabiltzeko baimena ematen duen.

Instalazioetan sartzeko bidea N-121 errepidetik Pitillasen sartzeko errepidean abiatzen da, bi horien arteko lotunetik 975 bat metrora. Ondoren, egun dagoen bide batetik segituko du, zoladura sendokoa baita. Argindarraren eta uraren hari/hodiak lur azpitik eramanen dira (1.300 bat metro), eta N-121 errepideak eta Pitillasen sartzeko bideak bat egiten duten tokitik hurbil dauden zerbitzuetatik hornituko dira.

Lurzatian, gainera, instalazioak hartuko dituen eraikinaz gainera (500 metro koadrokoa), propanoko biltegietarako zona bat aurreikusi da eta beste bat kamioiak garbitzeko tokia, pisatzeko baskula, transformadore bat eta araztegia kokatzeko.

Hondakinak errausteko prozesua, laburki, honelakoa da:

a) Abere-hondakinak bi kalapatxatan jasotzen dira, batean abere osoak eta bestean AME produktuak. Kalapatxak izozkailuetan sartuta egonen dira, 0º C-tan.

b) Hondakinak bi labe ezberdinetan errausten dira.

-700 kg/h-ko labe estatiko bat, gorpu osoak hartzeko modukoa.

-300 kg/h-ko labe birakari bat.

Errautsi ondoko hondakin solidoak errauts bizigabeak dira, gai organikorik gabekoak (% 0). Handik zabortegira edukiontzi itxietan eramanen dira.

IV.-Instalazioaren interes publikoaren eta erabilera sozialaren justifikazioa.

Espedientearen xede den instalazioaren nolakotasuna ikusita -abere hilak eta AME produktuak jasotzea eta tratatzea bizigabe utzi arte-, horren bidez entzefalopatia espongiforme kutsakorrak desagerrarazteko bidean lagundu nahi baitu, eta kontuan harturik jarduerak Foru Komunitate osoa hartuko duela, instalazioaren interes publikoa eta erabilera soziala justifikatuta daude. Bestalde, horien adierazpide dira Foru Administrazioak orain arte aurrera eramandako jarduketak, aurrekarietan aipatuak.

V.-Hirigintza arloko zehaztapenak.

Instalazioak hartuko dituzten lurrak, Pitillasko Udal Planaren arabera, nekazaritzarako emankortasun ertaineko lurzoru urbanizaezinak dira. Haien babes araubidea bateragarria da proiektuaren xede diren instalazioekin.

Bestalde, eskuartean dauden datuen arabera, aukeraturiko tokia ez dago aurreikusitako instalazioen ezarpena galaraz dezakeen beste inolako hirigintza edo lurralde zehaztapeni lotua, N-121 errepidearen ondoan proiektatu diren ur hornidurarako eta argindarraren hornidurarako aurreikusi direnak izan ezik. Hortaz, instalazioaren exekuzioaren aurretik, aginduzko baimena eskatu beharko zaio Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari. Bestalde, instalazioen itxitura aurrean duen bide publikoaren kanpoko ertzetik hiru metrora gutxienez eraman beharko da.

VI.-Ingurumen arloko zehaztapenak.

Aurkeztu diren agirien artean Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlana dago. Horren edukia arauek eskatzen dutenaren araberakoa da. Ingurumenaren gainean eragina izan dezaketen proiektuaren ekintzak aztertzen dira eta behar diren neurri zuzentzaileak ezartzen. Orobat, ingurumenaren zaintzarako programa bat erantsi da, geroago zehaztu beharko dena, proiektua abian jarri baino lehen.

Jarduera hartuko duen inguruak ez du natur balio berezirik eta bertan ez dago espezie edo habitat mehatxatu edo babesturik. Gainera, ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanean Pitillasko aintzirako interes kulturaleko tokiari eraginik ez egitea justifikatzen da.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak 2001eko uztailaren 12an emandako txostena kontuan harturik eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea eta aplikagarri diren gainerako arauak ikusirik, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik, Nafarroako Gobernuak

ERABAKI DU:

1. Abere hilen eta AME produktuen erraustegia egiteko proiektua, "Tratamientos MER, S.L." enpresak sustatua, Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratzea, Foru Lege horretan aurreikusitako ondorioetarako.

2. Espedientea jendaurrean jartzea eta xede diren instalazioek ukitzen duten tokiko udalari entzunaldia ematea. Bi izapide horiek batera eginen dira eta hilabete iraungo dute, Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik hasita.

3. Orobat, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlana jendaurrean jartzea, epe berean, legearen arabera indarra duten zehaztapenekin bat.

4. Hartara, espedientea Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan izanen da ikusgai (Alondegi kalea, 1-2. solairua, Iruña), aipatu epean interesatuek egoki iruditzen zaizkien alegazioak aurkez ditzaten idatziz.

5. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari, Pitillasko Udalari eta "Tratamientos MER, S.L." enpresari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, bi mila eta bateko uztailaren hamaseian.-Lehendakaritzako idazkari nagusia, Joaquín Gortari Unanua.

Iragarkiaren kodea: A0107631