89. ALDIZKARIA - 2001eko uztailaren 23a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

A R T Z I B A R

Ordenantzetako aldaketen behin betiko onespena

Artzibarko Udalak, 2000ko azaroaren 22an egin osoko bilkuran, ordenantza hauek 2/99 eta 4/99 Foru Legeetara egokitzea onetsi zuen: Ordenantza fiskal orokorra; Zaborra biltzeko tasa arautzen duen ordenantza, eta Eremu publikoko lurzoru, hegalkin eta zorupeko aprobetxamendu berezien tasa arautzen duen ordenantza.

Hasierako onespenaren iragarkia abenduaren 27an argitaratu zen, 2000ko 156. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, eta jendaurrean egoteko aldia iragan da inork arreklamaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe. Hortaz, behin betikoz onetsirik gelditu dira Nafarroako toki Administrazioari buruzko Foru Legeko 325. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Zaborrak bildu eta eramateko zerbitzuen tasak arautzen dituen ordenantza 1995eko 8. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, urtarrilaren 18an, argitaratu zen bezalaxe geldituko da idatzirik, ondotik aipatzen den aldaketarekin.

Ordenantza fiskal orokorraren eta Eremu publikoko lurzoru, hegalkin eta zorupeko aprobetxamendu berezien tasa arautzen duen ordenantzaren testu osoak ondotik ematen dira.

Artzibarren, bi mila eta bateko maiatzaren hogeita bederatzian. Alkatea, Alberto Chourraut Salon.

ZABORRAK BILDU ETA ERAMATEKO ZERBITZUEN TASA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA FISKALA

1. artikuluak idazketa berri hau izanen da: Ordenantza hau Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeak xedatzen duenari, berau aldatzen duen martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legeak xedatzen duenari eta 6/1990 Foru Legeak xedatzen duenari jarraikiz ezarri da.

EREMU PUBLIKOKO ETA HERRILURRETAKO ZORUAN, HEGALKINEAN ETA ZORUPEAN EGITEN DIREN APROBETXAMENDU BEREZIEN PREZIO PUBLIKOAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Ordenantza hau Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeak xedatzen duenari, berau aldatzen duen martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legeak xedatzen duenari eta 6/1990 Foru Legeak xedatzen duenari jarraikiz ezarri da.

Zergagaia

2. art. Eremu publikoko eta herrilurretako zoru, hegalkin eta zorupean ondoko aprobetxamendu edo erabilera pribatiboetarik edozein egitea da zergagaia:

1) Erabilera publikoko lurren zorupea okupatzea.

2) Erabilera publikoko lurrak salgai, material edo gisako muntaduren bidez okupatzea.

3) Soto edo sotoarteei argia, aireztapena, pertsonen sarbidea edo gaien sarrera eman ahal izateko eremu publikoko zoladura edo espaloietan kokatutako lukana, arnasbide, ate, karga-aho edo gisako elementuak, bai eta argi-sare publikotik egindako hartunea ere.

4) Eremu publikoaren gainean edo fatxadaren lerrotik ateratzen diren markesina, olana edo gisako instalazioak, eraikinaren berezko egituraren elementuak ez direnean.

5) Eremu publikoaren gainean edo haren hegalkinean kokatuta dauden burdina-barra, aldamio eta gisakoak, kableak, horma-besoak, lotura, banaketa edo erregistrorako kaxak, baskulak, salmenta automatikorako tresnak eta gisakoak.

6) Irabazteko xedearekin mahaiak eta kadirak paratuz erabilera publikoko lurrak okupatzea.

7) Eremu publikoan kioskoak paratzea.

8) Erabilera publikoko lurretan kokatutako postu, barraka, saltoki, ikuskizun eta jolaskizunak, kalez kaleko industriak eta zinema filmaketa.

9) Erakusleiho eta beirarasak.

10) Balkoiak eta terrazak kristalez ixtea.

Salbuespenak

3. art. Ez da salbuespenik onartzen tasa hau ordaintzerakoan.

Subjektu pasiboak

4. art. Ordenantza Fiskal Orokorreko 8. artikuluak aipatzen dituen subjektu pasiboek tasa derrigorrez ordaindu behar dute.

5. art. Edonola ere, Ordenantza Fiskal Orokorreko 8. artikuluak aipatzen dituenak ordezko subjektu pasibotzat hartuko dira.

Zerga oinarria

6. art. Ordenantza honetako prezio publikoaren zenbatekoa finkatzeko, probetxamenduaren iraupena eta ordenantza honetako xede diren aprobetxamendu bereziek okupatutako eremu publikoaren azalera hartuko da kontuan, honen eranskinean xedatzen denari jarraikiz.

Alabaina, bizilagunen gehiengoari edo zati handi bati eragiten dion hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresentzat, prezio publikoaren zenbatekoa udal mugapean urtean fakturatzen duen dirusarrera gordinaren portzentaje bat izaten ahal da, 2/1995 Foru Legeko 105.1 artikuluak ezartzen duenez, 4/1999 Foru Legearen idazketaren arabera.

