78. ALDIZKARIA - 2001eko ekainaren 27a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

224/2000 FORU AGINDUA, ekainaren 15ekoa, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana, Nafarroako Unibertsitate Publikoan, 2001/2002 ikasturteko titulu ofizialak eskuratzeko zerbitzu akademiko unibertsitarioak eta gainontzeko eskubideak emateagatik ordaindu beharreko prezioak finkatzen dituena.

Unibertsitatearen Erreformari buruzko abuztuaren 25eko 11/1983 Lege Organikoaren 54.3 b) artikuluak finkatzen duenez, titulu ofizialak lortzeko ikasketen tasa akademikoak ezartzea komunitate autonomo bakoitzak bere esku izanen du, Unibertsitateen Kontseiluak jartzen dituen mugen barrenean; artikulu hau Jendearendako Tasa eta Prezioei buruzko apirilaren 13ko 8/1989 Legearen aurreikuspenei egokitzeak, haren bosgarren xedapen gehigarriaren bitartez gauzatu baita, unibertsitateko tasa akademikoen eta gainerako eskubideen taxutze juridiko berria ekarri du, prezio publikoen izaera eman zaienez geroz.

Arauzko inguru honetan, bidezko da Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleek, 2001/2002 ikasturteko titulu ofizialak eskuratzeko zerbitzu akademiko unibertsitario eta gainontzeko eskubideengatik ordaindu behar dituzten zenbatekoak finkatzea.

Unibertsitateen Kontseiluak 2001eko maiatzaren 29an Koordinazio eta Plangintza Batzordearen bilkuran, 2000/01 ikasturteko prezioak %4 (urtetik urterako KPIa) eta %7 (KPIa gehi %2) igotzea erabaki zuen.

Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusiak proposatu eta justifikatu du, bere txostenaren bitartez, igoera hori %4koa izatea, beraz, 2001/2002 ikasturterako gehienekoa.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako tasa eta prezio publikoei buruzko martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legeko 18. artikuluarekin bat, prezio publikoak hartu behar dituen organoa zer Departamenturen menpe dagoen, horrexek ezarri edo aldatuko dituela haien zenbatekoa, organoak berak proposaturik.

Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeko 36. artikuluko 2. idatz-zatiaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. 2001/2002 ikasturtean, Nafarroako Unibertsitate Publikoan goi mailako irakaskuntzako zerbitzu publikoarengatik ordaindu beharreko zenbatekoak Foru Agindu honen eranskineko tarifen zerrendan azaltzen dira.

2. A) Titulartasuna Nafarroako Foru Komunitatean kokatutako administrazio publiko batek duelarik, atxikitako ikastetxeetako ikasleek Nafarroako Unibertsitateari ordainduko diote, ikasketa espedientea eta ebaluazio proba direla karia, eranskineko 1. tarifaren 1.1 eta 1.2 idatz-zatietan finkatutako zenbatekoen %10. Titularitatea ezein administrazio publikok ez izanik, atxikitako ikastetxeetako ikasleek kontzeptu horiexengatik arestian aipatu idatz-zatietan zehaztutako zenbatekoen %25 ordainduko diote Unibertsitateari. Kasu bietan gainerako zenbatekoak oso-osorik ordainduko dira.

B) Estatuarenak ez diren Espainiako ikastetxeetan edo atzerrikoetan burututako beste ikasketak direla eta, ikasturte osoen edo irakasgai solteen baliokidetza erdiesten duten ikasleek, ikasketa espedientea eta ebaluazio proba direla karia, eranskineko 1. tarifaren 1.1 eta 1.2 idatz-zatietan finkatutako zenbatekoen %25 ordainduko diote Unibertsitateari. Beste zenbatekoak oso-osorik ordainduko dira.

Estatuko ikastetxeetan burututako ikasketen baliokidetzagatik ez da dirurik ordainduko.

3. Ikasleek izanen dute 1. tarifaren 1.1, 1.2 eta 1.3 idatz- zatietan finkatutako zenbatekoak nola pagatu hautatzeko eskubidea. Pagamendua ikasturteko hasieran egiten ahalko da dena batera edo zatika bi epe berdinetan, non bata matrikulatzeko orduan ordainduko baita eta bestea abenduko lehenengo hamabostaldian. Bi epeetariko bata edo biak ez ordaintzeak eskubide akademiko guztiak galtzea dakar berarekin.

4. A) Ikasleek irakasgai edo kreditu solteen matrikula egiten ahalko dute, zein ikasturtetakoak diren aintzat hartu gabe, Nafarroako Unibertsitate Publikoak ikasketa bateraezintasunak jartzen ez baditu behintzat.

Nolanahi ere, azterketa eta ebaluaziorako eskubidea, matrikulatu den irakasgaiei dagokiena, ikasketa planetatik heldu diren bateraezintasun arrazoien menean izanen da. Eta ondorio horietarako ez bestetarako, Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Gobernu Batzordeak zehaztuko duen prozedurari jarraikiz, ikasketen bateraezintasun araubidea jarri ahalko du, aurretik horrelakorik ezarrita ez duten ikasketa planendako.

