78. ALDIZKARIA - 2001eko ekainaren 27a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

145/2001 FORU DEKRETUA, ekainaren 11koa, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren egitura organikoa aldatzen duena.

Irailaren 13ko 344/1999 Foru Dekretuaren bidez, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen.

Eginkizun batzuk egituratzeko, beharrezkoa da Barne Eraentza Zerbitzuan unitate organiko berri bat jartzea, Administrazio Agiritegia kudeatzeko behar den maila izanen duena.

Gainera, arrazoi teknikoak, sistematikakoak eta eraginkortasunekoak direla kausa, irailaren 13ko 344/1999 Foru Dekretuaren "Nafarroako Administrazio Publikoaren erakunde autonomoaren Estatutuak" izeneko Eranskineko 23. artikulua bestela idaztea erabaki da, arauak testu bakar batean biltzeko.

Horren ondorioz, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta bateko ekainaren hamaikan hartutako erabakiaren arabera,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Irailaren 13ko 344/1999 Foru Dekretuaren 14. artikuluari zenbaki bat erantsi zaio, honela dioena:

"2. Administrazio Agiritegiaren Atala Barne Eraentza Zerbitzuaren menpe egonen da eta honako eginkizun hauek izanen ditu:

-Nafarroako Gobernuko departamentu, erakunde eta zentroetako fondo dokumental semipasiboak nola jaso eta gorde planifikatu eta lan hori koordinatzea.

-Jasotako dokumentazioaren tratamendu eta informatizaziorako urteko planak gainbegiratzea eta garatzea.

-Fondoak erabiltzeko irizpide eta moduak eta jasotako dokumentazioa kontsultatzeko prozedura erabakitzea eta ezartzea.

-Administrazio agiritegiaren liburutegi osagarriaren antolamendu eta funtzionamendu lanak koordinatzea.

-Artxibistika arloan, dokumentazioa trukatzeko baliabideen arloan eta ikerkuntzarako eskaera eta proposamenen arloan, departamentu eta erakundeekin koordinatzea eta haiekin lankidetzan aritzea.

-Azterbide mugatuko dokumentazioa erabili eta tratatzeko irizpide eta prozedurak ezartzea, goiko baten kontrolpean eta aplikagarri diren arauei jarraikiz, bidezko bada, haren kontsulta ahalbidetzeko.

-Erabiltzaileen eskura dagoen dokumentazioa hobeki kontserbatu eta modu egokian zabaltzeko, agirien tratamendurako proiektuak aztertu eta prestatzea.

-Indarreko xedapenek esleitzen dizkieten edo, bere helburuak egoki betetzeko, agintzen zaizkien gainerako eginkizunak."

2. artikulua. Irailaren 13ko 344/1999 Foru Dekretuaren "Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua erakunde autonomoaren Estatutuak" izeneko eranskineko 23. artikulua aldatzea. Hemendik aurrera honela izanen da:

"23. artikulua. Psikologi Zerbitzuak bi atal eta bulego bat izanen ditu.

1. Giza Baliabideen Ebaluazio eta Garapenerako Atala:

Atal honen berariazko eginkizunak ondoko hauek dira:

-Giza baliabideen antolaketa hobetzeari buruzko analisiak eta aplikazioak egin eta gainbegiratzen parte hartzea.

-Giza baliabideen, lanaren eta errendimenduaren analisia eta ebaluazioa.

-Zerbitzu publikoen kalitatea hobetzeko sistemak ezartzeko azterlanak egitea eta laguntza ematea.

-Lanpostuak okupatzen dituzten pertsonen lana ebaluatzea, sustapen prozedurak aplikatzearen ondorioz betetzen dituzten lanpostuen gainean ebaluazioa egitea aurreikusten denean.

-Langile publikoen lanbide orientazioa egitea, langilea berbideratu edo birziklatu beharra dagoenean, eta orobat, lana edo unitate administratiboak berrantolatzen direnean.

-Azterlan eta ikerketetan beste erakundeekin batera lan egitea.

-Liburutegiaren dotazioaz, antolaketaz eta zerbitzuaz arduratzea.

-Psikologia Zerbitzuko zuzendariak berariaz agintzen dizkion beste jarduerak.

2. Langileen Hautapen eta Igoerarako Atala:

Atal honen berariazko eginkizunak ondoko hauek dira:

-Nafarroako Administrazio Publikoetan sartuko diren langileak hautatzea, kasuan kasuko administrazio unitateekin batera.

-Nafarroako Administrazio Publikoaren lanpostuetan sartzeko, kasuan-kasuan, eskatu beharreko ezaugarri eta gaitasunak eta hautapen sistema egokiena zein den aztertzea, kasuan kasuko administrazio unitateekin batera.

-Administrazioan sartzeko deialdietan eta, halaber, gora egitekoetan, burutzak betetzekoetan, mugikortasun horizontalekoetan eta lanpostuak berrantolatzekoetan, izangaiak lanpostuetara nola egokitzen diren baloratzeko txostenak egitea.

-Administrazio unitate eskudunekin batera langile sartu berriendako harrera programa bat prestatu eta aplikatzea.

-Lanpostuei buruzko analisi eta profil profesiografikoak egitea.

-Langileak hautatuko dituzten epaimahaiei laguntza teknikoa ematea lanpostuen profilak eta deialdiak egiteko prestaketetan, baita izangai asko dituzten hautapen prozeduretan ere.

-Langileak hautatzeko prozesuetan, izangaiak lanpostuetara nola egokitzen diren ezagutzeko txostenak egitea.

-Administrazioaren beraren baliabideak sortzea hautapen prozeduretan erabiltzeko.

-Proba objektiboen eta test psikologikoen datu-baseen prestaketa eta mantenimendua sustatu eta koordinatzea.

-Desajusteak daudenean diagnostikoak eman eta esku hartzea.

-Lanposturako gaitasun psikikoari buruzko ziurtagiri eta/edo txostenak egitea, baita ezgaitasun edo balioezintasun espedienteetarako ere.

-Zehapen espedienteen prozesuetan peritu-lanak egitea, instrukzio prozeduretan eskatzen badira.

-Nafarroako Gobernuko langileen orientazioa, pertsonala edo lanbideari buruzkoa, egitea.

-Zerbitzuen kalitatea hobetzeko programak aplikatzen laguntzea.

-Psikologia Zerbitzuko zuzendariak berariaz agintzen dizkionak.

3. Psikotekni Bulegoa.

Bulego honek ondoko eginkizunak izanen ditu:

-Proba psikologikoak irakurri, zuzendu, barematu eta balioztatzeko teknika informatizatuak aplikatzea.

-Proba objektiboak aplikatu, zuzendu eta aztertzea.

-Datuen tratamendu estatistikoa eta emaitzen txostena prestatzea.

-Proba objektiboen eta test psikologikoen datu-baseen prestaketa eta mantenimendua sustatu eta koordinatzea.

-Test eta proba objektiboak barematzeko datu bankua antolatu, eguneratu eta mantenimenduaz arduratzea.

-Prozesuen automatizazio lanak koordinatzea.

-Psikologia Zerbitzuko zuzendariak berariaz agintzen dizkion beste jarduerak burutzea.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.-Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.

Iruñean, bi mila eta bateko ekainaren hamaikan.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: A0106543