7. art. 1. Erabilera pribatiboak edo probetxamendu bereziak berekin ekar dezaketela udal ondasun edo instalazioen suntsiketa edo narriadura, onuraduna aipatu horiek berreraiki edo konpontzeko gastuen kostua ordaintzera beharturik dago, dagokion tasa ordaindu beharraren kaltetan gabe, bai eta aurretik zenbateko hori gordailutako uztera ere.

2. Erabilera dela eta sortutako kalteak konponezinak badira, onuradunak desegindako gaiek zenbait balio duten edo kaltetutakoen baliogalera norainokoa den, horrenbertze emanen dio ordainetan Udalari.

Udalak ez du sekula artikulu honek aipatzen dituen kalteordainak eta ordainketak barkatuko.

Sortzapena

8. art. Sortzapena baimena lortzearekin hasten da. Baimena ez da tramitatuko aldez aurretik ordainketa egin ez bada.

9. art. Udalak behar den lizentziarik edo kontzesiorik eman gabe aprobetxamendua hasten bada, behar den prezio publikoa pagatzeak ez ditu egindako aprobetxamenduak legeztatuko eta, beraz, kalteordainik eman gabe instalazioak kentzeko agindu daiteke, baimena lortzeko has daitekeen espediente administratiboa ukatu gabe.

10. art. 1. Ordenantza honetan araututako tasei lotutako aprobetxamenduak behar den errolda edo zentsua izanen dute ohikoak eta etengabeak badira.

2. Erabilera publikoko lurrak, irabazi asmoz, mahai eta kadirekin okupatzeari dagokionez, Udalak baimena bere osotasunean balio gabe utzi edo aldi baterako ken dezake arrazoi bidezko, obra, konponketa, etabarrik badago, eta kobratutako tasaren zati proportzionala itzultzera behartuta dago.

Arau-hausteak eta zehapenak

11. art. 1. Iruzurtzat hartuko da behar den lizentziarik gabe aprobetxamendua edo erabilera hastea.

2. Bertzelako arau-hausteei dagokienean eta zehapenekin ikusteko duten afera orotan, Ordenantza fiskal orokorrak xedatutakoari jarraituko zaio. Toki entitateak, agindu bidez, lizentzia edo baimenik gabeko muntadurak eremu publikotik ken ditzake udal biltegietara eramateko, eta muntadura hori desmuntatu, garraiatu, biltegira eraman eta egin behar den bertze edozergatik sortutako tasak eta gastuak jabearen kargu geldituko dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ordenantza honetan aurreikusi ez den orotan, Ordenantza fiskal orokorrean eta martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legean xedatutakoa aplikatuko da, baita aplikagarri diren gainerako xedapenak ere.

Bigarrena.-Ordenantza honek indarra hartu eta erabateko eragin juridikoa sortuko du bere testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denean.

E R A N S K I N A

E epigrafea.-Kalez kaleko salmenta.

-Bestetako barrakak: 2.000 pezeta.

-Bestetako ostatua: 30.000 pezeta.

II. epigrafea.-Zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresak.

2/1995 Foru Legearen 105.1 artikulua, 4/1999 Foru Legearen idazketaren ariora.

ORDENANTZA FISKAL OROKORRA

Oinarria

Ordenantza hau Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeak xedatzen duenari, berau aldatzen duen martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legeak xedatzen duenari eta 6/1990 Foru Legeak xedatzen duenari jarraikiz ezarri da.

I. KAPITULUA

Oinarri orokorrak

1. artikulua. Honako ordenantza fiskal orokor honen xedea da Udal honetako zerga araubidea osatzen duten ordainarazpen guztiendako arauak eta oinarri orokorrak finkatzea.

Ordenantza honen arauak ordenantza partikularren osagarritzat hartuko dira, azken hauek berariaz arautzen ez duten guztian.

2. art. Tokian tokiko ordenantza fiskalek eta honako honek ere agintzen duten bezala, zergak ordaintzeko obligazioa guztiena da, eta zerga-eskubide eta betebeharrak izan ditzaketen pertsona fisiko eta juridiko guztiak edo nortasun juridikorik gabeko subjektuak hartzen ditu bere esparruan, betiere, berdintasun eta ahalmen ekonomikoaren oinarriak aintzat hartuz (2/1995 Foru Legearen 56.a. artikulua).

3. art. Artzibarko Udalak onetsitako ordenantza fiskalek Udaleko mugape osoan izanen dute indarra, eta ezin izanen da kargarik ezarri entitate zerga-ordainarazlearen lurraldetik kanpo egindako negozio, egintza edo gertaerengatik (2/1995 Foru Legearen 56.b artikulua).

4. art. Udal honek ordainarazten dituen toki-tributuen subjektu pasiboek behar bezalako frogabidez hornituriko kontsultak egiten ahal dizkiote Udalari kasu bakoitzean dagokien tributu arloko erregimen, sailkapen edo kalifikazioari buruz.

Erantzunak informazio soilaren balioa izanen du eta ez egintza administratiboarena, Administrazioari loturarik ezarriko ez diolarik.

Hala ere, bere kontsulta egin ondoren eskudun organoaren erantzunak dioenaren arabera bere tributu arloko betebeharrak betetzen dituen subjektu pasiboak ez du erantzukizunik izanen, baldin eta 2/1995 Foru Legearen 63.3. artikuluak adierazten dituen baldintzak betetzen badira.

