89. ALDIZKARIA - 2001eko uztailaren 23a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Agintariak eta Langileak

156/2001 EBAZPENA, ekainaren 29koa, Justizia zuzendari nagusiak emana, azaroaren 13ko 355/2000 Foru Dekretuaren Lehenbiziko Xedapen Iragankorrean aurreikusitako merezimendu lehiaketarako deia egiten duena Auzitegiko Medikuen Kidegoan eta Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuan sarturik dauden funtzionarioen artean Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuko lanpostuen lehen zerrendako zerbitzuburu lanpostuak betetzeko.

Botere Judizialaren Lege Organikoak, gaur egun duen testuaren arabera, 497. eta ondoko artikuluetan Auzitegiko Medikuen Kidegoa eta Auzitegiko Medikuntzaren Institutuak arautzen ditu. 503. artikuluan adierazten du justizia administrazioaren arloko eskumenak berenganatu dituzten autonomi erkidegoek beren eragin-esparruko Auzitegiko Medikuntzaren Institutuen antolamendu eta funtzionamendurako arauak emanen dituztela.

Lege Organiko hori garatzeko asmoz, Auzitegiko Medikuntzaren Institutuen Erregelamendua aldarrikatu zen, martxoaren 1eko 386/1996 Errege Dekretuaren bidez onetsia eta urriaren 24ko 1619/1997 Errege Dekretuaren bidez aldatua izan zena, hala nola Auzitegiko Medikuen Kidegoaren Erregelamendu Organikoa, zeina otsailaren 23ko 296/1996 Errege Dekretuaren bidez onetsi baitzen.

Aipatu arautegia betearazi eta Nafarroako egoerari egokitzeko, Auzitegiko Medikuntzaren Institutuen Erregelamenduaren 2.1. artikuluarekin bat, eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak adostasun txostena emanik, azaroaren 13ko 355/2000 Foru Dekretuaren bidez Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutua eratu zen, lurralde osorako barruti judizial bakarrarekin.

2001eko urtarrilaren 18az geroztik, egun horretan hartu baitzUen indarra azaroaren 13ko 355/2000 Foru Dekretuak, Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuan sarturik gelditu dira data hartan Nafarroako Foru Komunitateko Auzitegiko Medikuen Taldeetan destinoa zuten sendagileak.

Azaroaren 13ko 355/2000 Foru Dekretuaren Lehenbiziko Xedapen Iragankorrak (Auzitegiko medikuen integraziorako aldi baterako araubideari buruzkoa), bere 5. idatz-zatian, ezartzen du Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuko lanpostuen lehen zerrendako zerbitzuburu lanpostuak merezimendu lehiaketa bidez beteko direla, Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuko auzitegiko medikuen arteko lehiaketa bidez alegia.

Horrengatik guztiagatik, eta irailaren 13ko 344/1999 Foru Dekretuaren 82. artikuluan eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariaren urriaren 13ko 202/1999 Foru Aginduan ezarritako eskumenen arabera (344/1999 Foru Dekretuak Lehendakaritza eta Barne Departamentuaren izena aldatu eta bere egitura organikoa ezarri zuen; 202/1999 Foru Aginduaren bidez eskurantza batzuk eman zitzaizkion Justizia zuzendari nagusiari).

EBATZI DUT:

1. Azaroaren 13ko 355/2000 Foru Dekretuaren Lehenbiziko Xedapen Iragankorreko 5. idatz-zatian aurreikusitako merezimendu lehiaketarako deia egitea Auzitegiko Medikuen Kidegoan egon eta Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuan sarturik dauden funtzionarioen artean Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuko lanpostuen lehen zerrendako zerbitzuburu lanpostuak betetzeko. Hauek dira oinarriak:

O I N A R R I A K

Lehenbizikoa.-Deialdiaren xedea

Deialdi honek hauxe du xedea: Auzitegiko Medikuen Kidegoan eta Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuan sarturik dauden auzitegiko medikuen artean Institutuko lanpostuen lehen zerrendako zerbitzuburu lanpostuak lehiaketa bidez betetzea.

