78. ALDIZKARIA - 2001eko ekainaren 27a

III. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

L A R R A S O A Ñ A

Kontzejuko hilerriaren tasak arautzen dituen ordenantzaren behin betiko onespena

2001eko 45. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, apirilaren 11n, argitaratu zen Larrasoañako hilerriaren tasak arautzen dituen ordenantza fiskaleko aldaketa hasiera batez onetsi zelako iragarkia. Jendaurreko epea erreklamazio, kexa edo oharrik gabe igarota, behin betiko onetsita gelditu da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluak ezarri bezala. Hortaz, jarraian haren testua ematen da oso-osorik.

KONTZEJUKO HILERRIKO TASAK ETA EHORZKETA ZERBITZUETAKOAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALA

Oinarria

1. artikulua. Honako ordainarazpen hau Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen Lehenengo Tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoaren arabera ezartzen da, eta aipatu legearen 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraikiz.

Zergagaia

2. art. Hilerriko berariazko zerbitzuak ematea edota lurra edo horma-hilobiak aldi baterako lagatzea, horra zergagaia.

Subjektu pasiboa

3. art. Zerbitzua eskatzen duen pertsona fisikoa edo juridikoa, horra subjektu pasiboa.

Zerga oinarria

4. art. Zerga oinarria zergagaiaren arabera finkatuko da, eta zergagaiak Ordenantza honen ondorioetarako honako hauek izan daitezke:

-Ehorzketak.

-Hilobitik ateratzeak.

-Lurrak edo horma-hilobiak lagatzea.

Tarifen aplikazioa

5. art. Hilerri honetako bertze hilobi batzuetatik atera eta horma-hilobi batean berriz ere ehortziz gero, hilotza ateratzeagatik eta ehorzteagatik ordaindu beharko dira tasak. Gorpuzkinak bertze hilerritatik ekarriz gero, ehorzketari dagokion tasa ordainduko da bakarrik.

6. art. Hilotzak nahiz gorpuzkinak erretzetik sortutako errautsek gorpuzkinak hobiratzerakoan hartzen duten tratamendua izango dute Ordenantza honen ondorioetarako.

7. art. Hilotzak edo gorpuzkiak okupaturik dauden horma- hilobi eta kolunbarioetan sartzeko ematen diren lizentziak baimen berritzat hartuko dira, eta % 10 merkeago izanen dira, aurreko baimena edo haren luzapena eman zenetik igaro den urte bakoitzeko.

8. art. Luzapenak: aitzineko lerrokadan azaldu kontzesiorako luzapena, eskatzen denean emanen da, baldintza hauetan:

-Horma-hilobian, 25 urteko luzapen bakarra.

-Lurrean, 25 urteko luzapen bakarra.

Aipatu luzapenak, ematen direnean indarra duten prezioei lotuko zaizkie, eta horretan ez da salbuespenik onartuko. Kontzesioa zer egunetan bukatzen den, luzapena 2 hilabete aitzin eskatu behar da gehienez ere, eta guttienez ere 15 egun lehenago.

9. art. Kontzejuak, eskaeren ordenari jarraikiz, horma- hilobien kontzesioa emanen du, interesatuek halaxe eskatzen badute. Horma-hilobietarako kontzesioaren prezioa ezartzen da, 25.000 pezetakoa izanen baita lehenbiziko 25 urteetarako.

Prezioa Udalbatzaren kutxan ordainduko da zerbitzua eskuratu baino lehen, salbu eta premia larriko kasuetan edo udal bulegoek jaieguna dutenetan. Horrelakoetan langileak oharra jasoko du eta horren berri emanen die udal bulegoei, behar den tasa ordainarazteari ekin diezaioten.

10. art. Ehorzteko horma-hilobia eskatzen duenak 5.000 pezetako fidantza utzi beharko du, eta gehienez ere 2 hilabeteko epean, ehorzketa egiten denetik, horma- hilobiaren ahoa arrontetik hertsiko duen hilarria paratu beharrari erantzuteko. Epearen barrenean delako hilarria paratu ondotik, fidantza itzuliko zaie interesatuei. Horrela eginen ez balute, fidantza galduko lukete eta Administrazioak, haren kontura, hilarri sotil bat paratuko luke, bat ere idazkunik gabea, eta nahitaezko estetikaren araberakoa.

11. art. Hilobiak segur, xahu eta apain atxikitzea titularren betebeharra da. Kontserbazio egoera behar bezalakoa ez bada, Alkatetzak errekerimendua eginen die interesatuei 30 eguneko epean egin behar diren obrei ekin diezaieten. Hala egiten ez badute, ehorzketak egiten ez uzteko arrazoi aski izanen da.

12. art. Zerbitzuei dagozkien tasak zerbitzuak eman baino lehen ordaindu behar dira, premia larriko kasuetan edo udal bulegoek jaieguna dutenetan izan ezik. Horrelakoetan langileak oharra jasoko du eta horren berri emanen die udal bulegoei, behar den tasa ordainarazteari ekin diezaioten. Udalerrikoak ez direnek, hilerria erabili nahi izanez gero, bai lurretan bai horma-hilobietan ehorzteko Kontzejuarentzat den kostu osoa ordaindu beharko dute.

Tarifak

13. art. Aplikatuko diren tarifak, zerbitzua eskatzen denetan ordaindu behar direnak, honako hauek dira:

Ehorzketak:

-Lurrean: 25.000 pezeta.

-Horma-hilobietan: 10.000 pezeta.

-Hobitik ateratzea: 6.000 pezeta.

Lekualdaketak:

-Hobitik ateratzeak eta ehorzteak (25 urteko luzapen bakarra): 6.000 pezeta.

Lurrak eta horma-hilobiak 25 urterako lagatzea:

-Lurrean: 25.000 pezeta.

-Horma-hilobietan: 25.000 pezeta.

Luzapenak:

-Lurrean: 25 urteko luzapen bakarra: 25.000 pezeta.

-Horma-hilobiak: 25 urteko luzapen bakarra: 25.000 pezeta.

Horma-hilobiak aldi baterako okupatzea, hobiak konpondu, moldatu edo berritzeagatik: 500 pezeta/hilabetea.

Udalean erroldatuta direnendako tarifak doakoak izanen dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan, ordezko gisa aplikatuko dira Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta Hilotzen gaineko Osasun Erregelamendua.

Bigarrena.-Ordenantza honek hartuko du indarra, eta erabateko eragin juridikoa sortuko, testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denean.

Larrasoañan, bi mila eta bateko maiatzaren hamaikan. Kontzejuko burua, Juan Gabriel Esáin Iturri.

Iragarkiaren kodea: A0105163