Interesatuek ezin izanen dute inolako errekurtsorik aurkeztu kontsulta baten erantzunaren aurka, nahiz eta gero, erantzun horretan oinarritutako egintza administratiboaren aurka egitea zilegi izanen duten (2/1995 Foru Legeko 63.4 artikulua).

5. art. Udal honek indarrean diren ordenantza fiskalen kopiak emanen dizkie eskatzen dituztenei.

Ordenantzek beraietan ezarritako epean izanen dute indarra. Eperik ezartzen ez bada mugagabeko iraupena dutela ulertuko da (2/1995 Foru Legearen 14. artikulua).

II. KAPITULUA

Zerga erlazioaren elementuak

Zergagaia

6. art. Zergagaia toki erakundearen jabari publikoaren erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia da, baita zerbitzu publikoak ematea edo beren eskumeneko jarduerak egitea 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluari jarraikiz, 4/1999 Foru Legeak emandakjo idazketaren ariora.

Ordenantza fiskal berezi bakoitzak zergagiaren definizio zehatza osatuko du, zerga ordaindu beharra zer kasutan sortzen den aipatuz.

7. art. Ez da analogia onartuko zergagaiaren edo salbuespen edo hobarien esparrua bere muga hertsietatik harata hedatzeko (2/1995 Foru Legearen 65. artikulua).

Subjektu pasiboa

8. art. Tasen subjektu pasiboak dira, zergadun diren partez, pertsona fisiko edo juridikoak eta, nortasun juridikorik izan gabe ere, unitate ekonomikoa edo aparteko ondarea osatzen duten entitateak:

a) Baldin tokiko jabari publikoa bereziki beren mesede erabili edo aprobetxatzen badute, 2/1995 Foru Legeko 100.4 artikuluak aurreikusten dituen kasuetako baten arabera eta 4/1999 Foru Legearen idazketaren arabera.

b) Baldin toki entitateek eman edo egiten dituzten zerbitzu edo jarduera horien eskatzaile, onura hartzaile edo ondorio hartzaile badira, 2/1995 Foru Legeko 100.5 artikuluak aurreikusten dituen kasuetako baten arabera.

9. art. Zergadunaren ordekotzat hartuko dira:

a) Etxebizitza edo lokaletako bizilagunek hartzen dituzten edo eragiten dieten zerbitzuen aldera jarritako tasen kasuan, etxebizitza edo lokal horien jabeak; horiek zilegi izanen dute tasak, hala tokatzen bada, kasuko onura hartzaileei egoztea.

b) Lurzoru eta hiri antolamenduaren gaineko araudian aurreikusten diren hirigintza lizentziak emateko tasetan, obren eraikile eta kontratistak.

c) Suteak galarazi eta itzaltzeko zerbitzuengatik, erortzak galarazteko, eraikitzeko eta eraisteko zerbitzuengatik, salbamenduengatik eta, oro har, pertsona eta ondasunak babesteagatik jarritako tasetan, zerbitzuaren mantenimendua ere barne, arriskua aseguratzen duten entitate edo sozietateak.

d) Ibilgailuak edo gurdiak espaloietan barrena sartzeko erabilera eta aprobetxamendu bereziengatik kobratzen diren tasetan, eta bai ere pasabide horiek egin, mantendu, aldatu edo kentzeagatikakoetan, ibilgailu pasabide horiek sarbide ematen dieten finka eta egoitzen jabeak; jabe horiek zilegi izanen dute, hala tokatzen bada, tasa horiek kasuko onura hartzaileei egoztea.

10. art. Zerga erlazioaren aldaezintasuna

Subjektu pasiboaren eta zerga betebeharraren gainerako elementuak ez dira partikularren egintza edo hitzarmenen eraginpean aldatzen ahal.

Egintza eta hitzarmen horiek ez dute Udaleko administrazioan eraginik izanen, berekin dakartzaten ondorio juridiko-pribatuak galarazi gabe.

Sortzapena

11. art. Oro har, eta aurreko lerroaldean aurreikusten denarekin bat, zerbitzu bat eman edo jarduera bat egiteagatik kobratzen diren tasak ez dira izanen, osotara, kasuko zerbitzu edo jardueraren kostu benetakoa edo ustezkoa baino gehiagokoak, edo, bertzenaz, hartutako prestazioaren balioa baino gehiagokoak.

Zenbateko hori finkatzeko, aintzat hartuko dira zuzen eta zeharbideko kostuak, kostu finantzarioak ere barne, ibilgetua amortizatzekoak eta, hala tokatzen bada, tasa sortzen duen zerbitzu edo jardueraren mantenimendua eta garapen arrazoizkoa bermatzeko kostuak, zein ere den tasa pagatzen duen erakunde edo aurrekontua. Kasuko zerbitzu edo jardueraren mantenimendua edo garapen arrazoizkoa kalkulatzeko, organo eskudunak onetsi dituen aurrekontu eta proiektua hartuko dira aintzat.