Auzitegiko mediku lanpostuak merezimendu lehiaketa bidez beteko dira, halaxe aurreikusia baitago azaroaren 13ko 355/2000 Foru Dekretuaren Lehenbiziko Xedapen Iragankorreko 5. idatz-zatian eta Auzitegiko Medikuen Kidegoaren erregelamendu organikoa onetsi zuen otsailaren 23ko 296/1996 Errege Dekretuaren Bigarren Xedapen Iragankorrean.

Deialdi honetan aurreikusi gabeko guztietan funtzio publikoari buruzko legerian xedatutakoari lotuko zaio.

Bigarrena.-Parte-hartzaileen betebehar eta baldintzak.

1. Lehiaketa honetan parte hartzeko, lehiatzaileek karrerako funtzionario izan beharko dute, eta gainera otsailaren 23ko 296/1996 Errege Dekretuan arautzen den Auzitegiko Medikuen Kidegoan sarturik egon.

2. Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuan sarturik dauden auzitegiko medikuek parte hartzen ahalko dute lehiaketan, eta ez beste inork, betiere deialdian ezarritako gainerako baldintzak ere betetzen badituzte.

3. Lehiaketan parte hartzeko, aurre-aurreko bi idatz-zatietan aipatutakoak betetzeaz gain, auzitegiko medikuek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean, zerbitzu aktiboan egon beharko dute, edo lanpostuaren gordetzea dakarten egoera administratiboetako batean.

Hirugarrena.-Eska daitezkeen lanpostuak.

1. Parte-hartzaileek I. eranskineko lanpostuak eskatzen ahal dituzte, betiere horietan lanean aritzeko baldintzak betetzen badituzte, eta, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean, lehiaketa honetan parte hartzeko bigarren oinarrian aipatzen direnak ere betetzen badituzte.

2. Lanpostuak eskabide bakar batean eskatuko dira. Eskabidean, II. eranskinean ageri den ereduari segituz, lanpostuaren zenbakia eta izena adieraziko dira I. eranskinean, lanpostuen zerrendan agertu bezalaxe.

Laugarrena.-Eskabideak, ereduak eta agiriak.

1. Eskabideak, sinatuak eta argitaratutako ereduaren araberakoak, Justizia zuzendari nagusiari igorriko zaizkio. Horretarako, 2001eko irailaren 10a baino lehenago Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean aurkeztu behar dira (Karlos III.a etorbidea, 2, Iruña).

2. Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako moduan ere igortzen ahal dira eskabideak.

3. Eskabidearekin batera eskatutako lanpostuetarako alegatutako merezimenduen jatorrizko agiriak edo fotokopia konpultsatuak aurkeztu behar dira.

4. Aurreko idatz-zatian aipatu agiriez gain, eskatutako lanpostu bakoitzerako, memoria bat aurkeztuko da, mekanografiatua eta sinatua, zeinean, gehienez 10 orritan, lehiatzaileak hauek adieraziko baititu: lanpostuari dagozkion zereginen azterketa, horiek betetzeko baldintza eta bitartekoak, eginkizunak hobeki betetzeko proposamenak eta lehiatzaileari egokiak edo garrantzizkoak iruditzen zaizkion kontu guztiak, betiere lanpostuko eginkizunekin ikustekoa duten horretan. Memoriak, ezinbestean, eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehen aurkeztu beharko dira. Bestela, ez dira aintzat hartuko.

Bosgarrena.-Lehiaketaren aldiak eta baremazioa.

1. Alegatu eta egiaztatutako merezimenduak eskabideak aurkezteko epearen azken eguna erreferentzia hartuta baloratuko ditu zazpigarren oinarrian ezarritako Balorazio Batzordeak, eta, balorazio prozesuan zehar, alegatutako merezimenduak egiaztatzeko behar diren agiri gehigarriak edo egoki iruditzen zaizkion argibideak eskatzen ahal dizkie interesatuei.

2. Batzordeak I. eranskineko baremoaren arabera baloratuko ditu merezimenduak.

3. Lehiaketa honek bi aldi izanen ditu. Lehenbiziko aldian aplikatu beharreko baremoaren b), c) d) eta e) ataletako merezimenduak baloratuko dira. Bigarren aldian baremoaren a) ataleko merezimenduak baloratuko dira, lehiatzaileak egindako memoriaren bitartez.