B) Aurreko lerroaldean finkaturiko matrikula eskubidea erabiltzeak ez du behartuko ikastetxe bakoitzean, ikasketa planetako irakaskuntza beharren arabera, finkatutako ordutegi orokorrak aldatzera.

C) Hala eta guztiz ere, ikasketen hastapenean ikasleek lehenbiziko ikasturte osoa hartu beharko dute, salbu eta lehenbiziko ikasturte horretako asignaturak baliokidetzen baldin bazaizkie.

5. Uztailaren 28ko 2298/1983 Errege Dekretuak bere 3.1 artikuluan xedatutakoarekin bat, zeinaren bidez beken sistema eta ikasketetarako izaera pertsonalizatuzko beste laguntzak arautzen baitira, estatuaren aurrekontu orokorren kontura beka jasotzen duten ikasleek ez dute ikasketa zerbitzuen zenbatekoa ordaindu beharrik. Alabaina, Nafarroako Gobernuak eman dirulaguntzak edo bekak eskatzaileek zuzenean jasoko dituzte.

Matrikula egitean beka eskatu zutelako, prezioen salbuespenez baliatu eta geroztik beka jaso gabe geratzen diren ikasleek, egin zuten matrikularen zenbatekoa ordaindu beharko dute. Bi epeetariko bata edo biak ez ordaintzeak eskubide akademiko guztiak galtzea dakar berarekin.

6. A) Foru Agindu honen eranskineko 1. tarifaren 1.1, 1.2 eta 1.3 idatz-zatietan finkatutako zenbatekoei dagokienez ikasturte osoa ordaintzen ahal da, irakasgaiz irakasgai edo kredituz kreditu.

B) Irakasgai solteengatik jarritako zenbatekoak eranskinean azaltzen dira.

C) Ikasle bat irakasgai edo kreditu berean bigarrenez matrikulatzen baldin bada, matrikula horri %20 gehituko zaio.

D) Ikasle bat irakasgai edo kreditu berean hirugarrenez edota gehiagotan matrikulatzen baldin bada, matrikula horri %30 gehituko zaio.

E) Ohorezko matrikula baten edo gehiagoren hobariak matrikularen zenbatekoa kalkulatu ondoan aplikatuko dira.

7. Ikasturteen zenbatekoa edo, ikasketa planen jarraipide komun orokorrak finkatzen dituen azaroaren 27ko 1497/1987 Errege Dekretuari jarraikiz, kredituka egituraturiko ikasketa planen gaien zenbatekoa, edo doktoretzako programa bakoitzaren mintegien zenbatekoa kalkulatzeko, kredituaren prezioa ikasturte, gai edo mintegi bakoitzari esleitutako kreditu kopurua biderkatuta kalkulatuko da.

8. Foru Agindu hau eta bere eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara daitezela agintzea.

9. Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

10. Foru Agindu hau igortzea Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusira, Nafarroako Unibertsitate Publikora, Unibertsitateko Irakaskuntza eta Ikerketa Zerbitzura, Goi Mailako Irakaskuntzaren Atalera eta Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiko Administrazio Orokorraren Bulegora, behar diren ondorioak sor ditzan.

Iruñean, bi mila eta bateko ekainaren hamabostean.-Hezkuntza eta Kultura kontseilaria, Jesús Laguna Peña.

E R A N S K I N A

2001/2002 ikasturteko prezioen zerrenda

1.-Irakaskuntzako zerbitzuak: Fakultateetako eta Goi Mailako Eskola Teknikoetako edozein ziklotako ikasketak, hauen barne direlarik, Unibertsitate Eskoletako tituludunak Fakultate eta Goi Mailako Eskola Teknikoetan sartzeko egokitzapen ikastaroak, bai eta Unibertsitate Eskola eta Ikastetxeetan egiten diren ikasketak ere.

1.1. Ingeniari, Ingeniari Tekniko eta Erizaintzako diplomadun tituluak erdiesteko ikasketak (Unibertsitate Eskoletako tituludunak Goi Mailako Eskola Teknikoetan sartzeko diren egokitzapen ikasturteak barne).

1.1.1. 1497/1987 Errege Dekretuaren arabera kredituka egituratzen den ikasketa plan bateko ikasturteari dagokion urteko irakasgai bakoitza:

-Lehenbiziko aldiz matrikulatuak, kreditu bakoitzeko: 2.028 pezeta (12,19 euro).

-Bigarren aldiz matrikulatuak, kreditu bakoitzeko: 2.434 pezeta (14,63 euro)

-Hirugarren aldiz edo gehiagotan matrikulatuak, kreditu bakoitzeko: 2.636 pezeta (15,85 euro).