12.art. Tasak, zergagaia nolakoa duten, kasuko ordenantza fiskalak finkatzen duenaren arabera eta 4/1999 Foru Legeko 107. artikuluaren idazketaren arabera sortuko dira.

13. art. Udalak zilegi izanen du tasa autolikidazio erregimenean eskatzea.

Zerga-oinarria

14. art. Zerga-oinarritzat hartuko da:

a) Zergagaia zerga-modulutzat kalifikatzea, tributu zorra kopuru finkotan mugatzen denean.

b) Zergagaiaren kopuru, pisu edo neurri unitateen multzoa. Unitate horien gainean ezarriko da tarifa egokia, tributu zorra zehaztera iristeko.

c) Zergagaiaren balorazioa diru unitatetan, Udaleko administrazioak kontutan hartutakoa. Horri buruz, eta kasu bada, indarra duen arautegiari jarraikiz behar diren murriztapenak egin ondoren, tasa egokia aplikatuko zaio tributu zorra zehaztera iristeko.

Zenbait ordainarazpenen kasuetan errolda, matrikula edo erregistroa eginen da, beren izaera dela eta zergagaiak iraun egiten duenean.

15. art. Likidazio oinarria.

Likidazio oinarritzat hartzen da zerga-oinarrian ordainarazpen bakoitza arautzen duen legean edo ordenantzan ezarritako murrizketak, halakorik bada, egin ondoren geratzen den emaitza.

16. art. Karga-tasa.

Karga-tasatzat hartuko dira izaeraz proportzionalak edo progresiboak izan daitezkeen eta likidazio oinarriari kuota zehazteko aplikatzen zaizkionak.

17. art. Kuotaren zehaztapena.

Kuota honakoa izanen da:

a) Tarifa aplikatuz ateratzen den zenbatekoa.

b) Horretarako zehazten den zenbatekoa, edo

c) Aurreko biak elkarrekin aplikatuz ateratzen den zenbatekoa.

18. art. Salbuespenak eta hobariak.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta Nafarroako Foru Parlamentuak onetsi edo onesten dituen gainerako arau aplikagarrietan xedatzen denari lotuko zaio.

III. KAPITULUA

Tributu zorra

19. art. Zerga-zorra zerga-kuotak osatuko du eta, kasuan kasu, errekarguek, berandutza korrituek eta diru zehapenek ere bai.

Subjektu pasiboak beharturik egonen dira zerga-zorra ordaintzera.

Tributu zorra ordaintzeko erantzukizuna

20. art. 1. Legeak tributu zorraren erantzule deklaratzen ahal ditu, subjektu pasibo edo zordun nagusiekin batera, bertze pertsona batzuk solidario edo subsidiarioki.

2. Erantzukizuna tributu zor osoraino iristen da.

Premiamenduko errekargua dirusarrera egiteko borondatezko epea bete eta ordaindu ez duenean bakarrik eskatzen ahal zaio erantzuleari.

21. art. Betiere, tributu zorraren ordainketara behartzeko administrazio egintza erantzuleei iragan ahal izateko beharrezkoa da administrazio egintza bat zeinean, interesatuari entzun ondoren, erantzukizuna deklaratu eta haren norainokoa zein den zehaztuko den.

Egintza hori jakinaraziko zaie, likidazioaren funtsezko osagaiak adieraziz, une horrexetatik zordun nagusiaren eskubide guztien jabe eginen direlarik.

22. art. Administrazio egintza erantzule subsidiarioei iragan ahal izateko nahitaezkoa da aldez aurretik zordun nagusiaren eta gainerako erantzule solidarioen ordainezintasuna deklaratzea, aitorpen horren aurretik bidezko diren arreta neurriak hartzea galarazi gabe.

23. art. Zor baten erantzule solidario edo subsidiaroak bi edo gehiago baldin badira, zorra oso-osorik horietako edonori eskatzen ahal zaio.

Tributu zorraren iraungipena

24. art. Tributu zorra iraungiko da:

a) Ordaindu edo bete delako.

b) Preskripzio bidez.

c) Egiaztatutako ordainezintasunagatik.

d) Konpentsazio bidez.

25. art. Tributu zorren ordainketa ordenantza fiskal orokor honetako 60. artikuluak arautzen duenaren arabera eginen da.

26. art. Lau urteren buruan ondoko eskubide eta egintzak preskribatuko dira:

a) Subjektu pasiboen aldekoak:

-Tributu zorra likidazioaren bidez zehazteko eskubidea, eskubide hori sortu zen egunetik kontatzen hasita.

-Likidatu diren zerga zorrak pagatzea exigitzeko egintza, borondatez pagatzeko epea bukatzen den egunetik hasita.

-Zuzenbide publikoko eta zergez kanpoko baliabideak ordainaraztetik heldu den edozein bere aldeko kreditu pagatzea exigitzeko egintza, epe hori kasuan kasuko ordenantzak ezartzen duen pagamendu aldia bukatzen denetik kontatuta edo, halakorik ez bada, pagatzea exigitu den egunetik.