Seigarrena.-Lanpostuak adjudikatzeko proposamena egiteko behar den gutxieneko puntuazioa.

Parte-hartzaileek I. eranskinetik eskatzen dituzten lanpostuetarako, zortzigarren oinarrian aipatzen den proposamenean aldi bakoitzean ondoren ezartzen diren gutxieneko puntuazioak lortzen dituztenak baizik ezin dira egon:

1 y 2

35,5

71

20

40

55,5

111

Ezin zaizkio baloratu 2. aldiko merezimenduak lehenbiziko aldikoak gainditu ez dituenari. Bestetik, jakina, ezin da inor proposatu bigarren aldian behar den gutxieneko puntuazioa gainditu ezean.

Zazpigarrena.-Balorazio batzordea.

Balorazio Batzordea honakook osatuko dute:

Titularrak:

Batzordeko burua: Jesús Jiménez de Luque jauna. Justiziako Zerbitzu Juridiko-administratiboko zuzendaria.

Idazkaria: Margarita De Pablo Contreras andrea. Justizia Zuzendaritza Nagusiko Atal Administratiboko burua.

Kideak:

Eulalia Bello Varela andrea. A taldea. Justizia Administrazioaren menpeko Giza Baliabideen Zuzendariordetza Nagusiaren idazkari judizialen eta auzitegiko medikuen arloko burua.

Juan Antonio Cobo Plana jauna, auzitegiko medikua, Zaragozako instrukzioko 6. eta 7. epaitegietako auzitegiko mediku-taldeen batasunekoa.

Guillermo Calle Cebreros jauna, auzitegiko medikua, Zaragozako instrukzioko 1. eta 10. epaitegietako auzitegiko mediku-taldeen batasunekoa.

Mª Luisa Tomás Buisan andrea, auzitegiko medikua, Zaragozako instrukzioko 5. eta 8. epaitegietako auzitegiko mediku-taldeen batasunekoa.

Angel Antonio Burgués Prades jauna, auzitegiko medikua, Zaragozako instrukzioko 2. eta 4. epaitegietako auzitegiko mediku-taldeen batasunekoa.

Ordezkoak:

Batzordeko buruaren ordezkoa: José María Abad Alegría jauna. Justizia zuzendari nagusia.

Idazkaria: Belén López Carballo andrea. Justizia Zuzendaritza Nagusiko Atal Juridikoko burua.

Kideak:

Pilar Sánchez Fernández andrea. A taldea. Justizia Administrazioaren menpeko Giza Baliabideen Zuzendariordetza Nagusiaren hautapen arloko burua.

Eduardo Cantón Rayado jauna, auzitegiko medikua, Zaragozako Espetxeratuen Zaintzako eta 1. auzialdiko (espetxeratzeak eta ezintasunak) epaitegietako auzitegiko mediku-taldeen batasunekoa.

Paulino Querol Nasarre jauna, auzitegiko medikua, Tarazonako (Zaragoza) 1. auzialdiko eta instrukzioko 1. eta 2. epaitegietako auzitegiko mediku-taldeen batasunekoa.

José Manuel Arredondo Díaz jauna, auzitegiko medikua, Fragako (Huesca) 1. auzialdiko eta instrukzioko Epaitegietako auzitegiko mediku-taldeen batasunekoa.

Angela Sánchez Baños andrea, auzitegiko medikua, Jakako (Huesca) auzialdiko eta instrukzioko 1. eta 2. Epaitegietako auzitegiko mediku-taldeen batasunekoa.

Balorazio Batzordeak adituak izendatzea eska diezaioke Justizia Zuzendaritza Nagusiari aholkulari gisara aritu daitezen, hizpidearekin baina botorik gabe.

Balorazio Batzordea administrazioaren organo kolegiatutzat hartuko da eta, beraz, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean diren arauen menpe arituko da. Halaber, Balorazio Batzordeko kideak aipatu legean abstenitzeko eta errefusatzeko ezarritako kausen menpean egonen dira.

Zortzigarrena.-Lanpostuen adjudikazioa.