1.1.2. Iraungitzear dagoen ikasketa plan bateko urteko irakasgai bakoitza:

-Lehenbiziko aldiz matrikulatuak, irakasgai bakoitzeko: 20.948 pezeta (125,90 euro).

-Bigarren aldiz matrikulatuak, irakasgai bakoitzeko: 27.138 pezeta (151,08 euro).

-Hirugarren aldiz edo gehiagotan matrikulatuak, irakasgai bakoitzeko: 27.233 pezeta (163,67 euro).

1.2. Aurreko 1.1 idatz-zatian zehaztutako lehen eta bigarren zikloko titulu ofizialez bestelakoak erdiesteko ikasketak:

1.2.1. 1497/1987 Errege Dekretuaren arabera kredituka egituratzen den ikasketa plan bateko ikasturteari dagokion urteko irakasgai bakoitza:

-Lehenbiziko aldiz matrikulatuak, kreditu bakoitzeko: 1.432 pezeta (8,61 euro).

-Bigarren aldiz matrikulatuak, kreditu bakoitzeko: 1.719 pezeta (10,33 euro).

-Hirugarren aldiz edo gehiagotan matrikulatuak, kreditu bakoitzeko: 1.862 pezeta (11,19 euro).

1.2.2. Iraungitzear dagoen ikasketa plan bateko urteko irakasgai bakoitza:

-Lehenbiziko aldiz matrikulatuak, irakasgai bakoitzeko: 14.598 pezeta (87,74 euro).

-Bigarren aldiz matrikulatuak, irakasgai bakoitzeko: 17.518 pezeta (105,28 euro).

-Hirugarren aldiz edo gehiagotan matrikulatuak, irakasgai bakoitzeko: 18.978 pezeta (114,06 euro).

1.3. Doktore tituluari dagozkion ikasketak:

1.3.1. Doktore titulua erdiesteko doktoretzako programa, horren izena 1.1 idatz-zatiko tituluekin bat etortzen denean, kreditu bakoitza: 8.519 pezeta (51,20 euro).

1.3.2. Doktore titulua erdiesteko doktoretzako programa, horren izena 1.2 idatz-zatiko tituluekin bat etortzen denean, kreditu bakoitza: 6.081 pezeta (36,54 euro).

1.4. Pedagogi gaitasunaren ziurtagiria, (ikasturte oro barne dela): 28.473 pezeta (171,13 euro).

2.-Ebaluaketak eta probak:

2.1. Unibertsitatean sartzeko gaitasun probak (2000ko ekaina eta iraila): 9.732 pezeta (58,49 euro).

2.2. 25 urtetik gorakoentzako ikasturtea: 13.664 pezeta (82,12 euro).

2.3. Karrera amaierako proiektuaren ebaluazioa: 17.895 pezeta (107,55 euro).

2.4. Gradu azterketa edo tesinaren ebaluaketa: 17.895 pezeta (107,55 euro).

2.5. Doktoretzako tesirako azterketa: 17.895 pezeta (107,55 euro).

2.6. Unibertsitate Eskoletako diplomadun tituluak baliokidetze bidez lortzea:

2.6.1. Baliokidetze horretarako ebaluazio akademiko eta lanbidezkoa: 17.895 pezeta (107,55 euro).

2.6.2. Aipatu baliokidetze horretarako eskatzen diren lanak: 29.800 pezeta (179,10 euro).

3.-Administrazioko Zerbitzuak.

3.1. Titulu akademikoak luzatzea:

-Ikasketa aurreratuetako diploma: 17.895 pezeta (107,55 euro).

-Doktore titulua: 29.994 pezeta (180,27 euro).

-Lizentziatu, arkitekto edo ingeniari tituluak: 19.995 pezeta (120,17 euro).

-Diplomadun, arkitekto tekniko edo ingeniari teknikoaren tituluak: 9.998 pezeta (60,09 euro).

3.2. Ikasketa tituluen bikoizkiak.

-Ikasketa aurreratuetako diploma: 8.948 pezeta (53,78 euro).

-Doktore titulua: 14.999 pezeta (90,14 euro).

-Lizentziatu, arkitekto edo ingeniari tituluak: 9.997 pezeta (60,08 euro).

-Diplomadun, arkitekto tekniko edo ingeniari teknikoaren tituluak: 4.999 pezeta (30,05 euro).

3.3. Ikastetxe baten ikasketak egiten hasteko ikasketa espedientea irekitzea: 3.259 pezeta (19,59 euro).

3.4. Agiriak konpultsatzea: 1.278 pezeta (7,68 euro).

3.5. Identitate txartelak luzatzea: 700 pezeta (4,21 euro).

3.6. Ikasketen ziurtagiria: 3.259 pezeta (19,59 euro).

3.7. Ikasketen espedientea lekuz aldatzea: 3.259 pezeta (19,59 euro).

Iragarkiaren kodea: A0106552