-Zergei buruzko arau-hausteengatik zehapenak jartzeko egintzak, kasuko arau-hauste horiek egin ziren egunetik kontatuta.

b) Zergadunek bidegabezko dirusarrerak berreskuratzeko eskubidea ere lau urteren buruan preskribituko da, dirusarrera egin zen egunetik hasita. Bidegabezko dirusarrera itzultzeko helburuz subjektu pasiboak egiten duen edozein ekintza fedemailek etenen du preskripzio epea, edo Lergako Udalak dirusarreraren existentzia aitortuz egiten duen edozein ekintzak.

27. art. Aurreko artikuluaren a) atalak aipatzen dituen preskripzio epeak eten egiten dira:

-Subjektu pasiboa formalki jakinaren gainean izanik, kredituaren edo eskubidearen ordainarazpenaren aitorpena, arautzea, ikuskapena, segurtasuna, egiaztapena, likidazioa eta dirubilketa erdiesteko egindako edozein egintza administratiboren eraginez.

-Edozein erreklamazio edo errekurtso paratzen bada.

-Tributu zorra ordaindu edo likidatzeko subjektu pasiboak egiten duen edozein jarduketarengatik.

28. art. Preskripzioa ofizioz aplikatuko da, subjektu pasiboak eskatu edo salbuetsi beharrik gabe.

29. art. Subjektu pasiboaren eta gainerako erantzuleen ordainezintasun egiaztatua dela eta, kitatu ezin izan diren tributu zorrak behin-behinekoz iraungiak deklaratuko dira, preskripzio epearen barnean birgaitzen ez diren bitartean. Epe hori akiturik zorra birgaitzen ez bada, behin betikoz iraungirik geratuko da.

IV. KAPITULUA

Tributuen arloko arau-hausteak eta zehapenak

Tributuen arloko arau-hausteak

30. art. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/95 Foru Legearen 93. artikuluari jarraikiz, tributuen arloko arau-hausteak dira lege horretan berean eta gainerako arau aplikagarrietan tipifikatzen eta zehatzen diren ekintzak.

Arau-hausteek zehapena izanen dute, baita axolagabekeria hutsa direnak ere.

31 art. Arau-hausleak izanen dira legeetan arau-hauste gisa tipifikaturik dauden ekintza edo omisioak egiten dituzten pertsona fisiko nahiz juridikoak, eta bereziki ondoko hauek:

a) Tributuen subjektu pasiboak, zergadun ala ordezkoak izan.

b) Jarduteko gaitasunik ez duten subjektu pasiboen legezko ordezkaria.

c) 2/95 Foru Legearen 62. artikuluan ezarritakoaren arabera, Administrazioari argibideak edo laguntza emateko obligazioa duten pertsona fisiko edo juridikoak.

32. art. Legeak arau-haustetzat tipifikatzen dituen egintzek edo ez-egiteek, honako kasuetan ez dute erantzukizunik sortuko:

-Tributu gaietan egintzarako gaitasunik ez dutenek eginak direnean.

-Ezinbertzeko kasua delarik.

-Erabakia anitzen artean hartua delarik, beren botoa gorde dutenendako edo erabakia hartu zeneko bileran egon gabeendako.

33. art. Arau-hausteak soilak edo larriak izan daitezke, egintza edo omisioak, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 94. artikuluan kontzeptu batean edo bertzean sartzen diren kontuan hartuz.

Zehapenak

34. art. Arau-hausteak isun finko edo proportzionalaren bidez zehatuko dira dirutan, 2/1995 Foru Legearen 95. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Isun finkoen zenbatekoa ekitaldi bakoitzean eguneratu ahalko da Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legearen bitartez.

Proportziozko isuna, dirutan, tributu kuotari aplikatuko zaio, ordaindu ez diren zenbatekoei, edo bidegabe eskuratutako mozkin edo itzulketen zenbatekoari.

35. art. Zehapenak interesatuari entzutea emanez erabaki eta ezarriko dira eta, Betiere, espedientea ireki ondoren.

36. art. 1. Arau-hauste soil bakoitza 1.000 pezetatik 150.000 pezeta bitarteko isunarekin zehatuko da.

2. Eskumenak erabiliz egitekoak ikuskatzailetza-jarduketei zailtasunak edo aitzakiak jarri edo uko egiteagatik, 50.000 pezetatik 1.000.000 pezeta bitarteko isuna jarriko da.

3. Tributu arloko arau-hauste larriak kuotaren zenbatekoaren % 50etik % 150era bitarteko isun proportzionalaren bidez zehatuko dira dirutan, 2/1995 Foru Legearen 97.3 artikuluan aipatzen den murrizketa deusetan galarazi gabe.

4. Berandutza-korrituak galdatzen ahalko dira, borondatez ordaintzeko epea bukatzen denetik tributu egoera erregularizatzen duen likidazioa egiten den egunera arte igarotako denboragatik.

37. art. Tributu arloko arau-hausteetatik sortutako erantzukizuna.

1. Arau-hausteek ekarritako erantzukizuna ordainketa egin edo zehapena bete delako galtzen da, edo preskripzio bidez.

2. Arau-hausleak hiltzen direnean, haien oinordeko edo legatu-hartzaileek jasoko dituzte tributu arloko betebeharrak, jaraunspena hartzeko legeria zibilak ezartzen duena deusetan galarazi gabe. Zehapenak ezin dira sekula transmititu.