1. Balorazio Batzordeak, lehiaketan eskaintzen den lanpostu bakoitzerako, baremoaren arabera lanpostua adjudikatzeko gutxieneko puntuazioa lortzen duten izangaien zerrenda bidaliko dio Justizia zuzendari nagusiari.

2. Lanpostu bakoitzerako izangaiak puntuazioaren araberako zerrendan jarriko dira ordenan, puntuazio hoberenekotik hasita. Puntuazio bera duten bi izangai izanez gero, eskalafoiaren arabera ordenatuko dira.

3. Balorazio Batzordeak, izangaien proposamena egin baino lehentxeago, interesatuei lehiaketako balorazio aldi bakoitzean emandako puntuazioaren berri emanen die. Horretarako, Justizia Zuzendaritza Nagusiaren eta Nafarroko Auzitegiko Medikuntzaren Institutuaren egoitzetako iragarki-tauletan argitaratuko ditu.

Interesatuek 10 egun balioduneko epean egokiak iruditzen zaizkienak alegatu eta justifikatzen ahal dizkiete Balorazio Batzordeari.

Balorazio Batzordeak alegazioak eta justifikazioak erabakirik, onetsirik edo ezetsirik, proposamena igorriko dio Justizia Zuzendaritza Nagusiari, honek, horiek ikusita, bidezko den ebazpena eman dezan.

Bederatzigarrena.-Lehiaketaren ebazpena.

1. Lehiaketa Justizia Zuzendaritza Nagusiak ebatziko du eskabideak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hiru hilabeteko epean.

2. Justizia Zuzendaritza Nagusiak, lanpostu bakoitzerako, Balorazio Batzordeak proposatutako izangaietan puntuazio handieneko auzitegiko medikua izendatuko du.

3. Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuko auzitegiko mediku lanpostuetarako izendapenaren berri ematen duen ebazpena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

Hamargarrena.-Jabetza hartzea eta lanpostua uztea.

Lehiaketa honetako ebazpenean espres zehaztuko dira lanpostuaz jabetzeko eta lanpostua uzteko epeak.

Hamaikagarrena.-Helegiteak.

Interesatuek ebazpen honen kontra gora jotzeko helegitea jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernauri zuzendua, ebazpena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, bi mila eta bateko ekainaren hogeita bederatzian. Justizia zuzendari nagusia, José María Abad Alegría.

I. ERANSKINA

Seigarren oinarrian aipatzen diren lanpostuei aplikatu beharreko baremoa (azaroaren 13ko 355/2000 Foru Dekretuan ageri diren lanpostuei buruzkoak, Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuko lanpostuei buruzkoak)

A) Merezimendu berariazkoak, gehienez 40 puntu.

1. Lanpostuarekin zerikusia duen espezialitate mediko bateko titulua izateagatik: 10 puntu.

2. Osasun erakunde publiko edo pribaturen bateko zerbitzuen kudeaketan edo zuzendaritzan ardurako lanposturen batean egoteagatik: gehienez 10 puntu (urte bakoitza 2 puntu).

3. Lanpostuari dagozkion gai edo arloetan prestakuntza berezia izateagatik: gehienez 5 puntu (hartutako prestakuntza ikastaroetan egondako 10 orduko, 0,2 puntu).

4. Memoria: gehienez 15 puntu.

B) Egindako lanaren balorazioa: gehienez 25 puntu.

1. Lanpostu tekniko eta espezializatuetan lan egin izana, eginkizunak lehiaketako lanpostuarenen antzekoak baldin badira: 4 puntu lanean emandako urte bakoitzeko.

2) Auzitegiko Medikuntzaren arloren batekin zerikusia izan baina lehiaketako lanpostuaren eginkizunak ez direnak zituen lanposturen batean lan egin izana: puntu bat urte bakoitzeko.

3) Medikuntzaren beste arlo batzuekin zerikusia duten eginkizunak dituen lanposturen batean lan egin izana: 0,5 puntu urte bakoitzeko.

4) Ez da inola baloratuko aurreko azpiataletako meriturik, baldin eta aldi berean hartuak badira lanpostuak edo eginkizunak.

C) Trebakuntza edo hobekuntza ikastaroak: gehienez 20 puntu.

