89. ALDIZKARIA - 2001eko uztailaren 23a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

M I L A G R O

Arau subsidiarioetako aldaketa hasiera batez onetsita

Milagroko Udalak, 2001eko maiatzaren 30ean egin osoko bilkuran, behar den gehiengoarekin eta bertaratutako guztiak ados jarrita, honakoa erabaki zuen:

2. Hasiera batez onestea, beharrezkoa bada, lurzatiaren eraikuntza portzentajeari buruzko Milagroko arau subsidiarioak aldatzea.

Udalaren ekimenez, solairu bakarreko eranskinetako aprobetxamenduak aldatu nahi dira, II. zabalguneko lurzatietan eta UAR-N unitatean. Izan ere, gaur egun horietan baimenduta dago eraikin nagusiak okupatzen ez duen lurzatiaren gainerako azaleraren ehuneko 40tik 60ra bitartean. Orain, asmoa da eranskinen aprobetxamendu hori homogeneoa izatea eta eraikin nagusiak okupatzen ez duen lurzatiaren gainerako azaleraren ehuneko 75ekoa izatea.

Aldaketa egiteko arrazoiak izan dira ukitutako jabeek egindako eskaerak, ezin baitituzte behar dituzten eranskinak eraiki. Kontuan hartu behar da jabe gehienak nekazariak direla eta lanerako beharrezkoak dituztela eranskin horiek.

Hirigintzaren ikuspegitik, aldaketa honekin etxesaileko patioetan diren eranskin guztiak homogeneo bihurtzera jotzen da.

Udaleko zerbitzu teknikoen adostasun txostena badago.

Eztabaidatu ondoren, hasiera batez onetsita gelditu da, aho batez, lurzatiaren eraikuntza portzentajeari buruzko Milagroko arau subsidiarioen aldaketa puntuala. Orobat, agindu da jendaurreko epearen arauzko tramitea bete dadila, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/94 Foru Legearen 115. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/94 Foru Legearen 115. artikuluan ezarritakoari jarraituz, espedientea jendaurrean egonen da hilabetean, iragarki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik hasita, herritarrek eta bidezko interesa dutenek aztertu eta egoki iruditzen zaizkien alegazioak egin ditzaten.

Milagron, bi mila eta bateko maiatzaren hogeita hamaikan. Alkatea, Jesús María Barrado Pardo.

Iragarkiaren kodea: A0105909