3. Sozietate edo entitate desegin eta likidatuen kasuan, ordaindu gabeko tributu horiek kapitalean kide edo partaide direnei transmitituko zaizkie, eta haiek solidarioki erantzunen dute, bakoitzak esleitu zaion likidazio-kuotaren balioaren mugaraino.

V. KAPITULUA

Kudeaketa arauak

38. art. Tributuen kudeaketari hasiera emanen zaio:

a) Subjektu pasiboaren aitorpen edo ekimenaren bidez.

b) Ofizioz.

c) Toki entitateen organo administratiboen ikerketaren bidez.

Tributu aitorpena

39. art. a) Tributu aitorpentzat hartuko da zergagai baten inguruabarrak edo osagaiak agertu direla adierazi edo aitortzen duen agiri oro, bai halaber zergagai bat duen edo osatzen duen agiriaren aurkezpen hutsa ere.

b) Ez da inolaz ere eskatuko zerga aitorpenak zinpekoak izatea.

c) Aurkeztean interesatuei emanen zaie horren egiaztagiria, eta horretarako aitorpenaren kopia ere erabiltzen ahalko da.

d) Frogagiri bat aurkeztean interesatuek aurkezten ahalko dute, horrekin batera, kopia sinplea edo fotokopia, Udalak, erkatu ondotik, jatorrizkoa itzul dezan, prozedura behin betikoz ebatzi aurretik agiria itzuli behar ez dela erabakitzen ez bada, agiri pribatua izateagatik edo legezko bertze arrazoiren batengatik.

40. art. Aitorpena aurkeztu beharko da ordenantza partikular bakoitzean ezarritako epeen barnean, eta orokorrean, zergagaia ematen den unetik hasita ondoko hogeita hamar egun balioduneko epearen barnean. Epearen barnean ez aurkeztea arau-hauste soiltzat hartuko da eta horren arabera zehatuko.

41. art. Aitorpena Udal honetan aurkezteak ez du zergaren jatorria onartu edo aitortzen denik erran nahi.

Udal honek aitorpenak eska ditzake eta hauek gehitzea ere bai, eta orobat nabari diren okerrak zuzentzea, tributuen likidaziorako eta egiaztapenerako beharrezko den neurrian.

Aurreko lerroaldeak aipatzen dituen betebeharrak ez egitea arau-hauste soiltzat hartuko da eta horren arabera zehatuko.

42. art. Epeak.

1. Ordenantza partikularretan izapide bakoitza egiteko bete beharreko epeak zein izanen diren adieraziko da. Ordenantza horiek ez badituzte epeak finkatzen, oro har ulertuko da ez dela sei hilabete baino gehiago izanen administrazio prozedura hasten denetik prozedura amaitzen duen ebazpenaren eguna arteko denbora; Betiere hori galarazten duten behar bezala justifikatutako aparteko arrazoiak ez badira behintzat. Epe hori bi urtekoa izanen da ikuskapena denean.

2. Toki entitate honek epeak betetzen ez baditu ere, horrek ez du erran nahi administrazio ekintza iraungi egiten denik, baina, hala ere, interesatuei erreklamazioa aurkezteko baimena emanen die.

3. Izapidaketaren akatsen kontrako kexako erreklamazioak noiznahi egiten ahal dira, eta bereziki, prozedura geraraztea, jarritako epeak haustea edo arazoa behin betikoz ebatzi aitzin konpon daitezkeen izapideak ez egitea dakartzatenak. Erreklamazioa ontzat hartzen bada, horretarako arrazoirik izanez gero, berarekin erantzukizuna duen langilearen kontrako diziplina espedientea irekitzea ekarriko du.

Ikerketa eta ikuskapena

43. art. Toki entitate honek ikertuko ditu zergagaia osatzen edo baldintzatzen dituzten gertakizun, egintza, egoera, jarduera, ustiapen eta gainerako inguruabarrak, eta egiaztatuko karga-oinarriaren balorazioa.

44. art. Ikerketa egiteko subjektu pasiboaren kontabilitate nagusiaren edo laguntzailearen agiriak, liburuak, fitxategiak, kontu-agiriak, frogagiriak eta oharpenak aztertuko dira; era berean, ondasunen, elementuen, ustiapenen eta tributua zehazteko beharrezko den bertze edozein informazio aurrekariren ikuskapena eginen da.

45. art. Subjektu pasiboek kontabilitate liburuak, erregistroak eta kasu bakoitzean eskatzen diren bertze dokumentuak eraman eta zaintzeko obligazioa dute, bai eta ikuskapen lanetan erraztasunak emateko ere, Administrazioari zergagaiarekin zerikusirik duten datu, txosten eta aurrekariak edo frogagiriak eskuratuz.

46. art. Ikuskapenak diligentzia, jakinarazpen eta aurretiko edo behin betiko akten bidez dokumentatuko dira subjektu pasiboendako eragin ekonomikorik baldin badakarte.

47. art. Salaketa.

1. Udalaren ikerketa salaketa bidez hasten ahal da. Salaketa erabiltzea Administrazioa laguntzeko obligaziotik aparte dago, 2/1995 Foru Legearen 62. artikuluan xedatutakoaren arabera.