1. Merezimendu akademikoak:

Doktoretza: "bikain" edo "cum laude", 4 puntu; bestelako kalifikazioarekin, 2 puntu.

2. Auzitegiko Medikuntzaren irakaskuntzarekin edo meritu berezi gisa baloratu gabeko beste espezialitateren baten irakaskuntzarekin ikustekoa duten jarduerak: 3 puntu espezialitate bakoitzeko.

3. Prestakuntzarako zentro ofizialek edo haiek homologatutako beste batzuek antolatu edo emandako ikastaroetan parte hartu izana, baldin eta eskatutako lanpostuarekin ikustekoa baldin badute: gehienez 5 puntu (prestakuntza ikastaroetan egondako 10 orduko, 0,1 puntu). Eskola-orduen edo kredituen kopurua zehazten denean baizik ez dira aintzat hartuko ikastaroak.

4. Auzitegiko Medikuntzarekin ikustekoa duten argitalpenak: gehienez 6 puntu.

Ponentziak Espainian egindako kongresuetan: 0,75 puntu.

Ponentziak nazioarteko kongresuetan: 1,25 puntu.

Argitalpenak Espainian: 1,5 puntu.

Argitalpenak Espainiatik kanpo: 3 puntu.

Komunikazioak Espainian egindako kongresuetan: 0,10 puntu.

Komunikazioak nazioarteko kongresuetan: 0,20 puntu.

Mahainguruak Espainian egindako kongresuetan: 0,65 puntu.

Mahainguruak nazioarteko kongresuetan: puntu bat.

5. Auzitegiko Medikuntzarekin zerikusia duten gaiei buruzko ikerketa-proiektu ofizialetan parte hartzeagatik edo beka izateagatik: gehienez 2 puntu.

D) Antzinatasuna: gehienez 20 puntu, 2 puntu zerbitzuan emandako urte bakoitzeko. Funtzionario bihurtu aurreko zerbitzuak ere hartuko dira aintzat ondorio hauetarako. Urtebetetik beheitiko denbora- tarteak proportzioan kontatuko dira: 0,005 puntu lanean emandako egun bakoitzeko (hilabeteak 30 egunekotzat hartuko dira).

E) Euskaraz jakitea: gehienez 6 puntu. Ahozko eta idatzizko ezagutzak 6 puntura bitarteko puntuazioa dakar otsailaren 16ko 296/1996 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen Erregelamendu Organikoan ezarria dagoen bezala. Ziurtagiri ofizial baten bidez egiaztatu beharko da, edo homologatutako titulu baten bidez. Honela dago baloratua:

1.-2. hizkuntz eskakizuna: bi puntu.

2.-3. hizkuntz eskakizuna: lau puntu.

3.-4. hizkuntz eskakizuna: sei puntu.

2. eta 4. hizkuntz eskakizunetarako ziurtagiri ofizialik ez dagoenez, maila horiek frogatzeko azterketa bat egin beharko da, gai horretan eskumena duten organoek antolatua. Organo horiek, froga gaindituz gero, ziurtagiria luzatuko dute.

Hirugarren oinarriaren 1. idatz-zatia aplikatuz eskatzen ahal diren eranskineko lanpostuak

1.-Izena: Auzitegiko Medikuntzako Klinikako zerbitzuburua.

Destinoa: Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutua.

Kidegoa: auzitegiko medikua.

Sektorea: Justizia Administrazioa.

Lanpostu kopurua: 1.

Lanpostua betetzeko modua: lehiaketa.

Dedikazioa: erabatekoa.

Betebehar berariazkoak: Ezagutza eta esperientzia Auzitegiko Medikuntzako klinikarekin ikustekoa duten gaietan.

2.-Izena: Patologia Zerbitzuko burua.

Destinoa: Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutua.

Kidegoa: auzitegiko medikua.

Sektorea: Justizia Administrazioa.

Lanpostu kopurua: 1.

Lanpostua betetzeko modua: lehiaketa.

Dedikazioa: erabatekoa.

Betebehar berariazkoak: Ezagutza eta esperientzia auzitegiko Medikuntzako patologian.

Iragarkiaren kodea: A0107145