2. Salatzailea ez da interesatutzat hartuko salaketaren ondorioz hasten den ikerketan, eta salatzailea den aldetik ez du eskubiderik izanen errekurtso edo erreklamaziorik aurkezteko.

3. Nabarmenki funtsik gabeak diren salaketak bertzelako tramiterik gabe artxibatzen ahal dira.

Tributu likidazioak

48. art. 1. Zerga-oinarriak zehaztu ondoan, kudeaketak jarraituko du likidazioa eginez tributu zorra finkatzeko. Likidazioak behin-behinekoak edo behin betikoak izanen dira.

2. Behin betikoak honako hauek izanen dira:

-Zergagaiaren ikerketa administratiboa egin ondoan eta karga-oinarria egiaztatutakoan egindakoak, tartean behin-behineko likidaziorik izan ala ez.

-Preskripzio epearen barnean egiaztatu ez direnak.

3. Aurreko atalean adierazitako kasuetatik at, likidazioak behin-behinekoak izanen dira, kontuaren gainekoak, osagarriak, bermeak, partzialak edo osokoak badira ere.

49. art. a) Likidazioak egiterakoan udal honek egiaztatuko ditu tributu aitorpenetan adierazitako egintza eta balorazio guztiak.

b) Aitorpenen emaitzaren gaineko tributu oinarria handitzen bada subjektu pasiboari jakinarazi behar zaio.

50. art. 1. Likidazioak subjektu pasiboei jakinaraziko zaizkie, hauek adieraziz:

a) Haien funtsezko elementuak.

b) Erabil daitezkeen inpugnazio bideak, hauek jartzeko epeak, bai eta zein erakundetan jarri ere adieraziz.

c) Tributu zorra non, noiz eta nola ordaindu behar den.

2. Jakinarazpen akastunek eragina izanen dute subjektu pasiboak haren berri baduela espreski adierazten, dagokion errekurtsoa jartzen edo tributu zorra ordaintzen duenetik hasita.

3. Subjektu pasiboei zuzenean emandako jakinarazpenek sei hilabeteren buruan izanen dute eragina, baldin eta egintzaren testu osoa izanik, bertze edozein baldintza aipatu ez badute, Administrazioak akatsa zuzen dezan eskatzeko epe horretan behar bezalako protesta egin bada salbu.

Zergadunen erroldak.

51. art. Ordenantza partikularrean berean zehaztutako kasuetan, Udaleko administrazioak, interesatuen aitorpenak ikusirik, ezagutzen dituen datuen arabera eta, orobat, administrazio ikuskapenak emandakoak gehituz, zergadunen erroldak prestatzeari ekinen dio. Zergadunen errolda horrela prestatu eta gero, erregistro iraunkor eta publikotzat hartuko da, eta Udalak paratu nahi duen edonolako prozedura bidez, mekanikoa ere barne dela, funtzionatuko du.

52. art. 1. Zergadunen errolda eratu ondoan, bertan gertatzen diren alta, baja eta aldaketa guztiak ontzat eman beharko dira erreklama daitekeen administrazio egintzaren bidez, eta legeari jarraikiz subjektu pasiboei horien berri emanen zaie.

2. Erroldan zernahi alta, baja edo gorabeherarik sor dezakeen aldaketaren berri eman beharko dio zergadunak Udalari, hura gertatu eta hogeita hamar laneguneko epean.

53. art. Zergadunen erroldak dokumentu fiskaltzat hartuko dira, zeina aipatu beharko baita kobratzeko zerrenda, ordainagiri eta bertze dokumentuetan, dagokion ordainarazpena eskuratu ahal izateko.

VI. KAPITULUA

Dirubilketa

Oinarri orokorrak.

54. art. Dirubilketaren kudeaketa, Udalaren ogasunaren hartzekoa osatzen duten kreditu eta eskubideak egitera bideratutako eginkizun administratiboa betetzea da.

55. art. 1. Dirubilketa egin daiteke:

-Borondatezko aldian.

-Derrigorrezko aldian.

2. Borondatezko aldian ordaintzera behartuta daudenek horretarako adierazitako epeen barrenean kitatuko dituzte beren zorrak. Derrigorrezko aldian, indarra duen legeriari jarraikiz dirubilketa nahitaez eginen da premiamendu bidez, zerga ordaindu behar duenak borondatezko aldian bere obligazioa betetzen ez badu.

56. art. Udalaren baliabideen bilketa zuzenean eginen da diruzaintzaren bidez. Han, kontuhartzaileak zerbitzuen fiskalizazioa beteko du.

57. art. Zorren sailkapena, dirubilketari doakionean.

1. Udal agintariek eginiko likidazioen ondorioz sortutako tributu zorrak, dirubilketari doakionean, honela sailkatuko dira: jakinarazi beharrekoak, jakinarazpenik gabekoak eta norberak likidatutakoak.

2. Jakinarazi beharrekoetan ezinbertzekoa da jakinarazpena igortzea, subjektu pasiboak tributu zorraren berri izan dezan. Hortaz, legearen araberako jakinarazpenik gabe, zorra ezin izanen da eskatu.

3. Jakinarazpen gabeko zorrak dira jakinarazpen indibidualik behar ez dutenak, subjektuek aurretik ezagunak dituzten zergadun erroldetatik datozelako.

Konparaziora, epez epe errezibo bidez kobratu beharreko tributuetan, behin errolda, padroi edo matrikula hartan alta hartuaren likidazioa jakinarazi denean, zilegi izanen da hurrengo likidazioak multzoka jakinaraztea, ediktu bidez edo aditzera emanez, baldin likidazio horiek lehengoen berdin berdinak badira, edo izan diren aldaketak orokorrak badira.

4. Autolikidatuak dira subjektu pasiboak, aitorpen-likidazio baten bitartez, tributu zorra aldi berean ordaintzen duenean.

58. art. Ordaintzeko tokia.

Udal honen aldeko zorrak diruzaintzako kutxan ordainduko dira, edo Udalaren titulartasuna duten banku edo aurrezki kontuetan, horretarako berariaz irekiak diren horietan.

59. art. Ordainketa epeak.

Tributu zorrak honela ordainduko dira:

a) Jakinarazi beharrekoak, jakinarazpenetik hasita hogeita hamar laneguneko epearen barnean.

b) Ordainagiri bitartez aldian aldian ordaintzen direla-eta banakako jakinarazpenik behar ez duten tributu zorrak, aurreko letran ezarritako epe berdinean, ordaindu behar diren hiruhileko naturaleko lehen egunetik hasita.

c) Subjektu pasiboak berak zuzenean likidatzen dituen zorrak aitorpena aurkeztean ordainduko dira. Aitorpenak aurkezteko egunak edo epeak tributu bakoitza arautzen duen ordenantzan zehaztuko dira eta, halakorik ezean, zergagaia gauzatzen den egunetik kontatzen hasi eta hurrengo hogeita hamar lanegunen barnean.

60. art. Ordainketa egiteko modua.

1. Tributu zorrak eskudirutan ordaindu behar dira honako bitarteko hauetako bat erabiliz:

a) Legezko dirua.

b) Posta edo telegrafo bidezko igorpena.

c) Banku txekea.

d) Era berean, banku edo aurrezki kutxetan horretarako udalaren alde irekitako kontuetan abonu edo transferentzi gutuna eginez ordain daiteke tributu zorra.

2. Aurreko atalean erranagatik ere, tributu zorrak kreditu eta aurrezki entitateetan helbideratzea ere zilegi da, azken hauek subjektu pasiboaren administratzaile lana eginen dutelarik honek baimendutako zorrak ordainduz. Helbideratze horretarako betebehar bakarra da Udaleko diruzaintzari eta kreditu entitateari aldez aurretik idatziz jakinaraztea.

61. art. Gerorapenak eta zatikako ordainketak.

1. Tributu zorra likidatzean Udalak ordainketa geroratu edo zatika ordaintzeko aukera eman dezake, zergadunek hala eskatzen badute.

2. Tributu zorraren gerorapen edo zatikako ordainketari buruzko gorabehera guztiak martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 90etik 92ra bitarteko artikuluek, biak barne, xedatzen dutenari lotuko zaizkio.

VII. KAPITULUA

Errekurtsoak

62. art. Ordenantzen behin betiko onespenaren kontra Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik hasita, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean izaera orokorrez ezarritako udal ebazpenen kontrako errekurtsoak aurkezten ahal dira.

63. art. Aurreko artikuluan ezarritakoagatik ere, indarrean egonen da beti interesatuen eskubidea Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/95 Foru Legean edo ordenantzetan ezarritakoa hausten duten ordainarazpenen gaineko xedapenak aplikatzen dituzten udal erabakien kontra egiteko, Udalaren ebazpenen kontrako errekurtsoak aurkezteko ezarrita dagoen prozedura orokorrari jarraikiz.

64. art. Zergak ordaintzeko beharraren edo ordainarazpen bat dela eta likidatutako kuota bategatiko zenbatekoaren aurka errekurtsoren bat jartzeko, galdatutako kopurua aurretik ordaintzerik ez da eskatuko, baina erreklamazioak ez du inolaz ere zor hori kobratzeko administrazioak egiten duena oztopatuko, non interesatuak ez duen udal diruzaintzan likidazioaren zenbatekoa uzten; zenbateko horri ehuneko hogeita bost gehituko zaio sor daitezkeen errekargu, kostu edo gastuak bermatu ahal izateko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ordenantza fiskal honek indarra hartuko du Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera behin betikoz onesten denean, eta ondorio juridiko osoak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean testua oso-osorik argitara ematen denean sortuko ditu.

Bigarrena.-Ordenantza fiskal orokor hau, hala nola Udal honek onesten dituen ordenantza bereziak aldatzeko, onesteko egin diren izapide berdinak eginen dira, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen IX. tituluko hirugarren ataleko I. kapituluan xedatutakoaren arabera.

Hirugarrena.-Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan aplikagarri izanen dira Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 1995eko 2/95 Foru Legea eta Udaleko erabakiak baino goragoko xedapen guztiak, araututako arloei aplikatzeko modukoak diren heinean.

Iragarkiaren kodea: A0105847